Kronika

1999-11-01
 
 
EILASek euskal hezkuntza sistema propioa eskatzen du
EILAS sindikatuak euskal hezkuntza sistema propioaren beharra aldarrikatu du eta sistema horrek irakaskuntza publikoa izango luke ardatz. Errealitateko beharrei erantzuteko sistema propioaren beharra gero eta nabarmenagoa dela adierazi dute sindikatuko ordezkariek. Behar horien artean bereziki euskarari dagozkionak daude, eta hauek ezin dira konpondu Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko eskuduntzak mugatuta daudelako. Era berean, Estatuko Funtzio Publikoaren Legeak lan arloko edozein aldaketa mugatzen duela gogorarazi dute.
Arrazoi hauek direla medio, Gazteizko Gobernuko Hezkuntza sailburuari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari, Inaxio Oliveriri eta Jesus Lagunari hurrenez hurren, Espainiako Gobernutik datozen arautegiak gainditzeko eskaera egin diete.
Baina ez da hau eskaera bakarra. EAEn A ereduaren birmoldaketa ez dela batere egokia iritzi dute EILAS-eko ordezkariek eta, "ereduak alde batera utzirik, ikastetxe bakoitzak tokian tokiko egoerari egokitutako hizkuntz proiektu eraginkorrak aurrera eramateko garaia da".
Horrekin batera, eta euskalduntzea helburutzat harturik, IRALE programa berrikusi beharra dagoela aldarrikatu dute, EAEko irakaskuntza ez unibertsitarioko irakasleriaren erdia euskaldundu gabe dagoelako oraindik. Nafarroaren kasuan, berriz, Vascuencearen Legea aldatu beharra dagoela garbi ikusten dute.
Irakasleriaren egoera ere aipagai izan dute, eta besteak beste, prekarietatea salatu dute. Sare publikoari dagokionez EAEn 2.950 pertsona eta Nafarroan milatik gora dira batere egonkortasunik gabe ordezko gisa lanean ari direnak.
Egonkortasuna eskatzeaz gain, lan baldintzak hobetzea exijitu dute: irakasleriaren lan orduak gutxitzea, sare pribatu eta publikoko irakasleriaren ordutegia homologatzea eta langileria ez dozentearen ordutegia gutxitzea.


Ikasle Abertzaleak III. Kongresua prestatzen ari da
Ikasle Abertzaleak erakundeak bere III. Kongresua aurkeztu du, eta bertan jorratuko diren lau gaiak ere bai. Lehenengoa gaur egungo hezkuntza ereduaren baliogabetasuna aldarrikatzea izanen da. Bigarrena euskal eskola nazionalari heltzea helburu estrategiko bezala. Hirugarrena gaur egungo irakaskuntza markoa gainditzeko apustua egitea. Eta azkenik, irakasleria borrokara bideratzeko erronka.
Ikasle Abertzaleak-ek gaur egungo hezkuntza ereduari kontrajarria dagoen eredu berria defendatzen du, eta bere ezaugarri bezala honako hauek aipatzen ditu: nazionala, euskalduna hizkuntzaz eta edukiz, aurrerakoia, demokratikoa eta partehartzailea, herrikoia eta askatzailea. "Eredu hau da ikasle euskaldunon eskubideak bermatzeko gai den bakarra" IAren ustez.
Gai hauek eztabaidatzen hasiak daude dagoeneko eta IAko kideen adierazpenen arabera, "Euskal Herrian momentu honetan bizitzen ari garen egoera aprobetxatu behar dugu, gehiengoak aldaketak eskatzen dituen honetan irakaskuntzan ere aldaketak emateko".
Gora egin du Iruñeko Haur Eskola Munizipalen aurrekontuak
Iruñeko Haur Eskola Munizipen datorren urteko aurrekontu 713,6 milioi pezetakoa izanen da, aurtengoa baino %26a handiagoa.
Batez ere funtzionamendu gastuak igo direlako handitu da aurrekontua. Izan ere, %48an igo da gastu hau eta 116.055.000 pezeta dira guztira. Pertsonalgoaren kostua, berriz, 568.678.000 pezetakoa izango da, iaz baino %18 gehiago. Gastu honek aurrekontuaren %80 suposatzen du. Bestalde, inbertsioek %3a ordezkatzen dute, 27 milioi direlarik horretara bideratzen direnak.
Guztira 713,6 milioitako aurrekontua egin dute. Hauetatik 564.509.000 pezeta Iruñeko udalak ordainduko ditu eta gainontzeko 139.424.000 pezeta gurasoen kuotetatik aterako da.
Gaur egun bederatzi Haur Eskola Munizipal daude Iruñean eta guztira 704 haur daude matrikulaturik. Hiru hilabete eta bi urte bitarteko haurrak dira hauek. Hezitzileen ratioak ezberdinak dira haurren adinaren arabera. Bularreko haurren kasuan zazpiko ratioa dago, oinez ibiltzen direnentzat zortzikoa, adin ertainekoentzat hamaika hamabikoa eta haurtzaindegikoentzat 16koa.
Bestalde, aurrekontuekin batera, Haur Eskola Munizipaletako gobernu batzordeak langileriaren plantila organikoa onartu zuen. Datorren urtean 131 langile izanen dira.
Berrikuntzen artean lanpostu berri baten sorrera ere aipatu behar da. Pediatra batentzako lanpostua sortuko da eta egun osoko lana izango du.
Aurrekontu hau Haur Eskola Munizipaleko gobernu batzordeak onartu badu ere, Iruñeko Udaleko plenoak berretsi beharko du 2000. urteko aurrekontu munizipalak onartzeko garaian.

Ikas-Biko gurasoen aldarrikapenak
FLAREPek, irakaskuntza publikoko eskualde hizkuntzen aldeko federakuntzak, bere XIII. Kongresua ospatu berri du Baionan. Iparraldeko Ikas-Bi guraso elkartea federazio honetako partaidea da eta bera izan da aurtengo kongresuaren antolatzaile nagusia.
Kongresu hauen helburua ikasleen gurasoak kezkatzen dituzten gaiak eztabaidatzea da. Oraingoan "Irakaskuntza elebiduna eta instituzioak" gaia izan dute eztabaidagai.
Lekuko eta lurraldeetako kolektibo eta erakundeek irakaskuntza elebidunean dituzten eskumenak aztertu dituzte. Instituzio frantsesek irakaskuntza elebidunarekiko duten interes eskasa dela eta. Adibide bezala Hizkuntza Gutxituen Europako Karta aipatu zuen, zeina Parisek ez duen sinatu.
Ikas-Bi guraso elkarteak aditzera eman dutenez, beraientzat euskarazko irakaskuntza ardatz nagusienetariko bat da eta instituzio guztien ardura izan behar duela uste dute.
Topaketa hauetan herrialde ezberdinen egoera azaldu eta konparatu da. Alsazian, adibidez, gaur egun 6.055 haur daude sare elebidunean eskolatuak. 100 milioi libera eskuratu dituzte estatu-eskualde kontratuaren bidez. Korsiskak, bestalde, eskumen gehiago dauka lurralde kolektibitate berezia lortu zuenetik. Baina hala ere, Frantziako legeak hizkuntza gutitu baten derrigorrezko irakaskuntza debekatzen du, eta berau saihesteko moduak bilatzen dituzte Korsikan.