EAEko aurrematrikulazio kanpaina edo A ereduaren gora-beherak plazaratzea mehatxu bilakatu zenekoa

1999-03-01
 
 
Otsaila: Aurrematrikulazio kanpaina EAEn. Urtetik urtera korapilatsuagoa bihurtzen ari den hilabetea.

Ikastetxeen ateak zabaltzen diren garai honetan, hedabideetatik batzuen eta besteen eskaintza eta gonbitak iristen zaizkigu, zuzeneko publizitate erakusketa txukunenean.

Guztiaren gainetik aurtengoa bereziki zalapartatsua gertatu da. EKB eta euskalgintzako beste esparruetatik euskal ereduen aldeko kanpaina zabaldu da. EHEk mezu hau areago eramanez A ereduaren aurkako kanpaina jarri du abian, eredu hau eskaintzen duten ikastetxeetako zuzendariei eskutitzak igorriz, A ereduaren legez kanpokotasuna azalduz eta analfabetoak sortzen dituela argudiatuz gainera. Erantzuna berehalakoa izan da.

Mehatxatu egin omen dituzte. Galde biezaietela Ermitagainako haurrei, Baigorri-koei, Tuterakoei... Euskaldunok ondo dakigu jakin mehatxuen gauzatzeaz!

Norberak nahi duen lekuan nahi duena irakur lezake eta ez gara gu ez, eskubide hau ukatuko dugunak. Behingoz azalkeriak utzi eta gaiari heltzeko aldarrikapena luzatu nahi dugu.

Goazen mamira: duela 17 urte ereduen politika ezarri zenean, uneko egoerari erantzunez egin zen. Ordutik hona euskalduntzean lehenengo eta hizkuntz normalkuntzan ondoren ahalegin handiak egin dira: euskal mundutik eta gizartetik presioa eginez eta Instituzioetatik dirutza handia ipiniz besteak beste. Eta honek bere emaitzak eman ditu, inkestek eta azterketek hala diote. Esperientziak eta azterketek erakutsi dute A ereduak ez duela euskalduntzen. Eta hauek datu objetiboak dira, kontuan hartu beharrekoak nahitaez.

Hezkuntzak bi ezaugarri beharko lituzke: ausardia eta malgutasuna. Malgutasuna gizartearen aldaketez jabetzeko, antolaketa eta erabaki zaharkituak baztertu eta egoera berriei hobeto egokituko zaizkion planteamenduak onartzeko. Ausardia, erronka eta beharrizanei erantzuteko bide berriak urratuz.

Aurki esku artean izango ditugu aurrematrikulazio datuak. Norberak nahi edo behar duen irakurketa egingo du. Guk zera proposatzen dugu: joka dezagun malgutasun eta ausardiaz eta hel diezaiogun mamiari.

Euskal ereduen aldeko aukeraketaren etengabeko gorakadak eta esparru desberdinetan egiten ari diren hizkuntz normalkuntza plangintzek hala eskatzen dutelako hizkuntz ereduen politikaren berrantolaketa beharrezkoa da.

Bestalde, sareen arteko aukerak -Pribatua, Publikoa eta Ikastola- duen orekak herri honen beharrak asebeteko dituen Euskal Eskola eraikitzeko zorretan jarraitzen dugula bergogoratzen digu.

Ba ote da zure herriko, edo behintzat bizi zaren herriko, hizkuntza ez ezagutzea baino gauza tristeagorik?

Eta hau ez da mehatxua.