Praktikatzen: Gorputza eta bitartekariak musikan (eta II)

1999-04-01
Aurreko zenbakian gorputza eta hainbat bi-tartekariz aritu nintzen. Be-rauek landuz burutu ditudan esperientziak erakustea zen nire asmoa eta oraingoan ere bide horretan jarraituko dut. Burlatako Askatasuna institutuan DBHko ikasleekin landutako esperientzia azalduko dizuet, "Musika eta aldizkariak" izena jarri diodana.
 
 
Musika eta aldizkariak

Musika mota ezberdinak entzuteko beste bitarteko bat aldizkaria izan daiteke, batez ere irudiz josirik dauden aldizkariak.

Entzunaldi hauen helburuak asko dira, baina batez ere bi nagusienak aipatuko nituzke:

- Musikak guregan duen eraginaz kontzientzia apur bat esnatzea. Musikak gure sentsazioak, barne sentimenduak, oroitzapenak... nola mugi edo sentiaraz ditzakeen konturaraztea.

- Musika mota ezberdinak ezagutaraztea eta ahal bada, aldi berean, horienganako ateak irekitzea.

Musika entzunaldiak batzuetan lan neketsu bezala hartzen dituzte: orain musikaren forma aztertuko dugu, orain melodiak, erritmoak, instrumentuak... Oraingo lan honek betiko musikaren analisietatik at, musika beste zentzu batean entzuteko aukera emanen digu.

Lanaren antolamendua oso garbi ikusten da ikasleei banatzen diegun fitxan (ikus ikasleen fitxa).

Musika eta aldizkarien lan unitate honek gutxienez lau ekintza ezberdin egiteko aukera ematen digu:

- Bakarkako lana.

- Taldeko lana.

- Hitzak irakurtzea.

- Besteen irudiei musikak aurkitzea.



Bakarkako lana

Bakarkako lana, ikasle bakoitzari banatzen diogun fitxa hori garatzea litzateke. Aldiko gehienez hiru bat minutu irauten duten lauzpabost musika aukeratzen ditugu. Musikak zenbat eta ezberdinagoak izan, hobe. Horrela beraien lanetan kontraste handiagoak ikus ditzakegu eta aldi berean, aberatsagoak izango dira. Gomendagarria da, baita ere, entzunaldi horietan beraien gustuko musikaren bat sartzea.

Musika entzunaldia jartzerakoan, hasieran ez diegu esango musikaren izenbururik, askotan izenburuak berak musika entzun aurretik baldintzatzen baikaitu. Izenburuak, guztiak entzun ondoren emango dizkiegu. Hitza bat-batean idazteko azpimarrarazi behar diegu, hau da, hasiera-hasieran beraiengan sortu duen lehen sentsazio hori idatz dezatela. Irudia eta esaldia musika entzun ondoren aurkitu eta idatziko dute. Batzuetan hitza ez dator bat irudia eta esaldiarekin, baina hitza bat-batekoa da eta irudia eta esaldia gogoeta baten ondorengoak.



Taldeko lana

Oraingo honetan lanaren planteamendua berdina da, baina antolaketa ezberdina. Hasieran bakarkako lan bat bezala hasten gara, baina gero taldean bukatzen dugu. Lehenik, musika bat jartzen dugu eta bakoitzak bere orrian musika horrek sorrarazten dizkion hitzak edo esaldiak idazten ditu. Gero, bakoitzak berea gela guztiaren aurrean irakurtzen du eta hor entzun diren gai, ideia eta sentsazioen arabera gela taldekatzen saiatzen gara. Talde bakoitzari nahi duen koloreko kartulina aukeratzen uzten diogu eta berriro musika entzunez beraien ideiekin bat datozen argazkiak aurkitzen saiatzen dira. Hauek kartulinetan itsasten dituzte eta bakoitzak duen esaldia, behar bada besteenekin birmoldatuz, argazkien inguruan idazten du. Guztia egin ondoren, kartulinaren atzeko aldean musikaren hiru erreferentziak idatz ditzatela. Azkenik, beste taldeek musika berberarekin egin dituzten lanak ikusi eta komentatuko ditugu. Dinamika honen bidez oso garbi ikusten dute pertsonen arabera musika bakar batek zein eragin ezberdinak sor ditzakeen.



Musika eta hitzak

Atal honetan egin beharreko lana oso erraza da, beraiei entzuteko jarrera besterik ez baitiegu eskatzen. Oraingo honetan beraiek entzundako musiken hitzak edo beste taldeek erabili dituzten beste musika batzuen hitzak erabil genitzake. Azken era honetara eginez, beste hainbat musika ezberdin entzuteko aukera emanen digu. Lana, musika entzuten duten bitartean, hitz horiek poesia edo narrazio baten antzera irakurtzean datza. Azkenik, musika eta hitzak entzun ondoren, guztion artean eztabaidatzen dugu ea egokiak diren edo beraiek beste hitzen batzuk jarriko ote lituzketen, zergatik... (ikus hitzen orria).



Musika eta besteen muralak

Lan honetan ere hobe beste taldekoen muralez baliatzen bagara, honela beste hainbat musika ezberdin entzuteko aukera ematen baitigu. Atal honetan mural guztiak zenbatuz gelan zehar banatzen ditugu, eta ikasle guztiak esku artean zer dugun ikusiz, mural guztietatik pasatzen dira. Ondoren mural horiei dagozkien bost musikak entzuten ditugu. Ikasle bakoitzak papertxo batean musika bakoitzari zein mural egokituko litzaiokeen idazten du. Azkenik, berriro musika guztiak banan-banan entzunez, guztion artean eztabaidatzen dugu zergatik mural bat edo beste aukeratu dugun eta kuriositate modura egileek musika horrentzat zein mural egin duten begiratzen dugu. Aldi berean saiatu ulertzen edo asmatzen zergatik egin duten horrela, zerk bultzatu dituen musika hori horrela adieraztera.

Azken bi ariketa hauek beste zenbait ariketarekin batera "Musika eta irudia" unitate didaktikoaren barnean sartzen ditugu: pilotena (aurreko alean proposatutakoa) beroketa gisa eta aldizkariena musikek sor ditzaketen barne sentsazioez kontzientzia apur bat esnatzeko. Beste hainbat ariketaren artean lan unitate honi amaiera emateko Hik Hasiren 34. zenbakian argitaratu zen diaporama lana lantzen dugu. Oso garrantzitsua da entzunaldi hauek guztiak entzunaldien fitxan edo aurkibidean idaztea (ikus Hik Hasi 34. zenbakia 40. orrialdea) gero diaporama egiteko orduan oso erabilgarria suerta dakigukeelako. Hala ere, ariketa hauek musika ezberdinak entzuteko aitzakia gisa erabil genitzake aldi berean.

Niretzat "Musika eta irudia" lan unitate honen gauzarik aipagarriena zera da: beraien sentsibilitatea eta sentikortasuna irekitzea hainbat musika ezberdinenganako, hau da, ikasleak konturatzea musika batzuk beraien bizitzako egoera ezberdinetan koka ditzaketela, nahiz eta beraientzat agian ez oso gustukoak izan, edo hobe esanda, ez oso ohikoak izan. Eta beraientzat hain atseginak ez diren beste hainbat musika, aurkezten zaizkien (pelikula baten barnean...) edo erabiltzen dituzten (diaporama) moduaren arabera, ez direla entzungaitzak, eta aldi berean, erabilgarriak suerta dakizkiekeela. Nolabait ere, musika horiek gizartean leku bat betetzen.



IKASLEEN FITXA

Musika eta aldizkariak



Bakarkako lana

Behar den materiala

- Irudi asko dituen aldizkaria.

- Orri zuriak.

- Guraizeak.

- Kola.

- Boligrafoa.



Lanaren antolaketa

Musika hainbat mota entzungo ditugu eta entzuten den musika bakoitzarekin lantxo bat egin behar da.

Entzuten dugun musika bakoitzarentzako orri bat hartuko dugu. Orri horretan lau datu agertu behar dira:

- Zenbakia : zenbaki bat idatzi, zeinak zenbagarren abestia den adierazten digun. Bere ondoren bi edo hiru lerro libre utzi, entzun dugun musika horren erreferentziak idazteko hurrengo batean.

- Hitza : musika hori entzutean bat-batean burura etortzen zaizun lehen bi, hiru, lau, bost hitz idatzi. Hitz hauek edozein motatakoak izan daitezke: sentimenduekin erlazionatuak, sentsazioekin, oroitzapenekin, iritzizkoak...

- Irudia : une batez musika entzuten egon ondoren, aldizkaritik aukeratu duzun eta musika horrekin bat datorren argazki bat, bi... itsatsi. Bi argazki aukeratzen badituzu, bi argazki hauek ez dute zergatik antzekoak izan behar, musika batek bi sentsazio, oroitzapen... ezberdin sentiaraz diezazkigukeelako.

- Esaldia : argazki hori edo horiek aukeratzearen arrazoia edo musika horrek iradoki dizuna idatziz adierazi.



Lanaren egitura

1. orria: aurkezpen azala.

2. orria: aurkibidea, non entzun ditugun musika guztien zerrenda agertzen zaigun hiru erreferentzia emanez: musika norena den, diska horren izena eta kantaren titulua.

3. orritik aurrera entzunaldiak beraien zenbaki, hitz, irudi eta esaldiekin.