II. Topaketa Pedagogikoak arrakastaz burutu ziren

2001-10-01
Arrakastaz burutu ziren uztailaren 3, 4 eta 5ean hik hasi II. Udako Topaketa Pedagogikoak. 20 ikastarotan eta arratsaldeko saioetan parte hartu zuten 600 pertsonak gustura jardun ziren, eta hizlari eta antolatzaileok ere bai. Bigarren urte honetan ikastaro aukera ugaria eskaini genuen eta jendeak batera baino gehiagotara joateko interesa agertu zuen. Oro har, erantzun eta harrera ona izan dute. Horregatik, eskaerak jarraitzen baldin badu eta jendeak parte hartzeko interesa mantentzen badu, datozen urteetan topaketak antolatzen jarraituko dugu.
 
 
Ikasi eta edukiak jasotzeaz gain, euskal irakaskuntzan gabiltzanok elkartu ahal izateko aukera eskaini zuten topaketok, eta horrek ere garrantzi handia du.

Topaketak antolatzeko garaian hezkuntza arloko hainbat erakunderekin elkarlanean aritu gara; besteak beste: Pedagogia Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailarekin, Mondragon Unibertsitateko Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hizkuntza Sailarekin, Bergarako UNEDekin, Ikas Pedagogia Zerbitzuarekin, Pedagogia Aholkularitza Teknikoekin (PAT) eta Ikastolen Elkartearekin. Aurrera begira elkarlan hori sendotu eta hedatu egin nahi dugu, euskal hezkuntzan gabiltzanon arteko indarrak batzeak denoi mesede egiten digula uste dugulako.

Ikasturte berriarekin batera, aurtengo zenbait ikastarotako edukiak monografikoetan bildurik argituratuko ditugu. Era berean, hurrengo topaketak antolatzeko lanean murgilduko gara, baina aurretik, eta indarrak hartzeko, uztaileko egun haiek gogoratuko ditugu.



Pedagogia Fakultateko lan giroa

Orotara 20 ikastaro eskaini zirenhiru egoitzatan banaturik. Gehienak Pedagogia Fakultatean kokatu ziren, ikastaro teoriko-praktikoak, alegia: Kohlberg, Musika Hezkuntza Berezian, Heziketa Fisikoko irakasleen txokoa, Praktika psikomotriza, Hizkuntza idatzia eta ikasleen aniztasuna, Literatura eta haurren txokoa, Literatur txokoa: Lizardi, Mirande eta Sarrionandia, Idazkera "txarra?" Ez eskerrik asko, Niri ez zait matematika gustatzen, Heriotza heziketan, egungo tabua?, Eskolak bakarrik ezin... Familiak bakarrik ezin...et Nahigabe psikikoa bideratzeko interbentzio goiztiarra .

Ikastaro hauei dagokienez, oro har, jendea oso gustura gelditu zen. Ikastaroak onak edo oso onak bezala baloratu zituzten. Kohlberg, Heriotza heziketan, egungo tabua?, Hizkuntza idatzia eta ikasleen txokoa, Heziketa Fisikoko irakasleen txokoa, Eskolak bakarrik ezin... Familiak bakarrik ezin... ikastaroetan hizlarien maila ona, jakituria, gertutasuna eta egokitasuna aipatu zituzten. Literatur txokoa eta Nahigabe psikikoa bideratzeko interbentzio goiztiarra ikastaroetan koordinatzailearen hurbiltasuna eta partaidetzaren aberasgarritasuna baloratu zituzten. Zenbait ikastarotan espazioa txikiegia izan zela azpimarratu zuten. Banatutako materiala gustura jaso zen, baina askok gehiago eskatu zuten. Asko baloratzen da ikastaroaren edukiak bilduta banatzea, gerora erabilgarri suertatzen baita. Ikastaro gehienetan jarraipena eskatu zuten, eta horrek argi uzten du jendearentzat interesgarriak diren gaiak landu zirela.



Teknologia Berrien erakargarritasuna

Informatika arloko lau ikastaroak Informatika Fakultatean egin ziren: Web orria lantzen, Aldizkari elektronikoaren prestaketa, Klik eta Ipuin multimediak sortzen, "Fabula proiektua". Ikastaro hauek eskatzen duten azpiegitura dela-eta, mugatuak izan ziren, eta eskaera guztiei erantzun ezinik gelditu ginen. Informatika alorrean irakasleen aldetik dagoen eskaera eta ikasi nahia handia diren seinale. Ipuin multimediak sortzen, "Fabula proiektua" izeneko ikastaroan azpiegitura arazoak egon ziren, hots, eskanerrek, sareak, grabagailuek.... ez zuten ondo funtzionatu, eta ondorioz ez ziren aurrez pentsatutako gauza guztiak landu. Beste hiru ikastaroetan, aldiz, ez zen horrelako arazorik sortu eta balorazio oso ona egin zuten hartzaileek. Irakasleak jantziak eta oso onak zirela azpimarratu zuten, eta antolaketa eta planteamendua egokiak zirela. Dena dela, ikastaro trinkoegiak suertatu ziren zenbaitzuen iritziz, hau da, egun gutxitan eduki asko jaso zuten, lan erritmoa azkarra izan zen. Askok eskatu zuten ikastaro hauen errepikapena edota jarraipena.



Gorputza mugitzeko gogoz

Hirugarren multzoa osatzen zuten ikastaroak espresioari lotutakoak izan ziren Plis-plast(h)ik(h)asi... Plastika, hizkuntza eta dramatizazioa uztartuz, Munduko dantzak, Eutonia eta Euskaraz aritzeko kantak eta jolasak . Ikastaro horien berezitasuna praktikotasuna da eta horixe da, hain zuzen ere, hartzaileek baloratu zutena, beste gauza batzuen artean. Partaidetza eta taldeko giro ona ere aipagarri izan ziren. Eta hori lortzeko emaileen gaitasuna eta dinamikotasuna ere bai.



Aurkezpen ekitaldiko hitzaldia

Topaketen aurkezpen ekitaldia uztailaren 2an egin zen Gipuzkoako Foru Aldundian eta Joxerra Garziak hitzaldi bat eman zuen."Motiboezagupenaren zioak" izan zen hitzaldiaren titulua eta hizkuntzaren berezko ikasketa prozesuko motibazioaz, ezagutzaz eta erabileraz jardun zen. Gaiaren interesgarritasuna ikusita, egokia iruditu zaigu hitzaldia zuenganatzea eta ondorengo orrialdeetan daukazue.