SUMMERHILL, SUTHERLAND NEILL, Alexander

1999-11-01
Pedagogia antiautoritarioaren korrontearen eredu garbiena dugu Neill. Summerhill-go eskola-barnetegia sortu zuen 1921. urtean Ingalaterran, 37 urte zituela. Duela 26 urte zendu bazen ere bere horretan jarraitzen du berak sortutako eskolak. Bertan Neillek hezkuntzari buruz zuen ikuspegi erradikalaren oinarri teorikoak praktikara eraman zituen. Ikus dezagun zein diren oinarri horiek eta nola saiatu zen praktikara eramaten.
 
 
Biografiaren hainbat ohar

Alexander Sutherland Neill 1883. urteko urriaren 17an jaio zen Eskoziako Forfar herrixkan. Herri horretan eman zituen bere bizitzaren lehenengo urteak. Bertan, berak kontatzen duen moduan, egunak astiro eta mantso pasatzen ziren, eta haurtzaro goibel eta atsekabetua igaro zuen. 14 urte zituela lanean hasi zen Edinburgoko bulegari baten laguntzaile bezala, bere familiaren ustetan eskolan jarraitzeko nahikoa gaitasun ez zuelako. Izan ere, oso interes gutxi jartzen zuen klaseetan. Bere aita eskola bateko irakaslea zen, eta horrek gerora asko markatu zuen Neill. Aitak ez zituen haurrak gustuko eta uneoro zigortzen zuen Neill. Honek guztiak eragin handia izan zuen berak garatutako pedagogia ereduan. Dena den, 25 urterekin berriro jarriko da harremanetan hezkuntza munduarekin, eta Edinburgoko Unibertsitatean Kimika eta Filosofia Naturala ikasten hasiko da. Urte baten buruan, eta bertan erabiltzen zen metodoa gustukoa ez zuenez, Ingelera eta Historia ikasten hasi zen. Ondoren, eta kazetaritza lanak egin eta gero, Eskoziako herrixka bateko eskolako zuzendari lanak betetzen hasi zen heziketa gaiei buruz idazten zuen bitartean. Horrela bere lehen liburua argitaratu zuen: A Dominie´s Log.

Hemendik aurrera Ingalaterran entzutetsu bihurtzen hasiko da, are gehiago 1921. urtean Summerhillgo eskola-barnetegia sortu eta gero. Eskola hau Leiston herrian kokatu zuen Londresetik 165 kilometrotara. 5 eta 15 urte bitarteko haurrak hartzen zituen. Neillek orduan 37 urte zituen. Dagoeneko bere liburu eta idatziek eduki zuten eragina zela-eta, hezkuntzaren teoriko erradikaltzat hartzen zuten. Hemendik aurrera Neill eta Summerhill batera joango dira eta bata bestea gabe ulertzea oso zaila izango da. Eskola honetan jarri zuen praktikan Neillek bere hezkuntzaren ikuspegia, eta oso ospetsua bilakatu zen Ingalaterran 1930eko hamarkadan. Hala eta guztiz ere, Summerhillek hezkuntza modernoan izan duen eragina beti egongo da desorekan bertatik pasatako haur kopuruarekin alderatzen badugu: eskolaren historia osoan zehar seiehun ikasle baino gehiago ez baitira bertatik pasa.

Neill 1973. urteko irailaren 22an zendu zen Alderburg herrian, Eskozian bertan, 89 urterekin. Hau dela-eta, bere emazteak hartu zuen eskolaren ardura eta 1985.etik aurrera bere alabak.



Bere hezkuntza ereduaren oinarriak

Neillek Summerhillgo eskolan praktikara eraman zituen bere hezkuntzaren ikuspegia eta oinarri teorikoak. Hauexek dira:



a) Bere bizitza-filosofian oinarritzen du hezkuntza.

Neillen aburuz "Bizitzaren helburua zoriontsua izatea da". Tesi hau izango da gainontzeko printzipioen abiapuntua. Haurra, berez, jaiotzen den unetik, ona, zintzoa eta zentzuduna da, eta era berean, bizitza interesgarri egiten zaio. Honela, bizitzaren oinarrizko elementuak eta baloreak ongizatea eta zoriontasuna izango dira.



b) Askatasuna eta autoerregulazioa.

Aurrean aipatutakoa lortzeko askatasunean eta autorregulazioan oinarritutako hezkuntza jarduera eramango du aurrera Neillek. Bere ekarpenik handiena arlo honetan kokatzen da, Summerhillgo eskolaren zutabe teorikoak bi kontzeptuok izango baitira. Izan ere, Neillen ustetan "Haurraren helburu existentziala bere bizitza propioa zuzentzea eta bideratzea da".

Neillek, halere, oso ongi bereiztuko du askatasunaren eta libertinajearen arteko muga: haurrak nahi duena egin dezake, baina bere ondokoa mindu gabe. Hau dela-eta haurrak aukeratu egingo du klaseetara joan edo ez. Summerhillen ohiko klaseak emango dira, baina haurrak hautatuko du joan ala jolasean gelditu. Jolasen hautaketak garrantzi handia edukiko du Summerhillen, hautatzeko askatasun horrek ahalbidetuko bait autoerregulazioa : Neillek sutsuki defendatzen zuen haurra nahikoa jolastu denean, eta soilik orduan, hasiko dela lanean eta gauzez eta arazoez arduratzen. Nahiz eta lan horiek zama suposatu, interes berezia eta propioa jarriko du horiek aurrera ateratzeko. Ideia honek pedagogia modernoan interes eta, era berean, eztabaida asko piztu du, eskolaren ohiko eta egungo kontzeptuarekin apurtzen baitu erabat. Dena den, Summerhillen haurra maiz klasetara joango da eta gustura, gainera. Gerora bertan ibilitako haurrek ez dute arazorik izan unibertsitate ikasketak egiteko nahiz gizartean integratzeko.

Halaber, tarteka Neillek jarrera autoritarioen alde ere egingo du, hala nola, haurren osasuna edo segurtasuna jokoan dagoenean. Aldi berean, autoerregulazioaren mugak zedarrituko ditu: autoerregulazioaren ulermen eremutik at egongo ginateke haurra bere buruaren ardura bere gain hartzeko gai ez den unetik; hots, bere eguneroko bizitzan ohikoak suertatzen zaizkion bitartekoen bidez erabaki bat hartu ezin duenean. Une horretan baino ez du hitz egiten Neillek "autoritatearen beharrari" buruz. Beste kasu guztietan obedientzia haurraren barne-barnetik etorri beharko litzateke; azken batean "haurrak ez luke ezer egin behar baldin eta horretaz erabat konbentziturik ez balego".

Hala ere, Summerhillen zigorrik egongo da, nahiz eta Neillen aburuz zigorra, ohiko esanahiaz janzten badugu, beti gorroto ekintza izan. Summerhillgo eskolan ezartzen diren zigorrak norbanakoaren edo komunitatearen aurka zerbait egin denean jartzen dira, baina beti berekin ideia morala daramate. Hau funtsezkoa da Summerhillgo antolaketa eta funtzionamendu arauetan bai eta Neillen teorian ere. Honek guztiak, ongiaren eta gaizkiaren, egokiaren eta desegokiaren, arteko bereizketa dakar, erreparazioaren kontzeptua barnera baitaiteke modu honetan: zigorra ez da ezarriko mina eragiteko erreparazio moralaren ideia ulertzeko eta bereganatzeko baizik.



c) Sentimendu indarren garapena

"Sentimendu libreak baimentzen badira, adimena berez azalduko da". Neillek askotan esango du berari interesatzen zaiona bihotza dela, eta ez burua. Haurrak beren sentimenduak lotura eta taburik gabe espresatu eta adierazi behar ditu eta horretarako bideak eta bitartekoak jarri behar zaizkio. Halere, honek ez du esan nahi Neill antiintelektualtzat hartu behar dugunik, adimenaren estimulua ere lantzen baita Summerhillen. Haurrek eskuragarri edukiko dute beti liburutegi bat eskolan bertan.



d) Sexualiatea ezinbesteko ardatza da Neillen hezkuntzaren ikuskeran.

Haurtzaroko joko heterosexualak bizitza sexual osasuntsu eta orekatu bat izateko bitarteko egokiena dira. Aitzitik, Neillek ez du egingo sexualiatearen superbaloraziorik, sexu heziketa arrotz eta erreprimitu baten aurkako protestan azalduko da.



Oinarri teorikoak gauzatzeko bitartekoak

Neill eta Summerhill ulertzeko, ezinbestekoa da ulertzea oinarri teorikoak eta praktika elkardependienteak direla; hots, oinarri teorikoek bitartekoa eta praktika bera determinatzen dute, eta aldi berean, bitartekoek teoria definitzeko -edo berdefinitzeko- eta hobeto ulertzeko balioa dute. Honela, arestian aipatutako oinarriak honako tresna honetan islatzen dira Autogobernua edo Haurren Asanbladak . Autogobernuaren ideia hau ardatz nagusia da Summerhillgo praktika ulertzeko garaian. Izan ere, haurrek Summerhillgo dinamika sozialarekin edo talde-bizitzarekin erlazioa duen oro astean behin egiten diren asanbladetan eztabaidatzen baitute. Neillentzat, asanblada haue komunitate bizitzaren erregulatzaile funtzioa dute : talde-bizitzak testu liburuek baino garrantzia gehiago du haurraren garapenean. Honela, Summerhillgo funtzionamendua arautzen eta erregulatzen duten legeak asanblada horietan elaboratzen dira. Haur guztiek hartzen dute parte (5-15 urtekoek) eskolako langileekin batera. Haur eta langile orok boto eskubidea du eta balio berdina dute, hau da, Neillen botoak eta sei urteko haur batenak balio berbera dute. Asteroko asanblada hau Summerhillgo parlamentua ere deitua izan da. Bertan eguneroko bizitzaz eztabaidatzeaz gain, erabakiak eta neurriak hartzen dira komunitate osoak errespeta eta bete ditzan: isiltasun osorako ordua ezartzen da, norberarena ez den bizikleta hartu duenaren aurkako neurriak hartzen dira, isiltasuna derrigorrezkoa den uneetan -asanbladan horrela erabakitzen bada- zarata egiten dutenen aurkako neurriak hartzen dira eta abar.

Modu honetan haurrak demokraziaren eta justiziaren izpirituz blaitzen dira: taldean erabaki eta gero ezartzen dira zigorrak, arau-haustearekin lotura zuzena edukiko dute eta ideia morala edukiko dute bere baitan. Honela, legeak berdefinitu eta berriak sortuko dira: lehen egin zitekeena orain debekatuta egon daiteke, eta alderantziz ere bai. Honek guztiak ez du burokraziaren mekanismoen beharrik, asanbladan erabakitakoak une horretatik bertatik balioa baitu, eta astero presidente edo gidari eta idazkari ezberdina edukiko du asanbladak.

Neill erabat konbentziturik azaltzen da autogobernu honek ahalbidetzen dituela bere oinarri teorikoak gauzatzeko aukera, eta heziketa praktikaren eredu eraginkorrena dela eskola bat aurrera eramateko.



Neillen ideien hedapena, eta gaur egun gurean duten eragina

Neillek Summerhillgo eskola-barnetegian aurrera eramandako esperientzia azkar asko zabaldu zen Ingalaterra osoan, aldeko ahotsak azalduz eta aurkakoak ere bai. Halere, ideiok eztabaida pedagogikoan eduki dute eragina esperientzia praktikoan baino. EEBBetan zenbait esperientzia jarri ziren martxan korronte honen ikuspegia jarraituz, eta Europan, Alemania izan da jarraitzaile gehien eduki duen lekua, Alemanian bertan sortutako beste ikuspegi antiautoritarioen laguntzarekin: Lehen Hezkuntzako Frankfurteko eskola, Stuttgarteko kinderlandena... Gainontzeko tokietan eragin gutxi eduki du heziketa ulertzeko modu honek, nahiz eta Euskal Herrian bertan zenbait esperientzia pilotu egin izan diren. Donostian esaterako, zenbait gurasok bultzatuta 1975-76. urte bitartean Summerhillen teorietan oinarritutako esperientzia bat burutu zen, baina sei hilabete baino ez zuen iraun. Porrot egin zuen ohiko eskolaren ereduetatik aldentzen zelako, eta ez guraso, irakasle eta ikasleengatik. Zenbaiten aburuz, Neillen eredu hau EEBBetan gero eta hedatuagoa dagoen homeschooling korrontearen aitzindari da, eta Euskal Herrian era honetako zenbait adibide aurrera eramaten ari dira, hau da, deseskolarizazioa edo haurra eskolara ez eramatea. Azken batean, Neill irakurrita eta Summerhillgo esperientzia ezagututa ezinezkoa da heziketari buruzko eztabaida edota hausnarketarik ez piztea.



Bibliografia:

A. S. Neillen lan interesgarrienak ingelesez:

Liburuak

- Summerhill: A radical approach to education. 1962

- The free child. 1953

- Freedom- not licecnce. New York, 1966

- Talking of Summerhill. 1967

- Summerhill. Hart Publishing, New York, 1960

Artikuluak

- Can I come to Summerhill? I hate my scholl. Psychology Today. Maiatza, 1968

- Radical Private school (María Montessorirekin solasean). This magazine is about schools. 1go bolmena, apirila, 1966

- Summerhill mistakes. Times education Supplement 6. Maitza 1966



A. S. Neilli buruzko lanak ingelesez:

Liburuak:

- WALSMEY, J (1969): Neill and Summerhill. Penguin

- SEGEFJORD, B (1970): Summerhill Diary

- SWITZER, H (1968): Living at Summerhill. Coliers Book

Artikuluak:

- HART, H: Summerhill: For and Against. Hart. Pub & Co, New York, 1970



A. S. Neillen lanak alemanieraz:

- Theorie und Praxis der antiautoritären Erziehung. Reinbek

- Das Pinzip Summerhill: Fragen und Antworten. Reinbek



A. S. Neilli buruzko lanak frantsesez:

- BATES AMES, L (1972): Pour or contre Summerhill: Un dossier. Payor. Paris, 1966



A. S. Neillen lanak gazteleraz:

- Summerhill: un punto de vista radical sobre la educación de los niños. Fondo de Cultura Económica, Mexico, 1992

- Padres problema y los problemas de los padres. Editores Mexicanos Unidos, Mexico, 1980

- Corazones no sólo cabezas en la escuela. E.M.U. 1980

- Maestros problema y los problemas de los maestros. E.M.U. 1980

- El nuevo Summerhill. F.C.E. Mexico, 1994



A. S. Neilli buruzko lanak gazteleraz:

- JUIF, P eta LEGRAND, L (1980): Grandes orientaciones de la pedagogía contemporánea. Narcea Ediciones, Madrid. 204-13. orrialdeak.

- AUCHTER, T (1979): Crítica de la pedagogia antiautoritaria. Sociedad de Educación Atenas. 14-21. orrialdeak

- BATES AMES, L (1972): Summerhill: Pro y Contra. Fondo de Cultura Económica, Mexico

- HEMLEY, R (1975): Cincuenta años de Summerhill: las ideas de A. S. Neill y la escuela de Summerhill. Alianza, Madrid



A. S. Neilli buruzko lanak euskaraz:

- ARIZAL, J. B: Summerhill Donostian. HIK HASI, 1996ko otsaila, 5. zenbakia, 30-31. orrialdeak