Aukera ugari hik hasi udako <br />topaketa pedagogikoetan

2002-04-01
Gure eskola lortzeko ahaleginean Udako Topaketa Pedagogikoak elkargune eta indartze paregabea izateko gure desio eta gonbidapen zintzoena
 
 
Datorren ikasturterako aurrematrikulazio datuak ezagutarazten ari diren honetan, euskarazko ereduan, D ereduan, ikasi nahi dutenen kopurua etengabe goraka doala nabarmentzen da.

Horrek euskal irakasleen beharra dakar berekin. Eta irakasleek ahalik eta ondoen prestatuta egon behar dute kalitatezko hezkuntza eskaini nahi bada.

Oh! Kalitatea aipatu dugu. Zer da, bada, kalitatea? Nolakoa da Madrildik ezarri nahi den Kalitatearen Legea? Nola jasotzen da kalitatea Parisen sortzen dituzten legeetan?

Ezaguna da euskal esparruan gure hezkuntza normalizatzeko egiten ari diren ahaleginak oso baldintzatuta daudela urruti samar hartzen diren erabakiengatik. Horrela ezagutu dugu, eta munduak daraman martxa ikusita, aurrerantzean ere horrela izango dela dirudi.

Bestalde, kanpoko eragile horiek egonda ere, gure hezkuntza asko aldatu da azken berrogei urtetan. Txoro batzuen ametsa izan zena, pixkanaka gorpuzten joan da eta gaur egun errealitate indartsu bihurtzen ari da.

Hala ere, euskal hezkuntzaren normalizazioa lortzeko asko da falta dena, eta hori gutxi balitz, normalizazio parametroak etengabe aldatzen ari dira.

Duela gutxi arte helburua ikasleak bi hizkuntza orekatu lortzea baldin bazen, gaur egun eleaniztasuna hartzen da normalizaziorako bidetzat. Lehen inguruko etorkinak baldin baziren hona zetozenak, orain urrutiagotik datoz. Hizkuntza eta ohitura ezberdinak izateaz gain, bestelako kultura, osasun bizipen, elikadura, sexu harreman, sinesmen... dituzten pertsonak inguratzen dira. Oraintsu arte ikasgaiak lantzeko liburua baldin bazen irakasleok genuen euskarri ia bakarra, une honetan, teknologia berrien bitartez aukera asko ugaritu da. Eta zer esanik ez espresio munduan, balioen aldaketan eta abarretan gertatzen ari diren eraldaketak.

Horren guztiaren aurrean, euskal hezkuntza normalizatu nahi duen orok jarrera aktiboa behar du; gizartearen garapena behatu, hausnarketetan parte hartu eta hautuak egin. Orain arte egindakoaz harro egoteko eta etekina ateratzeko modurik ederrena da aurrera begira asmatu ditugun ildoak indartzea eta asmatu ez ditugunak aldatzea.

Bide horretan lagungarri izan nahi d hik hasik , berari dagokiona ahalik eta ondoen betetzen. Horretan ahalegindu da, Pedagogia Fakultatearekin elkarlanean, aurtengo Udako Topaketa Pedagogikoen eskaintza egiterakoan. Inoiz baino aukera zabalagoa, 30 ikastaro, ia guztiak euskara hutsean.

Kanpokoen sudurra sartzearen aurrean, Euskal Irakasleok izan dezakegun elkargune eta indartze paregabea burutuko dugulakoan, parte har dezazuen gonbidatzen zaituztegu.