DARUNBE, Jone; OLIVERO, Teresa:

1999-04-01
Sindikalgintza arlo ugari jorratzen badira, horietako bat lan osasunarena da. Beste sektoreetan bezala, irakaskuntzan ere badu garrantzia. Lan Arriskuen Prebentziorako Legea egon badago, baina bere ezarpena ez da gauzatu. Hori bultzatu eta bideratzeko ahalegina egiten ari dira sindikatuak. Besteen artean Jone Darunbe eta Teresa Olivero EILAS sindikatuko ordezkariak horretan ari dira. Irakaskuntzako lan osasuna, lan arriskuak, prebentzioa, legea eta beste hainbat kontu izan ditugu hizpide.
 
 
Azken urteotako erronka nagusietako bat lan osasunarena izan da zuen sindikalgintzaren barruan. Zenbateko garrantzia du?

Jone Darunbe .- Lana baldintza batzuetan egin behar da, ez edonola. Izan ere, lan baldintzek eragina dute gure osasunean. Dauden arrisku gehienak kendu, konpondu edo gutxitu daitezke. Gaur egun gogorra da jendea aldamiotik erorita hiltzen dela jakitea. Arrisku horiek ezagutzen ditugu eta neurriak hartuta egon beharko lukete. Beste arrisku batzuk ez dira ezagutzen eta ezagutu egin behar dira neurriak hartu ahal izateko. Heldu beharreko erronka zela uste genuen eta horretan gabiltza.



Nolakoa da irakaskuntzako langileriaren lan osasun egoera beste sektoreekin konparatuta?

Jone .- Gure alorrean arriskuak eta beroiek sor ditzaketen osasun kalteak ez dira eraikuntzan daudenak bezalakoak eta askoren ustez irakaskuntzan ez dago lan arriskurik, ezta lanak sortutako gaixotasunik ere. Baina hori ez da horrela. Askotan ezkutatuta egon arren, arazoak egon badaude.

Dena dela, ez da ahaztu behar irakaskuntzaren barruan lan mota ezberdinak daudela: irakasleak, bulegariak, heziketa bereziko auxiliarrak, garbitasunekoak, jangelakoak... Haur Eskolatik hasi eta unibertsitatera bitartean. Kontratu aldetik ere lan baldintza ezberdinak daude: funtzionarioak, lan legepekoak... Lanpostu bakoitzeko lan arriskuak eta gaixotasunak ezberdinak izan ohi dira.

Beraz, lehenengo zein lanpostu eta zein lan dauden ezagutu behar dugu, hau da, lehendabizi non gauden eta zein arrisku ditugun jakin behar dugu.



Zein dira irakaskuntzako langileon ohiko gaixotasunak?

Teresa Olivero .- Egin diren ikerketen arabera, batez ere buruko arazoak, gihar-hezurretakoak eta disfoniak pairatzen ditugu. Gaixotasun otorrinolaringologiko eta psikiatrikoak beste alorretan baino ugariagoak dira. OITek, Unescok eta espainiar estatuko arartekoaren txostenek irakasleriarengan estresak duen eragina ere azpimarratu dute.

Jone .- Diafoniak oso ugariak dira gure artean. Ahotsa gure lan tresna da eta askotan ez dakigu nola erabili. Gelako zaratak, hautsak, kutsadurak, giro lehorregiak eta formakuntza faltak sortzen dizkigu diafoniak.

Bestalde, estresa zergatik sortzen da? Lan baldintzengatik: lan finkotasun falta, beti erreziklatzen egon beharra, pertsonekin lan egiteak dakarren sentipen eta buru zama handia, gaztakak, kezkak, lan jardunaldi luzeegiak, onarpen sozial urria...

Lan baldintza hauez gain, kontuan hartu behar dira lanetik kanpokoak: lanegun bikoitza, denboraren erabilera eta abar.



Gaixotasun hauek laneko gaixotasun bezala kontsideratzen al dira?

Jone .- Ez, momentuz ez, eta horregatik ari gara kanpaina bat egiten. Laneko gaixotasun bezala kontsideratzeko taula bat hartzen da erreferentzitzat. Bertan agertzen direnak laneko gaixotasunak dira eta agertzen ez direnak ez. Agertzen ez badira eta lanean sortutako gaixotasunak izan arren, gaixotasun arruntak kontsideratzen dira.

Hori dela eta, kanpaina honetan gaixotasun horiek lanekoak bezala onartuak izan daitezen eskatzen ari gara. Sinadura bilketa egiten ari gara Osakidetzara, Lan Ikuskaritzara... bidaltzeko.



Bestalde, lan arriskuei dagokienez, zein da zuen asmoa?

Jone .- Gure erronka lehenengo gaixotasunak ezagutzea da, gero arriskuak ikustea eta ondoren prebentzio neurriak hartzea. Azken batean, lan arriskuak ekiditeko bide bakarra ezagutzea da. Argi eduki behar dugu lana egiterakoan gure osasuna ez dugula saldu behar.



Lehenengo gaixotasunak ezagutzea aipatu duzue. Ez al dira bada, ezagutzen dagoeneko?

Jone .- Emakumeen gaixotasunak ez dira ezagutzen. Langileen osasuna ikertzerakoan betidanik gizona eta gizonak jasaten dituen gaixotasunak hartu dira eredutzat. Pixkanaka emakumea ere kontuan hartzen joan da, baina irizpide berdinak jarraituz, txosten berdinak betez, hau da, emakumeak ezberdin gaixotzen garela kontuan hartu gabe.

Horregatik, badira emakumeenak diren gaixotasun batzuk eta ezkutuan matendu direnak. Horiek ezagutu behar ditugu.

Teresa .- Adibidez, orain arte pentsatu izan da gizonezkoak zirela bihotzeko gaixotasunez hiltzen ziren gehienak, eta momentu honetan badirudi emakume dexente hiltzen direla. Zer gertatzen da? Gizon batek bihotzekoa duenean berehala kontrolatzen dela badakitelako zer egin. Baina emakumeon kasuan, egiaztatu da batazbeste bost ordu beranduago iristen garela ospitalera eta berandu hartzen gaituztela. Ondorioz, post-infartuan gizonezkoen %20a hiltzen da eta emakumezkoen kasuan %60ra igotzen da portzentaia.



Gaixotasunak ezagutu ondoren arriskuak detektatu behar dira. Nola egin hori?

Teresa .- Arriskuen Ebaluazioa egin behar da horretarako eta lehen pausoa Arriskuen Identifikazioa da. Hori galdeketa baten bidez egiten da. Unibertsitatean, esaterako, galdeketa hori egin da.



Nork egin du?

Teresa .- Prebentzio Zerbitzuak egin du. Zerbitzu hau Arriskuen Prebentzioa aurrera eramateko legean aurreikusten den zerbitzu bat da. Enpresako sendagileak, enpresako ATSak eta Prebentziorako bi teknikok osatzen dute. Sindikatuetako ordezkariok hauekin batera galdeketa burutu genuen.

Euskal Herriko Unibertsitateak guztira 30 zentro inguru ditu, osotara 4.000 langile, eta ezinezkoa zen guztiei galdeketa pasatzea. Horrela, bost zentrorekin hasi gara eta dagoeneko lau zentrotako identifikazioa bukatu da. Momentu honetan Prebentzio Zerbitzua emaitzak ateratzen ari da.

Hau lehenengo pausoa da. Behin identifikatu ondoren, ezaba daitezkeen edo ez ikusten da.



Hori prebentzioa izango litzateke. Nolakoa izan behar du prebentzioak? Zer neurri hartu behar dira?

Jone .- Arriskuak eta prebentzio neurriak zehaztea ez da zeregin neutroa, langileen eta enpresarien artekoa baizik. Horregatik, prebentzioa negoziatu egin behar da. Langileok ezagutzen duguna eta daukagun esperientzia aintzakotzat hartu gabe ez dago prebentzio eraginkorra diseinatzerik. Langileen parte hartzea eta inplikazioa oinarritzat ez duen prebentzio plan oro, alde aurretik porrot eginda dago.

Teresa .-Legearen arabera, enpresa guztiek Prebentziorako Delegatuak eduki behar dituzte eta baita Laneko Segurtasun eta Osasunerako Batzordea ere. Hori bete dadin saiatu behar dugu.



Zein da Prebentziorako delegatu baten zeregina?

Teresa .- Ekintzaile aktiboa izan behar du. Arriskuak zehaztu behar ditu lantokiak eta lanpostuak bisitatuz eta modu sistematikoan langileen iritziak bilduz. Somatutako arazoaren garrantzia aztertu behar du, legeak eta teknika kontuan hartuz. Langileak informatu behar ditu, aholkuak eman, eta egoera hobetzeko proposamenak kaltetutako pertsonekin eztabaidatu. Lan Ikuskaritzaren eta arriskuen ebaluazioa burutzen duten teknikarien bisitaldietan parte hartu behar du eta bere iritziak beraiekin kontrastatu. Somatutako arazoak konpontzeko bideak proposatu behar ditu, eta hartu behar diren neurriak enpresarekin negoziatu.



Prebentzio neurri hau nahikoa dela uste al duzue?

Jone .- Ez, horrez gain prebentzioaren aldeko kultura sortu behar da eta hezkuntzak duen zeregina garrantzitsua da kultura hori sorteko. Horretarako, alde batetik titulazio espezifikoak sortu behar dira, eta bestetik, eta garrantzitsuagoa dena, prebentzioarako kultura hezkuntza maila guztietan sartu behar da.



Zer da prebentzioaren aldeko kultura?

Jone .- Prebentzioaren aldeko kultura norberak bere gorputza ezagutzea, estimatzea, babesteko zer neurri har ditzakegun jakitea, aisialdian nola erabil dezakegun jakitea, gure lana nola bete dezakegun jakitea, guregan zer eragin izan dezakeen ezagutzea... da. Garbi dago gure bizitza estiloak ere eragina duela gure bizi kalitatean: tabakoak, alkoholak, abiadurak... Hori ere norberaren zeregina da. Ezagutza horrek jarrera aktibo batean jartzen gaitu eta gure osasuna ez dela saltzen erakusten digu.



Zer suposatzen du prebentzioaren aldeko kulturak hezkuntzan? Nola lan daiteke?

Jone .- Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan erabiltzen diren zenbait testuliburutan ez da gai hau zaintzen eta haurrek normaltzat har dezakete irudietan ikusten dutena, hots, langileak kate-produkzioan aritzea babeserako neurri edo tresnarik gabe edota segurtasun neurriak erabiltzen ez dituzten garabiak maneiatzea.

Teresa .- Unibertsitatean edo Lanbide Heziketan dauden segurtasun eta higieneari buruzko ikasgaiak garrantzirik gabekoak dira, eta ikasketa planetan hutsaren hurrengoa baino ez dira.

Jone .- Egoera honi buelta eman behar diogu. Gaur egun enpleguaren behin-behinekotasuna da laneko segurtasuna eta osasuna hobetzeko oztoporik handiena. Horregatik, orduan eta garrantzitsuagoa da gizartean prebentzioaren aldeko kultura egotea eta lan merkatura heltzen diren pertsona guztiak aldez aurretik kontzientziatuta egotea, osasuna ez dela saltzen jakitea, alegia.

Jakina da hezkuntzak ez dituela gizartean dauden arazo guztiak konponduko, baina badugu zer esana edo zer egina. Prebentzioaren kultura curriculumaren barruan sartu behar da. Beste zeharlerro batzuk lantzen diren bezala (hezkidetza, ingurugiroa, kontsumoa...), prebentzio kultura ere nahitaez sartu behar dela uste dugu.



Arriskuen detektatzea, prebentzioa... neurri hauek denak betetzen diren ala ez kontrolatu beharko da, ezta?

Teresa .- Bai, ebaluaketak eta kontrolak egin behar dira. Hartu diren neurriak egokiak diren ala ez ikusi behar da. Gainera lan baldintzak aldatu egiten dira elementu berriak sartzen direlako edo jendea aldatzen delako, eta faktore pertsonalak ere kontuan hartu behar dira (espektatiba pertsonalak, prestakuntza...).

Kontrola sindikatuek egin dezakete. Langileen ordezkariok batzorde guztietan parte hartzeko eta dauden agiri guztiak ezagutzeko eskubidea dugu.



Lehen aipatu duzuenez unibertsitatean arriskuen identifikazioa egiteari heldu zaio, baina irakaskuntza ez unibertsitarioan ez. Zergatik hori?

Jone .- Oraindik legea ez delako martxan jarri. 1995ean sartu zen indarrean Lan Arriskuen Prebentziorako Legea. Europar Batasunak agindutakoa baino hiru urte beranduagoa heldu da eta bere ezarpena motel baino motelago doa. Otsailean bete dira hiru urte legea onartu zela. Lotsagarria da administrazioak berak ezarri gabe edukitzea. Berak legea betetzen ez badu, moralki zer indar eduki dezake beste enpresa edo ikastetxe pribatuei bete dezaten eskatzeko?



Zer dio legeak?

Jone .- Langileok zein eskubide ditugun dio eta nola parte hartu behar dugun geure osasuna babesteko. Lan arriskuak ebaluatzeko eta aztertzeko neurriak jartzen ditu, non nagusiek eta langileok parte hartzen dugun. Horretarako hiru tresna jartzen ditu: Prebentziorako Zerbitzua, Lan Ikuskaritza eta Prebentziorako Delegatua. Bakoitzak dituen funtzioak zehazten dira.

Teresa .- Lehenengo batzorde bat eratu behar da. Horrek delegatuak izendatuko lituzke eta aipatu hiru tresna martxan jarri.



Zergatik ez da ezarri oraindik legea? Zergatik ez dira osatu zerbitzu horiek?

Jone .- Egia esan, borondaterik ez dagoela pentsatzen dut. Iaz bilerak egiteko eskaera ugari egin genizkion administrazioari baina ez genuen ezer lortu. Aurten ere ez dakit zenbat aldiz eskatu dugun eta salaketak ere agertu dira prentsan. Hitz onak esaten dizkigute beti, asmoa badutela...

Martxa honetan garbi dago aurten ere zaila izango dela arriskuen ebaluaketarekin hastea. Baina lehenengo batzordea eratu behar da, funtzionatzeko irizpideak jarri...

Nafarroan zerbait gehiago egin da. Akordio batera iritsi dira eta legeak aurreikusten duen batzordea eratua dago. Delegatuen prestakuntza ere martxan dago.

Teresa .- Badirudi unibertsitateak hasteko borondatea eduki duela, baina kosta zaio honi ere. 95ean legea onartu zenetik Prebentzio Zerbitzua sortzera ia hiru urte pasa dira. Segurtasun eta Higiene Komitea eratu ondoren, komitearen funtzionamendu araudia onartzeko urtebete egon ginen. Beraz, dena luzatu egiten da eta gauzak oso motel egiten dira.



Zergatik borondate eza hau?

Teresa .- Nik uste dut batez ere diru arazoengatik dela. Galdeketa bat pasa eta erantzunetan ordenagailuen mahai guztiak baldintza txarretan daudela erantzuten badute, horrek egokitzeko dirua gastatu behar dela suposatzen du. Azkenean, arazo ekonomiko bihurtzen da.

Eta sentsibilitate falta ere badago. Badirudi irakaskuntzan ez dagoela arriskurik eta ez dela inor mugitzen.



Hori ikastetxe publikoei dagokienez. Zer gertatzen da pribatuetan, hau da, administrazioaren esku ez dauden zentroetan?

Jone .- Pribatuetan ere denetik dago. Batzuk ihes egiten saiatzen dira, eta administrazioan gertatzen ari dena ikusita, normala da. Beste batzuetan, berriz, hainbat gauza egin dira, baina askotan beste elementu batek bultzata: kalitatea lortzeko ahaleginak. Hau da, kalitatea lortzeko hainbat baldintza eta arau bete behar dira eta horietako bat lan osasunarena da. Horregatik lan arriskuen ebaluaketak era ezberdinetan egin daitezke; ikastetxeko tramite bat bezala edo benetan langileon osasuna babesteko.



Zentro batzuetan ebaluaketak egin direla aipatu duzue eta unibertsitatean ere galdeketa egin da. Nolako harrera jaso du langileen aldetik? Interesik edo ardurarik ba al dago gai honen inguruan?

Teresa .- Unibertsitatean hasieran jarrera ez zen oso ona ehun galdera baino gehiago zituelako galdeketak. Galdera gehiegi zirela zioten, baina ondoren %30ak edo erantzun du eta ongi dago. Egia esan, sindikatuok ere inplikatu gara. Langile bakoitzari orri bat bidali genion galdeketa zertaz zihoan azaltzeko. Beste bultzada batekin gehiagok erantzungo dutela espero dugu.

Jone .- Agian ez dugu nahi genuen adinako erantzuna jaso, baina nahiko jarrera positiboa dagoela uste dut. Lehen aipatu dugun kanpainan ikastetxe dexentek sinatu dute. EILAS bezala, urtean zehar Lan Osasunari buruzko aldizkariaren zenbait ale kaleratzeko konpromisoa hartu genuen gure hausnarketak zabaltzeko, informazioa emateko, legeak dioena azaltzeko... eta harrera ona izan du. Nik uste dut interesa eta kezka badagoela.



Inguruko lurraldeetan zein egoeratan daude?

Jone .- 95eko Legea Europa mailakoa da eta lurralde bakoitzeko ezarpena erritmo ezberdinean doa. Hala ere, ez dago oso aurreratua eta horren erantzuna egunero jasotzen dugu zoritxarrez. Hogei minuturo langile bat hiltzen omen da eta minutu bakoitzean 70-80 zauritu.



Kataluinatik Carmen Valls medikua gonbidatu zenuten. Nor da emakume hau?

Jone .- Carmen Valls medikua da eta Bartzelonako CAPS (Centro de Análisis y Programas Sanitarios) erakundean egiten du lan. Emakumea eta osasunaren inguruan ikerketa ugari egiten ditu eta nazioarteko kongresuetan ere parte hartu izan du.

Teresa .- Erakunde hau Kanadako, Suediako eta beste lurralde batzuetako erakundeekin harremanetan dago. Sare bat osatzen dute eta Interneten bidez eztabaidak zabalik mantentzen dituzte.



Zer ekarpen eskaini zuen bere hitzaldian?

Jone .- Gure hausnarketak egiteko beste elementu batzuk eskaintzen zituela ikusi genuen eta hori izan zen gonbidatzeko arrazoia. Guretzat, CAPSek egin dituen ikerketen artean interesgarrienak bi dira. Lehenengoa estresaren inguruan egindako galdeketa bat da, estresa generoen ikuspuntutik nola jasaten dugun ikusteko. Katalunia mailan egin duten galdeketa da. Eta bigarrena bukatu berri duten gida bat. Emakumeok irakaskuntzan jasaten ditugun arriskuak ezagutzeko eta ebaluatzeko gida da. Kasu honetan, Kanadako eta Suediako datuak alderatuz osatu dute. Gainera, badirudi horrelako giden artean lehenengoa dela, aurretik ez baitzegoen antzekorik.

Oraindik argitaratu gabe dago gida. Hemen Emakunderen bidez argitaratzea nahi dugu.



Atera dituzten ondorioez arituko zen hitzaldian. Zer zen transmititu nahi izan zuen ideia nagusiena?

Jone .- Emakumezkoak eta gizonezkoak ez garela berdin gaixotzen. Horretarako arrazoi biologikoak badirela esan zuen, baina ez horiek soilik, baita fisiologikoak, hezkuntzakoak, kulturalak eta sozialak ere. Faktore hauen artean sar daitezke emakumeok betetzen ditugun rolak, lanaldi bikoitza, gizarteak egiten dizkigun eskakizunak, behin eta berriz frogatu beharra gauzak egiteko gai garela... Langabezian dagoen gehiengoa emakumezkoa da, behin behinekotasuna ere ugariagoa da emakumezkoen artean, prekarietatea ere altuagoa da... azken finean, elementu hauek guztiek eragina dute gure osasunean.

Nolabait gizartean dauden bizitzeko modu eta rol ezberdinek eragina badute gure osasunean. Bizitzeko eta gaixotzeko modu ezberdina dugu emakumeok eta gizonek.



Egiten ari diren eta ari zareten ikerketak eta gauzak aldatzeko ahaleginak ikusita, aurrera begira, nola ikusten duzue etorkizuna?

Teresa .- Lanak bide honetatik joan behar du, baina beste erronka bat ere badugu: langabeziari aurre egitea. Izan ere, dena lotuta dago. Lanik ez dagoen momentu batean zaila da dagoen lana baldintza hobean lortu nahi izatea. Nola eskatuko duzu makina bat ezartzea datorren astean bost kalera bota behar badituzte? Baina, hala ere, ezin dela alde batera utzi pentsatzen dugu.

Jone .- Dudarik gabe guztion erronka izan behar du horrek. Ez lanak gure osasunean duen eraginagatik soilik, baita ingurugiroan daukanagatik ere. Mundua edo natura aldatzen goaz eta gaixotasun berriak sortzen ari gara. Bizi itxaropena luzatu da, baina nolako kalitatearekin? Arnasik hartu ezin badugu, merezi al du hainbeste bizitzeak?



Apirilaren 28an Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da. Zer deialdi egiten duzue?

Teresa .- Egun horretan hiriburu guztietan kontzentrazioak egingo dira eta berauetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Guztion esku dago lan baldintza hobeak lortzea eta Lan Arriskuen Prebentziorako Legea martxan jartzeko presioa egitea.