Kronika

2000-10-01
 
 
Iparraldeko Ikas-Bi elkarteak aurtengo sartzea oso txarra izan dela adierazi du. Miarritzeko Fal kolegioan, Baionako Marracq lizeoan eta Donibane-Garaziko Nafarroako lizeoan gela elebidunak irekitzeko egin eskaerek ez dute erantzunik jaso. Antzeko egoera jasan dute ama eskola eta lehen mailako eskola batzuek.
Bien bitartean gela elebidunetako ikasle kopuruak gorantz jarraitzen du. Hori dela eta, zenbait eskolatan irakasle postuak eskas gelditzen ari dira, Hazparnen, HIriburun Donibane-Lohitzunen, Hendaian eta Ahetzen kasu. Egoera horiei irtenbidea emateko Ikas-Bik mobilizazioak egin ditu.

Aurreko ikasturteko erronkak indartu nahi dira EAEn
Ikasturte berria martxan jarri da, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du berrikuntza handirik iragarri. 2000-2001 ikasturtean aurreko urtean abian jarritako ekimenekin jarraitzeko asmoa duela adierazi du Inaxio Oliveri Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak.
Alde batetik ingelesaren irakaskuntza bultzatzeko ekimenari eutsiko dio. Ikasturte honetan 230 ikastetxe hasiko dira 4 urteko ikasleei ingelesa irakasten.
Beste aldetik, informatikaren aldeko apustuarekin jarraituko duela ere iragarri du. Hurrengo hiru urteetan ikastetxe guztietan ezarriko dira ordenagailuak, eta internet edukitzeaz gain, elkarren artean lotuta egongo dira.
Aipatu bi asmo horiez aparte, Ebaluaketa Erakundea martxan jarriko da. Oliverik iragarri duenez, tresna honekin hezkuntza sistemak dituen gabeziak denbora gutxian konpondu ahal izango dira .
Arartekoarengandik etorri zaigu beste berrikuntza bat. Izan ere, giza eskubideetan oinarrituta material bat prestatu du ikastetxeetan banatzeko. Gelan giza eskubideen balioak lantzeko burutu daitezkeen ariketak proposatzen dira material honetan, eguneroko jarduna asko aldatu gabe erabil daitezkeelarik. Irakasleek horrelako lan tresna baten beharra zutela ikusita prestatu dute: ariketa errazekin eta material eskuragarriarekin egin daitezkeenak. Zenbait ikastetxetan froga gisa erabili dira eta irakasle talde batek aztertu zituen ikasleen beharretara ongi egoki ziteken.
Momentuz Lehen Hezkuntzarako ariketak prestatu badituzte ere, jarraipena eman asmoz, hasi dira DBHrako materiala prestatzen. •

Testuliburuen merkatzearen inguruan gorabeherak sortu dira
Testu liburuak saltzeko Espainiako Gobernuak onarturiko Erret Dekretu berria indarrean dago aurten, eta aldeko zein kontrako jarrerak piztu ditu.
Dekretu horren ondorioz, testu liburuen salneurria merkatzeko aukera zabaldu egin da. Lehen %12ko beherapenak egin baldin bazitezkeen, orain %25 artekoak egin daitezke, eta zilegi da liburuak kosta-prezioan saltzea.
Pozik eta baikor hartu zuten neurri hau guraso elkarteek eta kontsumitzaileen elkarteek. Testu liburuen doakotasuna lortzeko bidean pauso bat dela adierazi dute, baina ez dela nahikoa halere.
Bestalde, liburudendak kexatu egin dira, batik bat liburudenda txikiak. Hauek diotenez, salmenta toki handiek prezioak merkatzeko ahalmena badute, baina liburudenda txikiek ez. EAEn urte honetan 300 eta 400 milioi pezeta artean galduko direla iragarri dute.
Bien bitartean, salmeta toki handietan ikusi ditugu merkatzeak, baina Kontsumitzaileen Elkarteak salatu duenez, merkatze horiek ez dituzte legez egin. Batetik, ez dutelako azaltzen kosta-prezioan saltzen dituzten liburu horien abiapuntuko salneurria zenbatekoa den. Eta bestetik, merkatzeak egiten dituztenean ez dutelako adierazten zein zen aurreko prezioa.
Legeak dio merkatzearen zenbatekoa argi eta garbi azaldu behar dela. Horregatik, gertatutakoak gertatuta, Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzak zigorraren atariko eginbideak hasi ditu aipatu egoera eman den saltokietan. Hemendi aurrera ikusi beharko da zer gertatzen den.•

Berrikuntzaz baino gehiago, oztopoez hitz egin behar dugu Nafarroako ikasturte hasieraz mintzo garenean . Esaterako, Berriozarko Mendialdea eskola publikoan gela elebidunak badituzte, baina 4 urteko gelan haur gehiegi daude. LOGSEren arabera, 25 haurrek egon behar dute gehienez 3-6 urteko geletan, baina Mendialdean 26 daude. Gelaren bikoizketa eskatzea aho batez onartu zuten udalbatzan, eta Jesus Laguna Hezkuntza kontseilariarekin bilera bat ere eskatu zuten. Oraindik, ordea, ez dute erantzunik jaso.
Bestalde, Nafarroan 0-3 zikloa ezartzeko plana egin zuen Hezkuntza Departamentuak. Printzipioz 43 udalerritan jartzeko asmoa baldin bazuen ere, momentuz Lodosan baino ez da ezarri. Dena dela. Jesus Laguna Hezkuntza kontseilariak adierazitakoaren arabera, epe motzera ezarriko da sarea beste udalerrietan.
Beste datu baten berri ere eman du Laguna kontseilariak. Alegia, Hezkuntza Departamentuak eskola garraiorako plan orokor bat jarri duela martxan. Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako 11.860 haurren garraioaz arduratuko diren 125 ibilgailu kontratatu ditu.