HEZIBIDE: Matrikulazio garaian ere, elkarlanari lehentasuna emanez

1999-02-01
Hezibideko ikastolek Informazio Bulegoa ireki berri dute Arrasaten. Elkarteko lau ikastolek abiarazi dute ekimen berri hau eta helburu bakar batekin: guraso guztiei informazio zerbitzua eskaintzea.
 
 
Arrasaten ireki dute Informazio Bulego berri hau Hezibideko lau ikastolen artean. Arrasateko San Viator, San Frantzisko Xabier eta Umezaintza eta Eskoritzako Almen ikastolek, alegia. Lehenengo aldia da ikastolek elkarrekin horrelako ekimen bat martxan jarri dutela eta helburu garbi batek bultza ditu horretara: guraso guztiei informazio zerbitzua eskaintzea. Hau da, ikastola bakoitzaren zerbitzuei buruzko informazioa emango dute bertan. Aurrematrikulazio garaia dela kontuan izanik, gurasoak euren seme-alabentzako ikastetxe bat edo bestea hautatu beharrean aurkitzen dira eta askotan informazio handirik eduki gabe hartzen dute erabakia.

Ekimen honen bultzatzaileek gurasoek ikastetxea aukeratu aurretik zentro ezberdinak hurbilagotik ezagutzea nahi dute. Orain arte Arrasateko San Franzisko Xabier ikastolak informazio bulego bat ireki izan du matrikulazio kanpainaren aurretik, baina aurten lau ikastolak lehenengo aldiz elkarrekin bildu dira. Laurak elkarrekin daude eta denek bultzatako ekimena da hau.

Aintzane Gardoki da bulegoan informazioa ematen dagoena eta berak azaldu digunaren arabera bi informazio mota daude: bulegoan ematen dena eta ikastoletan jasotzen dena. "Bulegoan lehen mailako informazioa ematen diet. Hemen panelak daude eta hauetan informazio orokorra dago. Alde batetik, Haur Hezkuntza zer den eta ikastola hauetan zein ezaugarri dituen agertzen da berauetan. Beste panel batek 6-18 urteko ezaugarriak jasotzen ditu. Eta triptikoan dagoen informazioa jasotzen duen panel handi-handi bat ere badaukagu. Horrez gain, ikastola bakoitzaren informazio puntuala eskura daiteke paperezko euskarrian edota bideoan".

Hezkuntza proiektuak, kuotak, ordutegia, aisialdirako extra-eskolarrak, udalekuak... bakoitzak dauzkan zerbitzuak zein diren ezagutzeko aukera ematen du informazio honek guztiak. "Bideoak hemen ikus daitezke, eta horrez gain, ikastola batek bideo gehiago ere baditu eta horiek jendeari banatzen ari gara etxera eraman eta han ikus ditzaten".

Informazio hori guztia bulegoan bertan jasotzeko aukera dago. Baina ikastoletara joan eta bertatik ezagutzeko aukera ere badago. "Hori da bigarren pausoa eta horixe da bultzatu nahi dena: barrutik ezagutzea ikastola bakoitzak duen proiektua, azpiegitura eta, oro har, dena". Hori garrantzitsua dela azpimarratzen du Gardokik, nahiz eta hasieran jendeari kosta egiten zaion zuzendariarekin edo arduradunarekin zita egitea eta ikastolara hurbiltzea. "Hasieran arraroa egiten zaie, zuzendariarekin hitz egitea zaila izango dela pentsatzen dutelako. Ez dela hainbesterako pentsatzen dute. Horrela, besterik gabe, ni joan al naiteke eta ordubete kendu? Baina kalean aukera hori badagoela entzun da eta pixkat lotsatuta etorri arren, badatoz hori eskatzera orain". Bulego honen helburuetako bat horixe da hain zuzen ere: zuzendariarekin edo pertsona egokiarekin hitz egitea eta ikastola barrutik ezagutzea.



Erabakiak hartzeko balio al du?

Gardokik dioenez "jendeak nahiko erabakita dauka seme-alabak nora eraman nahi dituen eta gauza oso puntualak galdetzera dator: zenbat urterekin hasten diren hizkuntzak ikasten, zein ordutegi daukaten, kuotak zenbatekoak diren..."

Beraz, gehienbat bi kasu ematen direla esan daiteke. Alde batetik nora eraman nahi dituzten konkretuki jakinda, ikastetxe bati buruzko galdera konkretuak egiten dituzte. Eta bestetik, bi ikastetxeren artean dudak dauzkatelarik bietarako zita eskatzen dute.

Bulegoa ireki berria da eta lehenengo hiru egunetan 20 pertsona hurbildu ziren. Hauetatik erdiak edo eskatu dute ikastoletara joatea. Gardokik pozik daudela esan digu. "Lehenengo aldiz egin da horrelako zerbait eta zer izan daitekeen esperimentatzen ari gara."

Noiz arte egongo da bulegoa irekita? Ziur aski martxora arte egongo da zabalik, baina hori jendearen harreraren arabera dago. Beraien asmoa matrikula aurretik bi edo hiru hilabete lehenago irekitzea zen, jendeak informazioa hartu eta matrikula garaian ixteko. Baina badirudi aurten matrikulazio kanpaina lehenago hasiko dela eta garai horretan ere irekita izango da agian.

Informazio bulegoa Arrasateko Biteri etorbidea, 15. zenbakian dago. Astelenetik ostiralera, goizeko 10.00etatik 13.00era eta arratsaldeko 15.00etatik 19.00etara izango da zabalik.