Muga guztien gainetik... euskaraz!: Koldo Mitxelena institutua, Gasteiz: Erabilera eta kalitatea hobetzeko ideien fabrika
Abel, Joxean eta Edurne irakasleek ere oraindik gogoan dute presioa, lehen ikasle talde hura selektibitatera heldu zenean begi guztiak eurengan jarriak sumatzen baitzituzten, "ea zer egiten duten". A zer poza % 100-ak gainditu zuenean. Gaur hezkuntza kalitatea eta euskara ikastea bateragarriak direnik ez du inork zalantzan jartzen. Gaur Koldo Mitxelenako ikasleak dira selektibitatean emaitzarik onenak ateratzeagatik nabarmentzen direnak.
Institutuan DBH, Batxilergoa eta Heziketa Zikloak dituzte. Ikasleak 500 inguru dira eta irakasleak, berriz, 70.
Gaur ikasleei kontatzen diete euskara entzun zuteneko lehen aldi hura. Gaur euskara hutsean funtzionatzen du Koldo Mitxelenako irakasleriak, bileratan zein lagunartean, eta ikastetxearen dokumentu guztiak ere euskaraz daude. Ikastetxearen azpiegitura osoa euskalduna edukita,ikasleak dira gaur euren kezka nagusia.
Etsipena eta poza, biak nahasten zaizkie ikasleez hizketan ari direla. "Euren artean erdaraz sumatu eta batzuetan etsipenean murgiltzen naiz, ez zait lan erraza iruditzen" aitortzen du Edurnek. Gero, baina, ikusi zenbat ekintza egiten diren euskaraz ikastetxean, zenbat ikaslek lortzen duen EGA maila ateratzea, ikusi zenbatek egiten duen karrera bat euskaraz eta fakultatean zenbatek hartzen duen euskaraz aritzeko ohitura, ikusi Arabako Bertsolari Txapelketako Finalean bertatik pasatako ikasleak... eta jabetzen dira lorpenak ere izugarriak direla. Abelek ez du ahaztu nahi hori: "Batzuetan miresgarria ere bada nola egiten duten euskaraz, eskolan soilik izanda hitz egiteko aukera, 'mirari' txiki bat dira" .
Ikasleek zergatik jotzen dute erdarara?
Ikasleek erdarara jotzeak baditu bere arrazoi edo kausa logikoak. Batetik, ikasleen % 3k soilik ditu etxean guraso euskaldunak, gainerako denek euskara eskolan ikasi dute; euskara ez dute oraindik tresna oso zorrotza, eta aisago aritzen dira erdaraz . Bestetik, kalean, gizartean, ez dute euskararen beharrik.
Egoera hori izanda, Koldo Mitxelenako irakasleek bi lan ildo dituzte: batetik euskara beharrezko bihurtzen saiatzen dira, eta bestetik euskararen kalitatea lantzeari ematen diote garrantzia, hizkuntza gaitasuna fintzeari, nahiz eta argi dioten hori ez dela batere erraza.
Euskara kalitatea hobetzeko, metodologia aldaketa
Irakasle asko frustratuta sentitzen da ikasleek euskara traketsa dutelako eta ez dutelako erdara besterik egiten. Abelek, baina, frustrazio horren atzean dagoen paradoxa agerian jarri digu: "Gehienek gela barruan soilik izan dute euskara ikasteko aukera. Eta gela barruan ikasleei apenas ematen zaie aukerarik hitz egiteko. Entzumena da gehien lantzen dutena, ulertu irakasle "txapas" batek esaten duena. Metodologia aldatu behar da; hizkuntza helburu jarrita, ikasleari hitza emango dion metodologia behar da".
Metodologia aldatu, ordea, ez litzateke euskara ikasgaian soilik aldatu behar: ikasgai guztietan lantzen da hizkuntza eta, beraz, ikastetxe osoaren eraldaketa sakona eskatuko luke horrek. Baina ez da batere erraza, erresistentziak daude, nork bere irakas moduak dituelako. Euskara Mintegian, behintzat, metodologian urratsak ematea lortu dute. Irakasleek ahozkotasuna lantzeko formazioa jaso dute eta egun euskarako eskoletan garrantzi berezia ematen diete ahozko jarduna lantzeari, bai DBHn eta bai Batxilergoan.
Euskara beharrezko bihurtzen
Euskara beharrezkoa bilakatzea da irakasleen beste erronkatako bat. Koldo Mitxelenan naturalki eta berez, euskara beharrezkoa da esparru batean: irakasleei beti egiten diete euskaraz ikasleek, inori ez omen zaio bururatzen erdaraz egiterik irakasleari. Agerikoa eta oinarrizkoa dirudien arren, hori ez da ikastetxe guztietan gertatzen.
Bestetik, euskara beharrezko bihurtzen duten elementu klabeak ere badira: ikasgela guztietan izaten da taldetxo bat euskalzalea dena, beti jarduten duena euskaraz, eta inguruan euskara kutsatzen dute. Gainerako ikasleek, nahiz erdaraz aritu beti, talde horrengana zuzentzean euskarara jotzen dute. Talde euskalzale horiek nola bihurtu "guay", nola egin erakargarri ikaskideentzat, hori dute kezka.
Ekimen berri bat jarri dute horretarako martxan lehen ziklokoekin (errazagoa baita irakasleek txikiengan eragina izatea). Adin horretakoak zoratzen jartzen dituzte sorginkeria kontuek, magiak, eta misterio ukitu horretan oinarritu dira euskaldun taldea indartzeko. Ikasleei balizko egoera bat jarri diete: "demagun inork hitz majiko bat aurkitu duela, eta hitz hori esatean bere inguruko denak euskaraz hizketan jartzen dituela". Egoera horretan oinarritutako ipuin sariketa bat antolatu dute, eta sari banaketa ekitaldian laugarren mailakoek antzerkia ere egin dute. Antzerkian, erritual batekin ikasle guztiak "sorginduta" utzi dituzte, euskarak sorginduta. Laster "Sorginduen kluba" sortuko dute, eta hainbat ekimen bultzatu (hitzaldi, jolas, liburu eta diska zozketa...). Talde hori mimatzea, zaintzea dute helburu.
Nerabeek irakaslearen mezuei errezeloa dietenean
Koldo Mitxelenako ikasleek orokorrean badute euskaldun izatearen kontzientzia. "Baina horrek ere lasaitu egiten ditu -erantsi du Juanjok- jada euskaldunak sentitzen direnez, ez dute euskaraz egiteko beharrik ikusten". Kontraesan horren aurrean, zuzenean mezu euskalzaleak emateak ere ez du funtzionatzen Batxilergoko nerabeekin. Adin horretakoek errezeloz hartzen baitute irakaslearengandik datorren guztia. Bi bidetatik heltzen diote arazo horri: batetik, irakasleek eguneroko praktikarekin (beti euskara hutsean jardunez) transmititzen diete euskararen beharra. Bestetik, hitzaldien bidez mezu zuzenak emateko kanpoko eragileak ekartzen dituzte, ikasleentzat gantxoa dutenak: Asisko Urmeneta, Jon Maia, Kike Amonarriz...
Lagunartean euskaraz aritzeko ohitura sortzen
Ikastetxean sartu eta lehen astean ez dute eskolarik ematen: Zuhatza irlara joaten dira astebete pasatzera DBHko lehen zikloko ikasle guztiak. Izan ere, eskola desberdinetatik iristen dira hona, eta harreman berriak egingo dituztenez, klabea da lehenengo kontaktu hori euskaraz egitea. Lehen ziklo osoan zehar ere ikasleak hainbatetan irteten dira ikastetxetik, euskara lantzeko. Nolegak antolatzen dituen barnetegietan hartzen dute parte, edo Elkarbide proiektuarekin Bidarrain egiten dute egonaldian Iparraldeko ikastetxe batekin elkartuz. Lehen zikloa asko zaintzen dute irakasleek, hasieratik sortu behar direlako hizkuntza ohiturak, gero bidea samurragoa izan dadin.
Mugimendu handiko institutua da Koldo Mitxelena. Ikasleak hamaika saltsatan aritzen dira denbora librean. BASTOBI guraso elkarteak kirol arloan euskarazko taldeak antolatzen ditu: saskibaloi, futbol, aerobik, dantza taldeak daude institutuan, baita musika instrumentuen eskolak ere. Bestetik bertsolaritza eta antzerkiak toki berezia du ikastetxean. Ikasgelan lantzen dira biak ere, eta gero eskolaz eskola aritzen dira saioak eskaintzen.
Hiriari kultur eskaintzak eginez: KM Plaza
Gurasoen ekimenez sortu zen KM Plaza proiektua, dela urtebete. Irakasleek eta zuzendaritzak ere bertan hartzen du parte. Gasteizen ez dago nahi beste eskaintza kulturalik euskaraz, eta hutsune horri ekarpen bat egin nahi izan diote ikastetxetik. Institutuan barrutik bizi dutena kanpora ateratzea, horra helburua; eurentzat igarrantzitsuak diren balioak eta euskalzaletasuna islatu nahi dute Gasteizen. Horretarako, ekitaldiak antolatzen dituzte hirira begira, kaleko jendeari zuzenduta. Orain artean bi hitzaldi (Bernardo Atxagarena eta Martxelo Otamendirena) eta kantaldi bat (Jon Maiaren "Igelaren Banda") antolatu dituzte.