Kolorearen pertzepzioa:<br />ikasgelan duen eragina

2003-02-01
Curriculum diseinuetan jasotzen denez, eskolaren xederik garrantzitsuenetako bat pertsonen garapena lortzea da. Eskolak pertsona bere osotasunean heztea lortu nahi du, norberaren banakotasuna errespetatuz. Itxuraz, gizabanakoaren ezaugarri guztiak curriculum proposamen eta garapenetan jasota eta islatuta gelditzen dira, baina horiek gauzatzeko unean, elbarritasunak edo desberdintasunak dituzten haurrei erantzun egokiak emateko garaian, hutsuneak agertzen dira.
 
 
Adibidez, pertzepzioaren ingurukoak. Haur Hezkuntzako curriculumetan proposatzen diren esperientzia eremuak aztertzen baditugu, guztietan agertzen diren edukiak egokitu behar genituzke, bai pertsonarekikoak, bai taldeekikoak. Ikaskuntza asko behatzeko, imitatzeko, parte hartzeko, ekoizteko... ekintzetan oinarritzen dira, baina ekintza horiek, zenbait kasutan, ez dira uste bezala ematen (itsuengan kasu), edo modu distortsionatu batean ematen dira (ikusmen arazoak dituztenengan) eta, ondorioz, interpretazio akatsak sortzen dira.

Irakasleok, batez ere Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan lan egiten dugunok, ondo ezagutzen dugu gelan lantzen ditugun ikaskuntza arloetan koloreak duen garrantzia. Haurrek kolorearekin, tamainarekin eta formarekin errepresentazio eta komunikazio eremuaren oinarrizko zutabeak eraikitzen dituzte. Kontzeptu horiez dugun dependentzia horren garrantzitsua denez, zaila izango litzateke kontzeptu horiek erabiltzen ez dituen metodologia bat imajinatzea ere.

Adin hauetako haurrentzat kolorearen erabilera esperientzia liluragarria da. Haurrak objektuak adierazteko kolorea erabiltzen duenean, ondo dakigu esperientzia mekanikoaz gain, oso osagai emozional garrantzitsua dagoela izendapen horretan, haurra aukeratu duen kolorearen eta irudikatu nahi duen objektuaren arteko harremanaren menpean egoten baita.

Halaber, kolorea oinarri sendoa dugu haurrek eskola erakargarria aurki dezaten.

Horrez gain, gauzak koloreen bitartez ezberdintzen, sailkatzen, identifikatzen edota elkartzen ditugu.

Horregatik, haur batek koloreak ikusi ezin baditu edo koloreak bereizteko arazoak baditu, ikaskuntzari hurbiltzeko zenbait bide murriztu egingo zaizkio ikasleari.

Orokorrean, irakasleok ez gara ohartzen badagoela koloreen pertzepzioarekin arazoa duen ikasle multzo bat. Ehuneko hori ez da oso handia, baina, daltonismoaren kasuan adibidez, gizonezkoen artean %8ra irits daiteke, eta emakumeen artean %1era. Beraz, muga horiek aintzat hartzen ez baditugu, ikaskuntza prozesuan interferentziak sorrarazteko bideak eraiki ditzakegu.

Hori dela eta, interesgarria iruditzen zaigu koloreen pertzepzioaren defizitak eragina duen zenbait egoera ezagutzea, eta baita zenbait irtenbide azaltzea ere, kolorearen pertzepzioa murriztuta edo, gaitasunen garapen mailagatik, koloreen kontzeptua barneratuta ez daukaten ikasleei lagundu ahal izateko.



Kolorearen pertzepzioa

Gizakien kolore pertzepzioari buruzko ikasketa gutxi egin diren arren, badakigu haurrak bere bizitzako lehen hiru hilabetetik seira (kronologikoki) objektu konkretuen kolorearen aukeraketa eta bereizketa egiteko gai direla. Hortik aurrera, egoera normalizatu batean, pixkanaka, kolore sortak eta ñabardurak gero eta fintasun handiagoz ezberdintzeko gai izango dira. Zahartzaroan, kolorearen pertzepzioa moteltzen joaten da.

Kolorearen pertzepzioa begiaren erretinan dauden "konoak" izeneko zelula batzuei esker gauzatzen da. Gaur egun, dakigunez, hiru kono mota daude, bakoitza uhin luzera jakin batean espezializatua. Hiruren elkarreraginetik dator koloreen ikusmena: kono batzuek argi gorria jasotzen dute (protokonoek), beste batzuek berdea (deutakonoek), eta hirugarrenek argi urdina (tritakonoek).

Hiru kolore hauen nahasketak, telebistako pantailetan gertatzen den legez, kolorearen sentsazioa ematen digu.

Kono horiek erretinaren "makula" izeneko eremuan kokatuta daude nagusiki. Horrexegatik, kolorearen pertzepzioa erdiguneko ikus-eremuan eratzen da gehienbat. Ondorioz, pertzepzioa murriztuagoa da koloreetarako, zuri eta beltzerako baino, koloreak ikus-eremu zentralean (aurrera begiratzen dugunean) hobeto ikusten baitira begien ertzetatik baino.

Kontuan izan behar dugun beste faktore bat inguruko argiak koloreen ikusmenean duen eragina da. Argiaren intentsitateak koloreen pertzepzioa aldarazten du: intentsitate gutxiko koloreekin lanean ari bagara, argi indartsuagoak "jan" egiten ditu koloreak kontraste gutxi dagoelako. Kolore ilunekin ari bagara, aldiz, argiaren intentsitatea handia denean koloreak hobeto ikusiko dira.

Ikusmen arazo edo patologia batzuk koloreen pertzepzioa murriztu dezakete (bai partzialki, bai osorik). Ondoren, hauetako batzuk aipatuko ditugu:



Akromatopsia:

Begietako konoetan eragina duen afekzio jaiotzetikoa da eta ezin dira koloreak ikusi. Koloreen itsumena ere deitzen zaio.



Nerbio optikoaren atrofia:

Jaiotzetikoa edo neurologikoa izan daiteke. Zolitasuna eta ikus-eremuaren murrizketa sorrarazten du, eta koloreen pertzepzioaren murrizketa ere bai.



Makularen degenerazioa edo endekapena:

Endekapenezko gaixotasuna da. Koloreen pertzepzioaren galerarekin batera, zolitasunaren eta erdiguneko ikusmenaren galera eta fotofobia ere sortzen ditu.



Stargardten gaixotasuna:

Endekapenezko gaixotasuna da hau ere. Nerabezaroan detektatzen da normalean. Erretinaren erdiguneko eremuaren degenerazioa sortzen du eta hauexek izaten dira lehenengo sintomak: fotofobia, eta zolitasunaren eta koloreen pertzepzioaren galera, batik bat gorria eta berdea bereizteko mekanismoan.



Glaukoma:

Begi barneko presioaren gehikuntza da glaukoma. Horren arrazoia begiaren humore urtsuaren fluxu txarra da. Zenbait kasutan koloreen pertzepzioan aldaketak eragiten ditu.



Itsumen kortikala:

Zerebroan kokatzen den arazoa da. Sortzen duen ikusmen galera fluktuatzailea da, zenbait kolore ezin dira ikusi.



Daltonismoa:

Fotorrezeptoreen akatsa da. Ondorioz, aurrean hiru oinarrizko koloreak (gorria, urdina, berdea) ditugunean, kolore bat edo gehiago ez ikustea edo gaizki ikustea (pertzepzio okerra) sortzen du.



Erretinosi pigmentarioa:

Erretina kaltetzen duen jaiotzetiko gaixotasuna da. Konoen degenerazioa sorrarazten du eta ondorioz, ikus-eremuaren murrizketa, koloreen pertzepzio txarra eta batzuetan zolitasun eskasa dakar berarekin.



Kolorea eskolan: gelan lantzeko aholkuak

Eskolako lanari dagokionez, denok ezagutzen ditugu koloreak bereizteko irizpide nagusitzat erabiltzen ditugun zenbait memento eta egoera. Batzuk aipatzeko:

* Fitxak, papereko nahiz ordenagailuko zenbait jarduera, testu liburuak... osatzeko segidak edo sekuentziak, multzoak, irudiak eta forma zehatzak barrubetetzea... Eskolan askotan erabiltzen dugu kolorea objektuak edo kontzeptuak ezberdintzeko.

* Manipulaziorako materialak: bloke logikoak, erregeletak, eraikuntzako piezak, plastilina...: taldekatu, banatu, ordenatu, sailkatu... kolorearen arabera egiten ditugu.

* Guneak: txokoak, gelak, esekitokiak, apalategiak, karpetak, fitxategiak, kubetak... ezberdintzeko koloreak erabiltzen ditugu askotan.

* Ikasleekin ere batzuetan ikasle taldeak, ekintza edo eremu ezberdinetan banatzeko, koloreen kodea erabiltzen dugu.

Hori horrela, kolorea gelan erabiltzeko lagungarriak izan daitezkeen zenbait aholku eskainiko ditugu.



Orokorrean:

Gorago aipatu dugunaren ildotik, argiak eta kontrasteak kolorearen pertzepzioa hobetu dezakete eta, beraz, orokorrean honako arau hauek kontuan izatea komeniko litzateke:

* Argitasunari dagokionez, orokorrean argi naturala egokiagoa da artifiziala baino (horratx ikasleek gelan duten kokapenaren garrantzia). Argi artifiziala erabili behar izanez gero, hobea da argi hotza. Argiaren intentsitateari dagokionez ezin dira arau orokorrak eman, ikus-patologien kasu bakoitzari intentsitate ezberdina komeni zaiolako. Kasu hauetan, ikasleak berak esan beharko digu zein den berarentzat egokiena. Dena den, argiak ez du inoiz begietan zuzenean jo behar.

* Koloreen arteko kontrastea zaintzea oso komenigarria da. Horrela, zenbait ikaslan erraztu ditzakegu: irakurketa, idazketa, marrazketa, objektuen bilaketa (bai jokoan -objektuak manipulatzerakoan- bai paperaren gainean -fitxak, liburuak-). Objektuaren eta atzealdearen arteko kontrasterik handienak erraztu egingo ditu jarduera horiek guztiak. Gida gisa, arau hauek jarrai ditzakegu:

Atzealdea argia + objektu argia = kontraste gutxi

Atzealdea argia + objektu iluna = kontraste asko

Atzealde iluna + objektu argia = kontraste asko

Atzealde iluna + objektu iluna = kontraste gutxi



Koloreen arteko kontrastea pertsona bakoitzak modu ezberdinean gauzatzen du, baina orokorrean honako kontraste hauek ontzat eman ditzakegu:

Zuria / beltza

Horia / beltza

Horia / berde iluna



* Koloreak hobeto ikusten dira azal mateetan distiratsuetan baino.

* Haurra zenbat eta urrutiago kokatu, orduan eta okerrago ikusiko ditu koloreak eta kontrasteak ere, nahiz bere inguru fisikoan, nahiz marrazkietakoan.

* Pantaila distiratsuekin (telebista, ordenagailua) lanean ari garenean ikus-patologiaren bat (glaukoma, kataratak) duten pertsonek oso itsualdi nekagarriak nozi ditzakete. Horrelako e-goerei irtenbidea emateko, pantailaren atzealde iluna eta letra (edo lehenengo plano) argiak jar ditzakegu. Adibidez, testu-prozesadore batean, atzealdea beltza eta letra zuriak aukera ditzakegu.



Curriculum materialak eratzerakoan, erabiltzerakoan eta ikasketen edukiak lantzerakoan kontuan hartu beharrekoak.

Irakasleok curriculum materialak erabiltzen ditugunean (edo eratzen ditugunean), Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako 1. zikloan batez ere, kontuan izan behar dugu zenbait ikasle ez direla gai koloreak izenez bereizteko. Horrelakoetan, sailkatzeko, elkartzeko, batzeko, kontzeptu edota prozedura berri bat aurkezteko eta horrelakoetarako "irizpidetzat" kolorea erabiltzen badugu, ikasle horiek arazoak izango dituzte seguruenik. Demagun, barruan/kanpoan kontzeptua lantzerakoan, gure agindua "goazen objektu gorriak barruan jartzera" dela; ikasleak "gorri" kontzeptua ez badu menderatzen (ez duelako ikasi edo kolore gorria ondo ikusten ez duelako), ez du jarduera hori ondo burutuko eta, kasu honetan, segur aski ez du barruan/kanpoan kontzeptua behar bezala barneratuko.

Gure proposamena, beraz, hauxe da: irizpidetzat kolorea erabili behar dugunean, kolorearekin batera beste erreferentziazko irizpide batzuk ere erabiltzea, adibidez; forma, tamaina, ehundura, kokapena...

Ikasi behar dena kolorearen izena bada, kontuan izan beharko dugu zenbait ikaslek kolorearen pertzepzioan arazoak dituztela eta, horregatik, ez dutela kolorea behar bezala izendatzeko gaitasunik izango, ez badiote hari beste ezaugarri bat atxikitzen (adibidez: jolaslekuko txirrista gorria da).



Objektuak, guneak... bereizterakoan.

Sarritan eskolan, batez ere Haur Hezkuntzan, kolore ezberdinak erabiltzen ditugu errotulazio moduan ikasleei sarbidea, gune eta objektuen kokapena edota hauen manipulazio gunearen lekua ulergarriagoa egiteko asmoz.

Kolorea erabiltzen dugu lurrean ibilbideak seinalatzeko egiten diren marretan; gelak edo guneak ezagutzeko; ikasle taldeak kolore ezberdinez sailkatzeko; karpetak non kokatu jakiteko eta ezagutzeko ikurretarako; tresnak edo materialak gordetzeko kubetetarako; lan fitxetan kolore ezberdinez bereizteko jardueretarako...

Oso erraza izango zaigu koloreak gaizki ikusten dituzten haurrengan sor daitezken zailtasunez ohartzea. Horrelakoetarako ere, gure proposamena kolorearekin batera bereizgarria den beste irizpide bat erabiltzea da. Adibidez, ibilbideak markatzeko marrak erabiltzen baditugu, kolore bakoitzari trazadura ezaugarri ezberdinak atxikitzea komeni da.

* __________

* - - - - - - -

* __ .. __ .. __

* eta abar.



Ondorioak

Goian aipatutako guztia kontuan hartuta, irakasleok erne egon behar dugu ikasleek koloreak ikusteko izan ditzaketen zailtasunak detektatzeko. Ikasleren batek koloreen pertzepzioan arazoak dituela uste badugu, oso froga erraza egin diezaiokegu. Horretarako baldintza bakarra, ikasleak "berdin/ezberdin" kontzeptuak barneratuta izatea da:

Bi margo kaxa berdin beharko ditugu, kolore ugariko arkatzekin (hogeita lau edo hogeita hamasei koloreetako kaxak egokiak dira). Ikaslearen aurrean jarriko ditugu biak eta kolore berdineko margoak elkartzeko eskatuko diogu. Nahiz eta koloreen izenak ez ezagutu, kolorearen pertzepzio ona baldin badu, kolore gehienak arazorik gabe elkartuko ditu (oso kolore antzekoak direnen artean erra dezake -arrosa iluna eta malba kolorearen artean, adibidez-, baina ez gara horretaz kezkatu behar).

Koloreak ikusteko ezina edota zailtasuna ezin da berrezi, eta nahiz eta kasu gutxi batzuetan koloreen mugak hobeto bereiztu ahal izateko koloredun iragazkiak (lenteak) erabili, funtzionaltasun handiagokoa da naturan edota gizartean koloreentzako dauden "topikoak" irakastea ikasleari, baita "koloreak bereizteko" estrategiak ere. Koloreak ikusteko arazoak dituztenen kasuan, ez ditugu haurrak koloreak izendatzera behartuko, horrek haurrarengan ziurtasun eza eta larritasuna sortuko baititu.

Ondoren, topikoei buruzko zenbait ideia eskainiko ditugu, zuk irakasle zaren neurrian zure testuinguruan eta hezkuntza mailan askoz gehiago aurkituko dituzula jakin arren.



Naturarekin lotuta dauden zenbait topiko:

* Fruitu eta barazki helduen ohizko koloreak: marrubia = gorria, tomatea = gorria, laranja = laranja, platanoa = horia, uraza= berdea...

* Belar freskoa = berdea

* Eguneko zeru oskarbia = urdina

* Hodeiak = zuri edo grisak

* Egurra = marroia

* Zuhaitzen hostoak udaberrian eta udan = berdeak

* Zuhaitzen hostoak udazkenean = horixkak, marroiak

* Hondartzetako hondarra = horixka, marroia



Giza eta kultur topikoak:

* Debeku eta arrisku seinaleak (irudietan) = gorri kolorea dute

* Debekuaren argi-seinalea: gorria

* Arriskuaren argi-seinalea: anbar keinukaria

* Semaforoa = goian gorria, erdian anbar kolorea eta behean berdea.

* Suhiltzaileen kamioia: gorria

* Mapetako itsasoak: urdina

* Eraikuntzetako larrialdi irteeren txartelak: berdea



Bukatzeko, koloreak ikusteko zailtasunak dituen ikasle kopuru bat badagoela aintzat hartu behar dugu. Horrelakoetan,susmoa dugunean komenigarriena familiari jakinaraztea da, dagokion profesionalarekin harremanetan jar daitezen eta balorazio diagnostikoa egin diezaieten.

Hezkuntzako profesionalak garenok, gure aldetik, jarraitzeko oso sinpleak diren arauak erabiliz, ikasle hauei guztiei curriculumerako sarbidea erraztuko diegu.