Kronika

2003-02-01
 
 
Urtarrilaren 13an jarri zen indarrean Hezkuntza Kalitate Lege Organikoa (LOCE). Iazko abenduaren 19an onartu zuen Madrilgo Gobernuko Kongresuak PP eta CC alderdien aldeko botoekin. Horrenbestez, bost urtetan legea ezarrita egotea aurreikusten da.
Lege berri honek 6 milioi ikasleri eragingo die.
Euskal Herrian hezkuntzako erakunde gehienak Kalitate Legeak dakartzan neurrien kontra agertu dira, mesede baino kalte gehiago egingo duela irizten baitiote. Alderdi politikoek ere ez dute begi onez ikusi lege berria, eta zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Anjeles Iztuetak adierazi duenez, "legeak uzten dituen zirrikitu guztiez baliatuko gara hemen bertan hartutako neurriak eta erabakiak aurrera eramaten". Ikusi egin beharko da zirrikitu horiek zenbateko mugimenduak egiteko aukera ematen duten. Bide batez, eskolako partaideek legearen ezarpenaren aurrean zein jarrera hartzen duten ere ikusi egin beharko da.


25 urte bete ditu Iruñeko Udal Ikastolak
Aurten bete ditu 25 urte Iruñeko Udal Ikastolak eta ospakizunekin batera orain arteko ibilbidearen inguruko gogoetak nagusitu dira.
Iruñeko Udal Ikastola 1979ko urtarrilaren 9an ireki zen Txantreako Kanostarren ikastetxe zaharrean. 145 haur bildu ziren hasieran. Garai hartan Iruñean bi ikastola zueden: San Fermin eta Paz de Ziganda. Euskaraz ikasi nahi zuten haur asko kanpoan gelditzen ziren, lekurik gabe, eta beste hainbatek ezin zituzten kuotak ordaindu. Arrazoi horiek bultzata hainbat gurasok udal ikastola sortzeko lanari ekin zion, seme-alabei kalitatezko hezkuntza publikoa eta aurrerakoia euskaraz eman nahi baitzieten.
Garai hartan Iruñeko udalean sentsibilitate ezberdineko zinegotziak zeuden eta udalak ikastola baimendu eta legeztatu zuen. Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Ministerioak, aldiz, ez zuten ezertxo ere jakin nahi izan.
Hastapeneko urteetan egoitza finkorik ezak buruhauste bat baino gehiago sortu zieten gurasoei, eta seme-alabek hara eta hona ibili behar izan zuten. Hamaika mobilizazio egin zituzten, eta baina lorpenak gauzatu ere. 1981eko otsailean ikastolako gurasoek, irakasleek eta ikasleek Arrosadiako Fuerte Principe ikastetxea okupatu zuten. Poliziak aterarazi zituen, baina berriz sartu ziren. Han gelditu ziren, eta han jarraitzen dute oraindik, Hegoalde ikastola bihurturik.
1986an Amaiur ikastola eraiki zuten, ikastola ofizializatu eta hiru urtera. Pixka bat beranduago Txantreako San Benito ikastetxea Axular ikastola bilakatu zuten. Horrela, Udal Ikastolaren egoitzak hiru bihurtu ziren: Hegoalde, Amaiur eta Axular. 25 urte hauetan zehar 4.000 ikaslek baino gehiagok ikasi dute Iruñeko Udal Ikastolan.
Datorren ikasturtetik aurrera Udal Ikastola Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasako da. Horrek zenbait aldaketa ekarriko ditu, besteak beste, hezkuntza proiektuari dagokionean. Dena dela, ikastolako arduradunak proiektua zaindu eta lantzen jarraitzeko asmo sendoz daude eta baita eskola publikoarekin duten elkarkidetzan segitzeko ere.


Ipar Euskal Herriko ikastetxeetako langileen grebak jarraipen zabala izan du
Ipar Euskal Herriko irakaskuntzako langileek greba egin zuten urtarrilaren 28an LAB eta SUD sindikatuen deialdiari jarraiki. Frantzia osoan atera ziren kalera irakaskuntzako langileak FSU-UNSA, CGT, CFDT, FAEN, FERC eta SGEN sindikatuek deituta. Luc Ferry Hezkuntza ministroak iragarri duen bost urteko egitasmoarekin kalitatezko irakaskuntza eta hezkuntza sistema osoa kolokan jarri direla diote sindikatuek.
Lehenik eta behin egitasmo horrek aurrekontuen murrizketa ekarriko du eta eragina hezkuntzako arlo guztietan nabarituko da, hots, irakasle eta ez irakasle postuetan. Horrez gain, eskola txikietako irakasle postuak ere kendu egingo dituzte.
Bigarren neurria gazte enpleguak murriztea da. Lehen Mailako gazte enpleguak eta hezitzaile-laguntzaileak kenduko dituzte eta hori mantentzeko eskatzen dute langileek.
Hirugarren neurriak Bigarren Mailako laguntzaileei eragingo die, denbora osoko kontratua duten laguntzaileei denbora erdikoa ezarri nahi baitzaie.
Eta laugarren erabakia kontratazioen ingurukoa da. Gutxiago izanen dira eta hirien eta herrien arteko desoreka sortuko da. Iparraldeari dagokionez, lanpostu murrizketa batez ere Donibane Lohitzunen, Miarritzen, Baionan eta Hendaian nabarituko da. Hetzaile-laguntzaileen kasuan, 300 dira departamenduan eta gehienei ikasturte honen amaieran bukatuko zaie kontratua.
Grebak jarraipen desberdina izan zuen, erantzun handiena Lehen Mailan jaso zuelarik. Baionan %70 langile inguruk utzi zuten lana eta Angelun eta Hazparnen %76k. Greba gutxien egin zutenak Miarritzekoak izan ziren, %28 inguru. Ikastoletako langile gehienek egin zuten greba, eta Donibane Garaziko, Mauleko eta Donibane Lohitzuneko eskola publiko gehienetako langileek ere bai.
Irakasleak ez ezik, irakaskuntzako gainerako langileek ere parte hartu zuten manifestazioetan: osasun arlokoek, laguntzaileek, hezitzaileek eta kantinetako edo jangelatako langileek.
Otsailaren 15ean bozkatuko dute diputatuek eta senatariek Luc Ferryren egitasmoa eta sindikatuek legearen aurka bozka dezaten eskatu diete Lapurdiko ordezkari politikoei.


Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila Unibertsitate Lege propioa egiten ari dela aditzera eman du Anjeles Iztueta sailburuak. Jaurlaritza 2002ko martxoan hasi zen lege propioa lantzen, 2001eko abenduan Madrilgo Gobernuak Unibertsitate Lege Organikoa onartu ostean. Iztuetak iragarritakoaren arabera, otsailean aurkeztuko dio lege egitasmoa Legebiltzarrari. Orain arte unibertsitate munduko eragileekin akordioa lortu duela adierazi du, eta orain alderdiekin harremanetan direla.
Bien bitartean, unibertsitatean hauteskunde sindikalak egin dira hilabete honetan; NUPen urtarrilaren 21ean eta EHUn 29an. NUPen 1.000 langile ordezkatuko dituzten 26 pertsona hautatu dira. Horietatik hamar UGTkoak izango dira, zazpi CCOOekoak, bost ELAkoak eta lau LABekoak. Nahiz eta UGTk lortu ordekari gehien, kopurua handitu ez duen sindikatu bakarra izan da.
EHUn, berriz, 5.500 langile ordezkatzeko 67 pertsona hautatu dira. Horietatik EILASekoak eta CCOOkoak 14na izango dira, 12 UGTkoak, LABekoak eta ELAkoak 11na eta 4 CSIFkoak.
Irakaskuntza ez unibertsitarioari dagokionez, urtarrilaren 29an egin ziren hauteskundeak EAEko irakaskuntza publikoan. Kopuru orokorrei begiratuta, ELAk lortu ditu ordezkari gehien, 59; LABek 56, CCOOek 53, EILASek 32 eta UGTk 18. Nafarroan, ostera, oraindik ez dute erabaki noiz egingo dituzten hauteskundeak irakaskuntza publikoan. Litekeena da datorren udaberriaren amaieran egitea, edo posible ez balitz Aste Santuen aurretik.