Kronika

2004-11-01
 
 
Irakaskuntzako hiru sareak (publikoa, giristinoa eta Seaska) Hiru Sareta elkartean bildu dira Frantziako Hezkuntza Ministeritzari elkarrekin aurre egiteko. Interes Publikoko Elkartea da Hiru Sareta eta helburu nagusia euskararen aldeko hizkuntza politika bultzatzea izanen da. Hezkuntza Ministeritzak ez ditu errespetatzen hartzen dituen konpromisoak eta aipatu elkarteak bakoitza bere aldetik dabiltza Ministeritzarekin harremanetan. Hemendik aitzina, elkarrekin gauza gehiago lortuko dituzten esperantza dute.
Bost puntuko hitzarmena sinatu dute eta bertan zehazten dituzte eskakizunak: euskararen ofizialtasuna, euskarazko irakaskuntzaren eskaintza sistematikoa, hiru sareentzako medio propioen ezagutza, euskararen presentzia balioestea ikastetxeetan eta euskara komunikazio tresna bezala bultzatzea.
Abiatu duten bide honetako lehen hitzordua abenduaren 11rako egin dute. Manifestazioa egingo dute Baionan euskarak irakaskuntzan bere tokia izan behar duela aldarrikatzeko.

Euskararen Legea aldatzeko saiakera Nafarroako Parlamentuan
Aralarrek Nafarroako hizkuntz politika aztertzeko ponentzia bat aurkeztu zuen Parlamentuan. Geroztik agerraldiak egiten ari dira alderdi politikoak, adituak eta gizarte eta hezkuntza eragileak, eta otsailean idatziko da azken testua.
Nafarroako hizkuntz politikaren inguruko iritziak ematen ari dira, eta badirudi adostasun nahiko handia dagoela gehienen artean: 1986ko Euskararen Legea aldatu egin beharko litzateke egungo egoerara egokitze aldera. Legearen aldaketak eragina izango luke irakaskuntzan.
Gaur egungo zonifikazioa dela-eta, zonalde ez euskaldunean ez dago euskaraz ikasteko aukerarik sare publikoan. Horregatik, legearen egokitzapenaren aldeko batzuek zonifikazioaren desagerpena nahi dute, hau da, euskaraz ikasteko eskubidea Nafarroa osoara zabaltzea. Oinarriak eta Kontseilua, aldiz, areago joan dira, eta euskararen ofizialtasuna eskatu dute Nafarroa osorako.
Alderdi politikoei dagokienez, PSN legea aztertzeko prest agertu da, baina inolako konpromisorik hartu gabe. CDN ere ez dago ados gaur egungo hizkuntz politikarekin, baina ez dago legea aldatzeko asmotan ere. IU-EB zonalde mistoa berraztertzeko prest agertu da. EAk, ostera, ezinbestekotzat jo du hori. UPNekoek ez dute iritzirik zabaldu, dena baloratzeko eta ikusteke dute. Aralar, berriz, itxaropentsu dago, eta alderdien artean zenbait punturen gainean adostasuna lor daitekeela uste du.
Bien bitartean, Sakanako lanbide eskolako ikasleek euskaraz ikasi ezinik jarraitzen dute. Urriaren 24an kalera atera ziren eta manifestazioa egin zuten Altsasuko kaleetan barna. Eskualde honetan ikasleen % 70ak euskaraz egiten du Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza, eta Lanbide Heziketa ere hala egin nahi dute, gero euskaraz lan egin nahi dutelako.
Plataforma bat sortzeko asmoa agertu dute gizarteko beste sektoreak inplika daitezen, arazoa denena baita.

Hitzen ordez indarra jaso dute Seaskako kideek Suprefeturan
Seaskako irakasleak eta gurasoak Baionako Suprefeturaren egoitzaren aurrean bildu ziren "Ikastola kexu" banderolarekin. Hezkuntza arloko legeak betetzeko eskatu zioten estatuko ordezkariari. Lanpostu bat eskatzen dute Bernat Etxepare lizeorako eta hilabeteak daramatzate protestak eta mobilizazioak egiten. Frantziako Hezkuntza Ministeritzak bi irakasle lanpostu ematen dizkio Seaskari 73 gazte eskolatzeko, eta horrek lege haustea dakar.
Duela hilabete eta erdi eskatu zion hitzordua idatziz Baionako Suprefetari, eta urriaren 22an hitzordurik ez zutela esanez indarrez kanporatu zituzten Suprefeturaren egoitza aurretik.
Errektoretzarekin ere bilerak egin dituzte, baina egoerari irtenbidea emateko ahalik ez duela dio. Hautetsien Kontseiluko Alain Lammassoure eta Max Bissone bertako hautetsiek ere ez dute ezer lortu. Horregatik, Seaska Parisera begira dago, baina ez diote hitzordurik ematen han. Hain zuzen ere, Estatuaren eta Seaskaren arteko bitartekari lanak egiteko eskatu nahi diote Suprefeturari, baina ez die jaramonik egiten. Dena dela, protesta egiten jarraitzeko asmoa agertu dute Seaskakoek.
Frantziako gobernuaren jarrera hori Ikas-Bik antolatutako Flarep-en 18. topaketetan ere antzeman da. Bretainia, Alsazia, Katalunia eta Okzitaniako eskola elebidunetako ordezkariak bildu ziren bertan, baina Hezkuntza Ministeritzaren ordezkaririk ez zen izan. Egiazko hizkuntz politika baten beharra aipatu zuten guztiek. Xede horrekin, Kontseilu Nagusiak 1.050.000 euroko aurrekontua onartu zuen euskara eta okzitaniera sustatzeko, iaz baino 300.000 euro gehiago (euskararentzako zatia 600.000 eurokoa izanen da). Bestalde, Euskara Hizkuntza Politikarako Bulegoa izenarekin sortuko den IPE egitura berria tresna egokia izan behar dela aipatu zuen Max Brisson Kontseilu Nagusiko presidenteordeak. Ordezkaritza bakarra eta ofiziala izendatzea garrantzitsutzat jo zuen. Dena dela, aurrekontua zehazteke dago.

Gazteizko udal haur eskoletako hezitzaileen greba bukatu da eta lanera itzuli dira, akordioa lortu ondoren. 80 langilek baiezkoa eman zioten akordioari, 20k ezezkoa eta beste 20 abstenitu egin ziren. Ia bi hilabete huelgan egon ondoren, langile guztiek lan maila bera edukitzea eta diru kopuru berdina jasotzea lortu dute. Beste zenbait hobekuntzari uko egitea onartu dute eskolen ereduari eustearren.
Akordioa behin-behinekoa da, 2004-05 ikasturterako, eta beraz, hizketan jarraituko dute eredu osoa hitzartu arte.
Nahiz eta lanera itzuli, epailearengana jo dute "beharrezko berme juridikoa" izateko. Beste modu batera esanda, lanpostuetara behar bezalako baldintzetan itzultzen direla eta udalarekin hitzartutako Lan Eskaintza Publikoa ganoraz egiten dela ziurtatu nahi dute.
Langileek adierazi dute garbi gelditu dela afera ez dela diruagatik izan, eskola ereduagatik baizik. Prozesu osoan zehar hezitzaileek erakutsi duten jarrera txalotzekoa dela adierazi dute LAB sindikatuko eledunek. Euren ustez, "alkateari ezezik, oposizioko alderdiei zein gizarte osoari lezioa eman diote".
Benetako kaltetuak haurrak eta gurasoak izan direla kontuan hartuta, bai hezitzaileak eta bai udaleko ordezkariak pozik agertu dira haurrek eskolara joateko aukera izango dutelako eta gurasoei sortutako arazoak ere bukatu egingo direlako.