Inauteriak

1999-02-01
Ihauteri, inauteri, aratuste, karnabal, zanpatzar... modu askotara deituak izan dira mozorroz, musikaz, dantzaz, janariz eta edariz bustitako egun hauek. Euskal Herriko herri askotan ospatzen diren egunak dira, abenduan hasi eta martxora arte.
 
 
Non, zer eta noiz

Tradizio katolikoa duten lurraldeetan, garizuma aurretik egiten diren olgeta-egunak dira, bereziki Hausterre-egunaren aurreko igande, astelehen eta asteartean. Baina inauterien esanahia ez da berdina izan historian zehar.

Hasieran, gaur egun udaberria den garaian ospatzen zen. Garai horretan hasten zen urte berria, eta ez orain bezala, urtarrilean. Horrela, urte zaharra bukatu eta berria hastea ospatzen zen jai hauekin. Olentzero, Miel Otxin, Zanpatzar... eta beste hainbat pertsonaia erre egiten ziren. Urte zaharraren kutsadura kendu egin behar baitzen, garbitu, eta modu horretara egiten zuten, hainbat pertsonaia errez.

Erdi Aroan, berriz, Eliza Naturaren gainetik jarri zen eta inauterien zentzua aldatu egin zen. Elizak Bazkoari eman nahi izan zion garrantzia, Kristoren Pizkundeari. Urtea hasten zen garaian jarri zuen Bazko eguna, hots, udaberrian. Eta inauteriak Garizuma aurrera pasa zituen. Horregatik, gaur egun inauteriak ez dira ez urte hasieran, ez eguzkiaren ez ilargiaren egutegian ospatzen, urte hasiera bien tartean baizik.

Egunak aldatzeaz gain, Elizak inauteriak berak ere aldatu zituen lege gogorrak ezarriz. Jaiaren aitzakiaz gertatutako gehiegikeriagatik, ez zituen begi onez ikusten. Estatu espainolean ofizialki debekaturik egon ziren Francoren diktadura bitartean. Ondorioz, inauteriek Eliza bera satirizatuko dute, jasaten duten errepresioari erantzunez, nolabait.

Gaur egun inauteriak urtean zehar jantzi ditugun maskara edo karatula guztiak eranzteko erabiltzen dira. Inauterien zentzua liberazioarena da. Batzuk aspaldiko elementu sinbolikoak gorde dituzten inauteri folklorikoak dira eta beste batzuk hiriko inauteri modernoak.

Beraz, denboran zehar inauteri egun hauen zentzua aldatu egin da. Hala ere, hainbat eta hainbat herritan garai bateko pertsonaiak eta ohiturak mantentzen dira. Gure proposamena zentzu horretan doa. Euskal Herriko hainbat herritan ospatzen diren inauterien berri luzatu nahi dizuegu. Bertara hurbiltzeko aukera aprobetxatu nahi baduzue, jakin dezazuela noiz joan eta zer ikusiko duzuen.



Zuberoako maskaradak

Zuberoako Maskaradak urtearen hasieratik Astearte Inauteri eguna bitartean ospatzen dira. Maskaraden elementu nagusia dantza eta antzerkia dira. Egun eta herri ezberdinetan eskaintzen dute funtzioa.

Maskaradako pertsonaiak bi taldetan banaturik daude: gorriak eta beltzak. Lehenengoak garbi eta dotore jantzita egoten dira eta gorria da euren arropetako kolore nabariena. Talde honetakoak dira Txerrero, Artzaina, Gatuzain, Kantiniersa, Zamaltzain, Zikiratzaileak, Ferratzaileak, Kukulleroak, Jaun eta Anderea, Laboraria eta Etxekoandrea.

Gorrien taldearen ondoren musikariak joan ohi dira eta hauen atzetik beltzak. Zarpain eta zikin jantzita joaten dira talde honetakoak: Ijitoak, Berzkinak, Zorrotzaileak, Eskaleak...

Maskaraden antzezpena egun osoan zehar luzatzen da. Goizean, herrira iristean, gorriak dantzan eta beltzak bazterrak nahasten hasten dira kaleetako barrikadak gaindituz. Herriko pertsonaia garrantzitsuak edo ospetsuak bisitatuz ibiltzen dira. Bitartean, beltzek Zamaltzaina amorrarazten dihardute eta Zirikatzaileak ere harrapatu nahian dabiltza.

Enparantzara heltzen direnean gorriak dantzak egiten hasten dira. Dantzarik nagusiena Bralia eta Gobalet-dantza (baso ardoaren gainera salto egiten dena) dira.

Dantzaren ondoren funtzioak datoz. Zati honetan, pertsonaia bakoitzak bere ofizioa antzezten du: Ferratzaileek Zamaltzain eta Txerrero ferratzen dituzte, berauek nahi ez badute ere; Zikiratzaileek Zamaltzain harrapatu eta irendu egiten dute; Zorrotzaileek Jaunaren ezpata zorroztuko dute behin eta berriro, Jauna gustura gelditu arte; ijitoek istorio eta entretenigarriak kontatuko dituzte; eta azkenik, Berzkinek Jaunak konpontzeko emandako dupina ezin konponduta utziko dute. Hala ere, Jauna engainatu eta dirua aterako diote... Azkenean, medikua ekarri eta honek salbatuko du Jaunak emandako dirua lapurtu duen langilea, patroi eta ijitoen artean harrapatu eta erdi hilda utzi dutena.

Antzezpena amaitzeko, guztiek parte hartzen duten dantza egiten dute.

Urtero-urtero herri ezberdin bateko herritarrek prestatzen dituzte Maskaradak, eta aurten Idauze-Mendikoei egokitu zaie. Mauletik bospasei kilometrora dagoen herri honetan orain dela 70 urte antolatu ziren Maskaradak azken aldiz. Aurten berriro idauze-menditarrak izango dira protagonista.



Nafarroa Behereko ihauteriak

Nafarroa Behereko ihauteriak dira Euskal Herriko luzeenak, maiatzera arte irauten baitute. Ihauteri hauetan Kabalkada izeneko desfilea da oinarri. Bertan hainbat pertsonaiak hartzen dute parte.

Ezagunenak eta ikusgarrienak Bolantak dira. Lepotik zetazko koloretako zintak zintzilikatuta daramaten dantzariak dira eta desfilearen amaieran joaten dira. Zaldikoak dira lehenengo joaten direnak. Zaldi gainean joaten diren bizpahiru mutil izaten dira. Hauen ondotik Zapurrak doaz, bizar beltz eta betaurreko beltzak dituztelarik. Ondoren, bat, bi edo hiru Makilari joaten dira, bola batean amaitzen den makila luzea daramatelarik eskuan. Atzetik, Erraldoitxoak , bi emakume argal, luze eta fin errepresentatzen dituzten panpinak, alegia. Dantzari bik eramaten dituzte sorbalda gainean. Hauen ondoren beste bi dantzari joaten dira Gorriak . Desberdin jantzita joaten dira, besteen nagusi edo gidari direlako. Ondoren, Banderariak doaz, bat edo bi, eskuan banderak dituztela. Basandreak doaz hurrena eta azkenik Bolantak .

Dantza da Kabalkadan elementu nagusia. Guztira 23 dantza egiten omen dituzte eta 18 pauso inguru.

Antzina, beste Kabalkada batek jarraitzen zion hemen azaldutakoari. Bigarren hau jende zarpail, zikin, eskale eta emagalduez osatua zegoen. Zirtzikak ziren talde honetakoak. Aurrekoen itxurak egiten eta hauek irrigarri uzten joaten ziren.



Ustaritzeko ihauteriak

Lapurdiko herri honetan Kaskarot eta Zanpantzar egunak dira ihauteri egunak. Kaskarot eguna bi igandez ospatzen dute: Igande Ihauterian eta horren aurreko igandean. Etxez etxe diru eskean, jan eta edaten eta etxeetara sartuz ibiltzen dira ihauteri hauetako pertsonaiak. Kaskarot, Ponpiera eta Kotilungorriak dira ezagunenak. Kaskarotak dira izatez dantzariak. Alkandora eta galtza zuriz janzten dira, galtzen bi alboetan koloretako zintak josita eta gerriko zabal morea. Eraztun batekin lotzen den lepoko gorria eta txapel bordatua izaten dute. Eskuetan bina makilatxo eramaten dituzte. Hamarren bat mutil izaten dira eta hasieran joaten dira, musikariak atzetik dituztelarik.

Ondoren Ponpiera eta Kotilungorriak doaz. Ponpiera antzinako bufoien antzera dago jantzita, aurpegian karatula gorria eramaten du eta eskuetan sorgin-artaziak.Kotilungarriak dira denetan ikusgarrienak, bi direlarik. Gona gorria dute galtza zurien gainetik, artilezko jaka zuria eta koloretako amantala, honen poltsikoan airera eta jendeari botatzeko errautsa daramatelarik. Eskuan makila bat eramaten dute, bertatik zintzilik behi-buztana dutelarik. Buruan txano luze piramidala daramate eta gerrian zintzarri ugari. Aurpegia tela gorrizko maskara batez estalia edukitzen dute, ahoa eta begiak bistan dituztelarik. Pertsonaia hauek haurrak izutzen ibiltzen dira eta etxekoek emandako eskudirua ere biltzen dute.

Guztiak sei orduz ibiltzen dira etxez etxe, eta ondoren, txokoren batean biltzen dira jasotakoa jatera.

Astearte Ihauterian, berriz, Zanpantzar (Saint Pansart) agertzen da gurdi batean Ustaritzeko kaleetan zehar. Lastoz betetako panpina handia da. Herrian zehar ibili ondoren epaitu, kondenatu, fusilatu eta erre egiten dute.



Tolosako inauteriak

Tolosako inauteriak ospe handikoak dira. Ez dira herri txikietako inauteriak bezalakoak, hiri handietakoekin antza handiagoa dute. Izatez Igande Inauteri egunean hasten dira eta Astearte arte irauten dute. Hala ere, aurreko hiru egunak, hots, Ostegun Gizen, Ostiral Mehe eta Zaldunita bezpera prestaketa egunak izaten dira. Txilabak, txarangak, danborrada, zezenak, dantzak, musika eta umorea present izaten dira egun hauetan. Eta hortik aurrerako hirutan, are eta gehiago.

Asteartean aldatzen da giroa, egun hori hileta eguna izaten baita. Sardina ehorzten dute eta denak lutu-jantziekin joaten dira. Amaiera triste honekin bukatzen dira musikaz eta festaz betetako bost egunak.



Abaltzisketako inauteriak

Abaltzisketa eta inguruko beste herrietako inauteriak (hala nola Amezketakoak, Berastegikoak, Berrobikoak, Elduaiengoak eta Lizartzakoak) Tolosako inauterien itzalpean gelditu dira. Baina hala ere, azken urteotan berriro indarra hartzen ari dira.

Abaltzisketako txatxoak Igande Inautez ibiltzen dira baserriz baserri. Etxe atari guztietan makila-dantza egiten dute mozorro batek lekua garbitzen duen bitartean. Txatxoak zortzi mutil dira, alkandora eta galtza zuriz jantziak. Borla zuriko txapel gorria, gorbata beltza eta antzinako ezkon-mantoi koloretsu biz osatzen dute janzkera. Besoetatik behera kolore askotako zintak ere eramaten dituzte.



Mundakako aratusteak

Mundakako aratusteetan mutil eta gizonak izan dira protagonista orain arte, nahiz eta azken urteotan emakumeen parte hartzea gehitu.

Musika joz eta abestuz ateratzen dira kalera Igande Inauterian. Zuri-zuri jantzita joaten dira guztiak, musika-bandaren zuzendaria izan ezik. Frak beltza eta kolore berdineko kapela eramaten ditu honek. Musikariek burkazala janzten dute buruan, batzuetan aurpegia bistan utzita eta beste batzuetan aurpegia estalita. Aurpegia bistan daramatenek bibote eta papilote handiak margotzen dituzte aurpegian.

Bi gona janzten dituzte, bata ohi bezala eta bestea burutik sartuta, atorra balitz bezala. Horregatik deitzen zai Atorrak .

Herriko kaleetan kantatzen jardun ondoren, portura abiatzen dira zuzendariaren gidaritzapean. Han, petril gainera igo eta banan-banan ileran jartzen dira, bertan burutzen dutelarik ekitaldirik ederrena. Urtero asmatzen duten kanta berria abesten dute, eta horrekin batera aurreko urtetako abestiak ere bai.

Egun honetan, beste herri batzuetan bezala, Mundakan ere ogi xigortuak edo tostadak jateko ohitura dago. Antzina, atorrak balkoietatik sukaldeetara sartu eta etxekoandreak prestatutako ogi xigortuak lapurtzeko ohitura zegoen.

Mundakako emakumeak lehen mozorrotzen ez baziren ere, orain lamia jantzita ateratzen dira herriko kaleetara.



Markinako inauteriak

Bizkaiko herri honetan gaur egun Igande Inauteriz ospatzen dira inauteriak. Lehen ostegunez hasten ziren, Txitxiburduntzi Egunez eta Martitzen Karnabal egunez amaitu. Baina gaur egun, igandea da egun handiena. Herri osoa mozorrotzen da eta goiz goizetik giro berezi bizitzen da. Goizean Saragi-dantza egiteko ohitura dago, eta arratsaldean, berriz, Markinako inauterien berezitasuna den antzara-jokoa.

Antzarak lotu eta gorputza koipetu ondoren, soka batetik zintzilikatzen dituzte. Zaldiz doazenak, gelditu gabe, antzararen lepoa mozten saitzen dira.

Joko honen ohitura hau betidanik egon da Markinan, baina 60ko hamarkadan galdu egin zen. 1979. urtean berreskuratu zen berriro, eta harrez gero urtero ospatu da.



Lekeitioko inauteriak

Lekeitioko inauteriak ostegunez hasten dira, Sasikoipetsu egunez. Egun honetan burduntzian erretako haragia jateko ohitura dute. Txistorra, lukainka edota arrautza jateko ohitura zegoen.

Lekeitioko mozorroak Marmoak izenez ezagutzen dira. Lehen, igande arratsaldeko elizkizunak bukatu arte ez zen marmorik ikusten. Haurrek kale kantoitik "amaitu da elizakoa" oihukatzen zuten eta hori entzutean kaleak marmoz betetzen ziren. Herria aratuste giroz eta kolore bereziz janzten zen.

Astelehenetan Estudiantina ateratzen zen, galtza eta alkondara zuriz jantzita, jaka urdinez, ezkerreko besotik behera kolorezko zintak zituela eta buruan txapela beltza.

Asteartea izaten da egunik handiena Lekeition, Turuturu eguna . Goiz-goizetik marmo jantziz ateratzen dira herritarrak. Azken urteetan haurren eguna izaten da. Arrantzale eta nekazari erara janzten dira. Horrez gain, beste haur asko eta helduak marmoz jantzita ibiltzen dira egun osoz.



Zalduondoko inauteriak

Arabako herri honetan igandean hasten dira inauteriak. Markitos da bertako pertsonaia. Traje beltzez jantzitako panpina da, gorbata daramana eta lorea botoi zuloan. Arrautz oskolez egindako lepokoa darama. Pertsonaia berezi eta misteriotsua da Markitos.

Igande Inauteri goizean, goizeko 11:30ean agertzen da herriko kale nagusian asto baten gainean. Herriko mutil edo gizon bat joaten da asto gainean, Markitosen atzean berari eusten, jaus ez dadin. Astoa horretarako prestaturiko toki bateraino gidatzen dute, jauregi baten aurreraino. Han, Markitos astotik jaitsi eta sei metro luzerako makila baten puntan jartzen dute. Makila zutik jartzen da, lurrean sartuta eta han goian geratzen da Markitos ordu batzuetan.

Arratsaldean prozesio zaratatsua heltzen da Markitos dagoen lekuraino, Predikadorea dena buru delarik. Honekin batera, Kalegarbitzailea eta Errauts Zabaltzailea doaz, biak txabusina beltza jantzita. Hauen atzetik musikariak, eta ondoren behor batek bultzatako gurdia, barruan Predikadorea dela. Hauen atzetik Astoa eta Agurea deitzen direnak joaten dira. Markitosen aita eta ama omen dira hauek, eta pertsona bakar batek egiten ditu biak, bata bestearen gainean jarrita. Ondoren Artza eta Ardia datoz, eta hauen atzeti Porreroak . Azken hauek beren buruak lurrera botatzen eta pertikak erabiliz teilatuetatik zintzilikatutako kandela izoztuak apurtzen ibiltzen dira.

Markitos jaitsi eta gurdian jartzen dute. Predikadoreak ez du momentu batean ere askatzen. Pilotalekura heltzen direnean bere epaia irakurtzen dio Predikadoreak Markitosi: hil egin behar du. Jendeak txalo jotzen du. Panpina lurrean jarri eta su ematen diote. Taldeko guztiek dantza egiten dute bere inguruan.



Arizkungo inauteriak

Nafarroako herri honetako inauterietako pertsonaia nagusia Hartza da. Korpus egunean ematen diote hasiera festari. Bi damuñ (etxezain) nagusi eta beste bi damuñ laguntzaile izaten dira aukeratuak egun honetan. Eta baita beste bi damuñ etxekoandre ere.

Korpus asteko igandean lau damuñek egiten dute dantzan enparantzan, damuñ nagusi eta laguntzaleek. Igande eta Astelehen Inauterian ere gauza bera egiten dute.

Gainontzekoak soinean brusa, txapela eta zapi beltza jantzita elkartzen dira Igande Inauterian herriko ostatuan gosaltzera eta ondoren "puska biltzera", hau da, etxez etxe eskean abiatzen dira. Jan, edan eta zarata ugari egiten dute etxe bakoitzean. Antzina, neskaren bat zegoen etxean dantzan egiten zuten. Arratsaldeko lauretan bildutakoa jaten zuten ostatuan, eta gero, berriro enparantzara dantzan egitera. Iluntzean, neskak etxera eta mutilak berriro ostatura, afaltzera. Damuñ nagusi eta laguntzaileek damuñ etxekoandre baten etxean afaltzen zuten, eta Astelehen Inauteri gauean bestearen etxean.

Astelehen Inauterian aurreko egunekoa errepikatzen zen, pausoz pauso.

Asteartean, ostera, gazteak mozorrotuta kaleratzen ziren, kareta eta guzti batzuk. Zazpi-zortzi erraldoi ere agertzen ziren. Baina egun honetako pertsonaia nagusia, gaur egun ere, Hartza da. Gizon edo mutilen batek egiten du hartzarena, gorputz guztia artilez estalita. Batera edo bestera mugitzen da hartza, ihes egin eta jendea izutzen du. Hartzainak darama lotuta, bere ondoan mantentzea asko kostatzen bazaio ere.

Egun hau da, hots, Astearte Inauteria, Sagar-dantza dantzatzen den egun bakarra. Ohikoena neskek egitea bada ere, Arizkunen mutilek egiten dute.



Unanuako ijoteak

Unanuan Igande eta Astearte Inauterian ospatzen dira "Ijoteak" eta pertsonaia nagusiak Mamoxarroak dira.

Igandean Mamoxarro txikien eguna izaten da. Herriko hamabost-hamazazpi urte bitarteko mutil guztiak kaleratzen dira mamoxarro jantzita. Kamiseta eta galtza luze zuriak daramatzate soinean. Buruan zetazko koloretako zapia eta gerrian gerriko gorri edo beltza. Kaskabiloz jositako larruzko zinta gurutzatzen dute paparrean. Eta mozorroa oraindik ikusgarriago egiteko elementu harrigarriena: burdinezko karatula jartzen dute aurpegia estaltzeko. Inork ez daki noiz eginak diren karatulok eta zazpi geratzen dira herrian, hasieran zeuden sei pareetatik.

Mamoxarro hauek etxez etxe ibiltzen dira oles egiten eskuan daramaten makilaren puntan lukainka eta urdai zatitxo bat jarrita. Etxeetan arrautza, urdai, lukainka eta abar oparitzen dizkiete eta zortziak inguruan herriko tabernara bueltatu eta han afaltzen dute bildutakoa.

Astearte Inauteria, berriz, 17 urtetik gorakoen eguna da, Mamoxarro handien eguna. Txikiak bezala mozorrotzen dira eta arratsaldean joaten dira oles egitera musikarien laguntzarekin. Azken hauek mozorrotu gabe joaten dira. Mamoxarro hauekin batera gazte batzuk ere joaten dira, nahi duten bezala mozorroturik. Hauei Muttuak deitzen zaie. Abestu egiten dute, baina hitzik ezin dute egin, eta hortik datorkie izen hori. Mamoxarroen antzeko makila eramaten dute eskuan.

Mamoxarroak herriko kaleetan zehar ibiltzen dira harrapakinen bila. Haur edo neskatilaren bat ikusiz gero, korrika abiatzen dira ea harrapatzen duten. Ondoren, ostatura bueltatzen dira afaltzera. Afalostean Mamoxarro handiek eta Muttuek enparantza edo udaletxe aurrean dantza egiten dute.



Lantzeko inauteriak

Astelehen eta Astearte Inauterietan ospatzen dira inaute egunak Lantzen. Pertsonaia nagusiak Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta Ferratzaileak dira. Miel Otxin lastoz egindako hiru metro inguruko erraldoia da. Bi pago adarrez osatua dago; bata besoetarako, eta bestea hanketarako. Txapela darama buruan, kartoizko aurpegikoa eta zapia lepoan. Brusa loreduna eta galtza urdinak izan ohi ditu gomazko polainetan bildurik. Txantxo batek eramaten du sorbaldan festak iraun arte. Zaldiko zaldi-gizona da. Gaztea da, segalarien lasto txapelaz burua estalia, begiartea ikatzez beztua eta gerri azpitik egurrezko armazoia, aurrealdean zaldi-burutxoa zutik duelarik. Atzealdean benetako abere isatsa darama zintzilik. Ziripot izenekoa da pertsonaiarik aldrebesena eta farregarriena. Buruan kapela, aurpegi estalia eta gorputza belar eta iratzez trinkotutako zakuan sartua du. Bere ibilera baldarrean makila du lagun. Txatxoak era ezberdinetara janzten dira baina beti koloretsu. Eskuan erratza edo makila daramate, aurpegia estalita eta buruan koloretako kapela konikoak. Ferratzaileak hiruzpalau izaten dira. Gorputza zakuzko telaz estalia izaten dute eta beren lanbideari dagokion tresneria daramate eskuan.

Festa Astelehen Inauterian hasten da. Miel Otxin doa jendetzaren buruan. Ziripot traketsa, oinez egin ezinik dabil, makila baten laguntza duelarik horretarako. Txatxoek oihu eta dantza egiten dute. Zaldiko, Ziripot lurrera botatzen saiatuko da. Ziripot behin eta berriro eroriko da lurrera. Zaldiko Ziripoti hurbiltzen zaion bakoitzean, Txa-txoek defendatuko dute. Halako batean Txatxoek Zaldiko harrapatzen dute eta Ferratzaileek ferratu egingo dute.

Hurrengo egunean, Astearte Inauterian, ez Ziripot eta ez Zaldiko ez dira kaleratzen. Miel Otxin da egun honetako protagonista nagusia. Enparantzara eramaten da Txatxoez inguraturik eta han epaitu egiten dute. Tiroz hil eta lurrera botatzen dute erraldoia. Zatitu eta sua egiten dute bere gorputzarekin. Ondoren, zortzikoa dantzatzen dute suaren inguruan.



Ituren eta Zubietako joaldunak

Herri hauetan urtarrileko azken igandearen ondoko astelehen eta asteartean ospatzen dira inauteriak, bi herrietako mutilek elkar hartuta erabakitzen dutenean. Joaldunak dira inauteri hauetako protagonistak, bi herrietako taldeak. Ezaugarri nagusia gerrian daramaten zintzarria da, "joare" deitzen zaiona. Horregatik deitzen zaie joaldunak. Gerria astinduz izugarrizko hotsa ateratzen diete zintzarrioi. Zubietako joaldunak alkandora zuria, ardilarru bakarra eta zapi urdina eramaten dute, eta Iturengoek ardilarru bikoitza eta zapi gorria. Guztiek isipua eramaten dute eskuineko eskuan haurrak uxatzeko eta txano dotorea buruan. Txano honi "Ttuntturroa" deitzen zaio. Ondorioz, joaldunei ttuntturroak ere deitzen zaie, eta baita zanpantzarrak ere.

Astelehen Inauteri egunean Zubietako joaldunak Iturenera joaten dira alkatearen baimenaz. Astearte Inauterian, berriz, alderantziz, iturrendarrak joaten dira Zubietara.



Lesakako inauteak

Lesakako inauteetako egun handiena igandea izaten da eta Zaku-zaharrak dira protagonistak. Gorputza zakuzkiz (zakuzko telaz) estalia izaten dute eta azpian lasto edo sarale ugari eramaten dute. Aurpegia zapi batez estalia dute, begien eta ahoaren parean zuloak egiten dituztelarik. Eskuan puxika bana eramaten dute eta banan banan joaten dira "ié, ié, ié" oihuka. Herriko kale guztiak pasatzen dituzte horrela. Mairuen laguntza ere izaten dute. Hauek kolorezko tela zatitxoez estalia izaten dute gorputza.

Gaueko 10:00etan heltzen dira enparantzara. Han burdinazko barra bat dago alde batetik bestera eta hari eusten diote. Momentu horretan herriko haur eta neska-mutilek gainera salto egiten diete zaku-zaharrak lurrera botatzeko. Zakuetatik ere tiratzen diete eta zaku telak galtzen dituzte askok, lastoa edo saralea zabalduz. Haurrak elkarri lastoa botaz ibiltzen dira jolasean.

Astelehenean, berriz, Karrozen eguna izaten da. Talde ezberdinek muntatutako karrozak izaten dira ikusgai.

Nahiz eta astelehenean bukatu inauteak berez, Lesakako auzoetan asteartean ere jarraitzen dute. Auzoetako gazteak goizean goiz abiatzen dira baserriz baserri puska biltzera. Bi taldetan banatzen dira: goitiarrak eta fraindarrak. Goitiarrak zuriz jantzita doaz, txaleko eta txapel gorriz, galtzetan daramatzaten kaskabiloak astinduz. Trikitixa eta krixkitina izaten dituzte lagun. Fraindarrak, bestetik, brusa beltzez, galtza zuriz, txapel berdez eta lepoko koloredunez janzten dira. Eskusoinua eta erratz kirtena eramaten dituzte hauek.



Leitzako iotegik

Leitzako inauteriak iotegik izenez ezagutzen dira. Lehen Garizuma aurreko hiru egunetan ospatzen ziren -Zalduniote, Asteleniote eta Asteartiote egunez-. Herriko gazteez gain, zaldiak ere mozorrotzen zituzten Leitzan. Mozorrotutakoei Atxoak deitzen zitzaien. Txistulariekin batera eskean ibiltzen ziren, astelehenean herri kaxkoan eta asteartean baserrietan. Eta biltzen zutena izaten zuten bi egunetako otorduetarako.

Gaur egun, ordea, Leitzako iotegik ezberdinak dira. Egunei dagokienez, urtarrilaren hirugarren igandez eta ondorengo astelehen eta asteartez ospatzen dira, eta Festa Txikiak izena hartzen dute. Erromeria eta eskeak egiten dituzte bi gazte taldek. Txistu soinuz



Inauteriak non eta noiz



Leitza urtarrilak 23, 24, 25 eta 26

Sunbilla urtarrilak 29, 30 eta 31

Ituren-Zubieta otsailak 1 eta 2

Ustaritze otsailak 7, 14 eta 16

Tolosa otsailak 11 eta 16

Abaltzisketa otsailak 14

Mundaka otsailak 14

Markina otsailak 14

Lekeitio otsailak 11 eta 16

Zalduondo otsailak 14

Arizkun otsailak 14, 15 eta 16

Unanua otsailak 14 eta 16

Lantz otsailak 15 eta 16

Lesaka otsailak 14, 15 eta 16



Maskaradak non eta noiz



Altzürükü otsailak 7

Altzai otsailak 14

Muskildi otsailak 21

Arrokiaga otsailak 28

Ligi martxoak 14

Maule martxoak 20

Urdinarbe martxoak 28

Barkoxe apirilak 4

Larraine apirilak 11

Iruri apirilak 18

Mendi apirilak 25



BIBLIOGRAFIA

-Garmendia Larrañaga, Juan. "Iñauteria. El carnaval vasco". Argitalpen eta publikapenen Gipuzkoar Erakundea, 1973.

-Arregi Nerea. "Euskal Ihauteriak". Bizkaiko Ikastolen Elkartea.

-Susperregi Jose Mari. Zenbait lan.