ASKAGINTZA elkartea: Osasun heziketa eta droga-menpekotasunen prebentzioa eskolan

2002-04-01
Ezin esan daiteke eskolaren zeregina soilik denik osasunerako eta droga-menpekotasunen prebentziorako neurriak hartzea. Oro har, gizarteak hartu behar du ardura hori, erantzukizuna guztiona delako. Edonola ere, eskolak bere alea jar dezake. Askagintzaren barruan dagoen Izadia kabineteak horretan laguntzen du, osasun heziketako prestakuntza ematen dihardu hainbat ikastetxetan.

Txus Conjil Izadiako partaide den aldetik, guraso, irakasle eta ikasleekin dabil osasun heziketako plagintzak martxan jartzen eta prestakuntza ematen. Azpeitiko Ikasberri ikastolan orain dela hiru urte hasi ziren osasun heziketako plangintzarekin, eta gainontzekoak bezala, Izar Arregi ikastolako psikologoa eta orientatzailea gertutik bizitzen ari da prozesu osoa.
 
 
Txus Conjil: "Osasun heziketa prozesu bat bezala planteatzen dugu eta protagonistak ikasleak dira, irakasleak tresna profesionalak dira"



Zuretzat zer da osasuna, Txus?

Osasuna ez da alderdi biologikoa soilik, orokorragoa baizik. Egunoroko bizitzarako tresnak eta trebetasunak edukitzea, eta erabakiak hartzeko, komunikatzeko eta gatazkei konponbidea emateko gai izatea ere osasuna da. Pertsona gustura sentitzen bada, autoestimu altua badu eta autonomia badu, askoz hobeto moldatuko da elikadurarekin, garbitasunarekin, drogekin, sexu harremanekin eta abar. Osasuna ingurunearekin ondo egotea da, ongizatearekin lotu behar da eta ez gaixotasunarekin.



Nola ulertzen da gaur egun osasun heziketa?

Droga-menpekotasunaren eta osasun heziketaren inguruan dauden planteamenduak nahiko partzialak dira. Hezkuntza sistemak ez du erantzunik ematen eta ez du serioski planteatzen gaia, zehar lerro bezala baizik. Betiko irizpideak lantzen dira: erretzearen gaia, loditasuna, anorexia... Eskola batean zerbait gertatzen denean eta alarma soziala pizten denean, orduan egiten da zerbait, baina bestela ez. Eta egiten dena, borondatez egiten da.



Nola ulertu beharko litzateke? Zer planteatzen duzue zuek?

Guk planteatzen dugu benetako osasun heziketa ez dela hasten jaio ondoren, baizik eta aurretik. Aita edo ama izatea izugarrizko konpromisoa da. Pertsona bat baimenik gabe ekartzen dugu, gu gara protagonistak eta gu gara erabakitzaileak. Orduan, maila horretan hasi behar da osasuna eta heziketa kontuan hartzen.

Dena dela, guk hezkuntza zentroetan planteatzen dugun programa 2 urtetik 18 urtera arte mugatzen da.



Nola uztartzen dituzue eskola eta familia?

Familiak eta eskolak adostu egiten dute martxan jartzen dugun programa. Izan ere, bai batean zein bestean egiten denak ildo berean egon behar du eraginkorra izan dadin. Ez dute funtzio berdina, baina bai osagarria. Bestela, neska-mutilek leku bietatik gauza desberdina hartzen dute eta kontraesanak sortzen zaizkie.



Osasuna heziketak integrala izan behar du, orduan .

Bai, bestela puntualki lantzen da: orain hitzaldi bat elikaduraz, beste bat anorexiari buruz, edo Malagan gertatukoaren ondoren beste hitzaldi bat drogei buruz... Hori boluntarismo hutsa da eta benetako interbentzioa da behar dena, programa sistematizatua eta ebaluatua. Hainbeste urte pasa ondoren boluntarismoarekin eta inprobisazioarekin jarraitzea nahiko larria da nire ustez. Askotan ez da denbora soilik galtzen, indarrak ere bai, eta ez da eraginkortasunik lortzen.

Nire ustez, hezkuntzaren kalitateaz mintzatzen garenean gutxiago hitz egin behar dugu ondorio akademikoez, kontrolaz eta azterketez, eta gehiago eraginkortasunaz, baina era orokorragoan eta integralagoan.



Zein da osasun heziketako programaren berezitasun nagusiena?

Osasun heziketa prozesu bat bezala planteatzen dugu eta bertan protagonistak ikasleak dira. Irakasleak tresna profesionalak dira, eta horiekin batera orientatzaileak eta familia daude.

Gure lehen helburua osasun heziketaren inguruko informazio egokia, objektiboa eta argia ematea da, estereotipo eta aurreiritzirik gabe. Eta bigarren helburua, guretzat oso garrantzitsua dena, egoera kontsumista eta indibidualista honetan beste balio sistema bat bultzatzea da: elkartasuna, komunikazioaren garrantziaz jabetzea, elkar ulertzea, elkarrekin negoziatzea eta abar. Hori lortzeko beharrezkoa da tresnak eskura jartzea, hots, erabakiak hartzeko, komunikatzeko, gatazkei konponbidea emateko eta abarrerako baliabideak ematea. Eta hori ere osasuna da.



Zer erlazio dago osasunaren eta norberaren nortasunaren artean?

Zuk zure osasuna eta zure burua zaintzeko zure burua maitatu behar duzu, autoestimu positiboa eduki behar duzu. Frogatua dago besteekin ondo erlazionatzeko, soziala izateko eta sentimenduak adierazteko gai bazara, autoestimu ona edukiko duzula. Hots, elementu horiek guztiak erlazionatuta daude. Orduan, zenbat eta gehiago landu trebetasun sozialak, orduan eta autoestimu positiboagoa izango dela esan nahi du. Eta zenbat eta autoestimu positiboagoa izan, orduan eta hobeto zainduko dugu geure burua.







Ikasberri ikastolako esperientzia

Izar Arregi:"Ez dugu mezu paternalistarik eta ezezkorrik eman behar, baizik eta autoerantzukizunarena"



Nolatan sartu zineten osasun heziketarako proiektu honetan?

Gure ikastola kooperatiba bat da eta gurasoen eskariz sartu ginen proiektu honetan. Sexualitatea eta droga-menpekotasuna landuko zituen programa bat ezarri nahi zuten eta langileok ondo bideratuko genuela ziurtatu nahi zuten. Orduan, Izadia taldekoekin jarri ginen harremanetan.



Nola planteatu duzue?

0-18 urte bitartean ezarri dugu eta maila guztietan zerbait landuko dela ziurtatzen dugu. Gu lantzen ari garena hiru urteko plangintza da: lehenengo urtean irakasleok prestakuntza jaso genuen, bigarren urtean materiala aztertzen eta helburuak finkatzen aritu ginen eta hirugarren urte honetan hori guztia aplikatzen ari gara.



Zer aldarazi zizuen hasierako prestakuntzak irakasleoi?

Gauzak ulertzeko modua aldarazi zigun, atzetik dagoen filosofia, eta hori ondo barnetatuta gelditu zaigu. Irakasleok eduki behar dugun jarrera zein den ikasi dugu, eta orain aplikatzen ari gara. Oinarriak ondo landuta dauzkagu. Autoa erosita daukagu, gida baimena ere badaukagu, eta orain lehen martxa edo hirugarren martxa noiz sartu behar dugun ikusi eta ikasten ari gara.



Zer dago filosofia berri horren azpian?

Ez dugula mezu paternalistarik eta ezezkorrik eman behar, baizik eta autoerantzukizunarena. Hau da, ikasleei ez diegu esan behar "drogak ez hartu", baizik eta "begira, zuk erabaki, baina ikusi alderdi onak eta txarrak". Zigarroak erretzen edo parranda egiten hasten direnean, ez erretzeko edo parrandarik ez egiteko esan ohi diegu. Beti mezu ezezkorrak ematen dizkiegu, nahiz eta jakin horrek ez duela funtzionatzen eta gehiago erakartzen dituela. Ezetz esan behar hori gure kontzientzian sartuta daukagu.

Orain, ordea, konturatu gara hori baino askoz ere garrantzitsuagoa dela beste mezu batzuk ematea. Adibidez, "begira, niri beldurra ematen dit, nik ez dut nahi zuk hori egitea, baina egiten baduzu gutxienez informa zaitez". Edo ereduak jar ditzakegu: "begira, horrek ez du erretzen".

Filosofia aldaketa hori gertatu da irakasleongan; lehen mezu paternalista edo agintariak ematen bagenizkien, orain beste pentsakera bat dugu.

Hala ere, ez da erraza. Askotan lehenengo pentsakerak aldatzen dira, eta jarrerak geroago. Oso zaila da guztiz barneratzea, oso zaila da jarrerak eta izaerak guztiz aldatzea. Baina era berean, oso garrantzitsua da irakasleok jarrera aldaketa horiek adieraztea gero ikasleei transmititu behar baldin badiegu.



Iaz materiala prestatu eta plagintza zehaztu zenuten, eta aurten dena praktikan jarri duzue. Zer egiten ari zarete?

Lehen Hezkuntzan Lagunekin baratzean materiala erabiltzen ari gara eta goiko mailatan fitxak lantzen. Lantzen ari garen heinean gauza eta behar berriak ikusten ditugu eta horiek betetzen ari gara pixkanaka-pixkanaka. Txusen laguntza ere jasotzen dugu eta jarraipen horrek ere bermatzen du gure lana. Irakasle batzuek beste batzuek baino jarduera gehiago egin ditzakete, baina garrantzitsuena, lehen esan dudan bezala, azpian dagoen filosofia da.



Nolako harrera izan du ikasleen aldetik?

Oso gustura daude. Ikasleak desiatzen egoten dira gai horiek lantzeko, desiatzen daude momentu bat aurkitu eta beraien artean gauza horietaz hitz egiteko, asko gustatzen zaie, horiek baitira beraien eguneroko kezkak eta motibatzen dituzten gaiak.

Gure jarrera aldaketak ere eragina izan du beraiengan. Irakasle agintari baten ordez entzuten eta ulertzen dien irakaslea joaten bazaie, beraiek ere beste jarrera bat hartzen dute. Drogak txarrak direla esanez joaten bazara, berehala deskonektatzen dute. Enpatiarekin, beren lekuan jarriz, afektibitatearekin joan behar da, baina hezitzaile eta guraso papera galdu gabe. Eta mezuek ere irekiak izan behar dute, ez dogmatikoak eta debebatzaileak, hezitzaileak baizik.

Azken finean, gazteak dira arrisku egoeran daudenak, ez irakasleak, profesionalak eta gurasoak. Orduan, hobe da beraiek prestatzea, beraiek direlako protagonistak. Jakinaren gaineran egon behar dute beraiek direla erantzuleak. Argi eta garbi esan behar zaie: "zuk esperimentatzen baduzu, zuk kontsumitzen baduzu, ez duzu haurrak bezala egin behar, erantzukinez eta ondorioen gaineko ardurak hartuta baizik". Oso garrantzitsua da haurrak bezala ez tratatzea, heldu bezala baizik. Eta hori, txikitatik egin behar da, bakoitza bere mailan.



Zer landu daiteke txikitan?

Adibidez, txikitatik erakutsi behar zaie jostailuak gordetzen. Askotan gurasoek gordetzen dituzte, eta erakutsi egin behar zaie ez dela jolastea soilik.

Garbitasunaren kontzeptua ere garrantzitsua da. Ez da beti mukiak kentzen egon behar, baina garbi egotea osasuna dela jakin behar da. Erantzukinaren heziketa dei geniezaioke horri. Adinean gora egin ahala, ardura eta eskubide gehiago izango dituzte, biak, ez eskubideak soilik, ardurak ere bai.



Zer diote gurasoek?

Gurasoekin lotura estua daukagu. Lehenengo urtean topaketak eta hitzaldiak egin genituen eta iaz sexualitateari eta droga-menpekotasunari buruzko hiru saio egin genituen. Eskola moduko bat ere egin genuen beraien kezkak eta beharrak zein ziren jakiteko. Horrez gain, arazoak sortzen direnean (tabakoa edo hatxisaren kontsumoa, barne araudiak...) eskola komunitateko bileretan lantzen ditugu denok batera. •