Hurrengo uztailean berriro topaketak
Guztira 900 pertsona bildu ginen uztailaren 4, 5 eta 6an Donostiako Irakasle Eskolan, Enpresa-Ikasketen Unibertsitate Eskolan, Informatika falkutatean eta Ekintza ikastolan; 745 hartzaile, 119 hizlari eta 25 antolatzaile.
Topaketa hauek euskal irakaskuntzan gabiltzanon topaleku izatea nahi genuen, eta egiaz partaideon presentzia eta lekukotasun fisiko hori ikusi ahal izan dira.
Orain arte isolatuta eta bere kabuz lanean zebilen irakasleak bere kideekin elkartzeko aukera izan zuen. Aipagarria da oso jendearen motibazioa eta ilusioa nolakoa izan zen. Oso gustura eta gogo handiz ikusi genituen hartzaileak, interes handiarekin. Askok aipatu zuten horrelako ikastaroen premia dagoela eta jarraipena izan behar dutela. Horrek, dudarik gabe, izugarrizko poza eman digu, eta gure lanean jarraitzeko indarra, animoa eta ilusioa.
Zenbait ikastarotako materialarekin monografikoak argitaratuko ditugu, eta beste hainbat ekarpen eta esperientzia hik hasi aldizkarian kaleratuko dira.
Oro har, balorazio positiboa egiten dugu, eta baita parte hartu dutenek ere. Horregatik, 2001. urteko uztailean II. hik hasi Udako Topaketak antolatuko ditugu.
Topaketek iraun zuten hiru egun haien kronika bat egin nahi izan dugu partaideen iritziak kontuan hartuz; 745 hartzaileetatik 439k bete zuten banatu genuen balorazio orria. Bertan izan zinetenoi egun haiek gogora ditzazuen balioko dizuete, eta egon ez zinetenoi ideia bat egin dezazuen. Era berean, jasotako iritziek hurrengo topaketak hobeto antolatzeko balioko digute guri.
Sarrera ekitaldia
Uztailaren 3an Irakasle Eskolaren ingurua jendez bete zen. Ikastaroak hasi, sarrera ekitaldian txalapartariek, Porrotx eta Pirritx pailazoek, amona Josefinak, haurrek etahik hasiko eta Topaketetako koordinatzaileek eman zuten ongi etorria.
Vigostki
Ikastaro teoriko hau Pedagogia Fakultateko Gelategian burutu zen. 200 inguru matrikulatu ziren, ikastaro jendetsuena izan zelarik. Nahiz eta aurkezpen batzuren maila eskasa izan, oro har ikastaroa teoriaz janzteko beharrari erantzuteko ona izan zen. Dena den, parte-hartzaileek teoria jasotzeaz gain, hori praktikarekin uztartzeko beharra nabaritu zuten. Esperientzia konkretuak azaltzea eta eguneroko lan praktikora gehiago hurbiltzea faltan bota zuten. Hori bideratzeko mahai inguruak eta mintegiak antolatzeko proposamena luzatu zuten batzuk.
Ikastaro honetako material guztia bildu egingo dugu eta monografiko bat argitaratuko dugu horrekin.
Informatika Haur eta Lehen Hezkuntzan
Hasteko, informatikaren inguruko zenbait azalpen eman ziren. Gero lau tailer antolatu ziren informatikaren erabileraren alderdi metodologikoen azterketa egiteko eta erabiltzen diren programak era praktikoan ezagutzeko. Era berean, zortzi ikastetxetako irakasleek gaur egun gauzatzen ari diren esperientzien berri eman zuten, eta horren berri izatea oso interesgarritzat jo zuten. Baita gelan erabil daitezkeen baliabideak ezagutzea ere. Horrelako ikastaroa euskaraz jasotzea ere baloratu zuten. Era berean, esperientziak trukatzeko bideak irekitzea oso positiboa dela adierazi zuten.
Lehenengo urtea izanik eta 140 ordenagailu inguru erabili zirela kontuan harturik, zenbait akats tekniko egon ziren. Osterantzean, gauzak ondo atera ziren.
Internet, aplikazio pedagogikoak
Ikastaro honetako gaiak interesgarriak izan zirela aipatu zuten askok eta jarraipena emateko premia azaldu zuten. Hainbat proposamen bota zituzten: programekin praktika gehiago egitea, aldizkari elektronikoa egitea, web orriak egitea, metodologian sakontzea, Hik Hasi aldizkarian artikuluak argitaratzea Teknologia Berrien aurreko "beldurra" kentzeko eta abar. Ikastaroa euskaraz egitea baloratu zuten.
Afektibitatea eta Sexu Hezkuntza
Ikastaro honetako lehen egunean gai honen inguruko hitzaldiak eman zituzten hizlariek. Hurrengo bi egunetan hiru tailerretan banatu zen jendea; Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako tailerretan. Horietan sexualitatea lantzeko zenbait baliabide didaktiko eta metodologiko ezagutzeaz gain, bakoitzaren esperientzia, zalantzak, bizipenak eta beste hainbat gauza azalarazteko aukera egon zen.
Orokorrean hartzaileak oso gustura sentitu ziren tailerretan, gertutasunez eta erosotasunez lan egiteko aukera egon baitzen.
Hizlarien gaitasuna eta jarrera oso positiboki baloratu zituzten. Partaideen bizipenetatik abiatzea oso ongi iruditu zitzaien, eta are gehiago bakoitzaren eta guztien aportazioak onartzea, baloratzea eta positibatzea. Bildutakoen partaidetza oso handia izan zela aipatu zuten.
Hizlarien azalpenak biltzea eta eskuratzea komenigarria ikusten zuten. Lan hori aurreikusia genuen et monografiko batean bilduta argitaratuko ditugu .
Plastika
Ikastaro hau bi taldetan banatu zen: Lehen Hezkuntzakoa eta Bigarren Hezkuntzakoa. Guztiek aipatu zuten egun gehiagoren beharra teorian ikusitakoa praktikan jartzeko. Arlo honetako ikastaroek jarraipena behar dutela aipatzen zen, prestakuntzan izugarrizko zuloak baitaude.
Musika Hezkuntzarako programazioa
Musika programazio orokorra antolatzeko bitartekoak eskaintzea zen ikastaro honen helburua. Partaideak txirula eta gitarra joz jardun ziren hiru egunetan eta ikastaro praktikoa izan zen. Ongi antolatua eta prestatua, dinamikoa eta ulerkorra izan zela adierazi zuten eta oso gustura atera ziren. Gehienek denbora falta azpimarratu zuten, eta ondorioz, hainbat gauza azkarregi ikusi zituztela.
Musika Hezkuntza Berezian
Ikastaro honetan Aschero musika sistema berria ezagutarazi zen. Down sindromea, burmuin elbarritasuna, atzerapen mentala eta autismoa daukaten pertsonekin erabiltzen den metodologia da. Gai interesgarria eta erakargarria izan zen hartzaileen esanetan. Metodologia bera ezagutzeaz gain, azken egunean Down sindromea duten neska-mutil bi etorri ziren. Aschero sistema erabiliz pianoa nola jotzen duten ikusi ahal izan zen bertatik bertara. Teoria eta praktika hori uztartzea oso interesgarritzat jo zuten parte-hartzaileek.hik hasi k Joxe Ramon Vitoria emaileak prestatutako liburuxka argitaratuko du.
Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu
Ikastaro honetan irakasleek ez ezik, udal euskara teknikari ugarik parte hartu zuten. Nerabeen artean euskararen erabilera sustatzeko dauden programak, proiektuak eta esperientziak aurkeztu ziren, bai ikastetxeetakoak, bai aisialdi taldeetakoak eta bai herri mailakoak. Ikastaroaren kalitatea eta dibertsitatea baloratu ziren. Hizlari gehien eduki zituen ikastaroa izan zen eta hartzaileen esanetan maila ona erakutsi zuten. Ikuspuntu desberdinak ezagutzeko aukera egon zen. Nerabeek ere parte hartu zuten azalpen batzuetan beraien esperientziaren berri emateko, eta hori oso interesgarria izan zela adierazi zuten hartzaileek. Halere, esperientzia gehienak Gipuzkoakoak izan ziren, eta beste herrialdeetakoak ezagutzea ere interesgarritzat jo zuten, horrela ingurune gehiagotako erreferentziak ezagutzeko.
Ingelesa Haur Hezkuntzan
Ikastaro honetan Haur Hezkuntzako ingeles proiektu bi aurkeztu ziren: Ikastolen Elkarteko eleanitz proiektua eta EAEko eskola publikoetako ingeles goiztiarraren proiektua. Positiboki baloratu zen planteamendu bien azalpena, bakoitzaren ezaugarriak eta bien arteko desberdintasunak ikusteko, eta baita banatutako materiala ere. Aurkezleen jarrera eta sortutako giroa onak izan zirela aipatu zen.
Atxikimendua
Oro har ikastaroa interesgarria, baliagarria eta positiboa izan zen hartzaileen iritziz. Ikastaroaren egitura ere oso egokia iruditu zitzaien: lehenengo egunean gaiaren teorizazioaren inguruko hitzaldia aurkeztu zen; bigarren egunean ikuspegi ezberdinak planteatu ziren; eta hirugarren egunean hainbat eskoletako esperientzien berri eman zen.
Hitzaldien maila oso ona izan zela adierazi zuten, eta banatu zen materiala ere bai. Esperientziei dagokienez, oso interesgarriak izan zirela aipatu zuten eta trukaketa hori indartzeak merezi duela.
Ikastaro honetako materiala ere monografiko batean bilduko dugu .
Hizkuntzaren aldetik, askok aipatu zuten hizlariak erabiltzen duen hizkuntza menperatzea garrantzitsua dela. Ulermenaren aldetik, euskaraz kili-kolo aritzea baino nahiago dutela gaztelaniaz entzutea azaldu zuten.
Euskaraz jolasten
Ikastaro hau bi taldetan egin zen, eta talde bien balorazioa oso positiboa izan da. Erabat praktikoa izan zen, goiza jolasten eta abesten pasatzen zutelarik. Kanta eta jolas asko ikasteko aukera izan zutela adierazi zuten, eta oso erabilgarria eta baliagarria izango zaiela.
Emaileen egokitasuna, gertuko jarrera, motibatzeko indarra eta emandako konfidantza aipatu zituzten.
Ikastaroa bideoan grabatu eta kopiak erosteko aukera izatea gustatuko litzaiokeela aipatu zuen batek. Alde horretatik, aurreratu dezakegu jolasak eta abestiak biltzen dituen "Zatoz jolastera!" bideoa abenduan plazaratuko dugula (horri buruzko informazio osatuagoa 32. orrialdean daukazue).