Kronika
PSNk legea aldatzeko Parlamentuan sartu zuen proposamenak Tuteran hiru unibertsitate eskola sortzea proposatzen zuen: Eskola Politeknikoa, Osasun Eskola eta Ikus-entzunezkoen Eskola. Halaber, hiru urte baino lehenago campusera zortzi ikasketa eramatea planteatzen du.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan ez da ondo ikusten proposamen hori, ez baitira ikasketak barreiatzearen aldekoak. Gobernua, bestalde, trasladoak ekarriko lituzkeen gastuen beldur da. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak sozialistek eramandako prozedura kritikatu du. Izan ere, Unibertsitate Erreformarako legeak dioenez ekimena Gizarte Kontseiluak abiatu behar du. Honek iazko udaberrian ekin zion Erriberara ikasketak eramateko asmoa aztertzeari, baina oraindik ez du txostenik ezagutarazi..
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zereginak hemen eta Europan
Hilaren hasieran Angeles Iztueta Hezkuntza sailburuak egindako agerraldi parlamentarioan legealdi honetako jomugak zein ziren ezagutzera eman zuen.
Horietako bat Lan Eskaintza Publikoa egitea izango da. Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Koldo Arrese arduratuko da prozesu horretaz. Horrela, sindikatuekin bilerak egin ostean, azaroan Alorreko Mahaia egitea espero du Hezkuntza Sailak. Dena dela, nahiko arazo izango dira Lan Eskaintza urte honetan egiteko. Izan ere, prozesuak dituen epe administratiboak oso luzeak dira.
Iztuetak aipatutako beste jomugetako bat eskola itun berria egitearena da. Talde parlamentarioei elkarlana eskatu die Eskola Itun berria egiteko garaian.
0-3 urteko haurren hezkuntza zikloari dagokionez, "ikuspegi zabalez" jokatuko duela aditzera eman du, "hezkuntza eta zaintza arloak biak hartuta".
Lanbide Heziketari garrantzi handia ematen dio, eta horren isla da sortu duten Lanbide Heziketa bultzatzeko sailburuordetza. Lanbide Heziketa nahiz Etengabeko Ikasketari buruzko Liburu Zuria taxutzeko asmoa agertu du.
Beka politika ere aldatu egingo da. Horrela, sistema berria progresiboa izango da eta aintzat hartuko du familia tipoa.
Unibertsitate Legeari dagokionez,adostasunean oinarritutako legedi propioa egin behar dela aipatu du.
Jomuga horiek betetzeaz gain, Angeles Iztuetak beste zeregin batzuk izango ditu Hezkuntza Iraunkorreko Europako Udal eta Eskualde Agintarien Elkartean (EARLALL). Elkarte hau EAEk, Balear Uharteek, Danimarkak, Letoniak, Suediak, Norvegiak eta Italiako eskualdeek osatzen dute. Angeles Iztueta elkarteko lehendakariorde izendatu dute.
Elkartearen helburu estrategikoa Europako biztanleriaren zahartzea eta lan merkatuaren etengabeko aldaketen inguruan, hezkuntza eta prestaketa iraunkorra jorratzea da. Xede horri begira, elkarteak elkarlan ekimen bateratuak eta proiektu komunitarioak garatu nahi ditu hezkuntza iraunkorraren alorrean.
Horretarako, Europako instituzioekin eta nazioarteko erakundeekin egingo du lan. "Instituzio mailen arteko elkarlana ezinbestekoa da alor honetan arrakasta izateko" Iztuetaren hitzetan. "Izan ere, hezkuntza oinarritik landu behar da, udalerri, eskualde, probintzia eta udal mailetatik".
Ikasle ezinduei laguntzeko plana EHUn
Euskal Herriko Unibertsitateak Unibertsitari ezinduak EHUn integratzeko plana onartu du. Datorren bi ikasturteetan garatuko den plan honek hamar neurri proposatzen ditu, guztiak ere hiru helburu lortzera bidean: aukera berdintasuna bermatzea, guztiontzako unibertsitatea eraikitzea eta ezinduen integrazioari buruzko gizarte eztabaida sustatzea.
Aipatu hamar neurri horietako batzuk honakoak dira: curriculuma ikasle ezinduen ezaugarrietara egokitzea, oztopo arkitektonikoen ezabatzea; ikasle ezinduen enplegatzea bultzatzea eta unibertsitateko komunitatea gai honetaz sentsibilizatzea.
Horrez gain, ezinduei laguntzen dieten boluntarioei aukera libreko kredituak emango dizkiete.
Beste zentro batzuetan horrelako ekimenak aurrera eraman izan dira, baina ez dute arrakasta handirik izan. Hala ere, EHUko ordezkariak baikor ageri dira plan honekin.
Halaber, unibertsitateko ikasle ezinduen kopuruak gora egin duela aipatu dute. Iaz 54 ikasle ezinduk ikasi zuten EHUn: horietatik 34k mugitzeko ezintasunen bat edo beste zuten, 12k ikusteko arazoak, bostek entzutekoak, eta beste hiruk bestelako ezintasunak.
Hurrengo urteetan kopuru horiek igo egingo direla aditzera eman dute. Arrazoia ikasle ezinduak eskolatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 80ko hamarkadan indarrean jarritako integrazio politika da. Egitasmo haren ondorioz, hogei urtean derrigorrezko hezkuntzan hezi diren ikasle ezinduak unibertsitatean matrikulatzen hasi baitira.
Bestalde, beste zenbait ekimen ez daude hain ongi eta "koordinatuta" EHUn. Arkitekturako ikasleak protestaldiak egin dituzte 3. mailatik aurrera euskarazko irakasleak falta zaizkiela-eta. Gipuzkoako errektoreordeak eta Euskara errektoreordeak arazoa deskooordinazio baten ondorioa izan dela adierazi dute, irakasleak kontratatu gabe egin dutelako euskarazko ikasgaien eskaintza.
Jauzi bat euskararen alde kanpaina abiatu du Baionako Bernat Etxepare lizeoak pairatzen dituzten gabeziei aurre egiteko. Lizeoak hiru sail nagusitan ditu arazoak: liburutegian, fisika-kimikako laborategian eta informatika sarearen osaketan. Egindako kalkuluen arabera, liburutegia hornitzeko 120.000 libera (3 milioi pezeta) beharko dituzte, 280.000 libera (7 milioi pezeta) fisika eta kimikako laborategia hornitzeko, eta 100.000 libera (2,5 milioi pezeta) informatika sarea osatzeko.
Hezkuntza Ministerioak esaten du Baxoa gainditzeko zein eduki irakatsi behar diren eta zein praktika burutu behar diren. Horrela, gazte bakoitzak mikroskopio bat behar duela esaten du, eta lizeoan bost dituzte 11 ikaslerentzat. Gainera, ez dira egokiak, polarizatuak behar baitira, eta haienak ez baitira horrelakoak. Ondorioz, ikasleek ezin dute esperimentaziorik egin eta Baxoko alde praktikoa bete ezinik gelditzen dira.
Egoerari aurre egiteko, Jauzi bat euskararen alde kanpaina jarri dute abian. Jauzi edo bono bakoitza 10 eurotan salduko da. Horrekin batera urtarrila bitartean hainbat ekitaldi antolatu dira.
Hazparneko ikastolak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu bere 30. urteurrena ospatzeko. Ikastola 1972an ireki zen 13 haurrekin, eta gaur egun 107 ikasle ditu, eta beste 51 haur ama eskolan. Langileak, berriz, 11 dira guztira. Haurren erdia baino gehiago Hazparnekoa da, eta gainontzekoak inguruko herrietakoak.
Ikasle kopurua urte hauetan guztietan igoz joan bada ere, beste zenbait arazo oraindik konpontzeke daude. Eraikuntzarena da arazorik nagusiena. Txikienentzako eraikuntza sendoa daukate, kantina gisa ere erabiltzen dena. Baina gainerako ikasleak prefabrikatuetan daude. Herri elkargoak lur eremu bat erosi du ikastolaren atzean, eta orain hainbat agintarirekin negoziatzen ari dira eraikuntzaren arazoari irtenbide bat emateko.