BAI EUSKARARI:Goazen denok abestera!

1998-12-01
Presta gaitezen Euskal Herriko haur eta gazte guztiok abenduaren 26an abesteko. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak martxan jarritako "XXI. mendeko akordioa. Bai euskarari" kanpaina gero eta sendoago eta errotuago dago Euskal Herriko gizartean. "Bai euskarari" kanpainari amaiera emateko jaialdi erraldoia antolatu du Kontseiluak. Orain dela 20 urte Euskaltzaindiak egin zuenaren antzekoa izango da, baina ez da San Mamesen bakarrik burutuko. San Mames, Anoeta, Mendizorrotza, Sadar eta Biarritzeko Agilera zelaietan egingo da jaialdia. Euskal Herriko bost lekutan 100.000 pertsona inguru biltzea espero da.
 
 
Leku bakoitzean aldi berean egingo dira ekitaldiak eta une batez zelai horien arteko konexio zuzena egingo da. Haurrak, gazteak, helduak eta zaharrak izango dira protagonista jai erraldoi honetan. Baina gauza ez da joatea soilik, jaialdian bertan parte hartzea baizik.

Horretarako modu edo aukera desberdinak egongo dira, baina bat proposatu nahi dizuegu guk: bost zelaietan herri ezberdinetako koruek abestuko duten abestia ikastea eta eurekin batera abestea.

Abestia Imanol Urbietak orain dela 10 urte asmatutakoa da. Hemen dituzue abestiaren hitzak eta musika, ikastetxe osoan irakatsi eta ikasteko eta abenduaren 26ko jaialdian abesteko. Anima zaitezte!



Behin betiko



Behin betiko,

behin betiko,

sinple bezain tinko,

ez dugu etsiko!!

Behin betiko, behin betiko,

sinple bezain tinko,

Euskaraz eta kitto!!



Etxean eta kalean,

berdin-berdin jolasean,

eskolan, lanean,

tristuran eta pozean.

Dakitenek erabiliz,

ez dakitenek ikasiz,

Herri bat osaturik

Euskaraz nahi dugu bizi.



Hasi etxetik eta kalera,

hasi kaletik eta etxera,

martxan jarri da lege berria:

Euskaraz Euskal Herrian!!