GARDNER, Howard.<i> Adimen anitzen teoria: Hezkuntza jomuga (I)</i>

2000-10-01
Howard Gardnerren Adimen Anitzen teoria ez da giza ezagutzaren planteamendu bat gehiago soilik, baizik eta zientzia psikologikoa, eta batez ere hezkuntza iraultzen ari den proposamena. Gure burmuin potentziala anitza eta moldagarria da, denok adimen bat baino gehiago garatzen ditugu. Ondorioz, ikasleak beraien perfil intelektualari erantzuten dioten gaitasunetan prestatzeko erantzukizuna dauka eskolak. Zentzu horretan, Adimen Anitzen teoria oso tresna baliagarria izan daiteke, hau da, eredu bat kalitatezko hezkuntza sistema sortzeko saiakeran. Beste modu batera esanda, Gardnerren lanak ondo egituratutako marko teoriko eta praktikoa eskaintzen du ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan sakoneko aldaketak egiteko.
 
 
Biografia

Howard Gardner psikologiako zientzialari garaikiderik interesgarrienetarikoa da, bereziki adimenarekin zerikusia duten gaietan. 1943. urtean jaio zen gizon honek Harvard Unibertsitatean Filosofia, Soziologia, Psikologia eta Medikuntza ikasi zituen. Gaur egun Hezkuntzako irakaslea da Harvard Unibertsitatean, Neurologiakoa Bostonen eta Harvard Unibertsitateko hezkuntza proiektu esanguratsuenetariko bateko zuzendari-ondokoa da, Project Zero izeneko proiektukoa, haiz zuzen ere.

Bere ikerketa zientifikoak honako eremutan zentratzen dira nagusiki: giza adimenaren jatorriari buruzko azalpen berriak egitea; Adimen Anitzen teoria hezkuntza sisteman ezartzeko estrategiak bilatzea; gaitasun kognitibo desberdinen garapenera zuzendutako programak sortzea; kasu bereziak ikertzea, hots, indibiduo sortzaileak, liderrak eta abar; burmuineko kalteak eta hizkuntz aldaerak ikertzea; eta lan munduan adimen ezberdinek duten garrantzia aztertzea.

Psikologo honen argitalpenek bultzada handia eman diote ezagutza zientifikoaren aurrerapenari. 500 artikulu baino gehiago idatzi ditu kalitate handiko aldizkarietan eta izen handiko argitaletxeetan. Momentuz 19 lanen egilea da, besteak beste:

a) Frames of Mind (1983), adimenari buruz pentsatzeko era aldatu zuen komunitate zientifikoari bere Adimen Anitzen teoria lehenengo aldiz azalduz;

b) Creating minds (1993a), zazpi pertsona berezi aztertzen ditu -Freud, Einstein, Picasso, Stravinsky, T. S. Eliot, Grahan eta Gandhi- horietako bakoitza adimen baten eredu delarik, eta sormenari buruzko ikuspuntu berria aurkezten du;

c) Multiples intelligences: The ory in practice (1993b), bere lan osoaren sintesia da, argitaratutako materialak zein lan orijinalak biltzen ditu, eta hezkuntzan egindako bere teoriaren aplikazio garrantzitsuenak laburtzen ditu, hasi lehen mailetatik eta unibertsitateraino;

d) Leading minds (1995), lider politiko handien, enpresarien eta militarren burmuinaz hitz egiten du, eta denei eraginkortasunez jokarazten dieten ezaugarri psikologiko komunak identifikatzen ditu;

e) Intelligence reframed: Multiple intelligences for the 21st century (1999), adimen kopurua gehitzen du.



Adimen anitzen teoria

Gardnerrek (1983, 1987a, 1987b, 1993b, 1995b, 1999), psikologo kognitibo askok bezala, adimen bakarraren edo "g" faktorearen eta proba psikometrikoen ikusmoldea kritikatzen du alderdi linguistikoak, logikoak eta espazialak soilik neurtzen dituztelako eta gizakiarentzat garrantzitsuak diren beste batzuk ahaztu egiten dituztelako, alderdi emozionalak eta sozialak kasu. Frames of Mind (1983) liburuan adimenaren definizio bat proposatzen du. Kontzeptua pluralizatu egiten du eta gizakiaren gaitasun bezala hartzen du. Gaitasun horrek arazoak konpontzeko eta gizarteak onar ditzakeen produktuak sortzeko balio dio gizakiari. Modu horretara, adimena gizakia mugitzen den ingurune kulturalean eta sozialean sortu eta garatzen da, nahiz eta elementu biologikoak ere izan. Komunitate adituak erabakitzen du, eta ez proba edo test estandarizatu batek, gizabanako bat adimentsua den ala ez.

Thurstonek (1983) proposatu zuen lehendabiziko alternatiba Spearmanek (1904) aurkeztutako adimen orokorraren kontzeptuaren aurrean. Aitzitik, Gardner hartzen da adimenaren dimentsio anitzaren teorikotzat. Thurstonek analisi faktorialaren ondorioetatik "lehen mailako zazpi faktoreak" teoria atera zuen. Alabaina, Gardnerrek osatu egin zuen ondoko iturrietatik sortzen den informazioa gehituz:

a) burmuin gaixotasun baten ondorioz galdutako gaitasun kognitibo espezifikoen eta antzeko beste gaitasunen iraunkortasunaren arteko kontrastea;

b) ezohiko gaitasun bat oso garatua baina aldi berean adimen maila orokorra baxua duten pertsonen presentzia;

c) adimen bakoitzaren garapenean sekuentzia desberdinen behaketa;

d) adimen bakoitzaren burmuin ariketen prestutasuna;

e) hainbat trebetasun neurtzen dituzten proben emaitzen arteko korrelazio eza;

f) gaitasun bakoitzean sinbolo sistema ezberdinen erabilpena;

g) hobekuntza kognitiboa lortzeko bideratutako interbentzioen emaitza positiboa;

h) eta azkenik, kultura ezberdinetan adimena modu ezberdinean azaltzen dela erakusten duten azterketa transkulturalak.

Kriterio horiek ezohiko populazioarekin zein normalekin errespetatu ditu. Gizabanako prodijioen, jakintsu tontoen, haur autisten eta ikasteko arazoak dituzten haurren profil kognitiboek argi erakusten dute giza ezagutza anitza dela. Haur normalekin egindako azterketek alternatiba hau defendatzeko eta eusteko datu esanguratsuak eskaintzen dituzte. Era berean, Gardner oinarritzen den iturriek argi erakusten dute adimena ez dela gizakia arazo logiko-matematikoak konpontzeko prestatzen duen pentsamendu abstraktuko gaitasun multzo bat soilik. Horrez gain, dimentsio anitz ditu; kognitiboak, emozionalak, sozialak eta sortzaileak. Beraz, gizabanakoek ezagutza modu anitz garatu dituzte beren historian zehar ingurumeneko eskaera espezifikoei erantzun ahal izateko.

Aipatutako iturrietan oinarritutako azterketetan erreparatuz, Gardnerrek (1983, 1993b) zazpi adimen proposatu zituen, balio eta garrantzi berdinekoak, eta independiente samarrak: linguistikoa (L), logiko-matematikoa (LM), espaziala (E), kinestesikoa (K), musikala (M), interpertsonala (Ite) eta intrapertsonala (Itr). Orain dela gutxi beste bat gehitu du: naturalista edo landaretza, fauna eta natur munduaren ezagutza sakona (Gardner, 1998). Lehen hirurak dira ohiko probetan gehien neurtzen direnak. Aitzitik, gainontzeko adimenak ez dituzte neurtzen. Horrek arazoak sortu ditu adimen bezala onartzerakoan.

Laburtuz , Adimen Anitzen teoria ulertzeko, garrantzitsua da oinarritzen den printzipioak onartzea. Esaterako: adimen bakoitza moldagarria dela, eta beraz, irakats daitekeela; gizakia adimen guztiekin jaiotzen dela eta familia, eskola eta gizarte inguruneak bideratuko dutela adimen horien egituraketa berezia gizaki bakoitzarengan; batzuk gehiago garatuko direla, beste batzuk gutxiago, eta beste batzuk batere ez, eta hezitzaileek ikasleen adimen potentziala hobetu dezaketela. Printzipio hauek Gardnerren teoriak hezkuntzan egindako aplikazio interesgarriak bermatzen dituzte.



Adimenaren kontzeptu tradizionalak gainditzen

Gardnerren jarrera (1983) benetako desafioa da, adimenaren perspektiba psikometrikoen eta garapenaren inguruko erreakzioa. Perspektiba psikometrikoari dagokionez, bere ikusmolde bateratua, orokorra eta egonkorra jartzen du zalantzan, eta ez du onartzen jarrera kognitiboen unibertsoaren ordezkari izatea (Herrnstein eta Murray, 1994; Snyderman eta Rothman, 1988). Bere ebaluatzeko tresnen aurka ere agertzen da, ohiko probek ezin baitituzte adimen guztiak neurtu eta euren emaitza kuantitatiboekin gizakiak modu zurrun eta gehiegizko batez sailkatu baitira (Gould, 1994). Aitzitik, gaitasun kognitiboa ingurunera egokitutako tresna kualitatiboekin ebaluatzen denean, gizakiek adimen desberdinak dituztela ikusten dela dio (Gardner eta Walters, 1993).

Gainera, Gardnerrek argudiatzen du proba horiek adimenaren teoria "horizontaletan" oinarritzen direla; hau da, tresna horiekin neurtutako burmuin gaitasunak antzera funtzionatzen dutela ezagutzaren arlo guztietan eta lege orokor baten arabera. Bestalde, bere ikusmoldea "bertikala" da; burmuina elementu ezberdinez osatua dagoela dio, moduluz osatua, eta horiek informazio ezberdina prozesatzen dute (Fodor, 1983). Horrela, gizabanako batek hizkuntzarako gaitasuna eduki dezake, baina ez espazioa bere hiru dimentsiotan antzematekoa. Ikasle bat azkarra izan daiteke arlo batean, baina beste batean ez. Komentatu dugun bezala, Gardnerrek adimenen independentzia erlatiboa azpimarratzen du, eta "g" faktorearen existentzia zalantzan jartzen ez badu ere, ematen zaion erabilera eta azalpen menperatzailea kritikatzen ditu (Gardner, 1995b). Finean, bere teoriak psikometrek (Jensen, 1969; Herrsnstein eta Murray, 1994) defendatutako determinismo biologikoa baztertzen du. Bere ustetan, adimenak tendentzia biologikoen eta kultura bakoitzean dauden ikasteko aukeren arteko ondorio dira (Kornhaber, Krechevsky eta Gardner, 1990). Horregatik, gaitasun ezberdinak gizabanakoarentzat esanahia duten ingurunean ebaluatzeko eredu berri bat proposatzen du.

Piageten garapen kognitiboaren teoriak (1952) adimenaren jatorri ebolutiboa, dinamikoa eta kualitatiboa azpimarratzen ditu. Baina burmuin egiturak orokorrak eta unibertsalak direla ere onartzen du, eta ez espezifikoak eta kulturalak. Horrek, hasieran alboratzen duen ikuspegi piskometrikora hurbiltzen du. Piagetek munduko alderdi fisikoetatik abiatuta (kausalitatea, denbora, espazioa) pentsamendu logiko-matematikoaren arabera definitzen du burmuina. Gardnerrek, ostera, modu pluralean interpretatzen du, eta beretzat arrazonamendu logiko-matematikoa adimen mota bat baino ez da, adituak dituen egitura anitzetako bat (Feldman, 1994; Krechevsky eta Gardner, 1990a, 1990b). Beste alderdi batean ere badute desberdintasuna bi autore hauek: Piagetek baiezten du garapen kognitiboa haurrak ikasteko dituen bat-bateko tendentzien ondorio dela, eta Gardnerrek dio garapen hori, gehienetan, ingurugiroan estimuluaren arabera dagoela, estimulu hori teknologikoa, soziala edo kulturala izan daitekeelarik.

Gardnerren teoriak eragin handia izan du psikologia kognitiboan eta hezkuntza sisteman (Kornhaber eta Drechevsky, 1995; Krechevsky eta Gardner, 1990a). Ikerketa asko sorrarazi ditu hasieratik (Gardner eta Boix-Mansilla, 1994; Krechevsky, 1991; Rauscher, Shaw eta Ky, 1993; Rosnow, Skleder eta Rind, 1995), eta adimen bakoitzaren garapenaren profilak identifikatzen eta aztertzen saiatu dira (Kline, 1988; Campbell, Campbell eta Dickinson, 1993), eta baita adimen zehatzen azterketan sakontzen ere. Adibidez, adimen espaziala (Gardner, Hatch eta Torff, 1997; Warner, 1989; Brewer eta Campbell, 1991), musikala (Campbell eta Brewer, 1991) eta intrapertsonala (Armstrong, 1985). Guztietan kezka ugari antzematen dira: adimen denak garatuko dituen eskola sortzea, curriculumean txertatuta lantzea, ingurune naturaletan aztertzea (Teele, 1991; Lazea, 1994), berauen estimulatzeko programa piskohezitzaileak egitea eta beste adimen ereduekin dituen erlazioak aztertzea (Sternberg, Williams, Gardner eta Blythe, 1991; Williams, Blythe, White, Li, Sternberg eta Gardner, 1996).



Hezkuntzari egindako ekarpenak

Nahiz eta Gardnerren teoria eskolari zuzendua ez egon, hasieratik bertatik kuriositate handia sortu zuen hezitzaileen artean. Kalitatearen hobekuntzan eragina izan duen alternatiba teoriko eraginkorrenetakoa bihurtu du horrek. Horregatik, bere argitalpen ia guztietan aipatzen du eskola. Giza ezagutzak arazoak konpontzeko eta produktuak sortzeko erabiltzen dituen trebetasun anitzak aurkitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko leku aproposa dela dio eskola.

Teoria honen aplikazioak bi multzotan egituratu ditugu hezkuntzan: zentroko proiektura bideratutako orientabide orokorrak eta adimenen hobekuntzara bideratutako programa psikohezitzaileak.



Orientabide orokorrak

Gardnerrek eta bere jarraitzaileek hezkuntza sisteman eragiten duten aldagai guztietan erakutsi dute interesa. Gehien aztertutakoen artean hauek aipa daitezke: heziketa helburuak, estrategia didaktikoak, eduki kurrikularrak, ebaluazioa, hezitzaileak eta ikasleak, eta gurasoak eta komunitatea.



Heziketa helburuak

Gardnerrek argi eta garbi proposatzen ditu hezkuntza maila ezberdinetako helburuak. Haur Hezkuntzan eskola saiatuko da ikasle bakoitzaren adimen anitzen lehen profil kognitiboa identifikatzen, ebaluatzen eta egiten. Horretarako, material anitzen erabilpena posible egiten duten ikaskuntza esperientziak bultzatuko ditu, adimen bakoitzaren miaketa ahalbidetzeko. Etaparen amaieran, hezitzaileek, gurasoek eta haurrak, bere burua ulertzeko gai den neurrian, honen gaitasun intelektualak aztertuko dituzte, bereziki buru potentziala eratu dezaketenak edo arreta berezia eskatzen dutenak egoera defizitarioan aurkitzeagatik. Emaitza biek hurrengo etapako kurrikulua programatzeko balioko dute.

Lehen Hezkuntzan ikasle bakoitzaren bizitzan garrantzitsutzat detektatu diren gaitasunak ahal diren gehien estimulatu behar dira. Era berean, defizitarioenak konpontzen edo orekatzen saiatu behar da, etaparen amaieran ikasle guztiek gaur egungo gizarteak eskatzen dituen gutxieneko trebetasunak garatuak izan ditzaten.

Bigarren Hezkuntzan heziketa esfortzuak ikaslearen bokaziozko esperientziak -garatutako bere adimenekin erlazionatuta daudenak- estimulatzera zuzendu behar dira. Horrela, esperientzia horietan sakonduko du, egiten duen lanarekin gozatuko du eta bere aprendizaia normaltasun osoz erregulatuko du, bere lanaren egile sentituz. Modu horretara lan eginez gero, karrera aukeratzea ikaslearen bizitzako gauza normala izango da, eta ez da zalantzaz eta noraezez betetako zerbait izango, askotan gertatzen den bezala.

Azkenik, Goi Mailako Ikasketek gazteria gaitasun berezi batean prestatuko du. Horrela, lan munduan eraginkortasunez sartzeko eta zeregin garrantzitsua izango duen gizarteko kide sentitzeko prestatuko da.



Estrategia didaktikoak

Helburu garrantzitsuena adimen anitzen garapena baldin bada, estrategiek ere anitzak izan behar dute. Gainera, profil indibidualen eta ikasle bakoitzaren adimen potentziala maximizatzeko nahiaren arabera ezarri behar dira. Gardnerrek, beste orientabideen artean, hauek proposatzen ditu:

a) Gaitasunaren pausoak adierazten dituzten eta ekintzetan ikaslearen parte-hartzea bultzatzen duten diagramak erabiltzea.

b) Egituratutako galderak egitea ikasleari hainbat gauza pentsarazteko: nola burutzen ari den lana, zer zailtasun dituen, zer lortu duen eta abar.

c) Aktibitate bakoitzean hizkuntzaren lau modalitateak erabiltzea: hitz egin, entzun, idatzi eta irakurri. Ulermen adierazgarria, hausnarketa eta norberaren lanaren balorazioa laguntzen ditu.

d) Langai den edukiarekin erlazionatutako objektuak manipulatzen utzi. Ikasgai den gaiari buruzko kuriositatea pizten du, detaile esanguratsuak ikusten dituzte eta harreman interpertsonalak sortzen dira talde txikitan lan eginez.

e) Ikasleek aurretik dituzten ezagutzak eta esperientziak identifikatu informazio berriarekin lotzeko, oroimena lantzeko eta akats kontzeptual posibleak gainditzeko.

f) Binaka, talde txikitan eta talde handitan lan egin. Ikasleek beraien artean ikasten ari direna eta nola ari diren aztertzen dutenean, ideiak argitzen dituzte, ezagutza zabaltzen dute, sortzaileagoak dira eta hobeto baloratzen dituzte lagunen ekarpenak.



Eduki kurrikularrak

Gardnerren arabera, bai irakasleek eta bai ikasleek beharrezkoak dituzten edukiak sailkatzen jakin behar dute, informazio gehiegi jasotzen baitute eta inork ezin baititu ezagutzaren alderdi guztiak jakin. Beraz, nahitaezkoa da aukeratzea, eta aniztasunez egin behar da. Adibidez, aholkatzen du Lehen Hezkuntzan hiru eduki akademiko soilik ikastea (matematika, hizkuntza eta gizarte edo natur zientziak), aktibitate fisiko bat eta arte adierazpena. Edukiak aurkezterakoan, irakasleek eta ikasleek edukien eta adimen desberdinen arteko harremanak ezarri behar dituzte.

Autore honentzat garrantzitsua da metakurrikulu deritzonarekin lan egitea, hots, eduki kurrikularren eta ikaslearen alderdi kognitiboen eta afektibo-sozialen garapenaren arteko lotura bezala balio duten gaitasun multzoekin. Metakurrikulua batez ere gaitasun metakognitiboek eta aprendizaiaren autoerregulazioak osatzen dute. Ikasleari lagundu egiten dio eskolako lanak zergatik egin behar dituen ulertzen, gai desberdinen arteko erlazioak eta transferentziak errazten ditu, zehar lerroei erantzuten die eta adimen intrapertsonalarekin lotutako alderdiak indartzen ditu modu berezi batez. Azken kasu honetan automonitorizazioa bultzatzea komeni da, arazoak konpontzeko nork bere ezagutza erabiltzea, bizitza emozionala kontrolatzea -pertsonala eta besteena- norberaren alderdi indartsuak eta ahulak ezagutzea, baita norberari gehien interesatzen zaiona, eta norberaren garaipen eta akatsetatik ikastea (Gardner, 1993b).



Ebaluazioa

Gardnerrek adimen guztien eskolan ebaluazioak anitza izan behar duela baiezten du. Ez arkatza eta paperezko galdetegiei dagokienean soilik. Proposatzen du garapen akademikoa baloratzea ikaskuntza prozesuan erabilitako tresnekin, eta ikasle bakoitza aurretik zuen esperientziarekin konparatzea. Erabil daitezkeen tresnen artean hauek aipatzen ditu: paper zorroa, pasadizoen bilduma, lan berezien adibideak, grabaketak, elkarrizketak, test kualitatiboak, eskolako aldizkaria, galdeketak eta abar. Ikasleek klaseko eguneroko ekintzetan ematen dituzten erantzunak ere adimen anitzen adierazgarri dira.

Ebaluazioa ikaskuntzan barneratutako prozesu jarraia izan daiteke, eta ikasturtean zehar ikasleak hainbat lanetan nola jarduten duten beha daiteke. Horrela, gaitasun baten lagin asko lortuko dira, eta gauzatze bakoitzaren aldakortasuna eta dinamismoa ikusiko dira. Informazio horrekin guztiarekin ikaslearen profil zehatzagoa lortuko da. Modu horretara, ikasleak heziketaren planifikazioaren norabidea zehaztuko du, eta norabide horrek ebaluazioa.



Hezitzaileak eta ikasleak

Adimen anitzeko eskolako irakasleak aprendizaia prozesua errazten, areagotzen eta optimizatzen lagunduko dioten ezaugarriak eduki behar ditu. Irakasteak, beste gauza batzuen artean, honako gaitasunak izatea eskatzen dio hezitzaileari:

- Ondo antolatutako eta osatutako ezagutzen oinarria izatea printzipio zientifikoen kontzeptuak ongi ulertzeko, eta kontzeptu horiek irakasten dituen diziplinekin dituzten erlazio esanguratsuenak jakiteko.

- Oinarrizko gaitasun multzo bat edukitzea eguneroko lanak umorez, eraginkortasunez eta aparteko esfortzurik gabe bete ahal izateko.

- Ezagutza estrategiko zabala edukitzea nola irakatsi behar duen jakin dezan eta planifikazio, interbentzio eta ebaluazio egokia berma diezazkion.

- Pertsona orekatua izatea afektiboki eta moldatua sozialki.

- Adimen anitzen garapenari buruzko ahalik eta informazio osatuena edukitzea.

- Irakasten duenaren alderdi praktikoa azpimarratzeko kezka izatea, hots, bizitzeko hezitzea.

- Ikasleak etengabe motibatzen jakiteko ahalmena izatea.

Era berean, ikasleak erantzukizun handia du bere adimenen garapenean. Honek eskatzen du norberak bere ezagutza erakitzea, irakasleengandik independizatzea pixkanaka, heziketa helburuak onartzea eta bere egitea, berauek lortu arte jarraitzea, besteek beraien gaitasunak hobetzeko duten eskubidea errespetatzea eta jarrera irekia eta malgua edukitzea hezkuntza sistemak suposatzen duen ororen aurrean. Irakaslearen eta ikaslearen ezaugarriak integratzen baldin badira, egoera ezin hobea lortzen da heziketa helburuak konpartitzeko. Elkarlan honetan behatu ahal izango da adimen guztien lan bateratua.



Gurasoak eta komunitatea

Eskolako funtzionamenduan eta ikasleen ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan gizarteko sektore guztien elkarlanak duen garrantzia behin eta berriz errepikatu izan da hezkuntzaren kalitateari buruzko txostenetan eta azterketetan. Heziketa eskaerak gero eta handiagoak diren garai honetan, eta ikaskuntza eskola ordutegira murriztea zaila den honetan, oso garrantzitsua da komunitateko hainbat eragileren parte-hartzea eskatzea eta erraztea.

Gardnerrek ez du alderdi hau ahazten. Horregatik, gurasoak eskolara hurbilarazten saiatzen da klaseetara eta jolas orduetara begiratzera joanez, bileretan eta ikasturteko programazioetan parte hartuz, seme-alaben prozesuaren jarraipen etengabea eginez eta abar.

Komunitatearekin ere gauza bera egiten du. Nagusiki bi funtzio ezartzen dizkio honi. Bata, museo bat sortzea haurrek beren lanak erakuts ditzaten, pertsona garrantzitsuen lanak ezagut ditzaten, artistekin harremana izan dezaten eta abar. Bestea, adimen bakoitzean adituen talde bat sortzea haurrek beraien erlazionatzeko aukera izan dezaten, aholkuak jaso ditzaten, beraien ereduak izan daitezen eta lan mundura sartzen lagun diezaien (Davis eta Gardner, 1993). Komunitatearen parte-hartze honek posible egiten du eskolako lanak berezko lekuetan egitea, eta beraz, ekologikoki baliodunak dira.

Eskola-familia-komunitatea lotzeko kezka horrekin batera, eta parte-hartzea eta inplikatutako sektoreen kopurua handiagoa diren heinean, ikastetxeko antolaketa eta kudeaketa arazoak handitu egiten dira. Hori dela eta, Gardnerrek irudi akademiko berri bat sortzen du: hiru sektoreen arteko lotura egingo duen irakasle bat. Parte-hartzea antolatuko du eta antolaketa eta erabaki sistema azkarrak eta eraginkorrak diseinatuko ditu.

Aipatutako proposamen hauek guztiek ondorio garrantzitsuak dituzte ikasketa planak egiterakoan eta hezkuntza sistema osoaren politika definitzerakoan. Lehen Hezkuntzak ikasleen potentziala adimen anitzetan garatzen badu eta Bigarren Hezkuntzak potentzial hori bokaziozko esperientzian baiezten badu, emaitzek eragina izango dute Goi Mailako ikasketetan. Azken maila honek kontuan hartu beharko du ikasleak zein profil intelektualekin etortzen diren, eta zein jarrera eta motibazio dituzten. Horren aurrean norberaren interesekin eta gizarteak eskatzen duenarekin bat datorren prestakuntza eskaini beharko du.