GUNEAk bere lehen Adostasunen Txostena aurkeztu du.
Baina nolatan elkartu ziren kide hauek?
Jatorria Ipar-Hegoa fundazioak antolatutako topaketetan dago. 1998ko apirilaren 25ean "Euskal Eskolaren azken 20 urteak" izenburupeko topaketak antolatu zituen aipatu fundazioak. Bertan, Euskal Hezkuntzan diharduten hainbat erakundetako hamabi partaideri euren iritzia jasotzen zuen komunikazioa aurkeztea eskatu zitzaien. Eta baita egin ere. Azken urteetan hezkuntza munduan izandako gorabeherei buruzko hainbat komunikazio eta kolaborazio aurkeztu ziren.
Baina gauza ez zen aurkezpen soilean gelditu. Aipatu egunaren ondotik hainbat bilera burutu ziren, eta ikuspegi ezberdina zuten eta bakoitza bere aldetik aritzera ohituta zeuden kideak elkartzen hasi ziren. Denborak, etorkizunerako proiektuek, itxaropen berriek eta eraikuntzarako gogoak gure ahotan maiz erabiltzen dugun" ezina ekinez egina" leloa egi bihurtu zuten. hik hasi aldizkariak "Euskal Eskolaren azken 20 urteak" izenburuko liburua argitaratu zuen aipatu topaketetako aurkezpenak bilduz, eta aldi berean Hezkuntzaren Gizarte GUNEA lantaldea sortu zen.
Hezkuntzako gai ezberdinen inguruko eztabaida eta hausnarketarako bilgune izan nahi zuen GUNEAk, betiere bere oinarrizko abiapuntua garbi edukita: Euskal Herriak bere Hezkuntza Sistema propioa behar duela. Guztiok osatzen dugu Hezkuntza Sistema, gurasook, ikasleok, langileok... eta garrantzitsua da ahalik eta puntu gehienetan ados jartzea denok nahi dugun Euskal Hezkuntza Sistema eratu ahal izateko.
Bilgune honetan elkartu ziren guztiek hainbat puntutan ikuspegi beretsua zutela ondorioztatu zuten, eta hori oinarritzat harturik elkarrekin hainbat gai eztabaidatzeko eta adosteko gai zirela. Aipatu puntuak honako hauek dira:
1 - Euskal Herriak ez duela Hezkuntza Sistema propiorik eta Frantzia eta Espainiako estatuek araututako eskola-sistemak nagusi direla gure Herrian.
2 - Egungo Hezkuntza Sistemek ez dutela hizkuntz normalkuntza bermatzen. Eta lehen urrats bezala, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan ezinbestekoa dela.
3 - Erritmo ezberdinetan bada ere, euskalduntze mailan aurrerapen nabarmenak lortzen ari direla.
4 - Zentro eta Taldeko hezkuntza proiektu berritzaileak ugaritzen ari direla.
5 - Euskal kulturan oinarritutako curriculumaren beharra dugula.
6 - Euskal Herriak bere Hezkuntza Sistema behar duela.
Oinarrizko puntu hauen adostasunak bidea errazten zien aurrera begira ikuspegi ireki, aurrerakoi eta herrikoi batekin eztabaida zabaleko GUNEA sortzeko. Gune honen asmoa eztabaidan sakontzea eta elkarlanerako bitartekoa izatea da. Horretarako, eta eztabaida askea izan dadin, parte hartuko dutenak era pertsonalean jarduten dute, eta ez erakundeen ordezkari gisa.
GUNEAko kideen egitekoa, besteak beste, eztabaidak aberastuko dituen heinean euren erakundeetan eragitea izango da. Eta GUNEArena, berriz, elkarlanean jorratutako proposamenak egoki iruditzen zaien esparruetara -elkarte, giza erakunde, instituzio...- zabaltzea.
GUNEAren eztabaidagaiak
GUNEAren helburu nagusia Euskal Herriko Hezkuntza Sistema Propioa eratzen joatea da, eta horretarako tresna eztabaida eta elkarlana izango da. Baina zer eztabaidatuko da? Besteak beste, hainbat gai edo arlo aurreikusi dituzte. Esaterako, Euskal Herriko Hezkuntza Sistemak (EHHS) gizarte proiektu ala administrazio proiektu izan behar duen, EHHSren ardatza zeintzuek osatu behar duten, zeinek izan beharko lukeen EHHSren antolaketa administratiboa, zenbatekoa izan beharko lukeen ikastetxeen autonomiak, zein motatako partaidetza eta kudeaketa demokratikoa nahi dugun, nolakoa nahiko genukeen finantzaketa eta kontrol demokratikoa, nola birdefinituko genukeen irakasle ikasle arteko harremana, zein irakasle mota nahi dugun, administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak aztertu, zein hizkuntz eredu sistema behar dugun, nolako curriculuma dagokion Euskal Herriari...
Gai eta puntu ugari daude eztabaidatzeko, eta nonbaitetik hasi behar, eta euskaren gaitik abiatu ziren. "Euskara Irakaskuntzan" gaiari heldu zioten.
Hasteko, jardunaldi bat antolatu zuten 1999ko maiatzaren 29an Bilbon eta bi komunikazio aurkeztu ziren bertan: "Euskalduntze prozesua", Jon Moñux eta Juan Mari Elorzak aurkeztua; eta "Normalkuntza", Lore Erriondo eta Xabier Isasik prestatua.
Jardunaldian bertan, eta komunikazioak aurkeztu ondoren, maila pertsonalean edota erakunde ezberdinetatik etorritako hainbatek bere iritzia eman zuen.
Harrezkero, GUNEAko partaideak eztabaida sakonean murgilduta egon dira. Jardunaldiko komunikazioak eta eztabaidako iritziak oinarritzat harturik, gaia lantzen jardun dira, betiere maila pertsonalean. Eta lanaren fruitua abenduaren 11an aurkeztu zuten Donostian:"Adostasunen txostena".
Txosten honetan zazpi helburu estrategiko proposatzen dira, eta hauetako bakoitzean jorratu beharreko ildo estrategikoak, hurrengo 4-5 urtetan lantzekoak izango liratekeelarik (ikus Adostasunen txostena):
Guneakideei GUNEAri eta Adostasunen Txostenari buruzko bospasei lerrotako iritzia eskatu diegu. Hau da idatzi dutena.
Felix EZAMA
EIEF-FERE
GUNEAk bere prozesua aurrera zeramanean sartu nintzen foro honetan eta hasieran norabide zabal baten aurrean aurkitu nintzen, nire lankideek denbora dexente zeramatelako lanean.
GUNEAren barruan pentsaera, ideologia eta abiadura oso desberdinak daudela jabetu naiz. Gezurra dirudi Euskal Herri txiki honetan hainbesteko ikusmira anitza izatea. Ikusmin poliedriko horrek bere alde baikorrak eta ezkorrak dakarzkigu. Alde batetik, gure kultura benetan aberatsa dela. Baina beste aldetik, gure eguneroko ekintzetan benetako arazoei heltzeko zailtasuna dagoela.
GUNEAren Adostasun Txostena zerbait utopikoa iruditzen zait, batez ere Euskal Herriko azpigeruza zein-nolako plurala den ikusiz. Utopia honi bere alderdi errealista eransteko erakunde bakoitzak bere eztabaida sakonari heldu beharko lioke, eta hori falta zaigu, gure parte hartzea oso pertsonala izan dela ikusiz. Eta ziur nago eztabaida horrek oraindik aniztasun handiagoa sortuko digula.
Hemendik aurrera, bai eguneroko lanean kudeaketa zehatz baten bidez, eta baita ere gure aldameneko iritziak onartuz, nahiko zaila egingo zaigu bide berri hauek behar diren bezala jorratzea: utopiarekin topatzen baikara. Baina horretan datza apustu honen ardatz nagusia, hots, kaleidoskopio hau iparratzea. Eta bide horretatik abiatzeko prest gaude, ahal den neurrian inor jokoz kanpo utzi gabe.
Txostenean hitz biribil batzuk azaltzen zaizkigu: euskalduntzea, autonomia eta abar. Hitz horien azpian labirintu ugari daudenez, zein bidetik abiatzen garen, ortzadarreko helmuga dotore bat lor dezakegu.
Ezinezkoa zait nire barne sentimendu bat azaldu gabe bukatzea, hau da, GUNEAn beste ikusmirako kolektibo edo pertsona batzuk falta direla oraindik. Horregatik, ongi etorria iruditzen zait hartu genuen proposamena: "edonorrek har dezala parte foro honetan".
Iñaki ETXEZARRETA
Ikastolen Elkartea
Bai euskaldun hezkuntzari
Gabriel Arestik "ura darionean, surik eztatxeka" zioen. Euskaldun hezkuntzaren alde gaudenok urte franko, gehiegi, eman ditugu "publikoa/pribatua" dikotomiaren inguruan eztabaida alienantea elikatzen, gure arteko suziri jaurtiketan. Aurten bada, ordea, itxaropenerako aitzakia, GUNEAk "Euskara Irakaskuntzan" aztertu eta honen inguruan adostasuna lortu egin baitu. Ur freskoaren sorgunea izan da, eskola-sareen arteko gudu-sukar gaixotiari aire sanoa ekarri guraz. Hitz adostuak ekintzak bihurtzeko txanda dugu orain, eta hauen gainean adostasun berriak eraiki, gure gizarte-erakundeak eta agintari politikoak horretan konprometituz, Euskal Herriak inoiz hezkuntza propioa izango badu.
Ainhoa AZPIROZ eta
Joxe Mari AUZMENDI
hik hasi aldizkaria
GUNEAren hastapenetan hik hasiri koordinazio lana proposatu zitzaionean, ez geneukan batere garbi zer egin. Euskal Hezkuntza mundua ezagututa, ba ote zegoen elkarlanean aritzeko aukerarik? Erronkak merezi zuelakoan, baietza eman eta lanean jarri ginen.
GUNEA jatorri, ohitura eta interes ezberdineko kideez osaturik dagoenez, zailtasunak ugariak dira. Dena den, kideen jarrera irekiak, ausartak, errespetuzkoak, eta gaiak aztertzerakoan axalkeriak baztertuz sakonak izateko nahiak, bidean egon zitezkeen trabak erraz gainditzen lagundu dute. Aurrerantzean ere, hala izan dadila!
Ana EIZAGIRRE
Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkartea
GUNEAren garrantzia, egun, hezkuntzaren munduko ikuspegi guztiz desberdinen arteko eztabaida irekia emateko aukeran datza. Berezko Hezkuntza Sistema baten behar komunetatik abiatuz, honen definizioa zehaztu eta egiaztatzen saia gaitezke, geure erakundeen helburuak sendotzen laguntzen gaituen bitartean.
Marije FULLAONDO
Ikasbatuaz
Ezinbestekoa du Euskal Herriak Hezkuntza Sistema propioa, pentsaezina baita Hezkuntza Sistemarik gabeko nazioa. Euskal Herriaren behar horri gure aportazio xumea egiteko nahiak batu gaitu GUNEAn irakaskuntzan dihardugun erakunde anitzetako partaideak.
Aniztasun honetan datza, hain zuzen ere, GUNEAn lortutako adostasunen garrantzia. Euskal iraskaskuntzan sare eta sektore desberdinetan lanean ari garen eta hezkuntza eredu desberdinak defendatzen ditugun kideak biltzen gara bertan. Hala ere, desbedintasun horien gainetik jarri dugu gure helburua, eta saiakera horrek erakutsi digu adostasun maila handia lor dezakegula hainbat gairen inguruan.
"Euskara Irakaskuntzan-Adostasunen Txostena" izan da, azterketa eta eztabaida sakonen ondorioz, GUNEAk eman duen lehenengo fruitua. Euskal gizarteari dagokio orain lan horren balorazioa egitea.
Nire aldetik zera esango nuke; helmuga horretara iristeko bidaiak izan duela emaitzak besteko garrantzia. Elkarlanak ahalbidetu du adostasuna, eta elkarlan horrek berak emango die indarra ateratako etekinei.
Jakes SARRAILLET
Iparraldeko Erakasleak
Ez da lehen aldia erraiten dudala eta seguraski ez da azkena ere izanen, baina derrigorrez gogoan atxiki behar da oso bestelakoak direla erakaskuntza sistemak Ipar eta Hegoaldean. Hortakotz, GUNEAn aitzinatzen diren proposamenak eta ideiak ez da uste izan behar diren bezala aplikagarriak direla Iparraldean.
Ezkorra izan gabe, pentsatzen dut gogoeta hauen helmena oso mugatua dela hemen, eta hortakotz GUNEAk ez du bestelako oihartzunik Iparraldean. Baina zailtasunak zailtasun, on da gogoetak egitea egin behar litekenari buruz eta informazio gisa baizik ez bada ere, iduri zait hauek helarazi behar litzaizkiekeela Iparraldeko erakasle guziei.
Jesus Mari LARRAMENDI
ELA Irakaskuntza
Bukatzear dagoen urte honetan GUNEAk jarraitu duen dinamika bi hitzetan laburtuz, irmotasuna eta zabaltzea azpimarratuko nituzke.
Irmotasuna, honelako ekintzen inguruan sortzen diren zailtasunak gaindituz, GUNEAren eragileek haren garra bizirik mantentzea lortu dutelako.
Zabaltzea, bere partaideen artean izaera eta interes oso desberdinetako pertsonak biltzea lortu duelako.
Horregatik, eta eginiko lanagatik, zorionak eta segi aurrera.
Belen ARRONDO eta Jon MOÑUX
EILAS sindikatua
Irakaskuntza funtsezko esparruetariko bat izanik, Euskal Herriak bizi duen garai berri honetan, beharrezkotzat jotzen dugu Hezkuntza Sistema propioa garatzea, eta noski, horretarako zehaztu beharra dago. Guretzat, zehaztapen horretan irakaskuntza publikoak izan beharko luke ardatza. GUNEA leku egokia da hausnarketa horretan urratsak emateko, kontuan izanik bakoitzak ditugun iritziak eta ibilbideak, ahal den neurrian ondorio komunetara heltzeko.
Orain arte euskalduntzearen inguruan egindako hausnarketa eta ateratako ondorioak positiboak izan dira, orain hori gizarteratzea eta gauzatzea dagokigu. Hemendik aurrera ere, lana eta gogoa ez zaigu faltako.
Edu ZABALA
LAB Irakaskuntza
Nire ustez, une honetan GUNEA errealitate sendo bat da irakaskuntza arloan, eta bi urte hauetan bere gaitasuna frogatu du Hezkuntza Sistemaren inguruan eztabaidatzeko eta proposamen zehatzak egiteko. Garrantzi berezia du sentsibilitate ezberdinetako pertsonek adostasunetara iristeko erakutsi duten borondateak. Elkarlan hau hurrengo urteetan areagotu eta zabaldu egin daiteke.
Euskararen egoeraren inguruan lortutako adostasuna ekarpen garrantzitsua da euskal irakaskuntzaren normalkuntza prozesuan, eta oso egoki jasotzen ditu egungo gabezia nagusiak eta datozen urteetarako lan ildo eta konpromezuak.
Igor ARROYO
Ikasle Abertzaleak
Euskal Herria irakaskuntzatik eraikitzeko premia nabaria den garaiotan, euskal hezkuntza eremu nazionala aintzat hartuta, nahi eta behar dugun eskola eredua eraikitzen joan behar dugu. Eta ildo horretan kokatu beharra dago, hain zuzen ere, GUNEAren lana: Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren nondik norako nagusienak zehazteko lana. Zentzu honetan, gakoa den euskararen arloan adostasuna lortu izanak aurrerapauso izugarria suposatzen du. Hemendik aurrera etorriko diren urratsak hiru norabidetan eman beharko genituzke:
1.- Euskararen inguruko adostasuna hezkuntza ereduan funtsezkoak diren gainontzeko arloetara zabaltzea eztabaidaren eta ekinaren bidez.
2.- Lortzen goazen adostasunak ekimen zehatz eta praktikoetan artikulatzea, teorizazioa baino haratago joanez eta Euskal Hezkuntza Sistema propioaren aldeko fronte indartsua osatuz.
3.- Hala lortzen diren adostasunak, nola artikulatzen diren dinamikak, ikastetxe guztietan hedatzea, hau da, biltzen garen pertsonen eremua gainditu eta irakaskuntzako kide guztiak bustitzea honetan.
Rikardo EDERRA
Sortzen
Itxaropenez agurtzen dugu Nafarroatik GUNEAk lortu duen sentsibilitate ezberdinen metaketa euskara gaiaren inguruan, eta beste gaien inguruan gauza bera egiteko denon konpromezua. Dudarik gabe, Euskal Herrian gaur egun bizi dugun haize berriak lagundu egin du klitxe zaharrak hausten. Hala ere, ez dago zalantzarik horretarako gutxienez guk gogo handiak genituela. Horrekin dauden suspikazia eta aurreiritziak gainditzen pauso txikia eman dugula espero dugu Sortzenetik, Euskal Eskola Publiko Berrirako bidean, gainditzeko baldintza baita denon konfidantza gehitzearena.