Teknologia berriak: Informatika. Irakatsi aurretik, ikasi egin behar da

2001-11-01
Informatikaren presentzia abiadura handiz nabarmentzen joan da gizartearen arlo guztietan. Gaur egun ia lan eremu guztietan azaltzen da; geroz eta jende gehiagok erabiltzen du ordenagailua bere lanean. Momentu batean etxeetan telebista ezinbesteko tresna bihurtu bazen, badirudi gauza bera gertatzen ari dela ordenagailuarekin. Lanaren esparruaz aparte, aisialdirako ere gero eta erabilpen handiagoa du. Beraz, biztanleriaren ehuneko handi batek jarri behar izan du bere burua noizbait ordenagailu edo ordenagailudun makina baten aurrean. Pertsona horiek informatikarekin inongo kontakturik izan ez badute, gogorra izan daiteke edo traba asko sor ditzake.
 
 
Hezkuntza eta informatika

Oraintxe arte behe mailako eta maila ertainetako hezkuntzan informatika zeharo baztertua egon da. Jende gutxi zegoen horrelako gaiak irakasteko trebatuta, eta trebatuta zeudenen artean, oso gutxi irakaskuntzan interesaturik.

Ildo honetatik, badirudi oso garrantzitsua dela informatika irakastea behe eta erdiko mailako hezkuntzan. Baina, nire ustez, adin gazte horietan, programatzen edo konputagailuaren barne egituraz edota sistema eragileei buruz jakitea baino garrantzitsuagoa, konputagailua lan tresna ahaltsua izan daitekeela ulertzea da. Eta haurrak horretaz jabe daitezen, behar-beharrezkoa da euren irakasle, hezitzaile eta, kasu askotan, eredu diren maisu-maistrak hala erabiltzen dutela ikustea.

Horren inguruan, Alfonso Gutiérrezek honako hau dio:"Irakasleok, Teknologia Berriez ari garela, irakas-baliabideetara mugatzea da interpretazio sinpleena, eta beharbada gehien erabiltzen dena. Konputagailuak, proiektagailuak, bideo elkarreragileak, irakurle digitalak, multimedia..., sofistikatuak-edo diren baliabide horiei buruz zerbait irakurria dugu, eta, diotenez, hezkuntzan erabilgarriak dira. Berri adjektiboak, kasu askotan, baliabide horiek oraindik ez erabiltzearen zergatia justifikatzeko balio izaten du, eta neurri batean, geure kontzientzia berritzailea lasaitzeko" (Gutiérrez A.).

Beraz, jauzi nabarmena egin dugu haur eta gaztetxoek jakin behar dutenetik beren maisuek, ez informatikako maisuek, baizik eta denek, jakin behar dutenera.

Pina eta Sánchez-ekartikulu batean, informatika arloan espezializatuak ez diren ikasketetan informatika irakasteko hainbat curriculum joerei buruz hitz egiten digute. Joera hauen artean, batetik, informatikaren oinarriak, aldatuko ez diren arloak erakustearen aldekoak daude; eta bestetik, informatikaren arlo praktikoa jorratzea nahiago dutenak. Lehenengoaren alde daudenak, aplikaziotik urrutiago eta kontzeptutik gertuago ibiliz, informatikaren oinarri horiek argi dituen pertsona batek edozein pakete instalatzen eta erabiltzen erraz ikasiko duela diote (Kelemen eta Patt). Bigarrenaren aldekoek, ordea, aplikazio zehatzak erakustearen alde jotzen dute, informatikaren alorrean espezializatu nahi ez duen jendea lehen aipatutako oinarriak jasota gustura geratzen ez delako (Sellars).

Horri guztiari jarraituz, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Teknologia Berrien alorrean lan egiten dugun irakasleok bigarren adarretik jo dugu, ikasleentzat interesgarriak diren programak landuz konputagailuarekin harremanetan jartzen direla pentsatuz eta pixkanaka oinarri horiek ere beren kabuz ikasiko dituztela ulertuz.



Gure aukera

Hemendik aurrerakoa NUPeko Irakasle Eskolan informatika irakasteko dauden bi irakasgaien azalpena izango da, kontuan izanik egungo ikasleak etorkizuneko irakasleak izango direla, irakasgai hauek daukaten garrantzia eta balioa adieraziz.

Pina eta Sánchez-en artikuluan, oro har, ikasle espainolek unibertsitatera iristean informatikarekin garrantzizko kontakturik ez dutela izan diote. Askok konputagailu bat piztu ere ez dute inoiz egin. Honek oinarrizko kontzeptuen sarrera bat egin beharra dakar. Baina, hor egiten dena alde batera utziz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu etorkizuneko irakasle hauek beren eskoletara iristen diren egunean, proposatzen zaien softwarea edo beraiek aurki dezaketena ebaluatzen jakitea. Horregatik, merkatuan dagoen produktu baten azterketa egitea eskatzen zaie, erabilgarritasuna, atsegina izatea eta horrelakoak aztertuz. Horretarako oso lagungarria izan daitekeen material asko lor daiteke sarean bertan (Cabero eta Duarte) eta (Marquès).

Hurrengo urratsa Interneten dagoenari aplikazio hezgarria ematea da. Internetetik lortzen den materiala batzuetan zuzenean erabiltzeko modukoa da, beste batzuetan, berriz, norberaren prestakuntza behar du, eta beste batzuetan informazio gisa besterik ez dio balioko irakasle bati. Baina atal honetan argi geratu behar dena da Internetetik laguntza handia jasotzeko aukera dagoela. Jarraian adibide batzuk ikus ditzakegu.

- Ibazar web orrian (www.-ibazar.es) produktu batzuk ageri dira enkantean. Etxetik, sarearen bidez, enkantean dauden produktuak erosteko edo saldu nahi dugun zerbait enkantean jartzeko aukera daukagu. Horrek, Historia irakasgaiko Ekonomiaren Oinarriak gaiaren barruan, egunerokoa ez den salerosketa modu bat praktikoki ikusteko balio dezake.

- Egunkariako Hemeroteka (www.egunkaria.com/egun1999/sarrera.html), adibidez, bai irakasleek eta bai ikasleek apunteak osatzeko eta lanak egiteko erabil dezaketen webgunea da.

Bi urrats horiek landu ondoren, Irakasle Eskolako ikasleek badakite lortzen duten material informatikoaren ebaluaketa egiten eta Interneti erabilgarritasuna aurkitzen. Beraz, beren klaseetarako egokia zer izan daitekeeneta zer ez bereizteko gai dira. Halaber, oraindik hutsune bat geratzen da: merkatuan edo Interneten behar dutena aurkitzen ez dutenean eman beharreko pausoa.

Kasu horretan eurek sortu beharko dute behar duten materiala. Multimedia materialaz ari gara, soinu, irudi, mugimendu eta bestelakoak dituztenak. Horien artean elkarreragileak eta elkarreragile ez direnak bereiziko ditugu.

Lehenengoan haurrak ez du parte-hartze aktiborik, ordenagailuarekin behintzat. Normalean aurkezpenak edota azalpenak egiteko erabiltzen da. Horrelakoak sortzeko "Kid Pix Studio" delakoa erabiltzen dugu. Programa honek marrazkiak egiteko hainbat aukera eskaintzen ditu, marrazki eta animazio ikusgarriekin eta soinuarekin. Honekin sor daitekeenaren adibide bat 1. irudian ikus dezakegun programa da, animalien bidez bokalak irakasteko balio izan dezakeena.

Bigarrenean, elkarreragile ez denean, programaren aurrean dagoenak parte-hartze aktiboa izan behar du. Berak egindako aukeren arabera programak erakutsiko duena desberdina izango da.

Horrelakoak egiteko "Macromedia Director" tresna erakusten zaie. Tresna horrekin elkarreragile ez diren aurkezpenak ere gara ditzakete, eta gainera, animazioak eurek sortu eta "Lingo" lengoaia erabiliz osagaiek elkarrekintza onar dezaten programatu. Azken hitz honek, gehienetan, informatikaren erabiltzaile soila den jendeari beldur handia ematen dio. Baina lengoaia horiek, autore lengoaiak deritzenak, hain zuzen ere jende horrentzat diseinaturik daude. Gauza politak sor daitezke programazioaz ezer gutxi jakin arren. Adibide gisa, 2.a eta 2.b irudietan azaltzen den programa ikus daiteke.

Sarean ageri diren Irakasle Eskoletako informazioa aztertuz gero, argi ikusten da informatikari oso denbora gutxi eskaintzen zaiola. Gehienek irakasgai bakarra daukate eta horren atal txiki bat besterik ez zaio ematen informatikari, beste guztia proiektagailu, diapositiba, bideo, zine eta bestelako ikus-entzunezko gailuek hartzen dutelarik. Ez dut esango nik horiei denbora gutxiago eskaini behar zaienik, baina bai informatikari, eta are gehiago, haien alderdi praktikoari, denbora gehiago eskaini beharko litzaiokeela. Gehienetan, irakaskuntza eskaintzetan, edukia oso teorikoa da; hezkuntzan informatika nola erabili beharko litzatekeen, softwarea eta hardwarea zer den, multimedia sistemak nola erabil daitezkeen... irakasten dute, eta praktikoenek, Word eta PowerPointen erabilera.



Ondorioak

Ikusirik nolako abiadan aldatzen den informatika , oso posible da orain Irakasle Eskolan dauden ikasleak eskola batean lanean hasten direnerako gaur egungo Teknologia Berri guztiak zaharkituta gelditzea. Oso urrutira joan gabe, eskoletan "Director 6" bertsioa erabiltzen ari gara eta dagoeneko merkatuan "Director 8" bertsioa dago salgai. Dena den, ni metodologia honen aldekoa naiz, pentsatzen dudalako orain hori ikasteko gai izan badira, horren berrikuntzak beren kabuz berenganatzeko gai izango direla, eta erraztasun handiagoa izango dutela beste softwarearekin kontaktuan jartzeko ere. Gainera, irakasgaiaren edukien barruan, "Word", posta elektronikoa eta abar inplizituki agertu ez arren, horiek ere ikasten dituzte lan idatziak aurkeztu behar dituztelako, irakaslearekin kontaktuan jarri behar dutelako eta abar. Alderdi teorikotik jotzen denean, ordea, zer erabili eta nola aplikatu beharko litzatekeen oso ongi jakingo dute, baina ordenagailua behar adina erabili gabeak izango dira eta erabili nahi ezik jarraituko dute.

Amaitzeko, esan beharra dago, irakasle euskaldunek behintzat, sortze lan handia egin beharko dutela. Beste hizkuntzetan, jar dezagun adibide gisa katalana, jadanik nahiko garatua dago lan hori, baina euskaraz egiteko asko dago oraindik. Adibidez, haurrentzat Interneteko helbide asko dago, bai gaztelaniaz eta bai erdal hizkuntzetan. Aisialdirako helbideak eta helbide didaktikoak ere bai, baina euskaraz, nik behintzat, ez dut gauza askorik aurkitu. Adibidez, Xingolan, (www.egunkaria.com/xingola), haurren aisialdirako jolas sinpleak eskaintzen dituzte. Puzzleak, erantzuteko galderak, erreportaje txikiak eta ipuintxoak eskaintzen dituen web orria da. Bestalde, hortxe daukagu, euskaraz dagoen banaketa libreko softwarearen zerrenda egiten saiatzen den www.arrakis.es/~sortzen/freeware.htm Interneteko helbidea. Baina oraingoz, "Zure Diabetea Kontrolpean" programa eta "Klik" aplikaziorako (berez katalana da) lotura (www.xtec.es/recursos/clic) besterik ez du eskaintzen. Programa komertzialetan badago eskaintza gehiago; EIMA katalogoan [EIMA] eta Euskarazko Software katalogoan (194.30.78.149/softkat/sarkat.htm) software horri buruzko informazioa lor daiteke.





Bibliografia

- CABERO eta DUARTE: Evaluación de medios y materiales de enseñanza en soporte multimedia. Pixel-Bit. Revista de Medios y Educación, 13, 23-45.

- GUTIERREZ, A.: http://www.-uned.es/ntedu/espanol/master/primero/modulos/multimedia/magiste.htm

- KELEMEN: Public Understanding of CS and First Courses for Nonmajors. 1997.

- MARQUÉS: http://www.xtec.-es/~pmarques/edusoft.htm

- PATT: First Courses and Fundamentals. Michigango Unibertsitatea. IEEE computacional science and engineering, 1996ko uda, 46-65 eta 96ko udazkena 54-62.

- PINA eta SANCHEZ: "Consideraciones en la enseñanza de la Informática para estudios universitarios de Ciencias Sociales: propuestas de curriculum y metodología". XIV Congreso de Estudios Vascos: Informazioaren Gizartea. 299-305 or. 1998.

- SELLARS: Why a college course is computer literacy. Sigcse Bulletin, 20. alea, 2 zkia, 1988ko ekaina, 58-64.