Itziar Barriola, Iparraldetik argi egin diguzu: mila esker

2001-10-01
hik hasiko erredakzio taldeko partaideak lan eskerga egin du Seaskan, Ikastolen mugimenduan eta Hego Euskal Herriarekiko loturak estutze aldera
 
 
Uztailaren 16an, ikasturtearen azken orrialdea pasa eta liburua ixtera gindoazela jaso genuen berria. Itziar Barriola, Donibane Lohizuneko ikastolako irakasleak eta etxe honetako sustatzailetako batek, besteak beste, betirako utzi gintuen. Isilik eta apal joan zen, bere bizitza izan zen moduan.

hik hasi egitasmoa oinez hasi aurretik, eta ondoren ere, hamaika ordutako lana partekatu genuen eta hainbat egitasmotan bidaide izan genuen. Itziarrek Iparraldean barna murgildu gintuen, eta bere ondoan ikusi eta sentitu genuen euskal irakaskuntzaren bihotzak Iparraldean nola taupa egiten duen, ezarritako mugen gainetik.

Baina zurekin bizitako horiek guztiak, borrokatu eta konpartitutakoak, guretzat gorde nahi ditugu, zurea eta gurea den altxorraren parte dira.

Donibane Lohizuneko alde zaharrean, Euskal Herriko hamaika esparrutako ehundaka lagunekin batera, Kantauri itsasoaren magalerantz egin zenuen bidaian lagundu nahi izan zintugun. Eta orduan, zinez ohartu ginen zuk egindako lanaren handitasunaz; herri honi, euskalgintzari oro har, eta irakaskuntzari bereziki eskaini zenionaz. Donibane laztantzen duten olatuetan kulunkan zenbiltzan jada, hainbeste eman zenien haurrek eta adiskideek jaurtikitako krabelin eta loreen artean.

Ikastolako belazean landatutako haritzak zure izpiritu eta kemen agortezina eta itzulezina irudikatzen du. Ezin zenuen leku aproposagorik aukeratu: amestu eta borrokatu zenuen horren guztiaren handitzearen eta sendotzearen lekuko pribilegiatua izanen zara. Hainbeste maitatu eta eskaini diezun haurren ezpainei darien euskarak lagun egingo zaitu. Haien jolas eta kantuek inguratuko zaituzte urteen joan-etorrian. Eta belaze gain hartatik aurrez aurre duzun Kantauri itsasoaren kresalak zure adarrak biltzen dituen bitartean, Euskal Herriaren eraikuntzan oinarrizkoa den euskal irakaskuntza aurrera doala ikusiko duzu, lan egin zenuen bidetik.

Izan zirelako gara eta garelako izango dira aurrerantzean ere. Agur eta ohore Itziar, adiskide!