Kronika

1999-02-01
 
 
DBH eta Batxilergorako aldaketa proposamena
Nafarroako Eskola Kontseiluak DBH eta Batxilergoko Humanitateen irakaskuntza izeneko txostena egin du berriki. Bertan Giza Zientzien irakaskuntza hobetzeko 14 proposamen egiten dira. Horietako bat DBHko ikasgai kopurua gutxitzea da. Gaur egun hamar ikasgai daude Nafarroako DBHko kurtso bakoitzean eta kopuru horrek zortzi baino handiagoa ez lukeela izan behar diote txostenaren egileek. Ikasgaiak gutxitzeak bi ondorio positibo ekarriko omen lituzke. Alde batetik, ikasle bakoitzaren jarraipen zehatzagoa egiteko aukera. Eta bestetik, ikasgai bakoitzari ordu gehiago egokituko litzaizkioke, horrela ordu gutxi dutela-eta bigarren mailako bihurtu gabe.
Beste proposamen bat DBHko bigarren zikloan eta Batxilergoan 32 orduko astea izatea da, eta ez 29koa, orain bezala. Zabalpen honek behar sozialen araberako aldaketak egiteko aukera emango lukeela diote txostenaren egileek. Adibidez, bigarren hizkuntza bat beharrezko bezala jartzeko aukera egongo litzateke.
Bestalde, Kultura Klasikoa indartzea ere proposatzen da. Horrela, DBHko 3. mailan aukerakoa den Kultura Klasikoa derrigorrezkoa izatea planteatzen dute, ordu kopurua 32ra igoz posible delarik.
Ordu kopuruak eta ikasgaiak ezezik, Batxilergoaren iraupena ere aldatzeko proposamena luzatzen dute. Orain bi urtekoa izanik, urtebete luzatzea hobe dela diote, etorkizuneko unibertsitarioen eta goi teknikoen prestakuntza hobea, sakonagoa eta osatuagoa izan dadin.
Txosten hau aztegai izango da hemendik aurrera eta behin-betiko txostena bozkatu aurretik eztabaidatu egingo da. Dena dela, txostena ez da loteslea eta azkenik Hezkuntza Departamentura bideratuko da.

Euskararen
ofizialtasuna
aldarrikatuz

Sei mila lagun bildu ziren Baiona urtarrilaren 30ean Euskal Departamendua eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Abertzaleen Batasuna deitutako manifestaldiak atxikimendu ugari izan zituen, eta tartean Seaskarena. Aldarrikapen orokorrekin batera, Seaskak ikastolentzat estatuto publikoa eskatu zuen. Ofizialtasunaz gain, euskarak premiazkoa duen presentzia eta erabilpen publikoa ziurtatzeko lege baten beharra dagoela ikusten dute.
Euskararen ofizialtasun ezak kalte handia egiten dio oraindik ere haurrak euskalduntzeko ahaleginari. Horrela, frantsesez ikasteari ekiten dioten haurrak gehiago dira. Dena dela, eredu euskalduna aukeratzen duten haurren kopurua handitzen doa pixkanaka-pixkanaka. Emaitza hori ikastetxeetan egiten ari den lanaren fruitu da, baina Euskal Departamendua edukitzeak ere bultzada handia emango dio, dudarik gabe. Ea hemendik aurrerako pausoek zerbait argitzeko eta aurrera jotzeko balio duten.
Destino-osagarrien epaia irakasleen alde: 8.000 milioi irakasle funtzionarioentzat
Urtarrilaren 7an EAEko Auzitegi Gorenak irakasleen aldeko epaia eman zuen destino-osagarrien auzian. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak sare publikoko 19.000 irakasleri 1994z geroztik zor dizkien 8.000 milioi pezeta ordaindu beharko dizkie. Destino-osagarrien ezaugarria dela eta, sare publikoko irakasle ez unibertsitarioek Lakuako gainontzeko funtzionarioek baino gutxiago kobratzen zuten, eta horixe da auzi honetan salatu zutena. Orain, auzia irabazi ostean, sindikatuak Hezkuntza Sailarekin bildu dira eta berriz ere elkartzekoak dira irakasleei zor dien diru kopurua eta ordainketa epeak zehazteko. Era berean, ordainketa hori irakasleria osora zabaltzea eskatzen dute sindikatuek, funtzionario zein ez funtzionarioei.
Baina dirua ez da guztien kezka. EKB eta EHE euskarazko irakaskuntza bultzatzeko kanpainan murgildu dira matrikulazio garai honetan. EKBren leloa "Etorkizuna euskaraz dator. Matrikula ezazu euskaraz D ereduan" da eta ekimen bereziak antolatu ditu gurasoek seme-alabak D ereduan matrikula ditzaten. Behin eta berriro errepikatu dute euskaldundu ahal izateko berma bakarra D ereduan matrikulatzea dela.
EHEk, berriz, A ereduaren aurkako kanpainari ekin dio "Euskararen herrian analfabetorik ez!" lelopean. A eredua eskaintzen duten ikastetxeetako zuzendariei gutun bat bidali diete, aurtengo ikasturtea eredu hori eskaintzen duten azkena izan dadila eskatuz eta asmo hori Hezkuntza Sailari helarazteko eskatuz, honek dagozkion neurriak har ditzan. Ikasturte honetan langileria prestatzeko eskatzen diete eta zentro barruan eztabaida zabaltzea.
A eredua baztertzeko arrazoi nagusi hauek aipatzen ditu EHEk: legez kanpokoa, baztertzailea, zigortzailea eta marjinala dela, iruzur egiten duela, ez duela eleaniztasuna bermatzen eta gizartearen babesik ez duela.

Ez da oposaketarik izango Nafarroan, bai ordea EAEn
Hasiera batean Nafarroako Gobernuak ikasturte honen amaierarako irakaskuntzako lanpostu publikoetarako oposaketak egiteko asmoa bazuen ere, azkenean data hori datorren urtera arte luzatuko da. Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek egindako bileraren ostean hartu zen erabakia. Sindikatuak lan eskaintzak egitearen alde agertu ziren eta aurten egitea ongi ikusten zuten. Baina irakasleriaren gehiengoaren iritzia aintzat harturik, ongi ikusi dute epea atzeratzea. Izan ere, irakasleen gehiengoaren ustez, ez zegoen behar hainbat denbora uztailean egitekoak ziren oposaketak prestatzeko.
Hezkuntza departamenduak sindikatuei hurrengo hiru urteetan 477 lanpostu ateratzea proposatu zien eta sindikatuek ongi ikusi zuten Hezkuntza departamendua lanpostu horien beharraz jabetzea. Honek 2000 eta 2001. urteetan lanpostu horien eskaintza negoziatzeko ateak irekita uzten dizkie.
EAEn, berriz, Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburuak adierazitakoaren arabera, Lanpostu Publikoen Eskaintza egiteko asmoa dute. 1999. urteko azken hiruhilabetean egitea aurreikusten dute, eta 2000. urtean iragankortasun egoera honekin amaitzea.
Epeez hitz egin baldin bada ere, oraindik ez da gainontzeko ezerren berri eman.