The Beatles euskaraz<br />Rock & Orff taldeak DBHn musika lantzeko material berria aurkeztu du euskaraz: The Beatles CD-ROMa
- Abestien analisia: interpretatzaileari edo egileari buruzko informazioa eta analisi fitxa ditu, eta baita irakaslearentzako zein ikasleentzako musikogramak ere.
- Laguntza pedagogikoa: helburuei, edukiei, ekintzei, sekuentziazioei, denboralizazioari, prestaketarako ariketei eta inprobisatzeko aholkuei buruzko proposamen irekiak egiten dira. Hori guztia Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako, Batxilergorako eta Musika Eskoletarako bereziki landurik aurkezten da.
- Entzuketak: abestia entzutearekin batera partitura osoak, murriztuak, partitxelak... ikusteko aukera ematen du, orri guztiak inprima daitezkeelarik.
- Midi sekuentziak: Midi sekuentziarekin lan egiteko aukera ematen duen programa baten proba biltzen da. Horrek nahi diren moldaketak egiteko aukera ematen du. Programa ezagutzen ez dutenentzat erabilera argibideak jarrita daude.
- Glosarioa: instrumentuen alderdi teknikoari buruzko zenbait atal gehitzen dira (gitarrako akordeen jarrera, perkusioa eta bateria nola idatzi...). Alderdi orokorrari ere egiten zaio erreferentzia: musika moderno zifratua, terminologia espezifikoa...
Informazio hori guztia inprimatzeko moduan dago, guztia 467 orrialdeetan biltzen delarik.
Materiala osatzeko hainbat arrazoi
Musika irakasle talde bat izan da lan honen egilea. Musika arloan eta gazteei begira sumatzen zuten hutsuneari erantzuteko asmoz sortu dute material motibagarri hau.
Celia Egea musika irakasle eta egileetako batek dioskunez,"LOGSEren ezarpenaren ondoren Bigarren Hezkuntzako irakasleok zailtasun ugarirekin egiten genuen topo Musika klaseak emateko garaian. Horregatik, zailtasun horiek gainditzeko, maila honetarako musika curriculuma garatzeko eta Bigarren Hezkuntzako irakasleok prestakuntza aldetik geneuzkan gabeziei aurre egiteko sortu dugu materiala".
Irakasle hauen esperientzia eta talde lana izan dira proiektuaren oinarri, eta emaitza Musikako irakasleentzako material pedagogiko berritzailea eta erabilgarria izan da, bai institutuko irakasleentzat bai musika eskoletako eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat.
Egeak azaltzen digunaren arabera irakasle egileak, BBBn eta Bigarren Hezkuntzan izan duten esperientziarekin, nerabeen klaseetan instrumentuen adierazpenak duen garrantziaz jabetu dira."Gure ustez, erraztasun, arrakasta eta motibazio handienarekin lantzen den eduki multzoa da. Alabaina, nerabeei kosta egin zaie abestea ahotsa aldatu egiten zaielako, lotsatu egiten direlako, aurretik prestakuntzarik ez dutela... Eta dantzatzerakoan ere lotsa sentitzen dute, ikastetxeetan ez dago leku egokirik... Zuzenean lantzeko eduki zailak dira, baina garatzea interesatzen zaigu. Hainbestean, interpretazio instrumentala lantzeak ekintza horiek guztiak aldi berean eta ia konturatu ere egin gabe lantzeko aukera ematen digu".
Hori guztia aurrera eramateko eta posible egiteko musika errepertorio motibagarria eta egokia edukitzea garrantzitsutzat jotzen dute egileek."Adin horretan gehienek musika "modernoa" edo kontsumoko musika soilik entzuten dute. Horrekiko duten interesa beste musika motak ezagutzeko aprobetxatu behar dela uste dugu. Baina ez, orain arte bezala, haurrentzako abestien moldaketak erabiliz" irizten dio Egeak."Horrez gain, ikasle hauek normalean musika-hizkuntza maila handirik ez daukate, eta horrek ere kezkatzen gintuen".
Kezka eta hutsune horiek guztiek bultzatu zuten irakasle talde hau erraza, erakargarria eta malgua izango zen materiala sortzera. Era berean, kontziente ziren irakasleen prestakuntza arazoaz ere."Musika irakasle guztiok ez gatoz arlo beretik. Denok menperatzen ez ditugun instrumentuak daude, eta ikasleek jotzen dituztenak edo jo nahi dituztenak: bateria, gitarra elektrikoa, teklatua... Gainera, formazio klasikoa dugunok, normalean, ez daukagu ezagutza nahikorik abestiei ukitu modernoko moldaketak egiteko: reggae estiloa, saltsa, rock eta abar".
Esperientzian oinarritutako talde lana da
Burlatako Musika Sortzailea Eskolako zuzendari Celia Egea eta Iruñeko Bigarren Hezkuntzako institutu bateko Musika irakasle Inma Martinez izan ziren proiektuarekin hasi zirenak. Hasierako urratsak beraien ikasleekin burutu zituzten. Aurretik aipatu ditugun kriterioak betetzen zituzten hainbat abesti aukeratu, musika sekuentziak eta partiturak egin eta zenbait ikasturtetan maila eta egoera ezberdinetako ikasleekin esperimentatu zuten."Eskolan orkestra bat sortu genuen eta hainbat musika jaialdi antolatu genituen. Baina garrantzitsuena zera izan zen: ikasleen artean motibazio berezia sortu zela, eta irakasleek, gurasoek eta hezkuntza erakundeek gehiago estimatu zutela".
Ondoren, Lehen Hezkuntzan eta Musika Eskoletan ere lan egiten hasi ziren, eta beste bi irakaslerekin elkarlean abiatu ziren. Bata Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko batean Musika klaseak ematen dituen Pola Lazkoz zen, eta bestea Lekunberriko Musika Eskolako pedagogo eta irakasle Elena Aguilera. Bi irakasle hauen esku-hartzeak lana osatu eta aberastu zuen, hainbat ikuspegitatik egindako proposamen osagarriak gehituz.
Besteak beste, materiala kaleratu aurretik maila ezberdinetako irakasleentzako lagin edo eredu bat prestatu zuten. "Helburua zen hainbat musika maila, formazio eta arlotako irakasleek klasean eredu hori erabiltzea eta beren esperientziari buruzko iritzia ematea. Eredu hori CD-ROM formatuan banatu genue;, ez ziren partitura batzuk soilik, horrez gain hainbat atal gehitu genituen: abestiak, gelan lantzeko playback-ak, musikogramak, irakasleentzako eranskinak, ikasleen prestakuntzarako ariketak, laguntza pedagogikoak eta Midiko sekuentzia moldaketak egin ahal izateko (ezagutzen ez zuten irakasleentzat argibideak jarririk). Egeak dioenez, ondoren hainbat inkesta eta elkarrizketa pertsonal egin zituzten irakasleen ekarpenak biltzeko.
Klaseko esperientziaren ondorioak
Klasean egindako esperientzietatik bi ondorio nagusi atera dituzte:
1- Ikasleengan sortutako heziketa motibazioa eta aberastasuna: playback-a erabiltzeak izugarri errazten die ikasleei interpretatzen, ez die ezagutza maila handirik eskatzen eta horrek interpretatzeko orduan autonomia hartzen laguntzen die. Horrela, playback-aren laguntzarik gabe jotzen dute azkenerako. Musika aldetik aberastu egiten dira, kalitatezko musika entzuten ari diren heinean, konturatu gabe entzumena lantzen dutelako harmonikoki, erritmikoki, melodikoki eta beste hainbat alderditatik. Taldean jotzeko, beste gelakideei entzuteko, eta bere interpretazioa entzuten duenaren arabera modulatzeko gaitasuna garatzen dituzte. Segurtasun gehiago hartzen dute.
Beren ingurune musikaletik hurbil dauden moldaketak direnez, eroso eta jotzeko gogoz sentitzen dira.
Denentzako moduko zatiak daude, inor ez da bazterturik gelditzen asko dakielako edo gutxi dakielako.
Gelan denek ia zati guztiak lantzen dituztenez, ez dira aspertzen.
Beste gelakideen aurrean taldean jotzeak gustura sentiarazten ditu, eta behin jo ondoren, beti errepikatzeko prest egoten dira.
Horrek beste hainbat ekintza burutzeko motibazioa pizten du. Beste egoera batean ez lukete egingo, baina horrelako prestakuntzaren ondoren jaialdi batean kantatzen, dantzatzen, aurkezten, antolatzen eta abar amaitzen dute.
Ikasleen artean gauzak ondo egiteko interesa sortzen da, gainditzeko nahia, autoebaluatzeko gaitasun handiagoa, taldean gehiago kolaboratzen da, autoestimua garatzen da eta norberaren eta besteen gaitasun musikalak onartzen dira.
Azken finean, Musika ikasgaiarekin maila pedagogiko-musikal ezberdinetan iritsi nahi diren helburuak lortzen dira, hots, kontzeptuzkoak, prozesuzkoak eta jarrerazkoak.
2- Irakasleen heziketa lanerako erraztasuna ekarri zuen: irakasleek material benetan osatua zela adierazi dute. Normalean irakasleek bildu, sailkatu eta egin behar izaten duten material ugari biltzen du. Esaterako, analisiarako fitxak, musikogramak eta ikasleentzako fitxa-musikogramak.
Erdi mailako irakasleentzako moduko alderdiak ere biltzen ditu: hainbat instrumenturekin jotzeko glosario teknikoa, harmonia modernoa, inprobisatzeko orientabide pedagogikoak...
Klaseak prestatzeko garaian denbora aurrezten laguntzen du.
Playback-ak, esaterako, haur bakoitzari indibidualki erantzuteko aukera ematen die. Klase gutxitan emaitza duinak lortzen dira eta denbora gehiago eskaini nahi bada, horretarako materiala eta aukerak ematen ditu: analisiak, musikogramak, partiturak...
Talde bakoitzari moldatutako sekuentziak sortzeko aukera ematen du Midik, eta baita beste hainbat alderdi lantzeko ere: dantza, musika hizkuntza, aho adierazpena, denbora musikan, heziketa erritmikoa, harmonikoa eta melodikoa... Oso erabilgarria da ikasleak motibatzeko.
Merkatuan antzeko materialik ez dagoenez, irakasleek berritzailea dela iritzi dute.
Azken finean, egileen ustea egiaztatua gelditu da: irakasleentzako material erabilgarria dela. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta Musika Eskoletan erabiltzeko moduko materiala osatu dute.
Euskarazko bertsioa orain kaleratu da, baina gaztelaniazkoa martxoaz geroztik merkatuan zen. Dena den, Rock & Orff-en lehen bilduma orain bi urte argitaratu zen, eta hark ere gelan lantzeko lau abesti biltzen zituen. Dena den, bilduma hori ez dute euskaratu oraindik.