Teknologia berriak: Softwarearen azterketa eta sailkapena

2002-05-01
Ordenagailua erabiltzeak beldurra ematen al dizu? Bere hortzak bilatzera gonbidatzen zaitut. Har itzazu hamar minutu eta ea aurkitzen dizkiozun. Zure ordenagailuak hortzik ez badu, lasai erabil dezakezu: ez zaude arriskuan. Ni ere nireari bilatzen saiatu nintzen, baina ez nizkion aurkitu.
 
 
Maiz esan dut teknologia berrien moda bizitzen ari garela, eta horregatik, ikastetxe guztietan sartzen ari direla. Ordenagailuak dira teknologia berrien adierazgarririk onenak eta gure buruari zera galdetu behar diogu: ea hezkuntzan aplikagarriak diren edo ez. Ordenagailuak gela barruan erabili baino lehen, ondoko aldagaiak izan behar ditugu kontuan:

Softwarearen erabilpenaren helburua : hau da, zergatik erabiltzen dugu software bat beste material batzuen ordez? Erabiliko dugun softwarea material didaktikorik hoberena al da? Beste material didaktiko egokiagoak gure esku baldin badaude, beharbada ez dago ordenagailua erabiltzeko beharrik.

Irakasgaiaren helburua : irakasgaiaren helburuen artean ba al dago softwarearen helburuarekin bat datorrenik?

Testuingurua : hau da, zein testuingurutan ezarriko da softwarea? Kasu honetan bost aldagai bereiztu nahi dira:

Auzoa : zein ezaugarri ditu auzoak?

Ikastetxea : zein da gai honi buruzko ikastetxeak duen politika? Teknologia berriak gelatan sartzearen alde edo aurka dago? Zein baliabide ditu? Zein ordenagailu mota? Interneteko konexiorik ba al dauka?

Irakasleak : teknologia berriak erabiltzen dituzte? Teknologia berriak erabili nahi al dituzte? Ba al dakite teknologia berriak curriculumean nola integratu?

Ikasleak : zein ikasle mota ditugu eskolan? Zein adinetakoak? Teknologia berrietan trebatuak al dira? Etxean ordenagailurik ba al dute?

Iraupena : zenbat denbora iraungo du softwarearen erabilerak?

Softwarearen estrategia didaktikoa : zein ikuskera dago softwarearen atzean? Konduktista? Kognitibista?...

Jarduerak : zein motatako jarduerak aurkezten ditu programak? Bakarka lan egitekoak? Taldetan lan egitekoak? Sagua ala teklatua erabili behar dute? Oroimena ala ikaste esangarria sustatzen dute? Gauzak erlazionatu behar al dituzte?...

Ebaluazioa : Atal honetan bi aldagai bereiztu behar dira:

Ikaslearen ebaluazioa : ikaslea ebaluatzeko aukera al du softwareak? Zein motatako ebaluazioa egiten du softwareak? Nola ebaluatzen dio irakasleak ikasleari softwarea erabili eta gero? Ba al du zentzurik ikasleen erabilera ebaluatzeak?...

Softwarearen ebaluazioa : nola jakin dezakegu softwarea ona den ala ez? Ba al dugu softwarea ebaluatzeko modurik? Gure xedeak betetzen ditu softwareak? Komenigarria al da ikasleentzat? Taldeka lan egiteko aukerarik ematen du?

Software bat erabili baino lehen kontuan izan behar dugu ordenagailuek hainbat muga dituztela hezkuntza arloan. Adibidez, ezin dute informazioa interpretatu, laburtu, ebaluatu, beste testuinguruan aplikatu eta abar. Dena den, hezkuntzarako baliagarria izan daiteke. Eskuarki aurki ditzakegun programa motei buruz hitz egingo dugu jarraian:

- Praktika eta errefortzu programak : hauek egin ziren lehen programa dira (gaur egun ere egiten dira). Programen sortzaileek ikasleak gai konkretu baten jakitun direla aintzat harturik, irakatsi behar denaren programazioa egiten dute. Zer esan nahi du horrek? Ikasleak ordenagailua erabili baino lehen gai horri dagokion ezaguera erabat antolatuta dagoela: ezaguera ez ezik, ikasten duten bidea ere zehaztuta dago.

Gauzak horrela, sortzen zaidan galdera hau da: ikasle guztiek modu berean ikasten dute? Programa hauek irakaskuntza osatzeko balio dute, hau da, errefortzu gisa erabil ditzakegu? Softwareak jarduerak errepikatu egiten ditu ikasleak ondo burutu arte. Prozesuei buruz ez digu ezer esaten. Ikasleak ondo erantzuten badu, errefortzu positiboa lortuko du, eta gaizki erantzunez gero ordenagailuak zuzendu egiten dio. Software honi esker trebetasun batzuk eskura ditzakete, baina ezin da ikasketa maila handia lortu.

- Ordenagailuz lagunduriko irakaskuntza : hauek praktika eta errefortzu programak baino osatuagoak dira. Irakaskuntza guztiaren arduradun bihurtzen dira. Programatzaileek ikaskuntzaren kontzeptu lineala erabiltzen dute; beraz, ikasketak gehigarriak dira, hau da, ezin da ikasketa batekin hasi aurrekoa ikasi dela frogatu arte. Bestalde, ikasle eredu bat sortzen dute erreferentzia gisa erabiltzeko. Kontuan izan behar dugu ikasle ereduaren bidez finkatzen direla edukiak, helburuak, ikaskuntza prozesua eta ikaskuntza erritmoa, besteak beste. Softwarearekin hasten denean ikasleak azterketa txiki bat egin behar du programak bere maila jakin dezan, eta hortik aurrera bere irakaskuntza prozesutik eramaten du. Ikaslearen erantzunak eta ikasle ereduaren erantzunak parekatzen dira momentu bakoitzean. Beraz, ikaslearen erantzunak ikasle ereduaren erantzunen mailaraino ez badira iristen, softwarearen bidez jakinaren gainean jartzen zaio. Ondorioz, ikasle guztiak ikasle ereduaren antzekoak direla suposatzen da. Nire ustez hori akats handia da, ikasle mota asko baititugu. Hori dela eta, nola pareka dezakegu ikasle bakoitza ikasle eredu bakarrarekin?

- Simulazioak : programa hauek oso baliagarriak dira eskolan egin ezin diren praktikak burutzeko. Adibidez, Fisikako jarduerak. Nola aldatzen da abiadura marruskadura aldatzen badugu? Zein da lurrean eta ilargian jauzi egitearen arteko desberdintasuna? Zer gertatuko litzateke Poloetako izotza urtuko balitz? Ba al du zerikusirik egunaren iraupenak Poloetako izotza urtzearekin?

Elektrizitateren alorrean, 1000 voltetako korrontea baldin badugu zein motatako erresistentzia behar dugu 60 watteko bonbila bat ez erretzeko? Sukalde bateko instalazio elektrikoa egiterakoan, zer gerta daiteke kableak bi milimetroko sekzioa baldin badute?

Simulazioak Kimikan ere erabil daitezke. Zer gertatuko litzateke hidrogenoa, oxigenoa eta sufrea erreakzionaraziko bagenitu?

Biologian kasu, zer gertatuko litzateke ekosistema batean intsektu zehatz bat kenduko bagenu? Leku batean basoa botatzen badugu, nola aldatzen da eguraldia?

Zehar lerroetarako ere balio dute simulazioek. Adibidez, gure hortzak nola hondatzen dira zaintzen ez baditugu?

Eta honelaxe jarrai nezake beste gai batzuekin. Beraz, praktika batzuk egiterakoan programa hauek onuragarriak direla esan daiteke.

Hala eta guztiz ere, goian aipatu ditudan mugak azpimarratu nahi ditut. Kontuan izan behar dugu ordenagailuek algoritmoen esker egiten dutela lan eta gaur egun hori baino gehiago ezin zaie eskatu.

Etorkizunak zer ekarriko digun ez dakigu; ordura arte, dauden programak aztertu behar ditugu, ea gure helburuak betetzeko baliagarriak diren ala ez jakiteko. •