045: Sortzen-Ikasbatuaz elkarte bateratua eratu da Euskal Eskola Publiko Berriaren alde.

2000-02-01
Berriaren esanahia gorpuztuz, etorkizuna hobetu
 
 
Zorionak.

Lehenik eta behin, zorionak Sortzeni.

Sortzen taldearen hastapenetan, Euskal Eskola Publiko Berriaren aldarrikapena zenbaitentzat eskaera koiunturala izan zen. Nafarroako taldeak, berriz, helburu estrategiko gisa hartu zuen. Irakaskuntza euskalduntzea zeregin nagusitzat hartuz eta bertako egoerari egokituz, Sortzenen asmoa gorpuzten joan da herrialdean erreferentzia garbia bihurtu arte.

Zorionak, bestetik, Ikasbatuazi. Azken hogeitabost urte hauetan asko izan dira sare publikora pasa diren ikastolak. Hasieran, Arabako Araia edo Dulantzi, Bizkaiko Arratia, Nafarroako Leitza eta beste dozena bat, eta Gipuzkoako beste zenbait. Hasierako haiei, 93ko publifikazioaren ondorioz multzo handiak jarraitu zien.

Ikastola bakoitzak sare publikoari bere ekarpena egin dion arren, bere osotasunean ez direla inoiz errekonozituak izan esan behar da. Administrazioek ezartzen dituzten irizpideek, legeriek, dekretuek, aginduek, zirkularrek eta abarrek ikastetxe bakoitzeko eguneroko bizitza baldintzatzen dute.

Zurrunbilo horri aurre egitea nahikoa zaila dela ederki asko erakutsi digu denborak. Administrazioek beraiek duten eredu bakar eta homogeneora egokitzea eskatzen dute, eta egunerokotasunak horra eramaten ditu. Dena den, euren eskola proiektuak aurrera ateratzeko egin dituzten ahaleginengatik ezagutzera eman dira, besteak beste, Antzuolako Herri Eskola eta beti talde bezala antolatuta egon diren Goierriko Herri Eskolak (Zaldibia, Ormaiztegi, Idiazabal, Zegama, Segura, Legorreta, Itsasondo...).

Hala eta guztiz ere, sare publikora pasa diren ikastolen artean Ikasbatuaz erakundea izan da talde bezala antolatu eta euskal eskola publiko berri baterako oinarriak markatu dituena.

Azkenik, zorionak biei; bakoitzak bere aldetik jorratu duena bestearekin konpartitzeko prest agertu delako. Ez da kanpora begira egindako elkarketa, oinarri eta helburu berdintsuak dituzten bi taldeen bateratzea baizik.

Aurrera begira, orain arteko bi erakundeei bezala, elkarte bateratuari ere bere elkarlana eskaintzen dio Hik Hasik.

Bestalde, ziur gaude elkarte berriak markatu dituen helburuen lorpenak Euskal Herriko hezkuntza hobetzeko balioko duela. Eta horretan datza gure zoriontzearen arrazoirik nagusiena.