Haur txikiak eta hiriak aztergai <br />izango dira maiatzaren 25ean Bilbon

2002-05-01
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Sailak "Herritar txikiak. Kalitatea haurtzaroan: Europako parametroak" izeneko jardunaldia antolatu du maiatzaren 25erako. Bilboko Guggeinheimeko auditorioan izanen da. Gizarte Gaietako zuzendaritza kargua duen Angel Baorekin mintzatu gara jardunaldiaren zioak eta helburuak jakin asmoz.
 
 
Zein izan da jardunaldi hau antolatzeko motibo nagusia?

Orain arte EAEn ikuspegi sozialetik haurtzaroaren eremuan egin dena ez dela nahikoa ikusi dugu.Hezkuntza ikuspegitik begiratuta, 0-3 etapa oraindik arautu gabe dago. Orokorrean 0-2 urteko haurren %20 baino ez dago eskolatua, eta eskaintzaren %70-80 pribatua da. Alderdi sozialetik ikusita, haurrek hiritar bezala duten eskubidea eta hiriak beraien neurrira moldatua egoteko beharraren sentsibilitatea ez da nahikoa.

Hortik abiatuta eta ikuspegi sozialari helduz, planteamendu orokor bat egin dugu. Horren barruan hainbat ekintza jarri ditugu abian eta horietako bat izango da jardunaldi hau.



Zein da haurtzaroari begira egiten duzuen planteamendu orokorra?

Haurrak kontuan hartuko dituen eta errespetatu dituen espazio bat, hiri bat, gizarte bat nahi dugu, hots, haurrei egokitutako zerbitzuak eskainiko dituena. Haur txikiek parte-hartzaileak izan behar dute gizartean eta gogoan eduki behar dugu pertsona garrantzitsuak direla.

Jardunaldietan haurtzaroa ikuspegi sozialetik landuko da batik bat, ez hezkuntza ikuspegitik.



Zein kriterio erabili duzue hizlariak hautatzeko?

Gonbidatu ditugun pertsonak haurren eskubideen alde lanean ari direnak, ekarpen berriak egin dituztenak eta hirian haurrei eman behar zaizkien zerbitzuen hausnarketaren inguruan punta-puntan dabiltzanak dira.



Nori dago zuzendua?

Bereziki haurtzaroarekin zerikusia duten instituzioetako eta erakudeentako pertsonei: udaletxeetako teknikariak, arduradunak eta zinegotziak, sindikatuetako pertsonak, hezitzaileak... Eta baita interesa duten eta zerbait eskain dezaketen guztiei ere.

Udaletxeetako pertsonen presentzia indartu nahi dugu, lan handia egin dezaketelako hiriak haurrei egokitzeko garaian eta haurrei egokitutako zerbitzuak eskaintzeko orduan.



Jardunaldiaz aparte, zein beste ekintza jarri dituzue martxan?

Eusko Jaurlaritzan haurtzaroari bideratutako batzorde berri bat sortu dugu. Haurrekin lan egiten esperientzia duten erakudeekin izango du harremana batzordeak.

Momentuz, jardunaldiez gain, Haurren eta Nerabeen Babeserako Legea garatzeko konpromisoa hartu dugu. Haur Eskolen antolaketa orokorra egiten ere ari gara Hezkuntza Sailarekin batera. Eta horri loturik, 0-3 dekretuaren zehazte lanetan ere ari gara gainontzeko eragileekin batera.



Nola dago dekretua momentu honetan?

Orain zehazten ari gara eta erakunde guztiekin, sindikatuekin, 0-3 Mahaiarekin, guraso elkarteekin eta patronalarekin eztabaidatzen. Maiatzerako aterata egon behar luke datorren ikasturtean udal haur eskola publikoek finantzaketa edukitzea nahi bada.

Bi alderdi nagusi ditu eta lehenengoan adostasuna nahiko zabala da; hau da, denok ados gaude haur eskolek bete behar dituzten kalitatezko baldintzak eta hezkuntza kalitateak arautzearekin.

Bigarren alderdia diru laguntzei dagokie, eta kasu horretan lehentasunak ezartzeko garaian ez dago erabateko adostasunik. Batzuk erabateko publikotasuna defendatzen dugu, eta beste batzuk gutxiago.



Hezkuntza Saila, Gizarte Gaietako Saila, Lan Saila... zein da bakoitzaren pisua?

Haurren hezkuntza eskubideari ematen diogu lehentasuna, eta horregatik, funtsezkoa iruditzen zaigu Hezkuntza Sailak etapa hori arautzea. Noski, familiaren kontzeptua ere hor dago. Kontziente gara familiak behar bat duela, baina hori ez da garrantzitsuena, haurren hezkuntza eskubidea baizik. Ikuspegi asistentziala osagarria izango litzateke.