haur-<br />jolasen abestiak <br />II
Gehigarri honetan jolasak zabalago azaldu nahi dizkizugu eta bide batez, antzerkirako aitzakia eskaini horretara animatzen denari. Horrela bada, bata zein bestea denon probetxugarri izan dadila!
* Din-Dan-Don!!!... trenaren hotsa...txilipitudun tipoa...
Alex: Adi belarriak! Adi belarriak! Jolasen trena Euskal Herrian barrena abiatzera doa. Zatozte! Igo zaitezte! Haur, zahar eta gazte!
* Tuuu! Tuuuu!!!
Porrotx: Azkar Takolo! Azkaaaarrrr!
Pirritx: Trena, trena galduko dugula!
Haurra : Takolo, Pirritx, Porrotx mugi zaitezte!... Mugiii!
Haurra : Egin salto! Sartu!
*Trena martxan...(segidan, barruan)
Haurra: Ez zinetela iritsiko uste genuen!
Pirritx: Bai zera! Eta jolasik gabe gelditu gu?
TRENA
Txuku, txuku, txuku, txu
dabil jolasen trena.
Txuku, txuku, txuku, txu
Euskal Herritik barrena.
Marijaia doinua.
Haurra: Iritsi gara Bilbora?
Porrotx: Begira! Sorgina Pirulina!
Takolo: Hori ez da sorgina. Hori Marijaia da!
Pirritx: Eta zergatik ditu besoak altxata? Harrapatu nahi gaituelako?
Haurra: Ez ba! Gurekin zubiri-zubirira jolastu nahi duelako!
Pirritx: Ongi! Luzatu besoak eta eman iezazkidazu eskuak, Marijaia, bion artean zubia osatuko dugu.
ZUBIRI-ZUBIRI
Zubiri-zubiri,
nongori, nongori,
nongo alkate zerade (zara zu)?
Frantziako erregearen
seme-alabak gerade (gara gu).
Zubi honetatik
pasatzen dena
hemen geldituko dela,
hemen geldituko dela!
* Jolasea: Marijaiak txokolatea eta Pirritxek porru-patatak aukeran. (3 alditan)
* Tiraka.
Besoak altxata eta eskutik heldurik zubia osatuko dute bi haurren artean. Beste haurrak sorbaldatik helduta, ilaran, zubi azpitik pasatzen hasiko dira abestia kantatuz. Hau bukatzerakoan zubi parean geratzen den haurra harrapatuko dute besoen artean eta zubikoek (joko hasieran izen identifikagarri bat ezarriko diote euren buruei) isilean galdetuko diote: zer nahi duzu, "txokoloatea" ala "porru-patatak"?. Aukeraren arabera txokolatearen edo porru-patataren taldea osatzen joango dira zubikoen atzean jarriz. Ilaran haurrik geratzen ez denean bi taldeetako haurrak euren aldera hasiko dira tiraka bestea mugiarazteko. Bere tokiz kanpo geratzen den taldea galtzaile izango da.
Porrotx: Uuuuu! Uuuuu! Hurrengoan ez aukeratu porru-patatarik, Pirritx! Uuu!
Haurrak: Ja, ja, ja!
Pirritx: Mikel, eta makilaz jo nahi nauzu gainera?
Haurra : Ez Pirritx, jolaserako dira, txakolinke jokorako.
Pirritx: Txakolinke?
Haurra: Bai. Makilak lurrean gurutzaturik ipiniko ditugu.
Haurra: Salto egiterakoan ezin dira makilak ukitu, ezta?
Porrotx: Has gaitezen saltoka!
Haurra: Bi oinekin batera.
Haurra : Eta zapata bakoitza zulo ezberdinean, eh Porrotx!
TXAKOLINKE
Txakolin, txakolin,
txakolinak on egin,
txakolin, txakolin, txakolinak
eman dio Maritxuri zer egin
Azunberdi pitxerrean
kuartilu (e)ta erdi sabelean
txakolin, txakolin,
txakolinak on egin.
Txako (e)ta txako
txako (e)ta txako
txako (e)ta txako
txakolinaren gozoa
...Tartean: Eta orain, azkarrago!
Gurutzatu bi makila lurrean, parean geratu diren espazioetan oin bana jarri eta saltoka jardun behar da bi oinak batera ari direlarik. Adi! salto bakoitzeko espazioak aldatu egin behar dira. Hasieran mantsoago, gero azkarrago.
Haurra: Ja! Ja! Txarrak zarete gero! Ja! Ja!
Porrotx: Noski, gure zapata handiekin ez da erraza!
Pirritx: Baina ikusi zeinen ongi aritzen garen mandoka!
Porrotx : Hazparneko erara, gainera!
MANDOKA
Mandoka-mandoka
hormara bota pilota.
Pilota hormatik,
egin salto gainetik.
Mandoka-mandoka
jar gaitezen lerroan
saltoka-saltoka
saltoka erritmoan.
Pilota-joko honetan tartea utziz haurrak ilaran jartzen dira hormara begira. Lehenengoak pilota botatzen du hormara eta pilota itzultzen denean haren gainetik salto eginez pasatzen utzi behar dio ilarako bigarrenak jaso dezan eskuekin, berriz ere hormara botatzeko segidan. Orain lehenengo haurra azkena da ilaran.
* Kristal puskatuaren zarata.
Haurra: Oi, oi, oi... goazen hemendik!
Haurra: Tiburtzio kaskagorra oihuka hasi aurretik!
Haurra : Jo, orain ez dugu pilotarik jolasteko!
Haurra : Harri-kozkorrekin ere jolas gaitezke...
Porrotx: Esku bakoitzean harri bana hartu eta...
Gorputz aurretik katx,
hanka azpitik kotx,
gerri atzetik kitx,
has zaitez Pirritx!
HARRI-KOZKOR BATEKIN
Harri-kozkor batekin,
hor dabil Martin, tin, tin.
Jotzen ditu kax, kax, kax!
Bata bestearekin.
Bata bestearekin,
jotzen ditu kax, kax, kax!
Harri kozkor batekin,
hor dabil Martin, tin, tin.
Esku banatan harri-kozkor bat dutelarik eta abestiaren erritmoa jarraituz, bi harriak elkar joarazi behar dituzte haurrek modu honetan adibidez: aurrean, hanka baten azpian, bestearen azpian, atzean eta berriro aurrean.
Pirritx: Ai, ai, ai! Harriarekin hatz lodian jo dut.
Haurra: Lasai Pirritx, guk sendatuko dizugu.
Denok : Senda-senda miriku, oilo kaka xiriku... Mua! (musua).
*Trenaren tu-tua...
Alex: Bidaiariak treneraaa! Bagoaz Bizkaitik Arabaraaa!
Denak: Goazen berriro! Azkar, azkar!
Abestia: TRENA (Bizkaitik Arabara)
Porrotx: Ea Pirritx, guk dakigun asmakizuna.
Pirritx: Gorputza fin-fina
Porrotx : Etxe handi urdina
Pirritx: Eta ñan-ñan jaten ditu
Porrotx : Katuak bezala amona Josefiñak!
Haurrak : Sar-di-na.
SARDINA BAT
Sardina bat, (guztietan errepikatu)
bi sardina,
elkartu ziren
izkina batean.
Atxi, txi, txi, txi, txi, txi, guagua.
Agua, gua, gua, gua, gua, guatxitxi.
Jarrai dezala...
Bidai abestia da"Sardina ". Abeslari bakarlariak dioena errepikatu behar dute beste jokalariek.
* Zeledonen doinua
Pirritx: Hara! Begira zerura!
Porrotx: Olentzero dator aterkiarekin!
Takolo: Ez ba, Gasteizen gaude eta hori Zeledon da!
Haurra: Alkateak baino ospe handiagoa du Zeledonek!
Pirritx: Zer da alkatea, tomaterekin entsaladan jaten dena?
Haurra : Ez, Pirritx, zu ahuakateaz ari zara eta gu alkateaz.
GURE HERRIKO ALKATEA
Gure herriko alkatea
kate, kate, katea;
alkate dotorea
tore, tore, torea.
Jazten duen trajeak
traje, traje, trajeak;
tomate kolorea
lore, lore, lorea.
Gure herriko alkatea
kate, kate, katea;
alkate xelebrea
lebre, lebre, lebrea.
Haretxen bibotea
bote, bote, botea;
fideo luzez betea
bete, bete, betea.
Haurrek, binaka edo korroan, aurrez adostutako moduan joko dute txalo abestiaren erritmoa jarraituz haren amaiera arte.
Haurra: Atsegin dut DO-RE-MIrena ere.
Haurra: Ea ba!
D0-RE-MI
Do, re, mi
euria du hasi.
mi, fa, sol
aterki, guardasol.
sol, la, si
putzuan erori.
si, do, re
bustita gaur ere.
re, mi, fa
banoa etxera.
Txalo-joko honetan ere, txalo jotzeko modua adostu eta, binaka edo korroan, abestia kantatu behar da erritmoa jarraituz.
Pirritx: Orain zailago egingo dugu! Behar ez denean txalo jotzen duena... tentela!
Porrotx: Ba, ba...niii...nik ez dut jolastu nahi, nekatu egin naiz.
Gainerakoak : Bai, zera! Ja, ja, ja!
TXALOA JOTZEN DUENA
Txaloa jotzen duena,
horixe da tuntuna.
Txaloa jotzen duena,
horixe da tuntuna.
Zu, zu, zu,
ni, ni, ni.
Bai, bai, bai,
ez, ez, ez.
Txaloka arituz abestiaren erritmoa jarraitu modu honetan adibidez: korroan jarrita, eskubiko eskua goraka eta ezkerrekoa beheraka direlarik abesten hasi behar da aldamenekoaren eskuekin txalo eginez. Bat-batean bi eskuak biratu eta beste txalo bat jo behar da. Jaso besoak eta eskuak parez-pare direla, txalo jo. Jaitsi besoak eta beste txalo bat jo. Nork bere eskuak aurrera ekarri eta ez txalorik jo. Txaloa jotzen duenak galdu egiten du.
* Trenaren tu-tua.
Alex: Ostera trenera, Nafarroa aldera!
Abestia: TRENA (Arabatik Nafarroara)
* Tren barruan: Umea negarrez.
Porrotx: Zer gertatzen zaio haurrari?
Haurra : Askariaren ordez goxokiak jan nahi dituela.
Porrotx: Berak ez badu nahi, ni prest nago otartekoa jateko, eh!
Pirritx: Porrotx! Ea guk zerbait abestuta jaten duen.
NI JAIO NINTZEN
Ni jaio nintzen,
txiki-txikia.
Ni jaio nintzen
Eguberritan (udaberrian).
Asko jaten nuen,
ñan, ñan, ñan, ñan, ñan.
Asko jaten nuen
esne eta taloa.
Laster egin nintzen
handi-handia.
Laster egin nintzen
ama bezala
Ama eta aita bezain handia. Lalara, lalara...
Haur txikientzako txalo-abestia da"Ni jaio nintzen".Kantuaren erritmoa jarraitzen da nahi den eran txalo joz.
Porrotx: Bapo ari gara! Uuu!
Haurra: Nik badakit beste abesti bat.
Porrotx : Nik kantatuko dut.
Haurra : Porrotx, aho beteaz ezingo duzu.
Haurra : Mingaina trebea behar da kantu honetarako.
TXIBIRIKU
Txibiriku, txibiripa,
txibirikuri kuripa,
txibirikuri kuripero,
txibirikuri kuripa.
Txabaraka, txabarapa,
txabarakara karapa,
txabarakara karapara,
txabarakara karapa.
(E, I, O eta U erabili)
Aho-trebezia erakusteko abestia d"Txibiriku ". Abesten den bakoitzean bokalez aldatu behar da, silaba guztietan bokal bera errepikatuz.
* San Fermin doinua.
Pirritx: Zenbat pilotari! Eta guztiak gerriko gorriarekin!
Takolo : Baina, baina...ez zara ohartu neska-mutilak festetan daudela! Entzun!
Abestia : San Ferminera gatoz... (Suziria)
ondo pasatzera,
festak eta zezenak,
guztiak ikustera!
Haurra : Iruñean gaude eta! Gora festa eta dantza!
Haurra : Zezenak datoz...goazen, goazen!
DANTZARI TXIKITXOA
Dantzari txikitxo bat
kalean hor dabil.
Neskatxa ikusi du eta
dantzan nahi du egin,
dantzan nahi du egin.
Emaidazu eskua
tori nirea
hona hemen bestea
baita ere neurea.
Kalean hor dabiltza
biak elkarrekin.
Dantzari doaz eta
helduta eskutik,
helduta eskutik.
Parez pare jarrita haurrek bi ilara osatuko dituzte. Bi ilaren artean haur dantzaria ibiliko da aurrera eta atzera denek abesten duten doinua dantzatuz. Abestiak dioenean beste haur bat aterako du erdira, biek dantzatzen jarraituko dutelarik abestia amaitu arte. Hau bukatzerakoan lehenengoa ilarara itzuliko da eta bigarrena dantzan hasiko da berriro.
Porrotx : Hara izeba Maritxu ere, zuriz jantzita jaietan!
Izeba : Kaixo!
Pirritx : Beti bezala, alkondara txokolatez zikinduta dauka.
Izeba : Bihar pastelak eta Txantxigorriko opiltxoak jatera gonbidatuko zaituztet.
Takolo : Ai gure izeba maitagarria, zeinen tripontzia!
BIHAR IGANDEA
Bihar da igande,
izebaren eguna.
Gela garbitzen du
jantzi zuria(re)kin.
Laranja aurkitzen du.
zurituta jaten du.
Oh! sabel handia,
oh! sabel handia.
Zein aterako da plazara?
Atera dadila...
bere lagunarekin.
Dantzan egingo luke
dantza(tze)n baleki.
Lara, la lara, la,
lara, lara, lara, la,
lara, la lara, la,
lara, lara, lara, la,
Dantza-joko honetarako haurrak parez pareko bi ilaratan jarriko dira. Haur batek ilaren artean dantzatzen hasiko da, abestiak dioenean beste haur bat erdira ateraz.
* Usoen ihesa.
Porrotx : Katxi porreta, ze zaila den usoak harrapatzea!
Pirritx:Ikusi, usoak izututa, harrapaladan doaz bata bestearen atzetik!
Haurra : Guk ere gauza bera egin dezakegu.
Porrotx : Ez dakigu, ordea, hegan egiten!
Haurra : Horretan ez, baina aurrekoak egiten duena errepikatzen bai!
ILARAN GOAZ
Aurretik doanak egiten duena,
aurretik doanak egiten duena,
zirkin eta oihuak eginez,
zirkin eta oihuak eginez,
neska-mutilak aurrera goaz,
neska-mutilak aurrera goaz.
Aurretik doanak egiten duena,
aurretik doanak egiten duena,
zirkin eta oihuak eginez,
zirkin eta oihuak eginez,
Aurrean dagoena atzera
bigarren dagoena aurrera.
Haurrak ilaran jarririk eta abesten duten bitartean, aurrekoak egiten duena imitatu behar dute beste guztiek.
* Haur algarak, oihuak... trenaren tu-tua.
Denak: Txilibitoa jo du, aupa!
Alex:Berriro treneraaa, Nafarroatik Iparralderaaa!
Denak : Bai! Iupi!
Abestia: TRENA (Nafarroatik Zuberora)
* Pirritx eta Porrotx elkarrekin hitz egiten .
Haurra: Zenbat hatz dituzu eskuetan, Pirritx?
Pirritx : Nik 24!
Haurra : Nolatan 24!
Pirritx : Begira ezazue ongi!
GUZTIRA 24
Honek eta honek
eta honek eta honek,
bart ezteiak zituzten.
Honek honi zer esan,
gonbidatzeko hau eta hau,
gonbidatzaileak hau eta hau,
hara non diren hogeita lau.
Hatz-jokoa da"Guztira 24". Abestiaren erritmoarekin batera hatz batez beste guztiak erakutsiz joan behar da, abestiak dioen moduan, denera hogeitalau hatz zenbatuz.
Tartean Porrotx : A bai! Aztikeria dirudi!
Haurra : Beti irteten dira 24?
Haurra : Egia, niri ere bai!
* Iparraldeko doinua
Haurra : Zeinen etxetxo txuri politak!
Haurra : Han dantzan dabiltza.
Haurra : Bai, mozorroturik daude, gainera.
Takolo : Euskal Herriko Iparraldean gaude. Maskaradak dantzatzen ari dira.
Haurra : Halako jendetzarekin ezin da ongi ikusi.
Haurra . Begira han. Haurrak gomatan dabiltza.
Haurra : Ea nola jolasten duten.
PATXIKU
Patxiku txiku-txiku
Patxiku arina.
Zenbatean daukazu
dozena sardina.
Sar-di-na
Gomatan aritzekoa da<>"Patxiku". Goma orkatiletan delarik eta hura ukitu gabe salto egin behar da, bi oinekin batera, gomaren barrurantz eta kanporantz abestia bukatu arte.
Haurra : Orain nirekin Kattalin!
Haurra : Ongi Martin!
MARTIN-TIN
Martin-tin
kapotxin-txin
Kattalin-lin
pottolin-lin.
Martin kapotxin
Kattalin pottolin.
Hemen ere goma orkatiletan delarik bi saltari jarriko dira gomaren alde banatan. Bi oinak batera ari direlarik eta goma ukitu gabe barrurantz eta kanporantz egin beharko dute salto abestiaren erritmoa jarraiutz..
Haurra : Oraingoan, kantua amaitzean goma geldituko dugu.
Haurra : Zuek tartetik igaro beharko duzue, goma ukitu gabe.
Pirritx : Iupi! Takolok ikus ez gaitzan gaileta-potearekin mahai azpitik igarotzean bezala.
Porrotx : Ju, ju, ju! Jolas hori oso erraza da.
SERAFIN MOKOFIN
Serafin mokofin
aizto eta maratxin
ttuntturruntena,
Xabin koxk,
aitona kaxkamotx
pipa motx!
Goma ipurdi parean jarririk eta abestiaren amaieran denean hankekin eta eskuekin heldu behar diote gomari. Sortu den sare nahasi horretan azaldu diren zuloetatik pasatu behar dira jokalariak goma ukitu gabe.
Tartean Pirritx : Aupa Maddi! Ederki ari zara!
Haurra : Nabari da arina zarela, Pirritx!
Pirritx : Ji, ji, ji! Oso ongi egin dut.
Porrotx : Iiiii...uuuu...! Ai, ai, ai...! Poooinnggg!
Haurra : Sudurrarekin eman diozu, Porrotx, lodi-lodia duzu eta.
Porrotx : Hurrengoan zulo handiagoak jarri, eh!
* Katua miauka.
Haurra : Pitxitxi, Pitxitxi!
* Katua haserre .
Pirritx : Isatsa zapaldu diozu eta haserretu egin da!
* Katua haserre
Haurra : Korri, korri!...
Porrotx : Ai ene!
Haurra : Hemendik! Hemendik!
* Zakurra zaunkaka.
Pirritx : Oi, oi, oi...
Porrotx : Katua gure atzetik eta zakurra Pitxitxiri jarraika.
Haurra : Abiada honetan, Baionaraino iritsiko gara!
Haurra: Kontuz, kontuzzz!
* Plaust!
XANTI ETA MARIBI
Bat eta bi, Xanti eta Maribi,
korrika eta korrika, katuaren ihesi,
korrika dihoazela zakur beltza ikusi,
putzura erori eta ipurdia busti,
amona garrasika etxeko lehiotik.
Bat, bi, hiru eta lau.
Hiru haur gomaren hiru izkinetan jarririk daude. Bakoitzak bere aldean, abestiaren erritmoaz, barrura egiten du salto, gero kanpora, eta berriro ere barrura, oraingoan gomaren beste alderen batean, ordea.
Alex : Bidaiariok, Gipuzkoara denok!
* Trenaren tu-tua .
Haurra : Orain bustita joan beharko dugu Donostiaraino.
Porrotx : Beno, leihoa ireki, ipurdia hurbildu eta haizeak lehortuko gaitu.
* Tuuu! tu! Tuuuu!
Pirritx: Tunelaaaa!
Porrotx : Ia eraman dit txapela!
Haurra : Zu bai zarela tentela!
Pirritx : Hori, hori! Zein jolas polita!
Porrotx : Halaxe da! Batek ikusten duen zerbait esaten du eta besteok errima bilatu behar diogu.
Haurra : Zuhaitza.
Haurra : Fruitua da bere emaitza.
Pirritx : Ez badu egiten ekaitza.
Haurra : Txoria.
Haurra : Hegalari polita eta kantaria.
Porrotx : Ez badator ehiztaria.
Haurra : Trena.
Haurra : Bidaiatzeko onena.
Haurra : Bidea.
Haurra : Ibiltzeko, zurea eta nirea.
* Donostiako danborradaren soinua.
Porrotx : Hara! Patatari Jauna gure sukaldariaren anai-arreba, lehengusu-lehengusinak, ama, aita, amona eta lagun guztiak etorri dira Donostiara!
Takolo : Bai zera! Horiek danborradan dabiltza!
Pirritx : Sukaldarien txapel txuri luze horiekin zaila izango da ba, sokasaltoan aritzea!
Haurra : Proba dezagun!
MARTIN KONKORTSUA
Ategorrietako Martin konkortsua,
Martin konkortsua,
Martin konkortsua
Bizkarra makurtuta jotzen du soinua,
jotzen du soinua, jotzen du soinua.
Bat eta bi, hiru, lau eta bost
hamar gehiagorekin hamabost.
Soka saltoan aritzekoa da "Martin konkortsua" . Erritmoa jarraituz nahi den moduan salto egin daiteke abestia bukatu arte.
Porrotx : Txapela bota dizugu, eh, Igor!
Haurra : Orain nik, orain nik, baina "Bat eta bi" abestuz.
BAT ETA BI
Bat eta bi, sorgina etorri,
soka kendu, zulora eraman,
afaldu gabe Jaione ohera joan.
Salto eginez libreki aritu behar da abestia bukatu arte.
Haurra : Asko gaudenez, jar gaitezen borobilean.
Haurra: Magila jolasean arituko gara.
MAGILA
Atzo Magila ikusi nuen,
Magila hasi zen dantza(tze)n.
Dantzan bugi-bugi,
dantzan bugi-bugi
eta ondo pasa!
Korro handian jarrita eta jokalari bat erdira aterako da dantzatzen hasiko delarik. Abestiak "dantza bugi-bugi" dioenean korroko beste jokalariren baten parean jarri, "bugiren" keinua egin ( bi aldiz) eta erdira aterako du dantzatzera. Orain bi dantzari daude erdian eta "dantza bugi-bugira" iristean korroko beste bi lagunengana joan, keinu egin eta bi dantzari berri gehiago izango dira erdian. Horrela jarraitzen da denak dantzan aritu arte.
Haurra : Iluntzen ari du.
Haurra : Jolas baterako asmakizuna datorkit burura.
Pirritx : Porrotx: Esan, esan!
Haurra : Aurpegi txuri-txuria.
Porrotx : Takolooo!
Haurra : Ezzz. Maite du ilargia.
Pirritx : Erreka Mari lamia.
Haurra : Ez. Gustuko du odolkia.
Porrotx : Aitona Xebero.
Haurra : Ezetz. Letaginak ditu luze eta handiak.
Denak : Badakigu, badakigu...
BANPIROA
Banpiroa naiz
erdi txoro nago, baraba.
Goizetan ikasten dut,
hamabiak jotzen dituztenean
txotxolo baten bihurtzen naiz.
Baraba uh uh ah ah uh uh uh ah!
Baraba uh uh ah ah uh uh uh ah!
Nire aita Drakula da, baraba
nire ama bere alaba, baraba
anaia bat ere badaukat
baina zurgatzen onena naiz!
Baraba uh uh ah ah uh uh uh ah!
Baraba uh uh ah ah uh uh uh ah!
Borobilean zutik direlarik jokalari guztiek abestiak dioena antzeztuko dute amaiera arte.
Trena: Tu-tu, tuuu! martxan...
Porrotx : Takolo, Takolo, trenak alde egingo digula! Goazen korrika!
Denak : Ja, ja, ja...
Takolo : Gaurkoz amaitu zaigu abentura, Porrotx!
Pirritx : Baina guk gehiago jolastu nahi dugu!
Takolo : Pirritx eta Porrotx, gaur ikasitako abesti eta jolas guztiekin egunero ari zaitezkete herriko plazan.
Haurra : Hori, hori, gurekin batera.
Takolo : Beno, eta orain denok afaltzera.
Porrotx : Odolkiak afalduko ditugu, ji, ji, ji.
Banpiroa naiz eta gose nago...
Lara, lara, la, la, la, lara, la, la.
Odolkiak baino kroketak nahiago...
Lara. lara, la, la, la, lara, la, la.
Agur, agur Inaxio eta Bego
Lara. lara, la, la, la, lara, la, la.
Lo egin ezazue bero
...