Kuba, hezkuntza eredu berrien bila jarraitzen duen herria

2003-02-01
Kuba! Entzute hutsak, seguruenik, gehienoi hondartzak, mojitoak, dantza... ekarriko dizkigu gogora. Baina horien guztien parean, eta blokeo zorrotzenen gainetik, mundua oraindik ere beste zuzenago batengatik alda daitekeela sinesten duen herria dago. Bidenabar, aldaketa horren eragile nagusienetakoa hezkuntza dela ziur daude.

Abenduaren hasieran, Kubako Gramma unibertsitateak Bayamo hirian "Belaunaldi berrien hezkuntza eta kulturan erakunde sindikalen eginbeharra" II. Nazioarteko Tailerra antolatu zuen. Kubako SNTECD irakaskuntzako sindikatuak eta LAB sindikatuak parte hartu zuten. Han izan zen Hik Hasi, datozen orrialdeetan aurkezten dizugun guztiaren lekukotasuna jasotzeko.
 
 
Kuba espainolen kolonia izan zen 1898. urte arte, eta, lau mendez, kubatarren gehiengoa hezkuntzatik eta kulturatik at egon zen. Hezkuntzari eta kulturari ez zioten inongo arretarik eskaini, esklabotzaren instituzio lotsagarriari eusteko ahaleginean.

Uhartean inolako askatasun arrastorik ez izateak oso zail egiten zuen pertsonaren espirituaren aberastasunerako ideiek eta kudeaketek beren bidea egitea. Hala ere, eskolantizismotik at eta garai hartako pentsamendu aurrerakoiaren isla, zenbait ahots goratu ziren: José Agustín Caballero eta Félix Varela apaizak; José de la Luz y Caballero, José Martí eta José Varona irakasleak. Guztietatik José Martí izan zen ospetsuena, baldintza historiko berrietan askatasun nazionalaren ideiak aurreratuagoak ziren kultura eta hezkuntza ereduetara txertatzen jakin zuelako. Kubako independentziaren aldeko borrokarako programa moldatu zuen, eta kultura eta hezkuntza balioen aldeko ideia ekarri zuen. Horiek guztiak gaur egun egunerokotasun handia duten erreferentziak dira Latinoamerikarako.

Ondoren, 1902. urtean, iparramerikarrak heldu ziren, beste 50 urtez espainolen sarraskiari jarraipena ematera. Ameriketako Estatu Batuek Kuban ezarri nahi zituzten menperatze bideen artean hezkuntza ez zen salbuespena izan. Hezkuntza zen, zalantzarik gabe, beste ildo garrantzitsua nortasun nazionala suntsitzeko eta sentimendu anexionista suspertzeko. Horrek guztiak pentsalari kubatar gorenek utzitako oinordekotza pedagogiko aurrerakoiaren etena eta desitxuratzea ekarri zuen.



Kubako hezkuntzaren egoera tamalgarria

Enrique José de Varona pedagogo kubatar ospetsuak zera zioen garai hartan: " Gela kopuruak handitu behar ditugu, altzariak erosi, eskolak eraiki eta abar, egoera tamalgarri horretan gaude; eta ez dago, eta ez da egongo denbora batez bederen, txakur txiki bakar bat ere oinarrizko behar horietan inbertitzeko". Bazirudien maisua hurrengo 50 urteetako hezkuntza kubatarraren egoera aurreikusten ari zela. Garai hartan jakina zen eskola publikora joaten ziren haurrek erdi ezjakintasun egoeran amaitzen zituztela ikasketak. Hauxe zen egoera 1953. urtean:

- 6-12 urte bitarteko haurren %56,4 joan zitezkeen eskolara. 550.000 haur zeuden eskolarik gabe.

- 13-19 urte bitarteko gazteen %28k lortzen zuten prestakuntza hezkuntza ertaineko zentroetan jarraitzea.

- Goi mailako hezkuntzarako sarbidea oso mugatuta zegoen.

- Hezkuntza ertaina eta goi mailako hezkuntza gutxiengo batentzat zen soilik, eta biztanle kopuru handietako hirietan eskaintzen zen.

- Ezindu fisikoentzat eta adimen urrituentzat ez zegoen Heziketa Berezirik. Martxan zeuden erakunde urriak patronatu partikularren menpe zeuden.

- Sei eskola ofizial zeuden probintzia hiriburu banatan irakasleak prestatzeko. Matrikulak mugatuta zeuden eta bertan lekua lortzerakoan ustelkeria ohiko kontua zen. Gainera, Hezkuntzako hiru unibertsitate besterik ez zeuden: Habanan, Las Villasen eta Orienten.

- 1.000.000 analfabeto baino gehiago.

- 10.000 irakasle lanik gabe.

Irakasleen artean langabezia oso handia zen, milaka haur eskola mundutik at egon arren eta beren lanaren behar larria izan arren. Eskola publikoa desegiten ari zen; bitartean, uharteko aberastasun ekonomikoaren jabe zen klase zapaltzailearen zerbitzura zegoen eskola pribatua hazten ari zen. Hezkuntza ezarritako ordena sozialaren isla zen.

Testuinguru horretan, pertsonaren benetako hezkuntzaren ikuspegitik lanean jarraitu zuten pedagogo kubatarrek: eskola antolaketa, irakaskuntzaren teoria, pedagogiaren teoria eta ikasketa ikasturteen diseinuak eta programak izan ziren, besteak beste, egin zituzten hausnarketak eta ekarpenak. Herrikide baliotsu horiek ondorengo hezitzaile kubatarren belaunaldiak prestatu zituzten.



Hezkuntza, gehiengoaren ondarea

Kuban, lehenik, beharrezkoa izan zen urtez urte aberatsak aberatsago eta pobreak lotsagarriki pobreago egiten zituzten arrazoiak suntsitzea. Gizartea kulturan murgiltzeko zeuden mugak betirako desagertu zirenean soilik bilakatu zen hezkuntza gehiengoaren legezko ondare.

Orduan kokatu ahal izan zuten hezkuntza dagokion lekuan. Hezkuntzak dituen aukera mugagabeak baliatu ahal izan zituzten, pertsonak duen bitarteko ahalmentsuena den neurrian; etika sortzeko, helmuga berriak finkatzeko, kontzientzia sortzeko, eginbeharraren zentzu berria sortzeko, antolatzeko, diziplina irakasteko, ardura sustatzeko, jendearen etengabeko hobekuntza ahalbidetzeko eta, nola ez, eraldatzaile sozial gisa.

Iraultzaren garaipenaren ondoren hartutako lehen neurrietako bat hezkuntza zerbitzuen zabalkundea izan zen, eta Lehen Hezkuntza orokortzearekin hasi zen. Egun bakar batean, 1959ko abenduan, 10.000 ikasgelatik gora zabaldu ziren, eta urte hartan 6-12 urte bitarteko haurren eskolatzea %90ekoa izan zen. Gobernu Iraultzailearen bigarren urtean, Kuban 12.000 eskola baino gehiago zeuden martxan, 1959-1960 ikasturtean baino ia 5.000 gehiago. Horretarako, era guztietako eskola berriak eraiki behar izan zituzten, eta egoitza handiak eta eraikuntzak moldatu. Testuinguru historiko hartan, garrantzi politiko eta moral handia izan zuen 69 kuartel militar eskola bihurtzeak, 40.000 ikasleri leku eginez.

Hezkuntzaren erreforma osoa aldarrikatu zuen legea promulgatu zen 1959ko abenduan. Lege horrek antolaketa berria ezarri zuen eta Iraultzaren helburuekin uztartu zuen hezkuntzaren oinarrizko helburua: jendearen garapen osoa.

Irakasle boluntarioen taldea eratu zen1960an: 3.000 gaztek mendialdera egin zuten hezkuntza herrialdeko leku ezkutuenetara hel zedin. Egitasmo horrek ikaspena ekarri zuen guztientzat: nekazariei hezkuntzarako sarbidea ematea, irakurtzen eta idazten ikastea, ezagutza eskuratzea; batik bat hiritik zetozen irakasle gazte boluntario haientzat nekazaritza mundua ezagutzea, eta bide batez, nekazarientzat iragana zer izan zen zuzenean ezagutzea.

Ondoren, "Frank País" irakasleen abangoardiako brigada sortu zen, eta lan itzela egin zuten Oriente eta Las Villaseko mendialdean eta Pinar del Ríoko Los Organos mendizerran.

Habanan, 1961eko hasieran, neska nekazarientzako "Ana Betancourt" hezkuntza plana ipini zen abian, eta 150.000 neskatik gora beren erkidegoan aldaketa sozialak eragiteko tresnez jantzi zituzten. Ikasturte amaieran neska bakoitza jatorriko lekura bueltatu zen oparitutako josteko makina batekin eta bere eskualdeko beste neskei irakasteko konpromisoarekin.

Fidel Castrok 1960ko irailean Nazio Batuen aurrean egin zuen agerpen publikoan, munduari iragarri zion urte betean ezabatuko zuela Kuban analfabetismoa. Kuban 1961. urteari " Hezkuntzaren urtea" deitu zioten, herrialdeko bazter guztietara Alfabetatze Kanpaina Nazionala zabaldu zutelako. Alfabetatze taldea 260.000 partaidek osatu zuten: 100.000 ikaslek " Conrado Benítez" brigada osatu zuten; 13.000 langile baino gehiagok "Patria o muerte" brigada osatu zuten; 35.000 irakasle profesionalek; eta 120.000 herri alfabetatzailek. Herriak Gobernu Iraultzailearekin zuen identifikazio ideologikoa ulertzeko, kontuan izan behar da trukean ez zutela dirurik jasotzen. Urte hartan lelo batek mugitu zituen kubatar guztiak:"baldin badakizu: irakatsi; ez badakizu: ikasi".

Kanpainaren ondorioz, urtebetean 707.212 analfabetok irakurtzen eta idazten ikasi zuten. Analfabetismoa %23,6tik %3,9ra jaitsi zen. Kopuru hori jaisten joan da, eta gaur egun 10-49 urte bitartean analfabetismoa %1,9koa da.

Lana ez zen erraza izan, mota guztietako erasoak jasan zituzten Ameriketako Estatu Batuetako gobernuaren aldetik; hala ere, inork ez zuen lanean etsi, eta irakasle bakoitzak, lekurik ezkutuenean ere, ikasleekin ospatu zuen Gironeko garaipena.



Irakaskuntza guztientzat eta doan

Bi hilabete beranduago, 1961eko ekainaren 6an, Hezkuntzaren Nazionalizazio Legea agindu zen. Lege horren bidez betiko utzi zen ordu arteko hezkuntza sistema eta benetako izaera demokratikoa ahalbidetu zen irakaskuntzarako.

Lege horrek irakaskuntza publikoa eta doakoa aldarrikatu zuen. Eskolak ateak zabaldu zituen eta egia bilakatu zen irakasle askoren ametsa; eskola kubatarrak nazioaren benetako interesei erantzutea. Azpimarratu behar da eskola pribatuko irakasle gehienek atseginez hartu zutela neurria, lan baldintzak oso kaskarrak izan baitziren beti.

"José Martí" Iraultza plazan bildu zen Fidel Castro Alfabetatze Kanpainan aritu ziren milaka brigadistarekin eta hezitzailerekin, eta Kuba "Analfabetismotik askeko lurraldea" zela aitortzen zuen bandera jaso zuen. 1961eko abenduaren 22an izan zen. Ordutik, Hezitzailearen eguna da Kuban.

Une horretan, bigarren maila bati ekin zitzaion: beken egitasmo erraldoia. Beka horien bitartez, eskatzen zuten ikasleek doan jasotzen zituzten ostatua, elikadura, jantzia, oinetakoak, irakaskuntza bitartekoak, irakasleak, mediku zerbitzua eta garraioa. Laguntza jasotzen zutenak barnetegi, erdi barnetegi eta unibertsitate mailan ari ziren, eta batez ere nekazaritza munduko ikasleak ziren.

Hezkuntza zerbitzuen zabalkundeak, Iraultzaren garaipenak sortutako kultura eskari erraldoiari erantzuteko, irakasleen beharraren arazoa azaleratu zuen berehala. Ohiko prestakuntzaz gain, behar zituzten irakasleak prestatzeko prestakuntza plan azkarrak ipini ziren martxan.

Industrializazio planen arabera, irakaskuntza tekniko eta profesionalak bultzada handia izan zuen. Espezialitate industrialak eta nekazaritza eta abeltzaintzakoak zituzten hainbat zentro zabaldu ziren. Ekonomia nazionalak erdi mailako teknikariak eta langile gaituak eskatzen zituen jada.

Iraultzaren garaipenaren bigarren urtean haurtzaindegiak sortu ziren ama langileen haurrak zaintzeko. Lehendik zeuden haurtzaindegien ordez erakunde pedagogikoak sortu ziren.

Hasieratik, Iraultzak babesa eta laguntza eskaini zion Heziketa Bereziari. Lehen ikasturteetan 50 ikastetxe sortu ziren eta irakasleak prestatu ziren. Gainera, diagnosi eta orientazio zentroak zabaldu ziren.

Goi mailako Hezkuntzaren Erreforma 1962. urtean egin zen. Urte hartan, gainera, maila ertaineko ikasleak lehen esperientziak egin zituzten kafearen uztaren planean. Hori izan zen "Eskola landan" plangintzaren lehen urratsa.

Era berean, 1963-1964 ikasturtean jakin-min zientifiko-teknikoen elkarteak eta begirale mugimenduak sortu ziren. Soin Hezkuntzari berebiziko garrantzia ematen hasi zitzaion, eta sistema nazionaleko ikasle guztientzat derrigorrezko bilakatu zen Soin Hezkuntzan jardutea eskolan.

Bi batzar garrantzitsu gauzatu ziren 1965-1966 ikasturtean; Hezkuntza Sistemaren Batasunaren Lehen Mintegi Nazionala, han lehen aldiz Lehen mailako eta Bigarren mailako irakasleak eta unibertsitateko katedradunak bildu ziren irakaskuntzaren artikulazio, eduki eta ikuspegi arazoak eztabaidatzeko; INRA-MINED plana garatu zen, irakasleak landaren errealitatearekin harremanetan ipini ziren lehen aldiz, eta zuzenean ezagutu zituzten Iraultzak nekazaritzan eta abeltzaintzan garatutako planak.

Hezkuntza politikaren helburua pertsona hainbat alderditan harmonikoki prestatzea zela kontuan hartuta, heziketa artistikoa hezkuntzako azpisistema guztietan txertatzeko lan egin zen eta, gainera eskolaz kanpoko jarduerekin osatu zen eta artearen diziplina guztietako zaletu taldeak osatu ziren.

Aldi hartan erakunde askok hartu zuen parte Kubako Hezkuntza Sistemaren eraketan, horra hor herriak hezkuntzari eskaini zion babesa bere erakundeen bidez: Iraultzaren Defentsa Komiteak, Emakume Kubatarren Federazioa, Nekazari Txikien Erakunde Nazionala, "José Martí" Aitzindarien erakundea, Irakaskuntza Ertaineko Ikasleen Federazioa eta Kubako Langileen Zentrala. Ildo horretatik, koordinazio bideak sortu ziren, gaur eguneko Eskola eta Haurtzaindegi kontseiluak. Talde horien bidez, familiak, erkidegoak eta eskolak talde lanean aritzen ziren, oinarri demokratiko zabalaren gainean, eta egia bihurtu zen "hezkuntza denon zeregina" premisa.

Urte haietako ahaleginak, oro har, lan hauetara zuzendu ziren: atzerapen, ezjakintasun eta analfabetismotik jasotako oinordekotza errotik ateratzera; heziketa zerbitzuak herri guztiari zabaltzera, eskolarik gabe haurrik ez geratzera; helduen heziketaren bidez jarraipen eta hobetze planak abian jartzera eta, ondorioz, milaka heldu eta irakasle prestatzera, ezinbesteko baldintza baitzen kualitatiboki hobea izango zen heziketaren garapenerako. Horrek guztiak deszentralizazio administratiboa ekarriko zuten neurriak eskatzen zituen: Iraultzaren garapenarekin bat zetozen edukien ikuspegia eta erreforma, eta irakaskuntzaren nazionalizazioa. Kubako historian lehen aldiz aldarrikatu zen, eta bete zen, hezkuntza denen eskubidea eta betebeharra dela, doakoa eta pribilegiorik gabea.

Hezkuntza eta Kulturaren lehen biltzar nazionala egin zuten 1971n. Garai haren bereizgarri nagusia Hezkuntza Sistema Nazionalaren etengabeko hazkundea eta garapena izan zen, eta eginbehar batek bereizi zuen: Fidel Castrok 1972ko apirilean Gazte Komunisten Batasunaren II. Batzarraren amaiera ekitaldian azaldu zuen hezkuntzaren iraultza egitearen beharra:"esperientzia iraultzaileak hezkuntzaren kontzeptuak erroetaraino iraultzeko beharra adierazten digu etengabe".

Hori gauzatzeko ezinbestekoak izan ziren lehen hamarkadan bildutako esperientzia pedagogiko baliotsuak eta, eskuratutako lorpenez gain, izandako zailtasunen eta hutsuneen ezagutza. Politika horren barnean, ministerioak sistema nazionalaren pronostiko zientifikoari ekin zion, Hobekuntza plana abian ipintzeko asmoarekin. Azterketa horiek berehala hasi ziren, 1972-1973 ikasturtean, hain zuzen. Hainbat instituziotako goi mailako espezialista taldeek egin zituzten, irakasle nabarmenduek; hau da, pedagogoen, hezkuntza zuzendarien, psikologoen eta material horien sorkuntzan zebiltzan ikerlarien iritziari ikuskatzaileen, metodologoen, eskolako zuzendarien eta irakasleen lankidetza gehitu zitzaion, eta baita herrialde sozialistetako pedagogo nabarmenduenak ere.

Gobernuak 1974an egituraketa berria onartu ostean, taldeen lanari ekin zitzaion behin betiko testuak eta programak gauzatzeko. Egindako ahalegin handien eta Hobekuntza planaren ondorioz, azpisistemetan antolatutako hezkuntza sistemara heldu ziren.



Kubako hezkuntza sistemaren antolakuntza

- Eskolaurreko Hezkuntzako azpisistema : urte batetik 5 urtera. Bi modu daude: hezkuntza instituzio batean egoten dira 6 hilabetetik 4 urtera eta 5 urtekoak haurtzaindegi batean edo eskolan egon daitezke. Hiru mota daude: egunekoak, ama langileen seme-alabentzat; mistoak, ohiko matrikulaz gain sozialki desabantailak dituzten haurrentzat barnetegi erregimenean; eta bereziak, mugaketa sentsorialak eta adimen garapenean zailtasunak dituztenentzat.

Eskolaurreko hezkuntzak bi helburu ditu: lehena, haurren garapen osoa ziurtatzea adimen mailan eta maila fisikoan, moralean eta estetikoan; eta bigarrena, etorkizuneko eskolako irakaskuntzarako prestakuntza egokia eskaintzea.

Gaur egun, eskolarako prestakuntza mailak 5 urteko haurren %95eko beharra betetzen du. Bestalde, indarrean dagoen eskola programan berebiziko garrantzia ematen zaio jolasari.

Bada hezkuntza ez-formala ere, gaur egun herrialde osora zabaldurik dagoena. Hezkuntza eredu hori martxan jartzeko, Eskolaurreko Hezkuntzarekin zerikusia duten erakundeek eta antolakuntzek osatutako talde koordinatzaileek parte hartzen dute. Familiari orientabideak eskaintzen dizkiete, hiru molde hauen bidez:

- Familiei arreta zuzena eskaintzea beren etxeetan, 0- 2 urteko haurrentzat.

- 2 urtetik 5era bitarteko haurrekin eta haien familiekin lan zuzena egitea astean bi aldiz, ordubetez edo bi orduz.

- Astean behin edo hamabostean behin beren gurasoekin edo familiartekoekin eskolara joaten diren 4 eta 5 urteko haurrekin lan egitea.



- Hezkuntza Orokor Politekniko eta Laborala : eskolaurrea (5 urtekoak), Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa. Hiru maila horiek elkarrekin artikulatzen dira, amaieran ikasle guztiek hezkuntza orokor osoa edo haren baliokidea lor dezaten. Azpisistema hori Hezkuntza tekniko eta profesionalarekin, pedagogia arloko langileen prestakuntza eta hobekuntzarekin eta goi mailako Hezkuntzarekin artikulatzen da, eta sistema nazionalean sartzen den ikasle orori lanbide bat edo espezialitate bat lortu bitartean maila desberdinen arteko igarotzea ahalbidetzen dio.

Lehen Hezkuntza

- Lehen zikloan, 1. mailatik 4. mailara, gai instrumentaletan oinarrizko ezagutzak eskaintzen dira, espainola eta matematika, irakaskuntzarako behar dituzten ezinbesteko gaitasunak eskainiz ikasleei. Gainera, naturarekin eta gizartearekin zerikusia duten oinarrizko nozioak jasotzen dituzte haurrek eta alderdi ugari biltzen dituen prestakuntzan lagungarriak zaizkien Soin Hezkuntzako eta Hezkuntza Estetikoko jarduerak egiten dituzte.

- Bigarren zikloan, 5. mailatik 6. mailara, aurrekoez gain, Kubako Historia, Kubako Geografia, Natur Zientziak eta Hiritar Hezkuntza jasotzen dute.

Lehen Hezkuntzak arreta berezia eskaintzen dio gaitasun eta trebetasun praktikoen eta adimenezkoen garapenari, jarrera arauen eta elkarbizitzarako arauen bereganatzeari, eta sinesmen moral eta aberkoien osaketaren oinarriari.

Haurtzaindegiko eta Lehen Hezkuntzako zentroetan haurrak eskolako baratzera joaten dira, eta han ziklo motzeko barazkiak lantzen dituzte. Barazki horiek eskola zentroko autohorniketarako erabiltzen dira.

Lehen mailako eskola gehienak egunekoak dira, eta erdi barnetegi erregimena izan dezakete amak lan egiten duen ikaslearentzat, hots, eskolan bazkaltzen dute ordainketa xume baten truke. Gainera, Lehen mailako barnetegi eskolak daude arazo sozialak dituzten haurrentzat. Nekazaritza inguruetan 5. eta 6. mailako kontzentratuak daude kalitatezko Lehen Hezkuntza ahalbidetzeko.

Heziketa lanaren hobekuntza prozesuaren baitan, programetan eta ikasketa planetan aldaketak gauzatu dira; Lehen zikloan jolas jarduerak txertatu dira eta eskolei 45 minutuko iraupena eman zaie; jolas-garai aktiboari 30 minutu eskaini zaizkio; eta ordutegiaren barruan jarduera osagarriei denbora eskaini zaie, hala nola: kiroleko, laneko, bokaziozko eta irakaskuntzarako laguntzako jarduerak eta jarduera kulturalak.



Bigarren Hezkuntza

Ziklo honetan 7, 8 eta 9. mailak daude. Ikasgaien irakaskuntza sistematizatzen da; horrek ikasleek hezkuntza orokor ertaina jarraitu ahal izateko (Batxilergoa), ikasketa tekniko profesionalak egiteko edo haurtzaindegiko hezitzaile izateko behar dituzten ezagutzak jasotzen dituztela ziurtatzen du.



Batxilergoa

Hiru maila ditu, 10, 11 eta 12.a. Ezagutzak ugaritzen eta sakontzen dira, eta goi mailako ikasketetara, irakaskuntza teknikoko eta profesionaleko zentroetara edo lan mundura joateko beharrezkoak diren gaitasunak eta trebetasunak hobetzen dira.

Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan lana ikasketekin batera egiten da, eta irakaskuntzaren ikuspuntu politeknikoa, Heziketa Estetikoa eta Lan Heziketa indartzen dira. Orientabide profesionalera eta bokaziozko prestakuntzara zuzenduriko jarduerak jasotzen dira.

Hirian dauden eguneko erregimeneko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeetako ikasleek urtean 5 edo 7 aste lan egiten dute herrialdeko nekazaritza egitasmoetan.

Landako ikastetxeek ikasketak lanarekin ezkontzeko bitarteko egokiak eskaintzen dituzte. Zentro horietako ikasleek egunean hiru ordu egiten dituzte ikasturte osoan nekazaritza lanetan.

12. maila desberdindu egiten da beste mailetatik. Ikasturtea bi seihilabetekotan banatuta dago. Lehen zatia Batxilergoa amaitzera bideratua dago. Bigarrena, berriz, ezagutzen eta trebetasunen sistematizazioa sendotzera bideratuta dago, ikasgaien kopurua gutxitu egiten da, eta fisika, kimika, biologia, historia eta informatika hautazkoak dira jorratu nahi dituzten ikasleentzat, baina ez dute baliorik ikasturtearen emaitzetan.



- Heziketa Bereziaren azpisistema : Hezkuntza sistema nazionalaren osagai den neurrian, Heziketa Bereziaren zeregina da adimen urritasunak, fisikoak edo jarrera arazoak azaltzen dituzten haur eta gazteen heziketa ziurtatzea, gizartean parte-hartze aktiboa izan dezaten, bai lan munduan eta baita arlo sozialean ere, horrela, pertsona horiek marjinatuak eta sozialki baztertuak izatea ekidinez. Hemen sartzen dira jarrera arazoak dituzten ikasleak eta urritasun fisiko edo adimenezkoak dituztenak. Hor kokatzen dira diagnosi eta orientazio zentroak ere.

Urritasun mota bakoitzeko planak, testu liburuak eta irakaskuntza bitartekoak egokitzen dira, beti ere indarrean dauden Hezkuntza Orokor Politekniko eta Laboraleko edukiei kasu eginez. Orientazio eta diagnosi eskolak probintzia bakoitzean daude kokatuta, eta haien zeregina da haurrak eskola berezietan sartu behar diren zehaztea eta irakaskuntza prozesuan zailtasunak dituzten haurrei orientabideak eskaintzea.

Kubako estatuak ahalegin berezia egin du arlo honetan azken hamarkadan, giza baliabideak eta bitarteko materialak urritasunak dituzten haurren esku ipintzeko.



- Hezkuntza Teknikoko eta Profesionaleko azpisistema : Hezkuntza Teknikoaren eta Profesionalaren eginbehar soziala, etengabe aldatzen ari den lan mundurako gaitasuna duten langileak prestatzea da. Xede horretarako, aldikako birziklatzea eta trebetasun espezifikoak eguneratu edo birmoldatu behar dira. Bi prestakuntza maila ditu: langile adituak eta erdi mailako teknikariak.

Herrialdeko ekonomiarako beharrezkoa den pertsonal teknikoa sailkatzeko eginbeharra du. Langile adituen eta erdi mailako teknikarien prestakuntzaren ardura du. Langileen prestakuntza saioak eta beste erakundeetan ematen diren ohiko espezialista ikastaroak zuzentzen ditu.

Espezialitateetako ikasketa egitasmoetan, denboraren %50 eta %60 praktikei eskaintzen zaie. Garrantzi handia du nekazaritza eta abeltzaintzako hezkuntza ertainak, herrialdearen ekonomiaren zutabeetako bat baita. Horren adibide da 1991-1992 ikasturtean 100 ikastetxe berri baino gehiago zabaldu izatea.



- Pertsonal Pedagogikoaren Prestakuntza eta Hobekuntza azpisistema : Kubako eskolak dituen beharrak asetzeko hezitzaileen prestakuntza ziurtatzea du helburu. Unibertsitate zentroetan bi ikasketa maila burutzen dira:

- Egunekoak: Batxilergoko graduatuek eta Heziketa tekniko eta profesionaleko erdi mailako teknikariek dute sarbidea eta bost urteko iraupena du.

- Irakaskuntzako Langileentzakoak: lanean ari diren irakasleentzat, eta 5 edo 6 urteko iraupena du.

Gaur egun, irakasleen prestakuntza eta hobekuntza batik bat prestakuntza profesionala hobetzera eta maila zientifikoa sustatzera zuzenduta dago, Kubako hezkuntza politikan eta hezkuntzako azpisistemetan gertatutako aldaketa kualitatiboei erantzuteko.

Ikasketa egitasmo berrietan sekulako garrantzia eman zaio eskolarekiko loturari. Karrerako 1. mailan eta 2. mailan astean egun batez lan egiten dute eskolan, eta beste hilabete bat segidan. 3. eta 4. mailan ikasturtearen %50 praktikak dira, lurralde bakoitzaren beharretara egokituta. Azken urtean, 5. ikasturte osoa ematen dute ikasleek eskolan. Prestakuntza prozesu osoan zehar, zentro pedagogikoa eta eskola dira ikaslearen jarduera praktikoa planifikatzeko, kontrolatzeko eta zuzentzeko ardura dutenak. Jarduera hori diziplina bakoitzeko jarduera akademikoarekin eta karrerako urteetan egindako ikerketa lanekin estuki lotuta dago.

Bestalde, instituzio horien beste lan ildo bat ikerketa zientifikoa da. Ondorioz, goi mailako pedagogia institutuetan egiten diren ikerketa zientifikoen emaitzen txertaketa eta orokortze prozesuek eragin zuzena dute hezkuntzaren kalitatean.

Ikasturte bakoitzean milaka irakasle liberatzen dituzte eskola lanetatik (1997ko ikasturtean 11.313 izan ziren, adibidez), eta ikasturte sabatiko hori maila zientifiko-pedagogikoa hobetzeko erabiltzen dute. 1991-1992 ikasturtean Lehen Hezkuntzako lizentziatuentzat ikasturte sabatikoa ezarri zen. Urte sabatiko hori hartu ahal izateko, herrialdeko irakasle onenak hautatzen dituzte eta urte horretan herrialdeko goi mailako institutu pedagogikoak antolatzen dituen ikastaroetan parte hartzen dute. Ikasturte horretan ikerketa jarduerak pisu berezia du, ordu kopuru osoaren %50.

Lanean ari diren irakasleen prestakuntzaren planifikazioa, antolakuntza eta hobekuntzaren kontrola herrialdeko metodologoen ardura da. Lan horretarako zentro pedagogikoen lankidetza eta aholkularitza dute, eta haien ardurapean daude, besteak beste, pertsonal teknikoa (metodologoak) eta irakasleentzako lan orduz kanpoko ikastaroak antolatzea.



- Helduen Heziketarako azpisistema : langileen, nekazarien, etxekoandreen eta gutxi eskolatutako helduen etengabeko heziketa du helburu.

- Goi mailako azpisistema : goi mailako espezialisten eta profesionalen prestakuntzaz ari da eta ikerkuntza zientifikoko lanak egiten ditu.



Urratsak aurrerantz

Urtero, Hezkuntza Ministerioko argitalpen plana 1.000 izenburukoa izaten da. 25 milioi ale kaleratzen dira; horietatik, %50 lan koadernoak dira eta gainerakoak ikasleen testu liburuak eta kontsulta liburuak, irakasleentzako programak eta orientabide metodologikoak. Guztiak doan banatzen dira. Garai horretan hazkunde nabaria gertatu zen graduatu zen ikasle kopuruaren aldetik; 1980-1985 bosturtekoan, Iraultzaren ondorengo lehen bosturtekoan baino ia 6,5 aldiz gehiago izan ziren maila guztietan graduatu ziren ikasle eta langileak.

Azpimarratzekoa da garai hartan Kubak beste nazioei eskaini zien laguntza ere. Ordutik, "Che Guevara", "Augusto César Sandino" eta "Frank País" kontingente pedagogiko internazionalistek senidetutako herrialdeetako milaka haur eta gazteren hezkuntza ziurtatzen dute, eta 22.000 irakasle eta espezialistak baino gehiagok lan egin dute egitasmo horietan.

Hobekuntza plana Kubako hezkuntzaren kalitatea hobetzeko beste ahalegin garrantzitsu bat izan zen, eta ikasketa planen edukian eta egituraketan eta lan didaktiko eta metodologikoan aldaketa kualitatibo garrantzitsua ekarri zuen: irakaskuntzako langileen prestakuntza eta hobetze planen hobekuntzan; eskola antolaketan eta ikuskaritza sisteman; eta irakaskuntza mota eta maila guztietarako testu liburu berrien lanketan eta argitalpenean.

Esanguratsuak izan ziren, bide batez, eskolaz kanpo eta orientazio profesionalean, bokazioko prestakuntzan eta jarduera kultural eta kiroletakoan egindako urratsak. Eta nola ez, familia uztartzeko eta eskolari eta irakasleari erakunde politikoen eta sozialen babesa emateko ahaleginean emandakoak.



Ikasturtea

Kubako ikastetxe guztietan eskolak irailaren 1ean hasten dira, eta uztaileko lehen astean amaitzen dira. Oporren iraupena hilabete eta hiru astetakoa da, gutxi gorabehera. Irakasleek, berriz, hilabeteko oporrak dituzte eta gainerako denbora metodologikoki hurrengo ikasturterako prestatzeko erabiltzen dute . (ikus taula)



Osasunaren zaintza eskolan

Haurtzaindegietan eta eskoletan sendagileak daude haur eta gazteen hezkuntza, zainketa medikoa eta osasunbidea doan ziurtatzeko. Horrek irakasleen eta sendagileen arteko elkarlana ahalbidetzen du, ez gaixorik dauden ikasleenganako soilik, baizik eta baita osasuntsu daudenenganako ere. Gainera, aho-hortzen arreta eta sendabidea eskaintzen da.

Hezkuntzako zentro eta erakundeetan txerto programa betetzeko lan egiten da eta horrek gaixotasun arrunten gutxitze nabarmena ekarri du.



Ingurumen Heziketa

Ingurumen Heziketak curriculum osoa besarkatzen du, eta baita irakasleen prestakuntza ere.

Eskolaurrean eta Lehen Hezkuntzan, haurra inguru naturalarekin harremanetan jartzen duten jarduerak azpimarratzen dira. Balio estetiko eta etikoak bultzatzen dira. Bigarren Hezkuntzan, ingurumenarekiko ezagutzak indartzen dira, eta naturaren eta jendearen arteko etengabeko oreka da ideia nagusia.

Eskolaz kanpoko jarduerek eskolako ingurua dute helburu. Azpimarratzekoa da parke nazionaletan, biosferen erreserbetan eta babestutako eremuetan aurkitzen diren "UNESCOra bazkidetutako" eskolen lana.



Irakasleen lan baldintzak

Kuban ez dago langabeziarik hezkuntza sektorean, beharrezkoak diren lan baldintzak betetzen dituzten bitartean lanpostua ziurtatzen zaie hezkuntzan edo eskola administrazioan.

Ez dago lanpostu bikoitzik, irakasle guztiak egun osoz baitaude kontratatuta.

Irakasle guztiek, irakaskuntza mailen arabera, lan baldintza eta ordainketa sistema bera dute. Duela gutxi irakasleen soldatek igoera garrantzitsua izan dute, herrialdearen errekuperazio txiki bat bitarteko, zenbait sektoretan soldaten hobekuntza onartu baitzen, eta irakasleen taldea izan zen lehentasuna eman zitzaion taldeetako bat.

Irakasleen ebaluazioa egiten da urtero. Ebaluazio horrek irakaslearen lana eta emaitzak baloratzen ditu, eta era berean, irakaslearen prestakuntza eta garapen maila ezagutu eta bideratzea errazten du. Ebaluazio hori egiteko, adierazle hauek erabiltzen dira:

- Lan eta saiakera profesionalaren emaitza.

- Lanaren garapenerako prestakuntza.

- Ezaugarri pertsonalak eta etika pedagogiko eta profesionalaren printzipioak eta jokaera arauak betetzea.

Zentro bakoitzeko zuzendaria da irakasleen ebaluazioaren arduradun nagusia. Hark hartzen ditu hainbat arlotan oinarritutako irizpideak, ebaluazioa objektiboagoa izan dadin, eta arloen artean hauek daude: gurasoak, ikasleak, erkidegoa, beste irakasleak, ikuskariak edo teknikari espezializatuak eta irakaslea bera, bere jardueraren gaineko iritzia emateko aukera baitu.

Jende guztiak eta erakundeek goraipatzen dute irakasleen lana. Azken urteetan ahalegin berezia egin da aipamen horrek herri izaera izan dezan eta udalerrietan alde hori gara dezaten, kalitate profesionala goratzeko helburua duen (ikasturte bateko etete aldiekin) ebaluazio sistemaren gainean izan behar duten kontrolarekin batera.

Urtero Hezkuntzako Langilearen Egun Nazionala ospatzen da Kuban. Egun horretan, abenduaren 22an, jendeak, erakundeen bidez, eta gobernuak hainbat modutara irakasleak motibatzen ditu, mota guztietako ekintzak eginez.



Erronka nagusiak

Kubako hezkuntza sistema etengabe aldatzen ari da. Egindako lana etengabe ebaluatuz eta behar den tokian neurriak hartuz, sistemari eta gizarteari hobeto erantzungo dion antolaketa berrirantz doa etengabe. Beti ere, pertsonari instrukzio eta heziketa mailan ahalik eta gehiena eskaini nahian. Bide horretatik, hauek dira, batik bat, Kuban martxan jarri berriak diren egitasmoak :

- Lehen Hezkuntzan gehienez 20 ikasleko gelak.

- Bigarren Hezkuntzan gehienez 15 ikasleko gelak.

- Haurrik ez irakaslerik gabe: toki zailetan dauden herrietan, haur bakarra izan arren, irakaslea ziurtatzen zaio; irakaslea, eskola eta telebista. Gehienetan herri horietan ez da elektrizitaterik izaten, baina eguzki plakak ipiniz konpondu dute energiaren arazoa.

- Irakasle integralak: Oinarrizko Bigarren Hezkuntzan (12-14 urte) atzerriko hizkuntza eta Soin Hezkuntza izan ezik, gainerako ikasgai guztiak emateko gai izango diren irakasleak prestatzen ari dira, nerabezaroan dagoen ikaslea hobeto hezteko.

- Lehen Hezkuntzan 1. mailatik 4. mailaraino irakasle berarekin aritzen dira. Orain, helburua irakasle horrek 6. mailaraino ikasle horiekin jardutea da.

- Telegela: telebistak egunero saio didaktikoak eskaintzen ditu; ordu bakoitza maila bati dagokio eta eskoletan saio horiek ikusten dira. Bigarren Hezkuntzan albisteak ikusten dituzte eta, ondoren, taldean eztabaidatzen dituzte.

- Egitasmo "Martianoa": ikasleek José Martíren liburu-dokumentuak erabiltzen dituzte gelan. José Martík oso pentsamendu zabala du, bizitzaren gaineko filosofia emankorra, eta asko idatzi zuen haurrentzat. Haren lanaren bidez, Martíren lana eta bizitzara hurbildu nahi dituzte txikitatik.

-Goi mailako Hezkuntzaren unibertsalizazioa: unibertsitateak eta goi mailako ikasketa zentroak eskualdeetan kokatu nahi dituzte, langileei eta ikasleei, oro har, ikasketak jarraitu ahal izateko erraztasunak eskaintzeko.





ARCHAR, Julio. Lehen Hezkuntzako erdi barnetegiko zuzendaria. SANTIAGO (KUBA)

"Lortu dugun abantailarik handienetakoa 1. mailatik 6. mailara irakasle bakarra izatea da"



Julio Archar Santiago erdialdean dagoen Lidia Rosa Sanchez Lehen Hezkuntzako zentroko zuzendaria da. Eskola erdi barnetegia da; hau da, ikasleek bertan bazkaltzeaz gain, sarrera eta irteera ordutegi berezia dute.

Santiagoko kolorez betetako kaleetan gora murgildu ginen, eta hantxe topatu genuen eskola; Karibeko itsasoaren urdina du hormetan. Barruan, besoak zabalik hartu gintuzten.




Benetan eraikuntza dotorea duzue. Lehen ikusi batean ez dirudi jende asko egon daitekeenik hemen...

Eskolan 28 ikasgela daude, eta bakoitzak 20 ikaslerentzako lekua du; horrek 570eko matrikula egiten du. Aurretik matrikula 930 ikaslekoa zen, 570era murriztu zen eta gainerako ikasle guztiak atzealdean dagoen eraikuntza berrira pasatu ziren, 600 ikasleko matrikula baitute han.

Eraikina 1859koa da, oso zaharra da beraz, baina zoruak konpondu ziren eta dena margotu zen duela gutxi. Konponketa osoa egin zitzaion, eta eskolaren egoera oso ona da.



Zergatik murriztu zen ikasle kopurua?

Egitasmo berri bat jarri zen martxan. Egitasmo berriaren arabera, taldeak ezin dira izan 20 ikasle baino gehiagokoak. Hemen, beraz, 20 ikasle geratu ziren gelako, baldintza ezin hobeetan, esan dezakegu; 20ko talde bakoitzak ikasgai guztiak ematen dizkion irakasle bat du, hots, 1. mailatik 6. mailaraino irakasle bera dute. Hori da guk lortu dugun abantaila handienetakoa; lehen 5. eta 6. mailan bi irakasle izaten zituzten, egun irakasle bakarrak ematen dizkie oinarrizko ikasgai guztiak.



Zenbat langile ari zarete lanean?

Guztira 79 langile gara, bai zerbitzuetakoak eta baita irakaskuntzakoak ere. Ikasgelez gain Informatika gela, erizaindegia (sendagile batekin), eta 130 lagunentzako tokia duen jangela ditugu; eta sail sindikala eta alderdiko gunea, 13 partaiderekin.



Nola antolatzen duzue jangelako lana?

Ikasle bakoitzak 18 minutu ditu bazkaltzeko, teknika pedagogikoaren barruan programaturik dagoen bezala. Horrela, ordu eta erdian 570 ikasleek bazkaltzea lortzen da, arauturik dagoena betez. Orain bazkaria sukalde nagusitik jasotzen dugu, baina guk gure sukaldea izateko proiektua dugu. Sukalde nagusi horrek beste zenbait barnetegitarako bazkaria ere egiten du. Gure jangelan, bazkari banaketa, jangela zerbitzua eta ontzi garbiketa egiten ditugu.



Noiz hasi zen ikasturtea?

Irailaren 2an, eta uztailaren 5a arte iraungo du.



Nola dago antolatuta ikasturtea?

Ikasturtea hiruhilekotan banatuta dago. Azaroan ebaluazio etena egiten dugu; otsailean beste etena egiten dugu; eta uztailan, ikasturte amaieran, azken azterketak egiten dira, egiaztagarriak, azken ebaluazioa da. Etapaka ebaluatzen da ikaslea, eta egunero ebaluazio sistematikoa egiten zaio. Ikasleak egunero jasotzen du ebaluazio sistematiko horren emaitza eta ebaluazio hori idatzia edo irakasleak behatua izan daiteke.



Hiruhilekoen arteko eten horiek oporrak al dira?

Ez, guk jarduera aldaketa esaten diogu. Jarduera aldaketak astebete irauten du, eta aldi horretan ikasleak eskolatik irteten dira beste jarduerak batzuk egitera: eskolaz kanpokoak, museotara ikustaldiak, kanpaldiak... jarduera aitzindariak, batik bat.

Nork antolatzen ditu jarduera horiek?

Batez ere aitzindarien erakundeak antolatzen ditu. Talde bakoitzak erakundeari eskatzen dio aste horretan egin nahi duena edo erakundeak proposatzen dio taldeari. Talde bakoitzean eztabaidatu eta erabakitzen da zer egin.



Zein ordutegi dute?

Lehen Hezkuntzakoa erdi barnetegia da, eta ondorioz, ikasleak goizeko 6: 30ean jasotzen ditugu, ama langileen seme- alabak direlako.

7:50ean Goizekoarekin hasten gara; hau da, egunari hasiera ematen dion irakaskuntza jarduerarekin. 8:10ean Goizekoa amaitzen da, eta ikasleak ikasgelara joaten dira. Eskolak hasten dira, 12:40 arte.

12: 40tik 14:00etara ikasleak bazkaltzeko eta atseden hartzeko ordua dute. 14:00etatik 16:30era arte arratsaldeko saioa da. 16:30ean etxera bakarrik joaten diren ikasleak badoaz, eta gainerakoak, txikiak direlako, gurasoen zain geratzen dira 19:00ak bitartean. Zainduta egoten dira, heziketa laguntzaileek eta hemen izaten den zuzendaritza kontseiluko kide batek 19:00ak arte zaintzen baitituzte.



Zer egiten dute gurasoak etorri bitartean?

Eskolak amaitzen direnean nahi dutena egin dezakete: informatika laborategira joan, telebista ikusi, jolas pasiboak egin, liburutegira joan... han liburu kopuru handia dute. Horrela itxaroten diete gurasoei heziketa laguntzailearekin eta eskolako zuzendaritza kontseiluko kidearekin. Hau da, beti zainduta daude, goizeko 6:30etik arratseko 19:00ak arte. Gehienetan 16:30ean joaten dira ikasleak, baina beti daude kasu batzuk, gurasoen lan ordutegia dela eta, 18:00ak edo beranduago arte geratzen direnak. Familiako sendagilearen zaintza ere jasotzen dute, eskola ordutegian hemen izaten baita gurekin.



Azken galdera, zenbatekoa da eskola saioen iraupena?

Saioek 45 minutu irauten dute, tartean 5 minutuko atsedenarekin, jarduera aldaketarako: gerta liteke ordutegiaren arabera informatika gelara joan behar izatea, jarduera fisikora, telebistako programa ikustera, liburutegira edo, besterik gabe, ikasgai batetik bestera aldatzeko erabiltzen dira tarte horiek.

Zuzendariarekin eta Eskolako Zuzendaritza Kontseiluko kideekin jardun ondoren ikasgelak ikusteko parada izan genuen. Zuri-gorriz txukun jantzitako haurrak zain genituen irrikaz. Lehenengo mailako egurrezko arbelean irakasleak eguneko data idatzirik zuen. Hizki-saldaren aldamenean ipinita zituzten zenbait batuketaren emaitzak idatzi nahirik ari ziren uztai gabeko koaderno mehean arkatzez.

Ezustekoa eskolak barruan zuen patio dotorean aurkitu genuen. Abenduko eguerdi eguzkitsuak argitzen zuen Kubako banderapean 5 urteko haurrak zain genituen. Ikuskizun hunkigarria eskaini ziguten; olerkiak, abestiak, eta nola ez, Cheri eskainitako abestia. Haiei begira, hamar euskaldun aho-zabalik.