HEKO: Hezitzaile eta komunikatzaileen kolektiboa

2000-02-01
Urtarrilaren 29an legeztatu zen HEKO kolektiboa, eta elkarte juridiko bezala eratua gelditu zen. Orain dela lau urte sortu zen taldea, eta urte hauetan zehar lanean jardun dira sortzaileak komunikabideek gizartean eta hezkuntzan duten eragina aztertuz. Legeztatzearekin, beste urrats bat emateaz gain, kolektiboaren hurrengo lanen berri eman dute, eta nola ez, parte hartzeko deia luzatu ere bai.
 
 
HEKO hezitzaile eta komunikatzaileen kolektiboa da. Komunikazio mediatikoaz eta hedabideek gizartean eta hezkuntzan duten eraginaz arduratzen diren talde eta pertsonak bildu eta harremanetan jarri nahi ditu. Komunikazioarekin eta komunikazioaren arloko hezkuntzarekin zerikusia duten gertaera guztiak aztertzea eta hausnartzea da bere xedea, eta hedabideei buruz eta hauek gizartean duten eraginari buruzko eztabaidak sortzea. Gai horien inguruan elkargune bihurtuko den talde izan nahi du, bereziki hezkuntza esparruari begira ariko dena.

Izan ere, komunikabideen aurrean kritikotasuna eta hausnarketarako gaitasuna izata oinarrizkotzat jotzen du HEKOk, bai norberaren garapena osatzeko, bai komunikabideen hobekuntza bultzatzeko. Eta horretan guztian laguntzea da HEKOren zeregina.

HEKO kolektiboan hedabideetatik eta hezkuntzatik zetozen zenbait pertsona elkartu ziren. Komunikabideek heziketan duten eraginagatik interesatuta zeuden, eta horren aurrean gizartean sortzen diren galderei eta premiei erantzuteko beharra ikusi zuten. Elementu mediatikoek gero eta nabarmenago kontrolatu eta zuzentzen duten mundu honen garapen zorabiagarria ikusirik, hezkuntzaren eta komunikazioaren munduko profesional hauek beraien ahalegina eta lan ildoak bateratzeko premia sentitu dute, hedabideen gorakadak gure gizarteari egiten dizkion desafioei aurre egiten saiatzeko.

Egoera honen aurrean, HEKO kolektiboak zenbait helburu orokor lortu nahi ditu:

- Hezkuntzako eta komunikazioko profesionalen arteko elkarlana finkatu eta hobetu.

-Irakasle eta kazetarien artean dibulgazio eta prestakuntza ekintzak bideratu.

- Hedabide guztiekiko harremanetarako aukerak eman eta esku hartze eta lankidetzarako ereduak aurkitu.

- Ikus-entzunezkoen hezkuntza eta komunikazio arloa hobetu, eta horretarako curriculumetan eta ikasgeletan benetan gai hauek sartzeko bide berriak bilatu.

- Arlo honetan diharduten talde eta pertsonen arteko esperientzien eta jardueren arteko trukea erraztu, bereziki Euskal Herrian, eta ekintza bateratuak antolatzeko aukerak bilatu.

- Hezkuntzari eta komunikazioari buruzko informazio eta dibulgazio aldizkari bat sortu, irekia eta denok elkarlanean egina, taldearen lotura izango dena eta plataforma gisa erabiltzeko balioko duena.

- Antzeko helburuak dituzten taldeekin harremanetan jarri.

Taldea legeztatu delarik, hemendik aurrera HEKOko kideak hilean behingo bileretan elkartuko dira. Aldi berean, taldea sendotzeko eta kideak gehitzeko asmoa ere badute. Orain arte, sortzaileak gipuzkoarrak izaki, jarduera gehienak Gipuzkoan egin dira, baina hemendik aurrera Euskal Herri osora hedatuko dira.

Bilera eta jarduera horietan parte hartzeko aukera, berriz, interesa duen edonori zabaltzen die, bai pertsona gisa parte hartzeko, bai eta talde gisa ere. Horretarako, izena ematea eta taldearen dinamikan sartzea nahiko da. Helbide hauetan eskura daiteke informazio gehiago:

HEKO kolektiboa

Posta kutxatila 4052

Donostia 20080

hekokolektiboa@worldonline.es

web orria:

http://home.worldonline.es/hekokole

Web orria komunikazioaren gaia ikuspegi kritikotik jorratu nahi duten hezitzaile eta kazetarien topaleku izatea nahi dute. Halaber, esperientzien trukaketarako tokia, birtuala baldin bada ere. Orain euskaraz eta gaztelaniaz baldin badago ere, laster eleanitza bihurtuko da, katalanez, galizieraz eta frantsesez ere irakurri ahal izango baita.

Webgunea bost ataletan banatua dago: batetik, HEKO kolektiboari buruzko informazio orokorra aurki daiteke; bestetik, komunikazioaren inguruan dagoen materialaren bilduma txikia egin dute; hirugarren atalean, bestelako lotura interesgarriak proposatzen dituzte; laugarrenean, zenbait proiektu eta esperientzia azaltzen dira; eta azkenik, HEKO kolektiboan parte hartzeko bete behar den txartela agertzen da.

Webgunea hobetzeko eta handitzeko asmoa dute, eta hori posible egiteko, esperientziak, proiektuak eta jarduerak biltzeko deia luzatzen dute.



HEKOren antzeko taldeak Euskal Herritik at

HEKO Euskal Herrira mugatzen den kolektiboa da, baina inguruan badira horrelako proiektuak eta lanak bultzatzen ari diren erakunde gehiago.

- Mitjans, Xarxa d´Educadors y Comunicadors taldea, esaterako, Katalunian dago. Bartzelonan sortu zen 1997an. Irakasleek eta kazetariek osatua dago, eta buletin bat argitaratzen dute. Bi urte hauetan jarduera asko antolatu dituzte. HEKOk talde hau hartu zuen eredutzat bere sorreran.

- EntreLÍNIES, Xarxa d´Educadors y Comunicadors taldea Valentziakoa da. Lotura handia du Mitjans taldearekin, baina autonomoa da.

- Apuma. Asociación de Profesores/as usuarios/as de Medios Audiovisuales taldea duela zortzi urte sortu zen Madrilen. Partaide gehienek irakaskuntzan egiten dute lan. Jardunaldiak eta ikastaroak antolatzen dituzte, eta hiruhilero "Educación y Medios" aldizkaria argitaratzen dute.

- Colectivo Pedagógico M.AV.I.E. Kanarietan sortu zen 1994an, maila ezberdinetako sei irakaslek osatuta. TOMANANTE Pedagogia Berrikuntzarako Mugimenduaren barruan lan egiten dute.

- Grupo COMUNICAR 1988an sortu zuen irakasle eta kazetari talde batek Andaluzian, eta Grupo Pedagògico Andaluz Prensa y Educación osatu zuten. 1993an "Comunicar" aldizkariaren 1. zenbakia argitaratu zuten. Seihilero argitaratzen da eta erreferente bilakatu den aldizkari da. Bestalde, liburuak eta mural didaktikoak ere argitatzen dituzte, eta jardunaldi eta ikastaro anitz antolatu.

- PÉ DE IMAXE Galiziako taldea da. Urtero kongresu bat antolatzen dute A Coruñan eta urtengoa 9.a izango da. Partaide gehienak irakasleak dira eta Nova Escola Galega Pedagogia Berrikuntzarako Mugimenduan integratuta daude.

- SPECTUS taldea osatzen duen irakasle taldeak ikus-entzunezko arloan jarduera asko garatu izan ditu. Euren proiektua liburu batean jasorik dago: Aprende conmigo. La televisión en el centro educativo . MEC-De la Torre (1996).

- NIMECO-BARN MEDIA KUNSKAP Suedian kokatuta dagoen taldea da. Ana Garviz eta Jorge Pozo dira dinamizatzaile nagusiak. Talde honetaz gehiago jakiteko, liburu hau irakur dezakezue: Niños, medios de comunicación y su conocimiento. Herder (1994).

Oro har, talde hauei buruzko informazio gehiago euren webguneetan aurki daiteke:



Mitjans

http://mitjans.pangeo.org



entreLÍNIES

http://www.teleline.es/

personal/elinies



Apuma

http://www.arrakis.es/~apuma



Colectivo Pedagógico M.AV.I.E.

http://www.ull.es/publicaciones/

tecinfedu/MAVIE.htm



Grupo COMUNICAR

http://www.teleline.es/personal/

comunica



SPECTUS

http://www.spectus.net



NIMECO-BARN MEDIA KUNSKAP

bmk-nimeco@mbox200.swipnet.se



Association Europeenne pour l´education aux medios audiovisuels

http://www.datanet.be/aeema





DOLÇ, Mavi eta DEÓ Francesc-Josep: "Heziketarik ez dagoenez, zailtasun handia dago komunikabideen eraginei aurre egiteko"



Mavi Dolç eta Francesc-Josep Deó Kataluniako Mitjans, Xarxa d´Educadors y Comunicadors taldeko kideak dira. Euskal Herriko HEKO kolektiboaren pareko taldea da, eta horientzat eredu dena. Hezkuntza eta komunikabideen arteko erlazioaz eta eraginaz kezkatuta dauden pertsonak biltzen ditu. Merezitako lekua eta sinesgarritasuna lortu dituen talde honek, gizartean esku hartu nahi du ikus-entzunezkoen eraginaren aurrean ahotsa goratuz.



Nola sortu zen Mitjans, Xarxa d´Educadors y Comunicadors taldea?


Mavi Dolç.- Hezkuntzari eta komunikazioari buruzko ikastaroetan, tailerretan eta jardunaldietan gai horietan interesa edo kezka genuen pertsonak biltzen ginen, eta azkenean beti berdinak izaten ginen, batean eta bestean topo egiten genuen. Horrela, jardunaldi eta ikastaro hauetan parte hartzen zuten guztiei deialdi bat egitea bururatu zitzaigun bospaseiri, eta horixe egin genuen. Deialdi honetan jendea bildu eta elkarrekin zerbait egiteko aukera aztertu nahi genuen, lan talde bat osatu.

Francesc-Josep Deó.- Gure harridurarako, uste baino jende gehiago etorri zen, hirurogei inguru, eta bilera aretoa txiki gelditu zitzaigun.

Erantzun hori ikusita eta bildutako jendetza aprobetxatuz, urrats bat gehiago ematea erabaki genuen, eta ez lan talde bat bezala gelditzea, hasieran pentsatu bezala. Aurrerago jo eta elkarte bat sortzeko aukera ikusi genuen.

Horrela, lehen deialdi honek emandako bultzada eta indarra aprobetxatuz, bi hilabete beranduago asanblada eratzailea egin genuen eta Xarxa d´Educadors y Comunicadors taldea sortu. Aurkezpena, berriz, beste bi hilabete beranduago egin genuen Bartzelonako Kazetaritza Eskolan. Sindikatuak, hezkuntzako jendea, Hezkuntza Zientzien fakultatekoak, Dokumentazio Zientzien fakultatekoak eta abar etorri ziren, funtsean hezkuntza eta komunikazio arloko jendea. Aurkezpena Francesc Escribano eta Joan Ubedak egin zuten, TV3ko bi profesional onenetakoek eta kazetari bezala prestigio handia dutenek.

Aurkezpenaren ondoren gure presentzia areagotu egin zen; irratiek elkarrizketetara eta solasaldietara deitzen ziguten, TV3k ere hainbat eztabaidetan parte hartzera gonbidatu gintuen... Ideia gorpuzten zihoala ikusten zen: hasieran 40 lagun biltzen zituen taldean gero eta jende gehiago joan zen inplikatzen.



Nola dago antolatua Mitjans, Xarxa d´Educadors y Comunicadors taldea? Zein egitura du?

Dolç.- Erakunde horizontala eta deszentralizatua da, sare baten moduan antolatua dagoena. Hezkuntzaren eta komunikazioaren arloan lanean dabilen, kezkatuta dagoen edo interesa duen jendeak hartzen du parte, eta hauen arteko harremana bideratzen du. Horregatik diot horizontala dela. Baina aldi berean, bere barruan kolektibo desberdinak daude; telebistaren inguruan lan egiten dutenak, zine munduan, informatikaren alorrean edota indibidualki kezkatuta daudenak. Bakoitzak bere lana egiten du, inoren lana zapaldu gabe. Alde horrretatik erakunde deszentralizatua da.



Hezkuntza eta komunikazioa batzen ditu Mitjansek. Partaide gehienak irakasleak eta kazetariak al zarete?

Deó.- Bai, gehienak bai, hezkuntzako eta komunikazioko profesionalak gara. Gaur egun %70 hezitzaileak gara, eta %30 kazetariak. Kazetarien artean gehienak hezkuntza arloa lantzen dutenak edo hezkuntzarekin sentsibilizatuta daudenak izaten dira, nahiz eta prentsa bulegoetakoak ere egon. TVEko haur programaren zuzendaria, adibidez, lehendabiziko egunetik bazkidetu zen. Hezkuntzaren arloan, berriz, alderantzizkoa gertatzen da. Gehienok komunikazioaren arloarekin sentsibilizatuta gaudenak gara.



Zein da zehazki elkartearen egitekoa?

Deó.- Funtsean hiru betebehar ikusten ditugu. Lehendabizi, komunikazioan hezitzeko planteamendua eta beharra erakustaraztea, eta hori sozialki eragitea medioen eta eztabaiden bitartez. Bigarrenik, komunikazio edukiak hobetzen saiatzea, batez ere telebistaren kasuan. Era berean, edozein publiko motarentzat, eta ez haurrentzat soilik, egokiak iruditzen ez zaizkigun edukiak salatzea. Eta azkenik, Hezkuntza eta Komunikazioa gelako curriculumean sartzeko beharra.

Gure lana ez da medioen ikerketa edo ezagutza, ez argitalpenak egitea, ez tailerrak antolatzea. Hori ere egiten dugu, baina guri ez zaigu hori interesatzen, sozialki esku hartzea baizik. Gauzak behar behar diren lekutik ez direla bideratzen ikusten badugu, hori aldatzen saiatzea da gure betebeharra.



Esparru honetan zer egin duzue orain arte?

Dolç.- Gauza anitz egin dugu, eta batez ere, komunikabideengan eta administrazioarengan eragin. Hori bi modutara egin dugu. Alde batetik, telebista guztiek Madrilgo Hezkuntza Ministeritzarekin 93ko apirilean sinatu zuten autoerregulazio hitzarmena kaxoitik atera genuen, eta hori izan zen gure lehen borroka. Hitzarmen honetan, telebista guztiek eta administrazioak lanak eta ikerketak egiteko eta telebistako eduki hezitzaileen gaineko sentsibilitatea adierazteko hitza hartu zuten. Telebistak informatzeko, entretenitzeko eta hezitzeko balio duela esaten da, eta benetan hezitzeko alderdi hori kontuan har zedin sinatu zuten hitzarmena. Baina gero ez zen ezer ere jakin.

Horregatik, guk hauts artetik atera genuen hitzarmena eta gutunak bidali genizkien telebistei eta Ministeritzari. 93az geroztik, urte horietan guztietan, zer egin zuten galdetu genien. Eta noski, ez zuten ezer ere egin. Orduan, zerbait egin behar zeneko kontzientzia piztu genuen. Hori izan zen egin genuen lehen gauza.

Deó.- Ondoren beste ekintza bat ere burutu genuen. TVEn Chavo izeneko programa mexikar bat eskaintzen zuten. 50eko hamarkadakoa zen, benetan zatarra; emakumea ileko erruloak jarrita agertzen zen, egun osoan haurrei joka... Horren aurrean oso ongi argudiatutako salaketa ipini genuen, hura ordu hartan emititzea ez genuela egoki ikusten adieraziz eta ez zela batere hezitzailea esanez. TVEk berak ere zoriondu egin gintuen oso ongi idatzia zegoela esanez, nahiz eta beraiek ados ez egon. Beste komunikabideetara eta telebistetara bidali genuen salaketa, eta saioa kendu egin zuten; gutxienez hori lortu genuen.

Haur eta gazteen programen jarraipena egiten dugu, eta baita programazio orokorrarena ere. Ikertu eta kritikatu egiten ditugu, eta interesik ez dutela edo ezer berririk ez dutela esaten iruditzen zaizkigun programak izendatu.

Dolç.- Horrelako gauza ugari egin ditugu. Komunikabideei zenbait proposamen ere egin dizkiegu. Adibidez, aholkularitza pedagogikoko bulegoak sortzea komunikabideetan. Baina oraingoz ez dugu horrelakorik lortu. Dena dela, jakin dezatela gauza hauetaz kezkatuta dagoen jendea dagoela, eta ez diegula kontzientzia lasai utziko nahi dutena egin dezaten.

Deó.- Gauza guztiak zehaztasun handiz egiten ditugu, ongi argudiatuta. Ez ditezela panfleto hutsak izan.



Ekintza hauek komunikabideei zuzendutakoak dira. Ikastetxeei begira zer egiten duzue?

Deó.- Batez ere telebistaren gaia landu dugu ikastetxeen kasuan.

Arazoa da Katalunian Ikus-Entzunezkoen Programa bat badagoela, eta teorian laguntza eta informazioa emateko dagoela. Baina azkenaldian programa hau bereziki TV3rako haur programazioa egitera bideratu izan da. Äudientzia barregarria duen programazioa da, eta ez dugu uste Generalitateko Hezkuntza Departamenduko Ikus-Entzunezko Programa batek eduki behar duen funtzioa hori denik, telebistaren ekoizle izatea, alegia.

Dolç.- Bestalde, Hezkuntza Sailari egin genion beste salaketa bat zera izan zen: ez dituela inoiz hornitu eskolak behar hainbeste telebistekin eta bideoekin, ordenagailuekin ez bezala. Telebistarekin pasa dena ez da gertatu ordenagailuarekin. Teknofobia bat sortu da telebistaren kasuan, kuriosoki ordenagailuaren kasuan gertatu ez dena. Guk uste dugu nahiko frogatua dagoela telebistaren diskurtsoa botereak zentratzen duela, berak nahi dituen balioak eta ezagutzak bultzatzen dituela dagoen ordenu soziala mantentzeko, eta hori eskolan ez azaltzea gogorra iruditzen zaigu.



Honi buelta emateko zer ekintza burutu dituzue?

Deó.- Gure aldetik, orain arte jardunaldi bi antolatu ditugu. Horietan hezkuntzaren eta komunikazioaren munduan dabiltzan elkarteei (irakasleen elkarteetatik hasi eta ikus-entzuleen eta kontsumitzaileen elkarteetaraino) hitza ematen saiatu gara. Iaz ospatu ziren bigarren jardunaldietan "Telebista hezkuntzan" gaiari heldu genion. Hainbat esperientzia eraman genituen telebista curriculumean sartzeko aukerak aztertzeko.

Jardunaldiez gain, laguntza deialdiak ere burutzen ditugu. Eskola eta institutuei eta herri telebistei zuzendutako deialdiak dira, proiektu bateratuentzat, hots, ikastetxeen eta herri telebisten artean egindako proiektuentzat. Honekin telebista eskolara hurbildu nahi dugu, eta ganorazko aktibitateak egin, hots, analisi eta produkzio aktibitateak.

Iaz hiru laguntza eman genituen eta ikasturte honetan garatuko dira proiektuak. Otsailean bigarren deialdia egingo dugu. Aurten dirulaguntza handitu egingo dugu eta telebistaz aparte, irratira ere zabalduko dugu, baina beti herri mailako mediora mugatuz. Izan ere, helburua herri mailako medioa eskolara hurbilaraztea da, eta beste medioek ez duten hurbiltasuna dutelako horiek. Gainera, ordu asko bete gabe izaten dituzte, eta bertako teknikoekin eta irakasleekin zenbait produkzio aktibitate egin daitezke.



Zein da ikastetxeetan ikusten duzuen hutsune, gabezia edo arazo handiena?

Deó.- Oinarrizko gauza bat dago. Eskolan eta institutuetan oso gutxi ekoizten da, eta ez da analisirik eta edukiaren kritikarik egiten. Gaur egun pertsona bakoitzak batez beste egunero hiru ordu ikusten badu telebista, telebistaren kontsumoak ezin du hezkuntzatik at egon, neurri batzuk hartu behar dira, bai eskolan eta bai etxean.

Familien kasuan aholkatu egin behar zaie, nahiz eta zaila izan. Adibidez, telebistak ez du egongelako lekurik garrantzitsuenean egon behar, altzari itxi batean edo kokatzen saiatu behar dugu, haurrek bila dezatela erakargarritasuna eta interesa beste gauzetan. Gurasoek seme-alabekin egoten saiatu behar dute telebista pizten dutenean, eta ematen duten informazioa komentatu eta gehitu behar dute.

Bada beste gauza garrantzitsu bat ere: bideoa ez dela behar adina erabiltzen. Gurasoek seme-alabentzat interesgarritzat jotzen dituzten programen sailkapena egin dezakete bideoarekin. Horrela, menu propioa egin dezakete, eta ez daukate telebistaren programazioa jarraitu beharrik. Programazio horretatik nahi dutena aukera dezakete, eta orduan baino ez piztu telebista. Intereseko programa batetik bestera dauden denbora tarteak bideoan grabatuta dauden programekin, dokumentalekin, bideo dendako edo kioskoetako bideoekin eta abar bete ditzazkete.

Dolç.- Zailtasun handia dago arazo hauei guztiei aurre egiteko, eta zergatik? Heziketarik ez dagoelako. Gurasook eta irakasleok askotan ez gara gai eskenaratze horien atzean dauden gezurrak aurkitzeko. Lan trinkoa, kontzientzia trinkoa eta analisi gaitasun nahiko sakona behar da zenbait gauza ikusteko. Adibidez, reality showak. Horietara joaten den jende gehiena aktorea da eta kontratatua, eta muntaia egiten duten bitartean, telebista aurreko jendeak etengabe negar egiten du. Edozein telebistatan aurki daitezke horrelako faltsifikazioak, TV3en edota BBCn. Washington Post-ek Pulitzer Sari bat irabazi zuen istorio faltsu batekin.

Baina, mozorro horiek guztiak kentzea zaila da heziketarik ez badago. Telebistan erakusten diguten guztia ez dugu sinestu behar. Erakusten digutena interpretatzen saiatu behar dugu, eta zergatik erakusten ari zaigun jakin. Horrela, agian ulertuko dugu aurkezten diguten modu hori ez datorrela bat errealitatearekin. Asko jota errealitatearen aurpegi edo alderdi bat izango da, momentu konkretu batean eta arrazoi zehatz batengatik ematea interesatzen dena. Honetaz guztiaz ohartzea zaila da espezialista ez bazara eta ikusten ez badakizu.



Nola erakuts daiteke pantailaren atzean dagoena? Nola hezitu?

Deó.- Produkzio prozesua ezagutzeak ikus-entzunezko mezuak nola egiten diren ikasten laguntzen du, kodea ezagutzen, alegia. Produkzio prozesuaz gain, mezuak dekodifikatzeko eta kritikoki analisatzeko elementuak erakusten badira, hori izan daiteke komunikazioan hezitzea. Gakoa da jakitea pantailaren atzeran zer dagoen, zer erakusten zaigun eta nola iristen den guregana. Hiru esparru horiek ezagutzea oso interesgarria izango litzateke ikus-entzule guztientzat, ez haurrentzat eta gaztetxoentzat soilik.

Dolç.- Nik ikasleei beti adibide hau jartzen diet: manifestaldi bateko irudiak ikusten dituztenean arretaz begiratu behar dela zenbat kamara dauden eta non. Zeren pertsona bat borrero izatetik biktima izatera pasa bait daiteke. Kamara poliziaren atzean jartzen bada, poliziak jasotzen duena baino ez da ikusten; harriak botatzen badizkiote, harriak ikusten dira. Berriz, kamara manifestarien aldean jartzen bada, poliziak ematen dizkien kolpeak ikusten dira. Aldi berean, 200 edo 200.000 pertsona daudela esan daiteke kamararen hartzearen arabera. Horregatik, irudi hauek ikusterakoan zenbat kamara dauden, non dauden eta zer erakusten duten begiratu behar da, eta hortik aurrera norberak bere interpretazioak egin ditzake.

Deó.- Gertaeraren eta hartzailearen artean kamara, errealizadorea eta kazetaria daude. Bitartekariak dira, bai onerako eta bai txarrerako. Gertaeraren irudiak eta mezua eskaintzen dituzte, baina hori errealitateaz eurek egiten duten interpretazioa da, ez errealitate osoa. Eta noski, ikuspuntu horrek hartzaileak errealitateaz egiten duten irudia baldintzatzen du. Horregatik da garrantzitsua produkzio mekanismo horiek guztiak ezagutzea.



Orain arte gehienbat telebista jorratu duzue. Ikus-entzunezko gainerako medioekin ere antzeko zerbait egiteko asmorik ba al duzue?

Dolç.- Bai, gure zeregina eskolaren eta munduaren artean dagoen desfasea agerian jartzea da, eta beste medioak ere ezin dira ahaztu. Adibidez, bideo jokoen eta internetaren gaiari ere heldu nahi diogu. Bideo jokoen gaia, esaterako, oso kezkagarria da, oso lan gutxi egin dira horiei buruz eta oso kontrol gutxi dago. Internetaren kasuan ere berdin, baina berriagoa denez zaila egiten zaigu bere posibilitateak eta ustiaketak zein izango diren jakitea. Dena dela, badago Katalunian gai hau lantzen duen talde bat eta aurrerago gure lanarekin erlazionatu ahal izango dugu.