Udal Ikastolak

1999-04-01
Eskola publiko eta pribatuen arteko zatiketa edo banaketa egiten jarduten gara behin eta berriz. Badirudi bata edo bestea bezala definitu behar ditugula gure zentroak eta horiek direla dauden aukera bakarrak. Baina ez da horrela. Oiartzunen udal ikastola eratzera doa eta Iruñeko udal ikastolek 20 urteko ibilbidea egina dute.
 
 
Udal ikastolak udaletxeen esku dauden eskolak dira. Betiko eskemetara mugatuz, ez dira pribatuak, ez delako kuotarik ordaindu behar. Baina ez dira ohiko publikoak, ez baitaude gobernuaren eskuetan, udalaren pean baizik.

Euskal Herrian udal ikastola egon dira eta badaude oraindik ere. Bilbon XIX. mendean hainbat udal ikastola sortu ziren. Iruñean duela 20 urte hasi zuten gaur egungo Amaiur, Axular eta Hegoalde udal ikastolek beren ibilbidea. Eta orain, berriki, Oiartzunen abian jarri dute udal ikastolaren proiektua. Batzuen urteetako esperientzia eta lana eta besteen hastapena eta asmoa bildu nahi izan ditugu hemen.



Beste eskola eredu bat



Iruñeko Udal Ikastolak

Iruñeko udal ikastolen ibilbide ofiziala 1976an hasi zen. San Fermin ikastolako guraso talde batek seme-alabentzako euskarazko irakaskuntza nahi zuen, baina publikoa. Garai hartan eskola publikoetan ez zegoen D eredurik eta euskaraz ikasteko aukera bakarra ikastolek eskaintzen zuten. Bada, hutsune hori betetzeko asmoz ekin zion guraso talde honek proiektu berri bati: udal ikastola sortzeari.

Bide luzea eta zaila izan zen hasi zutena. Nafarroako Diputaziora joz ez zegola ezer lortzerik ikusi zuten eta udalatxera jo zuten. Expe Iriarte Amaiur udal ikastolako zuzendariak hurbildu gaitu garai haietara: "Iruñeko udaletxean nahiko ezkertiarrak ziren zinegotzi batzuk zeuden eta haiengana joan ginen. Beraiei esker hasi ginen lokal zikin batzuetan eta besteek utzit ako ikastetxeetan klaseak ematen. Hasi, hasi ginen, baina gure egoera ez zen batere ona. Behin eta berriz protestatu behar izan genuen klaseak kalean emanez, Gaztelu enparantzan protestak eginez, okupazioak eginez...".

Eraikuntza finko bat ez izateak udal ikastolaren sakabanaketa ekarri zuen, hots, haur guztiak ez zeuden leku berean, auzo ezberdinetan sakabanatuta baizik. Honek hasierako helburuari mesede egin zion, auzo guztietan udal ikastola bat izateari, alegia.

Gora behera hauen guztien artean eta hamar urte igaro ondoren, 1987. urtean lortu zuten legalizazioa udal ikastolek. Horrek gaur egungo egitura finkatu zuen eta hiru udal ikastola gelditu ziren: Txantrean Axular, Arrosadian Hegoalde eta Donibane eta Iturrama artean Amaiur.



Ikasle kopuru handia

Proiektu berrian egonkortasun eta ziurtasun eza agerian izan arren, lehenengo ikasturtean, 1977/78an, 385 haur matrikulatu ziren, 1978/79 ikasturterako 750era igo zen kopurua eta 1986/87an 1.407 ikasle ziren. Beraz, garbi dago hasiera hasieratik ikasle faltarik ez dutela izan. Gaur egun Hegoalde eta Amaiurren 440 ikasle daude eta bi lerro dituzte. Axularren, bestalde, 250 ikasle dira eta lerro bakarra dute. Irakasleak, aldiz, 64 dira guztira.

Urte luze hauetan borrokak eta eskaerak ez dira amaitu. Nahiz eta hiru udal ikastola eratu, hasierako helburua beste auzoetan ere lortzea zen. Baina Iriartek gogoratzen duen bezala "udalaren jarrera itxi egin zen. Ez zuen udal ikastola gehiago nahi. Gure artean bi talde sortu ziren: batzuk geneukanarekin nahikoa genuela esaten genuen, eta beste batzuk lerro gehiago zabaltzeko eta gehiago lortzeko borrokatu egin behar genuela. Baina azkenean ez zen gehiago lortu". Hala ere, guraso batzuk borrokan jarraitu zuten eta Nafarroako Gobernuak D eredua eskaini zien Sanduzelaiko eskola publikoan.

Eskaintza barregarria izan zela dio Iriarte. "Eskola horretara ijito asko joaten ziren eta ez zen euskarazko lerroa irekitzeko lekurik aproposena, baina hor eskaini egin zuen administrazioak. Gurasoak oso borrokalariak ziren, bazekiten zer nahi zuten eta gaur egun eskola indartsua da". Gaur egun A eredua mantentzen dute ikasle gutxi batzurekin, nahiz eta aldamenean erdarazko eskola bat egon. "Izan ere, ez dute D eredua soil-soilik duen zentro bat eduki nahi".

Egun eskaerak eginez jarraitzen dute, Bigarren Hezkuntzarik ez baitiote eman Erreformaren ondoren. "Gure egoera farregarria da" dio Iriartek. "Lehen Hezkuntzako zentro guztiak Bigarren Hezkuntzako zentro batera atxikituta daude, baina gu ez. Guk bi zentro ditugu aukeran, Biurdana eta Iturrama, eta ikasleak bizi diren lekuaren arabera, libre dauden plazen arabera eta abar, zentro batera edo bestera joaten dira. Honek bi zentroekin koordinatzea suposatzen du guretzat, bi institutuekin egon behar dugu harremanetan eta horrek lana bikoiztu egiten du programazio aldetik, haurren jarraipena egiteko eta beste hainbat gauzatan. Horregatik, zentro bakar batera atxikitu nahi dugu".



Udal ikastolen egoera juridikoa

Udal ikastolen ibilbidean zehar egoera juridikoa aldatuz joan da. Ikastolak munizipalak edo herrikoak izan arren, langile guztiak ez ziren udaletxekoak. Batzuk udalaren pean zeuden, beste batzuk Diputazioak ordainduta, beste batzuk Nafarroako Gobernuaren eskutan eta beste batzuk gurasoen pean. 1979-80 ikasturtearen hasieran Euskara Bultzatzeko Udal Patronatua sortu zen. Patronatu honen gain geratu zen udal ikastolen funtzionamenduaren gestioa eta langileriaren kontratazioa. Beraz, nahiz eta patronatua udalaren barruan egon, izaera independientea zeukan patronatuak bere eskuduntzak aurrera eramateko.

Beranduago patronatua desagertu egin zen eta langileak udaletxeko langile izatera pasa ziren. Horrela, udalak ordaintzen ditu mantenimendua, atezainak... "Baina ez udal ikastolenak soilik. Iruñeko Lehen Hezkuntzako eskola guztien atezainak, mantenimendua... ordaintzen ditu udalak" dio Iriartek. "Irakasleriaren kasuan ez, beste eskola publikoko irakasleak Nafarroako Gobernukoak direlako. Baina nahiz eta gu udaletxeko langileak izan, guri ordaintzeko diruaren gehiengoa gobernutik jasotzen du udalak. Beraz, kontzertatuta bezala gaude".

Momentuz egoera nahiko egonkorra dela esan daiteke, baina urte hauetan guztietan udalaren jarreraren pean egon dira. Iriartek aipatu bezala hasieran udalak jarrera irekia agertu zuen, baina ondoren itxi egin zen eta ez zuen auzo gehiagotan udal ikastola gehiago sortzeko aukerarik eman. "Gainera, udalak beti bere gainetik kendu nahi izan gaitu, arazo bilakatu gara berarentzat, batez ere langileok. Gu bere ardurapetik kentzeko bide bat aipatu izan da: udal ikastolak Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatzea eta Nafarroako Gobernuaren Haur Eskolak udalaren eskuetara". Baina gobernua ez da ausartzen hori egitera. "Izan ere, gure lanpostuak dauden bezala mantentzen baditu, errekurtsoak izango ditu bere langileen aldetik, Iruñean lanpostu bat nahiko duen jende asko egongo baita. Eta gu ez gaude prest hori onartzeko".

Udalak udal ikastolak bere gainetik kentzeko beste arrazoi bat ere badago: euskara. "Eskola hauek gaztelaniaz izango balira, udala gustura egongo zatekeen, prestigioa lortzeko aprobetxatuko zukeen: mugimendu progresista izan zen bere sorreran, pedagogia berritzailea erabiltzen da, gurasoek asko parte hartzen dute...".



Udal ikastolaren abantailak

Iriarteri udal ikastolak eskaintzen dituen abantailak zein diren galdetu ostean, nagusienak aipatu dizkigu:

1- Irakasleria egonkorra da. Hasieran ezarri genituen funtzionamendurako arau eta ohiturak mantentzen ditugu: asko biltzen gara, hiru zentroen artean harremanak ditugu programazioak elkartrukatzeko, proiektu asko egiten ditugu elkarrekin...

2- Partaidetza altua dugu eta klaustroan denon artean erabakitzen diren gauzak aurrera ateratzen dira.

3- Gurasoen parte hartzea izugarria da, eta hasiera hasieratik. Garrantzi handia dute eta asko borrokatu dute ikastolaren alde.

4- Orain dela 20 urte irakasle gazteak eta ilusioz beteak ginen eta giro oso ona genuen. Urteen poderioz udal ikastolaren proiektua gorpuztea lortu dugu. Ilusioz egiten dugu lan, ez gara ikastetxe soil batera etortzen, bizitza duen eskolara baizik.

5- Udala Gobernua baino gertuago dago eta hori positiboa dela uste dut. Hurbiltasun horrek gauzak erraztu egiten ditu eskaerak egiteko orduan. Eta udalaren aldetik ere gobernuaren aldetik baino sentsibilizazio eta inplikazio gehiago egon daiteke.



Oiartzungo Udal

Ikastolaren proiektua




Oiartzunen udal ikastola sortzeko nahia aspalditik zebilen udalaren, ikastetxeen eta gurasoen buruan eta hori bideratzeko Partzuergoa sortu dute. Datorren ikasturtetik aurrera 0-3 etapa eskainiko dute, eta poliki-poliki 0-18 urte bitarteko hezkuntza eskaintzera iritsi nahi dute.

Aldaketa nagusienetako bat udalaren parte hartze eta kudeaketa zuzena izango da. Udalak dirua inbertitu beharko du proiektu honetan, baina Oiartzungo udalak herritarrei zerbitzu hori eskaintzeko gogoa eta borondatea dituenez, udal ikastolako partzuergoa martxan da. Honek suposatzen duenaz eta ekarriko dituen aldaketez hitz egiten aritu gara Jon Inarra Oiartzungo alkatearekin.



Proiektu berri bat martxan jartzera zoazte: udal ikastolarena. Orain gauzatzera badoa ere, ideia honen hastapenak duela lau urte hasi ziren. Zein planteamendu egin zen garai hartan?

LOGSE ezarri zenean eta Eskola Kontseiluarekin egon ondoren udalak herriko bi eskola nagusienekin eta hiru haurtzaindegiekin proiektu amankomun bat egiteko planteamendua egin genuen. Horretarako, ikastetxe hauen fusioa egiteko eta udal eskola publikoa sortzeko zein aukera zegoen ikusi behar zen, eta SIADECOri azterketa bat egiteko eskatu genion.



Zer aztertu nahi zuen?

Udal eskola sortzeko hainbat alderdi aztertu behar ziren: juridikoki nola gauza zitekeen, ekonomikoki nola bideratu, funtzionamendu aldetik nola antolatu, funtzionarioekin zer egin... Hori guztia sakon aztertu zuen SIADECOk egoera aztertuz, kontsultak eginez, bost urtera zer gertatuko zen aurreikusiz eta abar.



Eta zer ondorio atera zenituzten?

Juridikoki parlamentutik pasa gabe egin zitekeela aldaketa. Hau da, Eusko Jaurlaritzako kontseilariak ahalmena badauka nahi duenarekin konbenio bat egiteko, kasu honetan udalarekin. Baina, noski, horretarako borondate politikoa behar da, eta garai hartan ez zegoen.



Hori izan al zen proiektuak aurrera ez jotzeko arrazoia?

Ez arrazoi nagusiena. Hasieran guraso eta irakasleak ados baldin bazeuden ere, Elizalde eskola publikoak ezezkoa eman zuen azkenean eta orduan ez genuen aurrera segi. Proiektua ez zen ongi atera eta horretan utzi genuen.



Zergatik heldu diozue orain berriz?

Ikastolakoak eta haurtzaindegietakoak etorri ziren udaletxera proiektuarekin ezin al zitekeen jarraitu galdetuz, eta horregatik hasi ginen berriz.



Duela lau urteko proiektu hura eta oraingoa berdinak al dira?

Ez, badago azpimarratu nahi nukeen desberdintasun bat. Lehen udala izan bazen asmoa martxan jarri zuena eta karrotik tira zuena, orain ez da izango. Ikastetxeek proposamen bat egiten badigute, guk aztertuko dugu, baina ez da udala izango lehenengo pausoa emango duena. Ikastolak nola sortu ziren? Administrazioak dena erretiluan jarrita? Ez, borrokatuz eta lana eginez. Bada, orain ere gauza bera. Ez dugu administrazioak eta udalak eman zain egon behar, mugitu egin behar da nahi dugun hori lortzeko, mugitu, ilusioa jarri eta landu.

Zergatik hartu dugun jarrera hau? Bada, esperientziak erakutsi digulako jendearen atzetik ibiltzea oso txarra dela. Zerbait egiten hasten bazara ez dakit zer maniobra politiko egin nahi duzula pentsatzen du, ez dakit zer nahi duzula... Guk, azken finean, Oiartzungo herriarentzat ona baldin bada, landu egiten dugu istorio bat, eta 0-18 urte bitartean udal ikastola edo eskola publikoa edukitzea ona zela pentsatzen genuen. Baina interesatuenak irakasleak eta gurasoak dira, eta beraiek eraman behar dute aurrera proiektua, ez udalak.



Orduan, zer da orain egin duzuena? Nola planteatu duzue oraingo proiektua?

Juridikoki udal ikastola sortzeko hiru aukera zeudela ikusi zen: fundazioa, elkartea edo partzuergoa sortzea. Hiru aukerak ikusita proiektu honetarako egokiena partzuergoa zela konturatu ginen.

Partzuergoa egiteko garaian hiru elementu hartu dira kontuan:

1- Irekia dela. Nahi duena sar daiteke bertan, orain edo aurrerago.

2- Titularitate eta ardura banatua du. Hau da, udalak ez ditu titularitate eta ardura osoa hartzen. Gurasoekin eta irakasleekin partekatu behar du, eta beste norbait ere sar daiteke: eskola, Eusko Jaurlaritza...

3- Instituzioek osatzen dute partzuergoa, ez pertsonek. Instituzioak publikoak edo pribatuak izan daitezke.



Nork osatzen duzue partzuergoa?

Momentu honetan lau pertsonek osatzen dugu: bi udaletxekoak eta bi ikastolakoak.



Zer egingo du partzuergoak?

Partzuergoa aipatu ditugun titularitatea eta ardura bere gain hartzen joango da. Bere egitekoa herriko eskolak elkartzeko, batzeko eta horren finantzaketa bilatzeko tresnak jartzea izango da. Prozesu hori erritmo azkarrean edo mantsoan joan daiteke, hori gero ikusiko da. Udalak diru asko jarri behar du, baina proiektua martxan jarri nahi du. Momentuz 0-3 etaparekin hasiko da.

Partzuergoa oso goian egongo den zerbait izango da, Elkarte Anonimo bateko Administrazio Kontseilua bezala. Zein marko onartzen duen esango du, oinarrizko elementuak zehaztu, alegia. Adibidez, hizkuntzak euskara izan beharko duela. Ordutegi eskolarraz ere arduratuko da, hau da, horren kostua bere gain hartuko du, baina beste zerbitzuez ez (jangela, garraioa...). Agian gestionatuko ditu, baina ez finantzatu.



Udalarentzat diru asko suposatuko duela aipatu duzu. Zein gastu izango ditu eta nola finantzatuko ditu?

Alde batetik eskolen mantenua, eraikuntzak... suposatzen duten gastua dago, eta bestetik langileriarena. Honi dagokionez, Eusko Jaurlaritzarekin konbenio bat egin nahi da. Horretarako berak jartzen dituen ratioak eta baldintzak errespetatu behar ditugu.



Zer gertatuko da oraingo ikastetxeen egiturarekin? Hiru haurtzaindegi daude gaur egun...

Bai, hala da, hiru daude: udalarena den Iturburu eta Kokile eta Ttipi-ttapa pribatuak. Pribatuek etorkizun beltza ikusten zuten: haur kopurua jeisten ari zen, kuotak igotzen... LOGSEren eraginez desagertzeko bidean zeuden eta guk prozesua pixka bat aurreratu egin dugu. Beraz, haurtzaindegi hauek desagertu egiten dira eta hiruren artean udal haurtzaindegi berri bat sortu da, batu egin dira hirurak.



Zer gertatu da bertako irakasleekin?

Egoera ezberdinean dauden irakasleak daude: funtzionarioak, kontratatuak, pribatuetakoak... Kasu bakoitza aztertu behar da, baina argi daukagu partzuergoak ez duela eszedenterik bere gain hartuko. Dena lupaz begiratuko dugu eta haurrik ez badago, langabezira joan beharko dute beste langile guztiek bezalaxe. Udalak ordaintzen duela pentsatuz ezin dugu dena konpondu. Bideragarritasunik ez bazaio bilatzen, proiektua ez da aurrera aterako.

Gainontzeko irakasleak zein egoeratan egongo dira?

Lau funtzionario daude eta horiekin ezin dugu ezer egin, beti ordaindu egin behar diegu. Baina partzuergoan sartzen den gainontzeko irakasleria ez da funtzionarizatuko, ez baita eredurik egokiena. Momentu honetan bost lurraldetan soilik dago sistema hau eta Italian, esaterako, kentzen ari dira. Funtzionarioak behar dira, baina lanpostu konkretu batzuetarako, eta ikastetxeetan ez, mentalitate horrekin ezin baita inongo proiekturik aurrera atera. Orduan, haurrik ez badago, lanik ere ez. Beraz, ikusi egin beharko da zergatik ez dagoen haurrik.

Horrek zer esan nahi du? Irakasleek lan egin beharko dutela. Gurasoek aukeratzen dute haurra nora bidali, beraz, gurasoak irabazi behar dira, kalitatea eskaini behar zaie.



Elizalde eskola publikoak partzuergoan sartzea erabakitzen badu, zer gertatuko da bertako funtzionarioekin?

Horiek funtzionario bezala sartuko lirateke, baina gobernuko funtzionarioak dira. Partzuergoak konbenio bat egingo luke Eusko Jaurlaritzarekin proiektua aurrera eramateko, lehen esan dudan bezala. Hor jasoko litzateke funtzionarioen egoera ere. Irakasle funtzionarioen eszedente bat baldin balego, Eusko Jaurlaritzak beste leku batean emango lieke lana. Dena konbenioaren eta borondate politikoaren baitan dago. Juridikoki bideragarria da. Udalak konbenio horretan diru kopuru bat jarri beharko luke beste herriek ez bezala, baina horretarako prest gaude. Dena dela, oraindik ez dugu konbenioarik egin eta hori zehaztu gabe dago.



Bideragarritasuna aurkitzea funtsezkoa da.

Bai. Gauza bat da proiektua martxan jartzea, baina aurrera egin dezan ezin dira erabakiak edonola hartu. Aurretik zenbat diru jar dezakegun erabaki behar da eta horrekin noraino irits gaitezkeen. Kontziente izan behar dugu erabaki bat hartzen dugunean nondik aterako dugun dirua. Ezin da gustatzen zaizuna soilik egin, bideragarritasuna ikusi behar zaio.



Udalarentzat gastua suposatzen du honek guztiak eta hala ere aurrera egin nahi duzue. Zer abantaila ditu, bada, udal ikastola publikoaren proiektu honek?

Sistema hau askoz ere partehartzaileagoa eta dinamikoagoa dela pentsatzen dugu, eta merkeagoa ere izan liteke, gestioa askoz zuzenagoa delako.

Eta langileria ere gehiago inplikatzen da. Lehen esan dudan bezala, gurasoak irabazi behar dituzte eta horretarako lana egin behar dutela konturatu behar dute. Argi dago proiektua aurrera ateratzeko beraiek egin behar dutela lana. Ezin dute erosotasunean erori eta dena egina dagoela pentsatu. Proiektua landu egin behar da, gurasoei formazioa eman behar zaie, beraien haurra ondo dagoela erakutsi, kalitatezko hezkuntza eskaintzen zaiela eta antolaketa egokia dagoela ikustarazi, jendeak gogoz eta ilusioz egiten duela lan erakutsi... Udal ikastolak hori lortzeko aukera ematen duela uste dut, baina lan eginda.



Eredu berri honek, udal ikastola edo eskola publikoak, orain arteko eskola publiko-pribatu eredua gainditzea al dakar?

Azken finean honek esan nahi duena da Buesak martxan jarri zuen proiektuarekin eta Oliverik errematatu duenarekin hautsi egin behar dela.



Eskola mota berri bat izan al daiteke?

Ez dugu horretaz pentsatu oraindik. Proiektu alternatiboak eta esperientzia pilotoak egitea ona dela uste dut eta ezker abertzalearen egitekoa hori dela. Esperientzia hau Oiartzunerako egokia dela uste dugu. Beste lekuetara zabaltzeko egokia izango ote den? Hemen ondo ateratzen bada agian beste herri batzuetarako balioko du eta agian ez, ez dakit.