Urte berri on, ikasturte hobeari!

2002-01-01
Urte berriak dakarren ilusioa eta indarra erantsi behar diogu hezkuntza arloan irailean hasitako ikasturte berriari
 
 
Estreinatu dugu urte berria, 2002. urtea. Urte berri ona opatuz jaso ohi ditugun postalekin batera, desio, asmo eta proiektu berriak agertzen dira. Atzera begiratu eta urte zaharraren errepasoa egitearekin batera, aitzinera begira jarri eta abagune berriak ikusi ohi ditugu. Zintzilik utzitako lanei heltzeko kemena atera ohi dugu.

Oro har, gizartean sumatzen den giro hori ez da eskola barrura sartzen, ordea. Ikastetxeek SantoTomasetan ateak itxi eta Erregeak pasa arte ez dituzte berriro irekitzen. Aurreko asteetan apaindutako gelak hutsik eta argiak itzalirik gelditzen dira. Bi asteren bueltan esnatzen dira, berriz ere ateak ireki eta bigarren hiruhilekoari hasiera ematen zaionean.

Eta hortxe dago diferentzia. Kanpoan urte berria hasi den bitartean, eskola barruan ez da ikasturte berria hasi, irailean abiatutakoaren jarraipena baino ez da. Orduan, kanpoan sortzen diren ilusio eta proiektu berriak ez al dira sortzen ikastetxe barruan?

Hezkuntza munduarentzat urte berria irailean hasten da; garai horretan jartzen dira martxan proiektu berriak, prestakuntza ikastaroak, jardunaldiak... Kalean urtarrilean nabari den ilusio, gogo eta indarra irailean antzematen da irakaskuntzan.

Edozein modutan, horrek ez du esan nahi hurrengo irailera arte gauzak baloratu eta eraldatu ezin daitezkeenik. Garai egokia izan daiteke lehen hiruhilekoan egindako urratsei so egiteko eta hurrengo pausoak bideratzeko edo berbideratzeko. Ez dago gaizki urte naturalak emandako gertaerak bergogoratzea, lagungarri izan baitaitezke aurrera begirako bidea egiteko.

Horregatik, ez dugu ahaztu behar 2001. urtean Nafarroako Gobernuak euskarazko ikasliburuen inguruan hartu zituen erabakiak, eta horrek euskarazko irakaskuntzan eta euskarazko argitaletxeetan utzi dituen ondorioak. Era berean, 0-3 urteko etaparen arautzeak ere buruhausterik sortu zuen EAEn. Haurraren Hezkuntza Eskubidearen Aldeko Mahaiaren sorrera bultzatu zuen, eta bere iritzi eta ekarpenak kontuan hartuko dituela hitz eman dio Eusko Jaurlaritzak.

Beste hainbat erakunde ere sortu dira aurten, hala nola: EHIGE, Euskal Herriko ikastetxe publikoetako guraso elkarteen konfederazioa; BiHe, Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako institutuetako zuzendarien elkartea; Euskal Herriak bere eskola ekimena... Nafarroan euskarazko irakaskuntzarako proposamenak egin zituzten ELA, LAB eta EILAS sindikatuek eta Sortzen-Ikasbatuaz eta Ikasle Abertzaleak erakundeek, ondoren ikastetxeetan proposamena eztabaidatzen hasi direlarik.

Horrek guztiak eragina izango du 2002. urteko hezkuntza arloko jardunetan. Horregatik, nahiz eta ikasturtearen jarraipena baino ez izan urtarrila, kanpoko indarberritzeak hezkuntza ere busti behar du.