Praktikatzen: Diaporama, musika lantzeko beste modu <br />bat
Musika, irudia, sentsibilitatea eta sentikortasuna lantzen dituen lana.
Musikaren historia; Beethoven, Mozart, Chopin, kontrabaxua, tuba, rondoa, sinfonia...
hau da hau roiloa. Eta ia ikasturte osoa antzinako musikari handien inguruan, beti
datuak jaso eta barneratuz, era aktiboagoan edo pasiboagoan, baina beti datuak jasoz.
Eta, egia esan, gutxien erakartzen gaituen musika mota ikasiz. Hau izan zitekeen garai
batean BBB 1. mailako ikasle baten iritzia eta egungo zenbait ikastetxetako DBHko 3.
mailako ikasleena.
hain zuzen ere musika irakasten dugunon erronka. Baina horretarako sormen handiko
irakasleak izan behar dugu eta askotan, zenbait unetan sormen hori agorturik gelditzen
zaigu. Horrelakoetan indarrik gabe geldi ez gaitezen gure esperientzia berriak trukatzea
litzateke hoberena. Horixe da nire asmoa eta horregatik natorkizue esperientzia batekin.
Urte guztian zehar landutako zenbait eduki bateratzeko balio didanez, esperientzia hau
azken ebaluaketan kokatu dut. Hemen lan unitatearen azken atala soilik azalduko dut,
diaporama baten muntaia, hain zuzen ere.
Ikasturte hasieran ikasleei musika gaiaren nondik norakoa azaltzen diedanean, azken lan
honen garrantzia azpimarratzen diet, zeren urte guztian zehar landutako eduki asko
erabilgarriak izango baitzaizkie diaporama hau egiteko. Bertan, eduki
garrantzitsuenetako batzuk entzunaldiak ditugunez, ikasturtearen lehenengo egunetik
entzunaldien fitxa betetzen hasten gara.
Entzunaldien fitxa
Entzunaldien fitxa hau urte osoan zehar entzuten dituzten musika ezberdinekin egin
behar duten zerrenda bat da. 1. taulan ikus dezakegun bezala bost zutabez osaturik dago.
Hemen oso garrantzitsua da abesti bat aurkitzeko beharrezko ditugun hiru erreferentziak
azpimarratzea, hau da, abesti bat edozein fonotekatan edo musika dendatan aurkitzeko
gutxienez beste bi datu gehiago eman behar dituzte; abeslari edo taldearen izena eta
disko horren izenburua. Beraz, hiru datu horiek garbi izan ditzatela. Gero, komentarioa
jartzen duen lekuan aipa dezatela musika hori nork ekarri duen, atsegin zaien ala ez,
nolako sentsazioa sortzen dien (tristura, alaitasuna, beldurra...), nolako erritmoa duen
(martxosoa, lasaia...) eta abar.
Noski, diaporama egiteko orduan beraiek musika barietate handia izan dezaten, urtean
zehar musika ezberdin asko entzun behar dituzte. Hor dago irakasleon sormen lana,
entzunaldiak egiteko zenbat eta era ezberdin gehiago izan eta aitzakia gehiago aurkitu,
orduan eta arreta gehiagoz barneratuko dituzte. Bestela betiko esaldiak entzunen ditugu;
"jo, orain berriro hori". Aniztasun horrek, entzuteaz gain, beste helburu ezberdin asko
lantzeko aukera emanen digu.
Gizakiongan ozentasunak duen eragina
Diaporama egiten hasteko lantzen dugun beste gai garrantzitsuenetako bat ozentasuna
da. Ozentasuna ikuspuntu ezberdinetatik aztertzen dugu. Eduki hau ere urte guztian
zehar landuko dugu hiru atal nagusitan banatuz:
1) Lehenik, gure paisaia ozena aztertzen dugu, honek bide ematen baitigu soinua, hotsa,
zarata, musika eta isiltasun kontzeptuekin lan egiteko, hau da, gure belarriek hauteman
dezaketen edozein sentsaziorekin. Gure inguruneko ozentasuna aztertu ondoren,
ozentasunaren inguruan munduan zehar eginik dauden hainbat ikerketa eta lan ezberdin
aztertzen ditugu.
2) Bigarren atalean ozentasunak norberarengan duen eragina aztertzen dugu, nola bizi
dugun, zer sortarazten digun... Hau da, gure ozentasunez kontziente eginaraztea, edo
ozentasunaren kontzientzia esnaraztea izango litzateke atal honen helburu nagusia.
3) Hirugarren atalean ozentasunaren erabilpen praktikoa lantzen dugu, erabili, aztertu
eta landu dugun material ozen guztiekin inprobisaketa eta konposaketa txikien bidez lan
ozen praktikoak egiten ditugu.
Argi utzi nahi dut ozentasuna esaterakoan, soinua, zarata, musika, isiltasuna, hau
da, gure belarriek hauteman dezaketen edozein sentsazioz ari naizela.
Atal bakoitza ez dugu independienteki landuko, baizik eta elkarrekin bateratuz. Atal
bakoitza lantzeko jarduera ezberdin asko daude eta guztiak urtean zehar gure programan
jorratzen joan behar dugu, gero hirugarren ataleko ekintza bezala diaporama hartzen
dugunean benetako lotura bat aurki dezaten bertan erabiltzen dituzten irudi, hitz, musika
eta hotsen artean.
Euskal Hiztegi Entziklopedikoak dioenez, diaporama hitza diapositibak eta soinuak
sinkronizatuz eginiko muntaia da, hau da, ozentasun giroz lagunduriko diapositiba
emanaldia.
Horrelako muntaia bat egiteko egokiena hiru edo lau mintegiren bidez egitea izango
litzateke: Musika mintegiak musika eta efektuen lanketa; Euskara mintegiak hitza,
hizkuntza eta testua; Marrazketa mintegiak irudia eta diapositibak; eta gaiaren arabera
laugarren mintegi bat sar daiteke: Natur Zientziak, Giza Zientziak, HIA...
Nire esperientzia bi eratakoa izan da: bakarrik eta beste mintegiekin koordinatuz. Noski,
beste mintegiekin elkarlanean arituz emaitza askoz ere aberatsagoa da eta gure arloa
gehiago sakontzeko denbora ematen digu. Baina hori bai, diziplinarteko gai bat bezala
antolatzea posible ez bada, bakarrik egitera animatuko zintuzketet. Artikulu honetan
bakarrik egiterakoan zer-nola moldatu behar dugun azalduko dut. Esperientzia hau 97-
98 ikasturtean Larraintzarko ikastetxeko 3. DBHko ikasleekin egina da.
Ikastetxe honetan bakarrik egitea planteatu nuenez, hoberena gertuen bizi dituzten
gaietatik abiatzea zela pentsatu nuen, honela dokumentatzen denbora asko gal ez
zezaten, diapositibak ateratzea erraza gerta zekiekeen eta abar.
Beraz, lehen aipaturiko puntu guztiak landu ondoren, lanean has gintezke.
Larraintzarko ikastetxeko esperientzia
Ikasleek behar dituzten materialak
- Argazki kamara bat.
- Diapositiba roilo bat.
- Kasete zinta garbi bat.
- Entzunaldien fitxa.
- Orriak, boligrafoak...
Lanaren antolaketa
Lanaren antolaketan bost urrats nagusi jarraitu behar dira:
1. Gaiaren aukeraketa.
2. Gaiaren lanketa.
3. Irudien aukeraketa.
4. Efektu eta musiken hautaketa.
5. Hitza, musika, efektu eta irudien bateratzea.
Urrats bakoitzean egin beharrekoa azaltzera noa labur-labur.
1. Gaiaren aukeraketa
Guztion artean gai posibleen zerrenda luze bat egiten dugu, errealitatearen arabera
errazenak gertatzen zaizkigun gaiak aukeratuz. Bakoitzak gai bat edo bi aukeratzen ditu
eta ahal den neurrian aukeraketa horren arabera taldeak eginen ditugu.
2. Gaiaren lanketa
Gaiari buruzko dokumentazioa biltzen dute. Informazio hori guztia hartu eta gai horren
atal ezberdinak zehaztuz eskematikoki gai horren nondik norakoa azaltzen dute.
Ondoren, atal bakoitzean esan eta adierazi nahi dutena zertxobait zehatz dezatela
eskatzen diegu.
3. Irudien aukeraketa
Gaiaren nondik norakoa garbi dutenean, adierazi behar dutena hobekien zein irudirekin
landu dezaketen aztertzen hasten dira. Irudi horiei buruzko zerrenda luze bat egin
ondoren horietatik hoberenak hautatu eta diapositibak ateratzen has daitezke.
4. Efektu eta musiken hautaketa
Hasiera batean, beraien gaian erabil dezaketen musiken zerrenda bat egiten dute, eta
gero hauetatik hoberenak hautatzen dituzte, noski, gaia eta diapositiben esanahia
hobekien adieraziko duten musikak aukeratu beharko dituztela kontuan izanik betiere.
Bide batez, musika mota ezberdinak erabiltzen jakin eta ohitu daitezen, musika mota
ezberdinak hautatzearen garrantzia azpimarratuko diegu. Gehiegi nahas edo lanpetu ez
daitezen, hasieratik bi, hiru edo lau diapositibarentzat musika berbera aukera dezatela
gomendatu. Hau da, gaia banatu duten atal bakoitzeko musika bat. Hala ere, badaude
diapositiba bakoitzeko musika bat aurkitzen saiatzen diren taldeak. Diapositibei
adierazgarritasun gehiago ematearren, emanaldian zehar gutxienez hiru edo lau efektu
ezberdin sartzeko eskatzen zaie.
5. Hitza, irudia, musika eta efektua
Lanerako lehengai guztiak eskuetan dituztelarik, lanaren muntaiarekin hasteko prest
daude. Atal honetan garrantzi handia du irudia eta ozentasunaren arteko sinkronizazio
lanak. Gainera, kontuan izanik ozentasuna esaterakoan hiru elementuz ari garela: hitza,
musika eta efektuak. Nahiz eta bakoitza bere aldetik prestaturik eraman, zuzeneko
emanaldian guztiak batera sinkronizatu behar dituzte, hau da, une horretan ere benetako
taldelan koordinatua behar da: alde batetik, diapositiben denbora sinkronizatzen ari
dena; bestetik, musikaren intentsitatea kontrolatuz doana; eta bestetik, testua irakurtzen
ari dena edo ari direnak.
Lehenik, hitza eta diapositibak elkartuko ditugu, hau da, diapositiba bakoitzean zer esan
behar duten eta noski, zein ordenatan. Ez du zertan diapositiba guztietan hitzak agertu
behar. Hitza esaterakoan, noski, irakurri behar duten testuaz ari naiz. Irakurketa soil eta
triste bat gerta ez dadin, deklamazioa zertxobait landuko dugu, hau da, irakurtzerakoan
erabili behar duten adierazkortasuna.
Diapositibaren irudiaren adierazia edo irakurri behar duten testuaren iraupenaren
arabera, diapositiba bakoitzak proiektaturik iraun behar duen denbora zehaztu behar
dute, hots, bakoitzak zenbat segundo iraun behar duen.
Ondoren, diapositiba bakoitzarekin zein musika erabili behar duten zehaztu beharko
dute, eta zeinetan sartu behar dituzten efektuak. Diapositiben denboraztatzea egina
dutenez, horren arabera musika bakoitza zenbat denboraz grabatu behar duten zehaztu
beharko dute, gero zinta batean musika guztiak beren iraupen zehatzarekin bata
bestearen atzetik graba ditzaten. Hau guztia adieraz dezaten, fitxa teknikoan ikusten
dugun bezalako fitxa bat bete beharko dute.
Musikari dagokionez, bi gauza azpimarraraziko dizkiegu: alde batetik, musika
aniztasunak entzuleriaren arreta erakartzeko duen indarra eta lanaren atal bat bestetik
ezberdintzeko ematen digun laguntza; eta bestetik, zuzeneko emanaldian
intentsitatearen erabileraren garrantzia, batez ere musika batetik bestera aldatzeko
orduan eta zer esanik ez, hitza edo testua sartzerakoan. Askotan intentsitatea hain gutxi
jaisten dute, non testua irakurtzen ari denari zer esaten ari den ez zaion ulertzen.
Efektuei dagokienez, klase oso bat eskaintzen diegu eta amaieran konpaktoak dituen
200 efektuen zerrenda ikasle bakoitzari banatzen diot.
Talde bakoitzaren emanaldiaren egunean lau gauza ditugu beharrezko: diapositibak,
kaseta zinta, testua eta talde koordinazio handia hiru elementu horiek ondo uztar
ditzaten.
Ebaluazioa
Lanean hasteko garbi utziko diogu ikasle bakoitzari lan honetan zer baloratuko dugun.
Lehenik, eguneroko lana eta taldekidetza, bakoitzak bere taldean duen parte hartzea.
Gero, lana bera baloratuko dugu. Eta zer esanik ez, emanaldiko eguna. Honako hauek
dira batez ere kontuan hartuko ditugun puntuak:
- Erabilitako musika ezberdin kopurua.
- Erabilitako efektu kopurua.
- Dokumentazio lana.
- Lanaren iraupena.
- Musika eta efektuen egokitzea irudietara.
- Hitzaren adierazkortasuna, hau da, testua ahoskatzeko eta adierazteko era.
- Intentsitatearen erabilera lanean zehar: hitza agertzen den bakoitzean, musika batetik
besterako aldaketetan, sentsazio bereziren bat sortu nahi dutenean...
- Talde koordinazioa eta sinkronizazio maila.
Helburu eta edukiak
Lan honen bidez eduki eta helburu asko lantzen ditugu, baina batez ere hiru orokorrenak
aipatu nahi nituzke: ikasleen inplikazio maila, musika ezberdinetarako hurbiltze kritikoa
eta beraien arteko taldekidetze handia.
- Inplikazio mailari dagokionez, urte guztian ia ezer egiten ez duten ikasleak ere
erabat inplikatzen dira. Baina hori bai, horren gakoa gaiaren aukeraketan dagoela uste
dut. Normalean gustuko gaia hartzen baitute (edo horretara bideratzen laguntzen diet).
Hori horrela izanez gero, buru-belarri sartzen dira gai horretan. Gainera, lan hau oso
praktikoa denez, ikasteko esfortzurik ez die eskatzen.
- Musika ezberdinetarako hurbiltzeari dagokionez, musika ezberdinetarako
irekitasuna lantzen da. Adin honetan gehiengoak musika mota bat edo bi entzuten ditu
eta beste musika motak onartzea kosta egiten zaio. Urtean zehar egindako zenbait
jardueraren eta lan honen bidez, musika bakoitzak bere lekua duela onartzen dute, eta
agian, musika hori irudi batez lagundurik badator atsegin edo entzungarri gerta
daitekeela. Musikaren sentsibilitateari dagokionez, izugarria da talde bakoitza zein
puntutaraino heltzen den ikustea musikaren aukeraketa egiten hasten denean. Batzuk ia
diapositiba bakoitzari musika ezberdin bat jarri nahi izaten diote, irudi horrek adierazia
hobeto transmiti dezan.
- Taldekidetzari dagokionez, lehenengo egunetik hasten dira beraien artean lan
banaketak egiten eta elkarrekin koordinatzen. Baina azken egunean, eta zer esanik ez
emanaldiko egunean, guztien arteko batasun bat ikus daiteke, guztiek sinkronizazio
baten barruan lan egiten baitute. Behin musika martxan jarriz gero, ezin dute geratu, eta
orduan guztia aldi berean doa aurrera: musika, hitza eta irudia.