Kronika

2001-10-01
 
 
Iparraldeko ikasleak izan dira ikasturte estreinatzen lehenak . Euskaraz ikasiko duten haurren kopuruak gora egin du, bai sare publikoan, pribatuan zein Seaskan.
Sare pribatuko eskola giristinoetako Euskal Haziak taldeak aditzera emandakoaren arabera, eredu elebakarreko haur kopurua jaitsi egin da, eta ostera, euskarazkoena igo. 1.598 ikaslek ikasiko dute eredu elebidunean, iaz baino 237 gehiagok.
Sare publiko elebidunean ere maila guztietan antzeman da igoera: 2.600 haur dira eskola elebidunetan, 420 kolegioetan eta 80 lizeoetan.
Seaskako ikastolan ere ikasle gehiago izanen dira aurten. Ikasturte hasiera ez da samurra izan ikastola guztietan, eta batez ere Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan. Seaskak kolegioaren eraikuntza alokatu egiten du eta aurten jabeek ez zioten alokairua luzatu nahi. Azkenean, ordea, urtebeterako luzatzea lortu dute, eta aurten bederen, leku berean jarraituko dute.


Ikasturte berria eta Hezkuntza sail berria EAEn
Ikasturte berriarekin batera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berria jarri da karguan: Angeles Iztueta tolosarra. Aldaketa ustekabean iritsi zen, IU-EB Gasteizko gobernuan sartzearekin batera. Beraz, Sabin Intxaurragak Hezkuntza Saila utzi eta Ingurumena eta Hirigintza Saila hartu ditu, eta Hezkuntzaren ardura Angeles Iztuetaren gain gelditu da.
Aldaketa ematerako Sabin Intxaurragak ikasturte berria inauguratu zuen eta legegintzaldi honetarako bere programen eta asmoen berri eman ere bai. Alde horretatik, Angeles Iztuetak hark aurkeztutako programarekin jarraituko duela jakitera eman du.
Programa horren lau ardatzak eleaniztasuna, Teknologia Berriak, aniztasuna eta kalitatea izango dira. Ildo horiek jorratzeko hainbat programa jarriko dira martxan, bai ikasleentzat eta baita irakasleentzat ere.
Lanbide Heziketari ere begirune berezia jarriko zaio eta bultzada emateaz gain, Lanbide Heziketaren eta unibertsitate ikasketen arteko lankidetza programak areagotuko dira. Zeregin hori eta beste batzuk bideratzeko Hezkuntza Sailak sailordetza berria sortu du: Lanbide Heziketa eta bizitzan zeharreko sailordetza. Bi zuzendaritza izango ditu: bata Lanbide Heziketakoa, eta bestea etengabeko prestakuntzakoa.
Aldaketen artean Euskadiko Eskola Kontseiluari dagokiona dago, lehendari berria izendatu baitu Intxaurragak. Hortaz, Lontxo Oihartzabal izango da Pello Ellakuriaren lekuko hartuko duena. Eskola Kontseilu honetan irakaskuntzako alor guztietako ordezkariak biltzen dira, eta Eusko Jaurlaritzari aholkuak emateaz arduratzen da.
Bestalde, Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, ikasturte honetan 300.000 ikasle inguru izango dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletan. Horietatik %70ek B eta D ereduetan ikasiko dute, eta %30ek A ereduan.


Unibertsitate Lege berria eta autonomia parez pare
Espainiako Gobernua prestatzen ari den Unibertsitate lege proiektuak ez du harrera onik izan Euskal Herriko Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Manuel Montero Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak aditzera eman du "EHUren etorkizuna guztiz kolokan geratuko litzatekeela legea orain planteatzen den bezala mantenduko balitz". Antonio Perez Prados Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen esanetan "koherentziarik gabekoa da" eta arazoak ez dituela konpontzen adierazi du. Mondrago Unibertsitateko errektore Javier Retegik ere ez du begi onez ikusten lege proposamena:: "lege proiektuak murriztu egiten ditu autonomien eskuduntzak, eta baita unibertsitateen beraien autonomia mugatu, unibertsitate funtzionamendua bateratu eta eratzen ari den gizartearen eskaerari egokitutako hezkuntza eredu eta antolamendu sistema berriak eragotzi ere".
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "adostasunik gabe" egindako proiektua dela adierazi du, eta gainera "atzerakoia" dela. "Bai unibertsitateak eta baita hezkuntzaren eskuduntza osoa egoera zailean" jartzen ditu Ibarretxeren ustetan. Madrilek jarrera oztopatzaile eta ezkor horrekin jarraitzen badu, sistema unibertsitarioaren ordenazio propioa ezartzea ez duela baztertzen aditzera eman du, eta Eusko Legebiltzarrean horri dagozkion legeak bultzatzea ere ez. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak ez du adierazpenik egin gai honen inguruan.
Bien bitartean EIRE Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak antolatuta Euskal Unibertsitatea 2001kongresuan bildu ziren irakasle euskaldunek euskarazko unibertsitatearen garapena bermatuko duten unibertsitate lege propioak aldarrikatu dituzte. Beharrezkotzat jotzen dute Euskal Unibertsitateak bere nortasun propioa unibertsitateko alderdi eta alor guztietan egituratzea, kalitatezko garapen osoa eta eutsigarria lor dadin. Euskal unibertsitatearen ezaugarriak eztabaidatzerarekin batera etorkizuneko estraegiak finkatu dituzte.


Nafarroako egunkarien orrialde gehienek gai nagusi bat izan dute hizpide ikasturte hasieran: gobernuaren diru laguntzaz argitaratutako euskarazko testu liburuak . Euskal irakaskuntzan eta euskalgintzan dabilen ororen gaitzespena jaso dute, ez baita notizia ona.
Haatik, badira pozteko berriak ere, eta horietako bat da aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen duten Lodosa eta Sartagudako ikastolek argitaratu duten kromo bilduma. Jolas Truke izenarekin Euskal Herriko lehen kromo bilduma kaleratu dute euskara hutsean. 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago, euskara "era erraz eta erakargarrian" landu dezaten. Izan ere, haur euskaldunei euskaraz jolasteko beste aukera bat eskaintzea da egitasmo honen helburua.
Euskal gizartea, kultura eta kirola dira bildumaren ardatz, eta Euskal Herriko irudi ugari aurki daitezke: natur guneak, festak, gazteluak, mendizaleak, txirrindulariak, arraunlariak, bertsolariak, idazleak, inauteriak, pertsonaia historikoak eta abar.
Kromoen salmentarekin ateratzen den dirua Sartagudako ikastolaren eraikin berria egitera bideratuko da. Dagoeneko Euskal Herriko kioskoetan salgai daude albuma eta kromoak.