Hezkuntzaren normalkuntza

1999-03-01
Xabier Garagorrik, Lore Erriondok eta nik neuk idatzitako Hezkuntzaren Normalkuntza liburuari buruz idatziko dut, jakina, irakurleak liburuaren edukiaren isla eta edukiaren pasarte batzuk aurkituko ditu artikulu honetan. Liburua bost ataletan banatuta dago: Kultura eta Curriculuma, Ikasmateriala eta euskal curriculuma, Testuliburuen azterketa, Normalkuntza, zenbait kontzeptu eta Hizkuntza-prestasuna. Lexikometria. Horiekin batera, eranskin gisa, Prestasun hiztegiak agertzen dira. Ikusten denez, liburuaren edukia oso zabala da: kultura, curriculum, ikasmateriala, testuliburuak, normalkuntza, hizkuntza... Horrelako batek, soilik, egindako halako hamar idazteko ematen du. Hezkuntzaren munduan ikuspegi orokorrari garrantzia eman diogu. Gaur egun, besteak beste, kezka diren alderdiak landu nahi izan ditugu.
 
 
Aldaketa garaia omen da, edo hobeto esanda, aldaketa da nagusi gure garaiotan. Eskola munduan aldaketak etengabeko egokitzapena ezinbestekoa dela adierazten du. Euskal Herrian aldaketa sakonak bizi izan ditugu azken urteotan. Bi alderdi nagusi aipatuko nituzke bereziki; bat, gizarte mailakoa, gizarte industrializatua izatetik zerbitzu gizartea izatera pasa gara, eta bi, euskararen normalkuntza prozesua. Biek daukate eragin zuzena hezkuntzan. Aurrena, zerbitzu gizartearekiko egokitzapena, erreformaren bitartez eta hezkuntza sistemaren aldaketekin gauzatzen da neurri batean. Bigarrena, ostera, euskararen normalkuntza, aurrekoarekin gainjartzen da. Hau da, euskararen normalkuntza prozesuak Euskal Herriko hezkuntza sistemen egokitzapenaren beharra dakar.

Horregatik Hezkuntzaren Normalkuntza jarri diogu izenburu liburuari. Euskal curriculum delakoak hezkuntzan egiturazko aldaketak eskatzen ditu. Hizkuntzan -hizkuntza ereduetan-, edukietan eta curricularen egokitzapenetan aldaketak ezinbestekoak dira. Dagoenekoz, aski frogatuta dago hizkuntza ereduak (A, B, D eta G -Nafarroan-) arras desberdinak direla. Horrek ikasleen artean diferentzia eta ezberdintasunak dakartza, seguru asko hizkuntzen ezagutzatik harantzago doazenak. Ez da huskeria hizkuntza eredu desberdinen eraginkortasuna eta kalitateari buruzko eztabaida. Batzuetan, horrelako ezbaietan, euskararen aldeko edo kontrako arrazoi ideologikoak egon daitezke, baina ez dugu pentsatu behar arazo linguistikoa dela soilki. Hizkuntz ereduak egoera normalizatu artean behin-behineko irtenbide gisa sortu ziren, iraunarazteko joerak ez du normalkuntza prozesuan laguntzen.

A eredua desagertarazi, B ahalik eta lasterren baztertu eta D eredurik egokiena aldarrikatzeak, orain egiten den moduan behintzat, hizkuntza ereduen diseinua onestea dakar. Gure ustez aurrera urratsa egiteko garaia iritsi da. Hizkuntza ereduen egiturak, hizkuntza askatasunaren aitzakian, oro har, hezkuntza zatikatzeaz gainera, irakasle eta ikasleen arteko bereizketa antzuak dakartza, zaildu egiten du berrikuntzen hedapena eta, azken buru, du berariazko ereduaren sorrera eta garapen eragozten. Auzia ez da hizkuntza eredu jakina bestearen gainetik hobestea. Erabaki beharrekoa da Euskal Herriko hezkuntzaren egituraketa eta garapenerako hizkuntza ereduen proposamena egokia ote den eta bere ordez, zein proposamen izan ote daitekeen.

Eztabaida linguistiko hutsa baino askoz sakonagoa da. Izan ere, D ereduen aldeko aukera ez da izaten, soilik, eredurik euskaldunena delako, orokorrean besteak baino hobea delako baizik. Beste era batera esanda, eredu euskalduna hobea bada, euskaraz izateaz gaindi, beste berezitasun erakargarriak dituelako da. Ikasmateriala izan, irakasleria izan, gurasoen esku hartzea izan, motibazioa izan edo harreman bereziak izan.

Esanak esan, Hezkuntza Normalkuntza liburuan irakurleak gogoetarako elementu ugari aurkituko ditu. Ez aurreko pasarteetan plazaraturiko eran, modu orokorrago eta zabalagoan baizik, teorikoagoa esango luke baten batek. Ez da aztertzen gaurko euskal hezkuntzaren egoera, problema jakin batzuei heltzen zaie, egileen ustez giltzarri izan daitezkeen problemak. Horietatik abiatuta ainguraketa teoriko zabal batean oinarrizko kontzeptuak argitu eta zehaztu egiten dira. Horrela bada, liburutik bertatik atera ditugu zenbait zati eta jarraian aurkezten dizkizuegu.



Kultura eta curriculuma

Curriculuma, instituzioen bitartez, gizatalde desberdinek garaian garaiko ezagutza eta ideiak hautatu, antolatu eta transmititzea helburu duen prozesua da (Becchi, 1994). Curriculuma, beraz, kultur adierazpenen aukera bezala ulertzen badugu, ikuspegi horrek kulturaren kontzeptua eta osagaiak definitzera garamatza. Ikuspegi honetatik gaur egungo curriculumari, ohiko arloetan edo zientzietan oinarritutako ezagutzaz gainera, gizarte jakin batean bizi den eta biziko den kulturaren isla izatea eskatzen zaio. Horrek honako galdera hauek erantzutea eskatzen du: Nolako gizartean bizi gara? Nolakoa izan da gure gizartearen bilakaera historikoa? Nolakoa izatea nahi dugu etorkizunean? Nolako balio eta hastapen etikoei eman nahi zaie lehentasuna? Curriculumaren definizioan, kulturaren iraganeko, oraingo eta etorkizuneko dimentsioak eta etikaren dimentsioak uztartzen dira. Galdera hauen erantzuna garrantzi handikoa da herrialde guztietan, baina bereziki gurea bezalako kultur esparru gutxiagotuetan kokatzen diren herrientzat, izan ere gure kulturaren iraupena eta berrikuntza, neurri handi batean, eskolaren bidez ziurtatzen den oinarrizko kultura komun horren baitan baitago.



Ikasmateriala eta euskal curriculuma

Euskal curriculumaren gaia ikasmaterialarekin uztartu nahi izan dugu eta zeregin honetan ezinbestekoa iruditu zaigu ikasmateralaren kontzeptua bera definitzea eta duen garrantzia aztertzea. Ikasmaterialak, curriculum ofizialak gauzatzeko eta garatzeko, eskoletan, irakasleen eta ikasleen eskuetan jartzen diren euskarri ezberdineko materialak edo tresnak dira. Eskola-liburuen garrantzia ikusi ondoren, begiratu bat ematen diogu liburuan euskarazko eskola-liburuen historiari, honen bilakaera ikus ahal izanik, egungo egoera kokatzeko. Honela, hiru ataletan antolatu dugu informazioa: Euskarazko lehen argitalpenetik (XVI. mendea) ikastolen mugimendu modernoaren sorrera arte (1960), ikastolen garai modernoaren sorreratik (1960) Elebitasunaren Dekretua (1979) eta Eusko Jaurlaritzak hezkuntzako konpetentziak eskuratu arte (1980) eta Elebitasunaren Dekretutik gaur arte. Ostean, ikasmaterialetan agertzen den berezko euskal curriculumean murgiltzen gara honako irizpide hauei garrantzia eman diegularik: euskal gizartearentzat eduki hori garrantzizkoa izatea, euskalduntasunaren markak bertan definiturik agertzea eta aukeratzen diren edukiak eraginkorrak izatea, gaurko eta aurreikusten den etorkizunerako.

Alde batetik, Lehen Hezkuntzako Hego Euskal Herriko ikastetxe guztietara (sare guztietara) bidalitako galdera-sorta baten bitartez, ikastetxean testuliburuen aukeraketa nola eta nork egiten duen eta, garrantzitsuena dena bestalde, testuliburuak aukeratzerako orduan zein irizpide erabiltzen dituzten inguruko erantzunak ekartzen ditugu. Galdera-sorta honen bitartez, Hego Euskal Herriko ikastetxeetan erabili ohi diren testuliburuak zein diren ere jakin nahi izan dugu eta honela galdetu, ikasmaila, jakintza-alor eta hizkuntz ereduen arabera. Era horretan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako eredu elebidunetako (A, B eta D) ikastetxeetara jo genuen. Ikastetxe guztietara, publiko, pribatu zein ikastola. Gure azterketatik kanpo geratu dira Iparraldekoak eta Nafarroako G eredukoak -gaztelania hutsezko irakaskuntza-



Testuliburuen azterketa

Aurrera jarraituz, testuliburuetan bereziki eta ikasmaterialetan orokorrean, berezko euskal curriculuma islatzen ote den azaltzeko, zein mailatan eta nola agerrarazteko tresna berezia sortu genuen. Ondoren, tresna hori erabiliz, Lehen Hezkuntzako Bigarren Zikloko 1. eta 2. mailetako (OHOko 3. eta 4. ikasmailak) Matematika, Ingurunearen Ezaguera eta Hizkuntza eta Literatura (Euskara eta Gaztelania) jakintza-alorretan, Hego Euskal Herrian erabilienak diren hiru argitaletxeetako testuliburuak aztertu genituen. Egindako analisiak eta lortutako ondorioak dira, hain zuzen, liburura ekarri ditugunak.

Kultur erreferentziak nola islatzen diren aztertu dugu, honako hauetan agertzen denari erreparatuz: irudiak, argazkiak, mapak, diagramak eta taulak eta hainbat aldagai izango ditugularik kontuan, hala nola: irudien tamaina, pertsonen agerpenaren maiztasuna adin eta sexuaren arabera, jarduerak. Mapen kasuan, espazio geopolitikoa eta garaiaren erreferentzia hartu ditugu kontuan. Hauez gainera, testuak darabilen hizkuntza ere aztertu dugu tresna honen bitartez honako hauek neurtuz: liburuko hitz-kopurua (guztira agertzen direnak eta desberdinak, hiztegi aberastasuna...), orrialde beteenaren azterketa, ondoren liburu osorako estimazioa egin ahal izateko, hizkuntza-egitura ere agerraraziz, eta pasarteka, perpaus eta esaldika ere azterketa hau burutuz eta amaitzeko, hiztegiaren azterketa. Prozesurari gagozkiolarik, halako behagailu moduko bat antolatu dugu. Hainbat fitxa desberdin eratu ditugu, aipatutako parametroak jasotzeko eta adierazleak zenbakietara ekartzeko. Beraz, zenbaketa daukagu aurreneko urrats hauen oinarrian.

Hasierako lan hau astuna bada ere, biziki emankorra da. Argitaletxe desberdinetako testuliburuen arteko aukeraketa egiterakoan, lehenbiziko irizpidea ideologiko, metodologiko edo edukizkoa izanik, zenbait libururen artean zalantzaren bat izatekotan, proposatutako irizpide hauek erabakiorrak izan daitezke. Esaterako, testuliburu jakin batean arrazakeria, sexu-diskriminazioa, errakuntza mordoa, gezurra, autoritarismoaren gorazarrea eta abar nabarmena denean, besterik ez dugu behar testuliburu hori baztertzeko. Dena den, aurreko hori ez da beti horren nabarmena izaten. Horregatik, ohiko egoera horretan, irizpide objektiboagoak beharko genituzke testuliburu bat edo bestea aukeratzerako orduan. Esanak esan, eratutako behagailua eta beraren bitartez lortutako emaitzen aurkezpena bertan topa zenezakete.



Normalkuntza, zenbait kontzeptu

Laugarren atalean, sarreran aipatutako bi ikerketen arteko uztarketa egiten saiatu gara; oro har, uztarketa hau normalkuntza-kontzeptuaren baitan azaltzen dugu, nahiz eta atal honetan esplizituki agertu hizkuntza-normalkuntzaren ideia. Hizkuntza-normalkuntza, jakina, kultura-normalkuntza kontzeptu zabalagoaren esparruan kokatu beharra dago, eta honela uler daiteke aurreko ataletan landutakoa.

Oro har, normalkuntzaz dihardugunean, euskararen berreskurapenaz ari gara, lurralde osoan bai maila pertsonalean, eta bai sozialean eta ofizialean ere, inolako menpekotasunik gabeko erabileraren bitartez gauzatzen dena, alegia.

Liburu honetan lantzen dugun esparruari dagokionean, hezkuntza/irakaskuntza hain zuzen ere, normaldutako egoeran euskara izango litzateke irakaskuntza-sistemaren berezko hizkuntza; beraren bitartez ikasi eta komunikatuko ginateke, bera izango litzateke hezkuntza-tresna eta bera kultura transmititzeko eta sortzeko bitartekoa.

Argi dago prozesu gisa ulertu beharra dagoela, eta ibilbidea luzea denez, okerreko bidea ez hartzen ahalegindu behar dugu, eta urratu beharreko bide horretan urrats bat edo beste ematea da lan honen helburua.

Guztiek onartutako ideia da, hizkuntza ikur-sistema jakin bat barneratzeko ohiko bitartekoa dela (kultura ikastekoa), eta jardun ondoren mundua irudikatzeko modu hau ezaugarri bereziz janzten dela. Aipatutako ezaugarri hauek ez dira egonkorrak; hizkuntzak eraldatuz doaz denboraren poderioz, egokitze-beharren eta kultur konplexutasunaren mailaren arabera. Hizkuntza eta kultura uztarturik daude, beraz, eta gizarte jakin baten ezaugarri bilakatzen dira.

Hizkuntzaren alderdi soziala azpimarratzen jarraituko dugu. Izan ere, haurrak hitz egiten ikasten badu, berari hitz egiten diotelako da. Hitz egiten ikasiko duela itxaro dugu, eta jaiotzen den une beretik hizketan hasten gatzaizkio. Ezinbestekoa da, beraz, jardun soziala. Hain da garrantzizkoa alderdi soziokomunikatiboa, ezen haurrak ezin ikas baitezake hizketan inor berarekin interesaturik ez badago, inolako estimulaziorik gabe bakarrik uzten badugu, edota entzuten duen hizketaren esanahia sekula bere mailari egokitzen ez bazaio.

Ideiak elkarren artean trukatu ahal eta nahi izatea gizakien ezaugarria da, hizkuntzaren bitartez lortzen duguna. Hau dela-eta, bereziki gizartekide egiten gaituena hizkuntza dela esan ohi dugu. Beraz, hizkuntzak hurbildu egiten gaitu, baina bai eta aldi berean banatu ere, kultura bat besteagandik bereizten den hein berean.

Soinu bat -hitz bat- ez da haurrarengana helduko baldin eta haurraren interesa pizten duen gauza zehatzari lotzen ez bazaio, edota une horretako hausnarketari ez badagokio: ahoskatutako hitzak haurraren une horretako kezkari lotzen bazaizkio, hitzak iritsiko zaizkio, bere aplikazio eta esanahia une berean ikusiko duelako. Hizkuntzaren bitartez haurrak bere garun-eragiketak eta ohiko gizarte-harremanak arautu ahal izango ditu eta, honekin batera, hizkuntzak bere asaben kultur ondareaz jabetzeko bitartekoa eskainiko dio.

Jasoko duen kode-mota, bera txertatuta dagoen ingurune linguistikoaren araberakoa izango da hastapenean. Zenbait kasutan kodeak eskasa eta urria izaten jarraituko du, baina beste zenbaitetan hizkuntza dotore apainduko da eta zehaztasun-maila handia lortuko du, zeinaren bitartez eskola- eta lan-munduko arrakasta bideratu eta zientzia eta kulturaren giltzarri bilakatuko den.

Pentsamenduaren garapena, gizakien gaitasun, kultur baldintza orokor eta gizartearen antolaketaren araberakoa da nagusiki, eta ez hizkuntzaren natura bereziaren menpekoa, nahiz eta hau tresnatzat erabili, pentsamendua bera moldatu eta adierazi ahal izateko.

Lengoaiari esker pentsamenduak errealitatearen osagarri funtsezkoenak zehaztu ditzake, eta zuzeneko hautematean desberdinak diruditen gertakizun eta eiteak kategoria berdinpean sailkatu eta errealitatearen alderdi edo maila desberdinei dagozkien fenomenoak antzeman. Pentsamenduaren bitartez hautemateak ezarritako mugak gainditzen dituen kontzeptu abstraktuak sortu eta ondorio logikoak era ditzake: arrazonamendu logikoaren prozesuak burutzea ahalbidetzen ditu, eta beraren bilakaeran esperientzia zuzenaren bitartez ezin jaso daitezkeen arauak aurkitzea. Errealitatea zuzeneko hautematearen bitartez baino askoz ere modu sakonagoan adieraztea ahalbidetzen du.

Hizkuntzaren jabekuntzan prozesu biologiko, psikologiko eta kulturalek eragiten dute. Ikaskuntza, prozesu eraginkor eta hautatzailea da, eta honegatik beragatik, inguru kulturalarekiko egokitzapen-modu jakin bat. Hizkuntza-sistema sortzailea dela kontuan hartzen badugu, eta esanahi bera adierazteko mekanismo desberdinak erabil ditzakeela, estrategia jakin baten aukeratzea komunikazio-modu jakin bati lotuta dagoela esan genezake, hizkuntzaren erabilera ulertzeko modu jakin batekin, alegia. Eta honegatik pentsa genezake, haurren inguruan bizi diren helduek komunikazioa egituratzeko duten moduari dagoela lotuta, haurrei mintzo zaizkienean hautatzen duten edukiarekin; orokorrean, haurraren inguruan erabiltzen den hizkuntzaren ezaugarriekin (Slobin,1985). Beraz, honen arabera, ikaskuntza-modua desberdina izan daiteke inguru sozialaren baldintzen arabera bai eta hizkuntzari ematen zaion garrantzi eta estimulazioaren arabera ere.

Ikuspegi vygotskiarrarekin bat eginez, gure ustetan norbanakoaren hizkuntza-garapenaren abiaburua hurbileneko hizkuntzaren testuinguruan datza. Hizkuntzaren garabidea, norbanakoaren gaitasunaren eta gizartearen hizkuntza-egoeraren ondorio dinamiko gisa uler daiteke. Ondorio dinamikoa diogu, izan ere, denboraren jarioan aldakorra izanik, gizabanakoen eta gizartearen baldintza beretsuek ez baitakarte ezinbestean garapen bera eta bakarra. Vygotskik proposatutako bereizketa -garapen organiko edo biologikoa batetik eta garapen kulturala edo soziala bestetik- guztiz emankorra delako gurea bezalako egoera nahasiak argitzeko. Biak -garapen biologikoa eta garapen kulturala-, elkarri uztarturik gauzatzen dira, jakina, gutariko bakoitzarengan, baina garapen biologikoaren ildoetan ez dago pertsonaren etorkizuna zehazturik, ez dago determinismorik, alegia, eta hau oso garrantzitsua da.

Gizartea, norbanakoaren portaeraren faktorerik aurrenetakoa da Vygotskiren hitzetan. Hori horrela izanik, banakakoaren garapen kulturala (hizkuntza jabekuntza, hitzezko pentsamendua eta abar) ulertu ahal izateko gizarteari so egitea ezinbestekoa da. Akulturazio, asimilazio, gutxiespenak eta antzerako prozesu sozialak pertsonarengan islatzen dira.

Euskal Herriaren kasuan ere, gutako bakoitzaren garapen kulturala estuki lotzen zaio bilakaera kolektiboari. Nola ulertu bestela norbanakoa eta giza-taldearen arteko lotura? Ikus dezagun bada, non gauden eta nondik gatozen. XVIII. mendera arte Euskal Herriko biztanleria, gehiengoa behintzat, euskalduna zen. Euskaldun elebakarra zehatzago.

Edozelan ere, guri gehien interesatzen zaiguna euskal gizartearen eraldaketa linguistikoa da. Apenas 300 urtetan gizartea ia guztiz euskaldun elebakarra izatetik euskara ia galtzeraino iritsi da. Ez da gure xedea zergatik gertatu den arakatzea eta sakontzea. Prozesua da interesatzen zaiguna, aldaketa izan da, etengabeko aldaketan bizi gara. Berrehun urte modu bortitzean euskara galtzen eta azkeneko 50 urteotan berreskurapenaren aldeko borroka latzen dihardugu. Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu da, Nafarroan eta Iparraldean gertatzen ari da, hiru belaunaldietan mutur batetik bestera igarotzea: familia guztiz euskalduna izatetik guztiz erdalduna izatera heltzea. Horrek ez du ondoriorik pertsonengan? Gertaera hori ez da islatzen norbanakoaren garapenean?

Hamaika galdera eginda ere, ez genuke zentzuzko erantzun bakar bat lortuko ikuspegi argia eduki ezean. Berreskurapenaren bidean gure burua ahalik eta ondoen ulertu behar dugu. Izan ere, ez baitago berreskurapen posiblerik euskal gizartearen garapenetatik at, etorkizuna iraganik gabe ezinezkoa den hein berean. Euskara galtzear jarri zuten faktoreak asko izan dira eta oraindik ere badiraute.

Dena den, hizkuntza eta curriculuma elkarri lotzen zaizkiolarik, orain artean esandakoaz gain beste zenbait zehaztapen egitea komenigarria dela uste dugu. Curriculumaren alderdi dinamikoari helduko diogu kasu honetan; alegia, garapenaz mintzatuko gara berriro ere. Baina, darabilgun eredu teorikoa ahaztu gabe, gizarteari so.

1. Lehengo esanagatik ere, gure azterlanaren harian orain berriro azpimarratu nahi genuke lehengo ideia; hizkuntzen arteko ukipen egoeran bizi izanagatik norbanakoaren batasun funtzionala ez dela hausten. Elebiduntasunak norbanakoari dakarkiokeen malgutasuna, norbanakoaren gaitasunen (hizkuntza gaitasunak batipat) eta bizi izandako hizkuntzen arteko ukipenaren araberakoa da. Hitzezko pentsamenduari zeozer nabarmentzekotan, datxekion alderdi soziala nabarmenduko genioke, hitzak edo hizkuntzak dakarkiona hain zuzen ere; dagoenekoz aski frogatua izan baita hizkuntza, neurri batean gutxienik, pentsamenduaren euskarria dela. Barne-hizkuntza zuzenean gertaera behagarria ez bada ere, badela izan, duda izpirik ez dago (Vygotski, 1924); baina barne-hizkuntzaren sorburua ez dagokio norbanakoari, gizarteari baizik, elkarren arteko hartu-emanei esker -komunikazioari alegia- gauzatzen baita.

Edozein hizkuntza komunikazio-tresna modura definitu ohi da, eta definizio horrekin bat gatoz. Alabaina, komunikazioa esaterakoan oinarriko funtzio komunikatiboak soilik aditzera eman nahi baldin badira mugaketa antzua egiten delakoan gaude. Arestian esan moduan, hizkuntza ez da soilik kanpo komunikazioetarako erabiltzen, emozioetan, arreta, oroimena, irudimena, kontzientzia, pentsamenduaren garapenean eta, oro har, pertsonaren barne jarduera orotan maila batean edo bestean erabili beharrekoa da. Hizkuntzaren azterketan, berriz diogu, ikuspegi osoa eta integratua ezinbestekoa da.

Hizkuntzen arteko ukipen egoera ez-orekatsuak dakarren asimetriak, hizkuntzen arteko funtzio-esparru banaketa asimetrikoa ekarri ohi du, edo, alderantziz, hizkuntzen arteko funtzio-esparru banaketa asimetrikoak, hizkuntzen arteko asimetria azal dezake. Edonola ere, egoera asimetrikoa izanagatik, ezin uler dezakegu hiztun guztiak linguistikoki asimetrikoak direnik nahiz gehienok gizarte mailako asimetriak eraginda, horrekiko joera izan.

Hizkuntzen arteko asimetria eta diglosia baliokidetzat hartuak izan badira ere, honetan bi kontzeptuen artean bereizketa egin beharra dago. Arestian aipatutako moduan Ferguson-en (1959) ideia, hizkuntz kode desberdinen erabilera berezituarena, goi-mailarako bata eta maila arrunterako bestea, Euskal Herriko bezalako hizkuntzen arteko ukipen egoeran hizkuntzetako bakoitzari egozteak gertatzen ari dena ezkuta dezake. Zer gertatzen ari da euskara batua (kulturarako, unibertsitaterako, literaturarako, komunikabideetarako, administraziorako eta abar dena, hizkuntza idatzia finean) eta kaleko euskararen (euskalki, azpi-euskalki, aldaki eta azpi-aldaki) arrunten artean? Diglosia ote? Nola definitu bestela hizkuntza idatziaren murgilean gabiltzanok euskaran bertan egin ohi dugun funtzio-esparru bereizketa? Gertaera horrek ez ote du izenik merezi? Ez ote da areagotuko euskaldunen belaunaldi berriengan kulturako edo etxeko euskararen arteko bereizketa? Azken buru, ba al dago esaterik euskaran bertan diglosiarik ez dagoenik? Zergatik kezkatzen gaitu orduan euskararen kalitateak?

Gure aburuz, euskara bera ere diglosiak jota dago. Gure hizkuntza, hizkuntzen arteko asimetriaren menpe izateaz gain, diglosia egoeran ere badago egon. Horrela soilik uler dezakegu euskaldunen belaunaldi eskolatu eta landuak eta euskaraz eskolatu gabeko belaunaldi euskaldunen arteko haustura.

Hemendik aurrera, derrigorrezko eskolaldia bide, jatorrizko euskaldunek bere euskalkia eskuratzeaz gain, euskara batua edo kulturaren euskara ere jaso behar dute. Laster batean helduko da, dagoenekoz etorri ez bada, bizkaitar eta zuberotarren arteko euskara komunak euskalkien mugak gainditzeko garaia. Honek ez dakar euskalkien desagerpena halabeharrez, ez eta gutxiago ere; euskara batuak kendu baino, gehitu egiten baitu. Dagoenekoz, komunikabideetako, unibertsitateetako, eskoletako, eta abarretako hizkuntza, euskara bat baina ez bakarra daukagu.

Kultur hizkuntza, hizkuntza landua, kulturaren hedabidea izango bada eta da, norbanakoak ere haren beharra du bere goi mailako garapenerako. Horra hor euskaldunon erronka. Azpimarra dezagun berriz ere, norbanakoaren batasun funtzionala oinarri, bi hizkuntzen jabe izateak ez dakarrela aparteko berezitasunik. Dagoenekoz badakigu jakin elebiduna izatea munduan zehar oso egoera arrunta dela. Mendebaldean elebidunok salbuespena baino ohikoak gara. Elebiduntasuna ikusmira horretatik normala da, beraz. Egoera berezia ostera, gizarte mailan dagoena da. Hizkuntzen arteko ukipen egoerak, egoera bereziak dira; are gehiago, ez dago bat besteak definitzeko eredugarria denik, arruntak izanagatik, anitzak dira.

Dena den, bi hizkuntzatan bizitzeak nortasuna edo banakako gaitasun zein oinarrizko prozesu psikologikoen bikoizketa edo murrizketa dakarrela pentsatzen duena oker dago. Ez dugu holakorik gure ikerketetan somatu eta ez dugu inolako arrazoirik hori gerta daitekeenik pentsatzeko.

Hizkuntzen arteko ukipen egoeran murgildurik bizi izanagatik derrigorrezko eskolaren funtsezko betekizunak ez dira aldatzen edo, gure aburuz, ez lukete esanguratsuki ezertan aldatu behar.

Derrigorrezko eskolaldian (16 urte bitartean orain) neska-mutil guztiek zehatz-mehatz definitutako ezaguera-edukiak bereganatu behar dituzte harik eta ezaguera arlo horietan maila jakin bat lortzeraino. Ikuspegi honetatik hizkuntza(k) aldi berean ikasgai zein ikasbide izan daite(z)ke. Hizkuntza testuinguru normalizatuan ez dago batere arazorik bereizketa hori zehaztasun osoz erdiesteko; horrelakoetan hizkuntza bakarra, alderdi formalean ikasgaia bada ere, ikasbide bakarra izaten da beti. Bi hizkuntza elkarren ukipenean daudelarik aurreneko arazoa hori berori da; hots, bi hizkuntzetatik zein hartu eskola-hizkuntza gisa, bata, bestea ala biak.

Erabakitzerakoan indarrean dagoen hezkuntza sistema kontuan hartu behar dugu. Jakina denez, hezkuntza sistema normalizatuetan, oro har, eskola-hizkuntza ikasleriaren hizkuntza baino ez da, baina murgiltze ereduak deritzonetan hizkuntza ikasbide nagusia ikaslearen jatorrizko ez den beste hizkuntza izan ohi da. Hau horrela izanik, hizkuntzen arteko ukipen egoerako eskoletan eskola-hizkuntza hautatzea funtsean arazo politikoa da; izan ere, aspaldidanik frogatuta baitago irakaskuntza edozein hizkuntzatan gara eta burutu daitekeela. Agian erantsi beharko genuke corpus estandarizatua duen edozein hizkuntzatan.

Euskara batuak hizkuntza estandarizatu bezala nahikotasun maila lortu du eskola-hizkuntza izan ahal izateko Hala ere, oraindik arazo ugari dago, hala nola ikasmaterial urria, hizkuntza idatziaren eredu-aniztasuna (euskalkiak)... Erdararen kasuan, ostera, eskola-hizkuntza izan daitekeela duda izpirik ez daukagu, urteetako esperientziak bermatzen baitu, badagoela egon halako eskola-erdara; hots, erdararen hizkera formal bat adin eta ikasturte maila jakinetan edozein eskolatan irakasten eta erabiltzen dena. Honela, erdal eskoletako neska-mutikoen erdara idatzia aztertuko bagenu, haien arteko diferentzia esanguratsurik ez genuke antzemango; ez bada jakina, hezkuntza eredu (publiko/pribatu) desberdinen artean edo, klase sozialen artean eman litezkeenak, edota bakoitzaren gaitasun mailari lotuta daudenak.

Dena den, ez dagokigu guri hizkuntzaren corpusa bat-batean finkatzea, hori prozesu luzea eta korapilatsuagoa da, egunez egun eta urtez urte burutzen dena, alegia. Haatik euskal eskolari dagokio bere eskola-hizkuntza estandarra garatzea, corpus-ean eragin esanguratsua izan dezakeen euskara, hain zuzen ere.

Orain artean jakintza arloak edo edukiak aipatu ditugu, eta hizkuntza(k) dela haien jabetzarako bide. Hala ere, ezin ahantz dezakegu derrigorrezko eskolaldian gauzatzen dela pentsamenduaren oinarrizko eta funtsezkoen garapena. Zertan eragiten du, bada, eskola-hizkuntzak pentsamenduaren garapenean? Zaila da benetan galdera horri erantzun zuzena ematea; hala ere, zerbait esateko moduan gaudela uste dugu.

- Jatorrizko hizkuntza aurreneko urteetan hitzezko pentsamenduaren oinarria da. Beste hizkuntzarik ez dagoenean hizkuntza hori hitzezko pentsamenduaren oinarri bakarra da eta hitzezko pentsamenduaren garapena hizkuntza horren garapenari lotzen zaio ezinbestean.

- Nerabezaroaren atarian eta nerabezaroan egitura berri bat agertzen da pentsamenduan: kontzeptua. Jatorrizko hizkuntza besterik ez dagoenean kontzeptua eta pentsamendu berriaren garapena aurreneko hizkuntza horri lotzen zaio ezinbestean eta, ondorioz, pentsamendu mota berri hori, lehen bezala, hizkuntzaren garapen mailari ere lotzen zaio.

- Orokorrean hitzezko pentsamenduaren garapena, hizkuntzaren garapen mailan bertan antzeman daiteke. Hots, zenbat eta hizkuntza landuagoa eta aberatsagoa izan, orduan eta pentsamendu landuagoa eta aberatsagoa izaten dela esan dezakegu.

- Hori horrela, hizkuntza bere osotasunean harturik, ezin har genezake hizkuntza eskola eremuan kanpo-komunikaziorako tresna gisa soilik, garapen osorako tresna gisa hartu behar dugu. Goi mailako hiztunak lortzea goi mailako ikasleak lortzearekin bat dator, oro har. Hizkuntza urria eta traketsa darabilen horrek agian kale mailako komunikazioan ez du inolako arazorik, baina izan dezake bere eskola garapenean.

- Jatorriz bi hizkuntza dituenak hitzezko pentsamendua batean, bestean edo bietan aldi berean gara dezake. Elebidun hauek besteekiko desberdinak izatekotan malguagoak direla esan genezake, elebakarrek baino tresna gehiago erabiltzen dutelako, egoera desberdin gehiagori aurre egin behar dietelako eta ugariagoen jabe izaten direlako orokorrean, baina ez besterik. Jatorrizko elebidun hauek lantzen duten hitzezko pentsamenduaren hizkuntza hein handi batean eskolaren menpe dago; hots, zein eskola-hizkuntza ezartzen zaienaren arabera eta honek berebiziko garrantzia du hizkuntzen arteko egoera asimetrikoan murgildutako eskolan. Izan ere, hizkuntzetako bat minorizatutako egoeran dagoenez, ez da gizarte mailan eskubide berdintsuak bermatzen, ez eta hiztun eta kultur garapenean bi hizkuntzatan, hizkuntza gutxiagotuan gauzatzen ez bada behintzat. Izan ere, egoera honek beronek eragiten baitu hizkuntza gutxiagotuan jasotakoak bermatzen duen garabidea hizkuntza nagusian ere ondoren berez gauzatzea. Baina inolaz ere ez alderantziz.

- Jatorrizko elebidunen kasuan kontzeptua eskola-hizkuntzaren arabera ere definitzen da. Horrek defini dezake neurririk handienean hiztun horien hizkuntza portaera, hizkuntza batekiko edo bestearekiko joera izatea, hain zuzen ere.

- Eskola normalizatuetan ez da erabiltzen eskola-hizkuntza bezala inolako kale-hizkera ez eta giza multzo jakin bateko hizkera berezia ere. Aipatu eskola-hizkuntza hori eskolen arteko eredu amankomuna eta estandarizatua da, ikasleen ikasmaila eta adinari egokitua eta erraztasun/zailtasun edo konplexutasun dimentsioaren arabera antolatua. Zenbat eta maila landuagoa izan eskola-hizkuntza eta kale-hizkeren arteko distantzia are nabarmenagoa izan ohi da. Ikasleei ez zaizkie onartzen hizkuntza eredu ez-formalak beren eskola lan formaletan; eredu ez-formal horiek etengabe zuzendu eta dagokion eredu formala jakinarazten zaie ikas dezaten.

Hizkuntzen arteko ukipen egoera desorekatuetan -nagusitasun/menpekotasun erlazioa ezartzen denean-, eskola, hizkuntzen ordezkapenerako tresna erabili izan da. Horrelakoetan eskola-hizkuntza hizkuntza gutxiagotua izan beharrean bestea ezarri izan da, nagusia, ordezkapenerako hizkuntza dei geniezaiokeena. Hizkuntza gutxiagotutako ikasleek hizkuntza arrotzaren murgilean haien jatorrizko hizkuntzan elkar mintzatzeari utzi behar zioten aurrenik eta, garrantzitsuena, hizkuntza arrotzean pentsatzen ikasi harik eta jatorrizko hizkuntza hitzezko pentsamendutik baztertu arte, nahiz eta oinarrizko komunikaziorako (etxean, lagunartean...) galdu ez. Horren helburua, hiztuna iraultzea zen, ez soilik behagarria den hizkuntza portaerari begira, batez ere barne hizkuntzari begira; hots hitzezko pentsamendua eta kontzeptuaren garapenari begira hiztunaren baitan hizkuntzak ordezkatu. Izan ere, gehienetan hizkuntza jakin batean pentsatzen duen hiztunak horrekiko joera erakusten baitu.

Hizkuntza(k) irakasterakoan egin ohi den bereizketa, 1. hizkuntza, 2. hizkuntza eta 3. hizkuntza (modernoa) ez da pentsa daitekeen bezain inozoa. Bereizketak berak bere zama badakar ekarri. Aditu askoren ustetan urte luzez hiztunaren berezko garapenari atxekiz normaltasunak jatorrizko hizkuntzaren bilakaerari darraiola aldarrikatu izan da. Hori, jakina, jatorrizko erdaldunen kasurako ezarri da beti; jatorrizko euskaldunaren kasuan, ostera, normaltasuna elebiduntasunari edo eleaniztasunari esan zaio. Badirudi hizkuntza gutxiagotutako hiztunek lortu behar dutela, eta lortu ere, hizkuntza nagusietako hiztunen adinako gaitasuna hizkuntza nagusian. Hizkuntza nagusitako hiztun elebakarrek, aldiz, hizkuntza gutxiagotuan oinarrizko komunikaziorako gaitasuna aski dute.

Edozein eleaniztun, bere eguneroko jardunean hizkuntza bat edo bestea erabiltzerakoan, bi irizpide nagusiren menpean aritzen da:

1. Ondoen menperatzen duen hizkuntza aukeratuko du.

2. Bere inguruan gehien erabiltzen den hizkuntza hautatuko du.

Dakizkigun hizkuntzak gure baitan maila berekoak direnean, gure hizkuntza erabilera ingurunearen menpe dago. Horregatik, egoera soziolinguistikoa desorekatua denean hiztun desorekatuak izatea ezinbesteko ondorioa da. Egoera soziolinguistiko orekatua izatea tamalez ia ezinezkoa denez, hizkuntza gutxiagotutako hiztunak elebidun desorekatuak izaten behartuta daude.

Esandako hau guztia elebiduntasunari buruzko ikerketetan nabarmenki antzeman izan dugu. Ikastoletako urte luzeetako esperientzia batetik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako eredu elebidunen hamaika urteko esperientzia bestetik, nahikoak dira argi eta garbi esateko jatorrizko erdaldunak euskalduntzeko murgiltze eredua dela eraginkorrena; hots, euskarazko irakaskuntza ezinbesteko baldintza dela elebidun orekatua izan ahal izateko. Jatorrizko euskaldunen kasuan, ordea, hizkuntzen arteko ukipen egoera asimetrikoa zioa, elebiduntasun orekatua euskarazko irakaskuntza bidez soilik lor dezaketela behin eta birritan berretsi da egindako behaketa guztietan.

Lehen elebidun orekatua aipatu dugu, gure ustez zorioneko hiztun mota hori, funtsean, hizkuntza batean zein bestean elebakarren parekoa izatean datza. Alegia edozein funtzio, oinarrizkoenetatik hasita konplexuenetaraino, hizkuntza bakoitzean maila berean burutu ahal dezakeena, hizkuntzen arteko inolako nahasketarik gabe; bi hizkuntza-sistemen arteko independentzia adierazten duen hiztuna, alegia.

Azken buru, menpeko egoeran gaudela jabetzeaz gainera, normaldu nahi ote dugun da erabaki behar duguna eta egoera hori gainditu ahal izateko oinarriak sendo finkatu, edozein ikaskuntzari arrakastaz bereganatzeko eta etekinak ateratzeko (baita beste hizkuntzan ere) prestatu. Irizpide nabar horietan kokatzen dugu hainbat gurasok eta irakaslek somatutako erdararen beharra. Gure ustetan, erdararen beharra baino kultur hizkuntzaren beharra da.

Hizkuntzen arteko asimetria faktore askoren ondorioa izanik ere, neur daitekeelakoan gaude. Bai gizarte mailan zein gizabanakoarengan, hizkuntza bakoitzak betetzen dituen funtzioak eta esparruak zehaztuz. Gure kasuan hizkuntzen arteko erlazioa asimetrikoa delarik, hiztun gehienengan hizkuntzen arteko erlazioa ere asimetrikoa da, eta gauza bera islatzen da eskolan. Honetan L. S. Vygotskiren ideiak ditugu bidelagun. Azken buru, gizartean behagarri dena, aipatu asimetria, hiztunei zor zaie; zaila da hiztun orekatua izaterik egoera desorekatuan.



Hizkuntza-prestasuna. Lexikometria

Euskal Eskolak badu nola lagundu, gure ikasleak elebidun orekatuak izatea nahi badugu. Gakoa, gure aburuz, euskararen eremuan dago; asimetria pairatzen duen hizkuntzak behar du laguntza.

Adibide modura aipa genezake Urola bailaran euskararen goren mailako garapenari pareko erdararen garapena lotzen zaiola antzeman genuela. Are zehatzago, 12 urteren inguruan hizkuntzen arteko nolabaiteko oreka behatzen bazen ere, adin horretatik aurrera euskararen garapena moteltzen zen bitartean gazteleraren garapena abiada bizikoa zela antzematen genuen ia kasu guztietan. Nola azal daiteke gertaera hori eskualde euskaldun, hizkuntza eredu euskaldunetan eta ia ikasle guztiak jatorrizko euskaldunak izanda?

Erdaren murgilean bizi gara euskaldunak eta hizkuntza nagusiek indar handia egiten dute euskara gure baitan ordezkatzeko. Indar ikaragarri horri aurre egiteko hesi bat jarri nahi izan diogu: euskararekiko atxikimendua. Maitasuna, motibazioa, aldeko jarrera eta abar hori omen da batzuen ustez euskararen euskarria. Zoritxarrez, euskararen ordezkapen eta desagerpen prozesuan hesi hori ahulegia da eta behin baino gehiagotan gainditua izaten da. Beharrezkoa izan arren ere, ez da nahikoa.

Horrela ulertutako euskararekiko atxikimenduak ezin euts diezaioke luzaro hizkuntza biziari. Oraingo egoeran ezinbestekoa da, hori egia da, baina ez du euskararen biziraupena bermatzen, ez da normalkuntza. Azkeneko urte hauetan zenbait lurraldetan euskara berreskurapen bidean jarri bada, batez ere, hizkuntza normaltzeko eraikitako tresnei esker izan da. Guztien artean euskara batua azpimarratuko genuke. Horrekin batera, ikastolen mugimendua, euskalduntze alfabetatze mugimenduak, euskarazko hedabideak eta, oro har, euskarazko kulturgintza eta euskaraz bizitzeko ekimenak. Horiek dira euskararen biziraupenerako benetako euskarriak, ekimen horiek adierazten digute zein den normalkuntzarako bidea. Legeak eta arauak, berriz, onuragarriak dira euskaldunei babesa ematen dietenean, baina oso kaltegarriak kontra daudenean.