Udako Topaketak: gozartu, erlaxatu, ikasi

2004-06-01
Ikastaroetan 650 lagunek eman dute izena, eta oraindik bada lekua zenbaitetan
 
 
V. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoetan izena emateko epea bukatu da, ofizialki. Eskaera handia izan da aurtengoan ere: hezkuntzaren inguruko 650 lagunek hartuko dute parte ikastaroetan (denak izango dira euskaraz). Topaketak uztailaren 1 eta 2an izango dira, Donostian, goiz eta arratsaldez. Matrikulazioa egiteko gogoz gelditu direnek, oraindik ere badute aukera zenbait ikastarotan.



Eskari gehien jaso duten ikastaroak termometro ona izan daitezke ikusteko gaur zer kezka edo interes nagusi dituzten hezkuntza munduko profesionalek eta gurasoek. Informatika ikastaro guztiak (sei zeuden aukeran) lepo bete dira, eta horien artean arrakasta gehien izan duena "Musika ordenagailuz" ikastaroa da. Bistan da "Power Point" eta "Neobook" programek ere leku berezia dutela ikastetxeetan.

Arazo zehatzak dira profesionalen kezka nagusi, dirudienez. "Hiperaktibitatea eta arreta gabezia" da, nonbait, ikasgelatan gehien nabari den ajea, ikastaro honek jende uholdea erakarri baitu. Gertutik jarraitzen dioten "ajeak" dira "Idatzizko hizkuntzaren trebaketa prebentiboa", "Estresa", eta urtero arrakasta duen "Heriotza heziketan" ikastaroa.

Gainezka nabarmen egin duten beste ikastaroak dira "Ipuinak nola kontatu", "Haurrentzako masajea" eta "Psikomotrizitatea". Eta horien guztien artean jenderik gehien bilduko duena, "Modenako (Italia) 0-6 Udal Haur Eskolak" ikastaroa izango da.



Zein ikastarotan eman dezaket oraindik izena?

Matrikulazio epea bukatu den arren, badira kopuru mugaturik ez duten ikastaro batzuk, edota oraindik lekua badutenak. Beraz, horietakoren bat egin nahiko bazenu, eman ezazu izena ahal bezain azkar. Ikastaro hauetan dago tokia:

- Modenako 0-6 Udal Haur Eskolak

- Antzerki klown-a

- Antzerkia nerabezaroan

- Baloiarekin taldean

- Historiaren txokoa

- Artearen txokoa

- Bost. Axola zait!



Izena emateko, jo gure web orrira (www.hikhasi.eus) edo deitu telefonoz: 943 371 408.