SARTAGUDA eta LODOSAKO ikastolak: Errioxako <br />mugaraino
gonbitea luzatu nahi dizuegu. Garia ez ezik, euskara ere ereiten ari da, eta uzta jasotzen
ari dira bai irakasleak, bai gurasoak eta baita ikasleak ere.
ikusten dira. Horren lekuko ditugu Sartaguda eta Lodosa ikastolako zuzendari eta
sortzaileak: Mari Paz Iturbe eta Ana Sanchez, hurrenez hurren. Bi ikastoletako ateak
zabaldu dizkigute eta barrura sartu gara.
Lehenengo, Mari Paz Iturberen laguntzaz Sartagudako ikastola ezagutu dugu. 1.400
biztanle inguru dituen herri honetan 1986. urteko udazkenean sortu zen ikastola bost
haurrekin eta bi gela txiki-txikirekin. Orduz geroztik gorabehera handiak jasan dituzte,
bai matrikulazio aldetik eta baita leku aldetik ere. Iturbek ederki gogoratzen du
hasierako "ikastola" nolakoa zen: "gela nahiko handia zen, behean patio txiki bat
genuen, zatarra eta zaharra, eta komunak ere zaharrak ziren. Lokala udalarena zen eta ez
genuen ez argirik ez urik ordaintzen".
Bigarren ikasturtea hasteko irailean ikastolara itzuli zirenean, ordea, ezusteko batekin
egin zuten topo. "Astelehen batean joan ginen eta ikasgelaren erdian horma bat aurkitu
genuen. Gure material guztia hankaz gora eta sakabanatuta zegoen. Gauzak horrela,
gurasoek udaletxera jo zuten. Pleno batean aztertu zen egoera eta ondorioz kultur etxeko
gela bat lortu genuen. Estreinatu gabe zegoen eta oso egoera onean". Egoitza berri
honetara pasa ondoren, matrikulazioak "boom" handia izan zuen, bost haur izatetik 14
izatera pasa baitziren. "Bi urteko bederatzi haur berri horien gurasoek ikastola zer zen
eta zer ez zen ikusi zuten. Hurrengo urtean, hiru urterekin, horietatik zazpi ikastolan
gelditu ziren eta bik alde egin zuten eskola publikora".
Baina tamalez gorakada horrek ez zituen denak pozik utzi. Ikuskatzailea larritu egin zen
eta ikastolara bisita egin zuen. "Haurtzaindegi bat zela uste zuela esan zigun eta hura ez
zela haurtzaindegi bat. Ateak ireki eta dena berri-berria ikusten zuen. Komun berriak
genituen, soinketa egiteko gela, aterpe txiki bat behean..."
Baina handik urte eta erdira kultur etxea funtzionamenduan jarri zen eta berriro lokalik
gabe gelditu ziren. Orduan, gaur egun dauden etxea lortu zuten.
Dena dela, ekonomikoki hasierako pausoak ez zirela hain txarrak izan aitortu digu
Iturbek. Izan ere, Sartagudako ikastola sortzear zegoelarik, Deikazteluko ikastola itxi
egin zen. "Han ikastola txiki bat genuen eta urte batean hiru haurrekin gelditu ginen.
Orduan ikastola itxi beharra zegoela argi ikusi genuen eta nolabait, han zegoen dirua,
materiala eta irakaslea Sartagudara ekarri genituen". Beraz, hasiera ez zen hain zaila
izan diru aldetik, baina gerora behar handiak sortu ziren. Nafarroako Euskararen Legea
zela eta, dirulaguntzarik gabe gelditu ziren, Sartaguda gune ez-euskalduna baitzen
legearen arabera. "Urte larriak pasa genituen. Nik urte osoa soldatarik ikusi gabe pasa
nuen, esaterako. Baina gurasoak irmo zeuden eta hor jarraitu genuen. Irakasle batekin
hasitako ikastolan gaur egun lau irakasle gaude".
Mugimendu hauekin guztiekin batera, matrikulazio kopuruak ere mugitu dira, bai gora
eta bai behera. Iturbek esaten digunaren arabera, matrikulazioaren %20a, %40a, %60a
eta %100a izan dituzte. Iazko ikasturtean izan zuten baxuena. Zergatik? Beste eskolako
konpetentziagatik. "Guri alegalak garela esaten digute, baina beraiek ilegalak dira. Bi
urteko haurrak eta beste irakasle bat sartu dituzte eskolan. Doan da eta udalaren babesa
ere badute. Eta horrek, nahitaez, ipurdiko handia eman digu" dio Iturbek.
Era berean, ikastola sortu eta hiru urtera eskola publikoan A eredua jarri zuten, eta
horrek ere eragina du, noski. Iturbek dioenez, Nafarroako Erriberan A eredua eskaintzen
hasi zen lehenengoetariko eskola izan zen. Gaur egun A eta G ereduak eskaintzen
jarraitzen du. "Ikastola sortzen den tokian Administrazioak berehala jartzen du A
eredua".
Baina ikastolak A eredua baino gehiago eskaintzen du. Euskara ez da ikasgai soil bat,
hori badakite gurasoek eta aintzat hartzen dute. "Askok euskara ikasten dutelako
ekartzen dituzte haurrak ikastolara, baina hala ere ez da arrazoi bakarra. Ingelesa ikasten
4 urterekin hastea ere beste arrazoi bat da, eta haurrak oso ondo daudela ikustea ere
beste bat. Haur txikiei eskaintzen zaien harreman afektiboa asko baloratzen da. Haur
bakoitzarekin harreman hertsia daukagu eta gurasoekin ere bai. Bai kurtso hasieran eta
bai kurtsoan zehar ere beraiekin irteerak antolatzen ditugu. Lehenengo urtean Olentzero
atera genuen eta Santa Ageda bezperan eta Inauterietan ere atera ginen. Harrezkero
urtero ateratzen gara".
Lodosako ikastola
Lodosa Sartaguda baino herri handixeagoa da, 4.000-5.000 biztanle ingurukoa. Ikastola
1991. urtean sortu zen bederatzi haurrekin. Zazpi urteko biziraupena duen ikastolaren
ezaugarrietako bat etengabeko lekualdaketarena izan da. Zazpi urtetan bost lekualdatze
egin dituztela komentatu digu Ana Sanchez ikastolako zuzendariak. "Hasieran etxe
partikular bateko gela txiki batean egon nintzen ni bakarrik haurrekin. Bi urte egon
ginen bertan. Familia bat bizi zen etxean eta gela bat utzi zigun guri". Handik
enparantzako beste etxe batera pasa ziren leku gehiago behar zutelako. Izan ere,
matrikula poliki baina igoz zihoan eta irakasle gehiago etorri ziren. Leku hau ere
txikiegi gelditu zitzaien eta toki handiago batera pasa ziren. Bi urte egon ziren bertan eta
1996an beste batera pasa ziren matrikulazioak gora jarraitzen zuelako. "Leku honetan
arazoak izan genituen. Bizilagun batek gure aurkako salaketa jarri zuen udaletxean eta
ezin izan genuen bukatu bertan ikasturtea. Gauzak horrela, gurasoek beste etxe bat lortu
zuten, gaur egun daukagun hau, hain zuzen ere. Beraz, bi urte daramatzagu hemen eta
nahiko finkatuta gaude. Beste gela bat egokitu beharko dugula pentsatzen ari gara, haur
asko hasi baita haurtzaindegira etortzen. Momentu honetan lau irakasle gaude".
Horrelako herri batean, giro erdalduna nagusi den lekuan eta gehiengoak gaizki ikusten
duen tokian lan egitea zaila dela aitortzen du Sanchezek, baina horrek ez dizkie lanerako
gogo eta animoak epeltzen. "Egia esan, lan zaila da, baina polita".
Bi urteko haurrekin hasten dira ikastolan eta zaharrenek aurten Lehen Hezkuntzako 5.
maila egingo dute. Hurrengo ikasturtean, berriz, 6. mailara iritsiko dira, eta ondoren
Lizarrako ikastolara joateko aukera izango dute euskaraz ikasten jarraitu nahi badute.
Beraz, oraindik ez da ikasle promoziorik irten Lodosako ikastolatik.
Bai, ordea, Sartagudatik. Hiru promozio atera dira bertatik. Badira Lizarrako ikastolara
joaten diren bi mutiko. Egunero 35 km. egiten dituzte euskaraz ikasten jarraitu nahi
dutelako. Beste batzuek, berriz, Lodosako eskola publikora joatea aukeratzen dute.
Hauek 5 km. egiten dituzte egunero eta gaztelaniazko ereduan jarraitzen dituzte
ikasketak.
Lodosako ikastolatik ateratzen direnek ere aukera bi horiek izango dituzte: Lizarrako
ikastolara joan edo herriko eskola publikora.
Lizarrako ikastolarekiko harremana
Sartaguda eta Lodosako ikastolek Lizarrako ikastolarekin harreman estua daukate.
Iturbe eta Sanchezek azaldu digutenaren arabera, euren haurrak Lizarrako ikastolan
matrikulatzen dira legalki Lehen Hezkuntza hasi bezain laster. Horrez gain, irakasle
zein ikasleek hainbat ekintza egiten dituzte elkarrekin. "Udalekuak beraiekin batera
egiten ditugu eta irakasleok ere zerbait behar badugu, Lizarrara jotzen dugu".
Harreman honek aurrerantzean ere jarraituko du eta Sartaguda eta Lodosako ikastolen
artekoak are gehiago. Izan ere, aurrera begira, Lodosan lurrak erosi eta bientzat
ikastetxe bat egiteko asmotan dira. Proiektu horri bultzada eman ahal izateko Nafarroa
Oinez bat egitea ere lortu nahi dute. Guraso eta irakasleen lanak lehen emaitzak eman
ditu, ikusten da, eta hemendik aurrerako uztak oparoagoak izango dira,
ziur.