Kronika

2004-06-01
 
 
Ikas-Bik helegite bat aurkeztuko du Frantziako Hezkuntza Ministeritzaren aurka araudia ez duelako betetzen. Izan ere, gurasoek eskola publikoan eredu elebidunaren aldeko hautua egin arren, Hezkuntza Ministeritzak ez ditu kontuan hartzen eskaerok. Ikas-Biko lehendari Thierry Delobelek aditzera eman duenez, "ez du indarrean ezartzen egiazko elebitasuna, bi hizkuntzen arteko oren parekotasuna hausten delako".
Hurrengo ikasturtean 200 haur gehiago izanen dira eredu elebidunean, baina Ministeritzak ez du aurreikusten gela berririk irekitzea, ezta postu bat bera ere gehitzea.
Bien bitartean, LAB, CGT, CNT, SOE eta SUD sindikatuak hezkuntzari buruzko foroan bildu dira, eta hainbat gai landu dituzte: eskolaren salmenta prozesua eta jendeen eta gogoen formateaketa; eskolaren pribatizazioa eta salmenta prozesua; prekarietatea; eskola eta euskara; borroka moldeak. Sindikatuek Frantziako Gobernuak eskola enpresa bihurtzen duela salatu dute.

0-3 etapa arautzeko dekretua kaleratzear da Nafarroan
Laster kaleratuko du Hezkuntza Departamentuak 0-3 etapa arautuko duen dekretu forala, eta horrek hainbat aldaketa ekarriko ditu. Besteak beste, Hezkuntza Departamentuaren esku geldituko dira adin horretako haurrak hartzen dituzten zentroak. Horri loturik, gainontzeko ikastetxeek bezala, hezkuntza proiektua definitu beharko dute eta Hezkuntza Departamentuak onartu beharko du berau. Ziklo horren planifikazioaz ere departamentu hori arduratuko da, udaletxeekin koordinatuta. Hezitzaileen lan eskakizunei dagokienez, titulazioa eta zereginak finkatu egingo ditu, eta egoitzen baldintza fisikoak ere araututa geldituko dira. Dekretuak ezarriko dituen aldaketak egiteko epe bat ezarriko da.
Gaur egun 0-3 etapako 58 zentro publiko daude 43 lekutan banatuta; Ongizate Sozialak finantzatutako beste haurtzaindegi bat; Haur eta Lehen Hezkuntza baimenduta dituzten 19 zentro kontzertatu; baimenik gabe 3 urtetik beherakoak dituzten beste lau; administrazioaren baimenik gabe 3 urtez azpiko haurrak eskolatzen dituen eskola publiko bat (irakasleak guraso elkartearen bidez kontratatzen dituena); matrikula kopuru txikia dela-eta 2 urteko haurrak 3 urtekoekin dituzten zortzi eskola publiko; eta 70 haurtzaindegi pribatu inguru.
Luis Campoy Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, dekretuarekin egoera hori arautu eta antolatu nahi da, Hezkuntza Departamentuaren ikuskaritza batekin.
Herrikoa guraso elkarteak arautze horretan heziketa ezaugarriak aintzat hartzeko eskatu dio kontseilariari. Horrekin batera, udal haur eskolak erreferentziatzat harturik, eskaintza publikoa gehitzeko eskatu du. Eta noski, euskarazko eta gaztelaniazko eskaera kontuan hartzeko ere bai. Zentzu berean, kezka agertu dute sortzen ari diren eskaintza asistentzialean inguruan. Euren ustez, eskaintza publiko nahikoa egongo balitz, eskaintza hezitzaile hori hautatuko lukete gurasoek. 2 urteko haurrak baldintza txarretan dituzten gelen arriskuaz ere ohartarazten dute.

Kalitate Legea gelditeko erabakia hartu da
Espainiko Hezkuntza ministro Maria Jesus San Segundo autonomia erkidegoetako hezkuntza ordezkariekin bildu zen eta adierazi zien Kalitate Legea ezartzeko egutegia geldituko dela. Horrek ez du esan nahi LOCEk planteatzen zituen neurri guztiak bertan behera geldituko direnik; zenbait erabaki mantendu egingo dira, besteak beste 3-6 urteko etaparen doakotasuna. Aitzitik, beste zenbait neurri indargabetu egingo dira: Batxilergoa bukatu ostean egin beharreko errebalida azterketa, DBHko 3. mailan hautatu beharreko ikasketa ildoa eta erlijioa derrigorrezko ikasgai bezala ezartzea.
PPren esku dauden erkidegoak PSOEren erabaki honen aurka agertu dira, eta gainontzekoak, berriz, alde. Nafarroaren kasuan, Luis Campoy kontseilariak MECek markatzen duenera egokituko dela esan zuen. Baina hainbat sindikatuk eta erakundek salatu dutenez, Kalitate Legeko neurriak praktikan jartzen jarraitzen du. Besteak beste, zuzendaritzaren hautaketa egiteko prozesua horren arabera egitera doa, agindu foral bat eman duelarik horri bidea irekitzeko. Horrela, zuzendaritza aukeratzerakoan orai n arte azken hitza Eskola Kontseiluak baldin bazuen, orain administrazioko ordezkariek pisu handia hartzen dute. Gainera, ikastetxetik kanpoko funtzionario bat zuzendari izateko bidea ere irekitzen du. Hainbat sindikatu, zuzendari elkarte eta beste erakunde batzuk prozesu berri horren aurka agertu dira. Baina ez dago denborarik beste alternatiba bat bilatzeko; zeren LOCE aplikatzeko egutegia utziko du bertan behera PSOEk, eta ez legea bera.
Horrez gain, eskoletara agindu batzuk bidali dira datorren ikasturterako ikasketa ibilbideen eta DBHko eta Batxilergoko aukeren gainean. Hori guztia ikastetxeko profesionalekin kontatu gabe egin dute, eta gurasoen eta ikasleen artean noraeza sortu du. Beste zenbait agindurekin ikastetxeen autonomia murrizten dela ere salatu du CCOO sindikatuak, eta horrek aniztasunari aurre egiteko ikastetxeko proiektua bideratzea zailagoa egiten duela.

Euskadiko Eskola Kontseiluak txosten bat kaleratu du 2000 eta 2002 urte bitarteko hezkuntza sistemaren egoera aztertu ondoren. Atera duen ondorioetako bat zera da: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoetan biltzen direla premia soziokulturalak dituzten familietako seme-alabak eta Espainiatik kanpo etorritako etorkinen haurrak. Horrek gizartean sor dezakeen etena ekiditeko, itunpeko eskolei ere haur horiek hartzeko deia egiten die Eskola Kontseiluak.
Beste ondorio bat da DBHn eta ondoren hautsi egiten dela sareen arteko oreka; hots, sare kontzertatuak jasotzen dituela ikasleen bi heren eta publikoak heren bat.
Eskola Kontseiluak egoeraren deskribapenarekin batera, hainbat proposamen egin ditu eta Hezkuntza Sailari helaraziko dizkio, gero hark erabakiak har ditzan. Esate baterako, giza baliabideen esparruan irakasle funtzionarioen %70 2010 eta 2020 urteen artean jubilatuko dela kontuan hartuta, egoerari aurre egiteko neurriak hartzeko aholkua ematen du. Ikastetxeen eta administrazioaren arteko harremanak estutzeko ere zenbait neurri aipatzen dira txostenean. Zentroen autonomia garatzeko bideari heltzeko premia ere aipatzen da. Txostena laster sarean ipiniko dute eta edonork eskuragarri izango du honako helbide honetan: www1.hezkuntza.ej-gv.net/did2/d2_c.htm.