Muga guztion gainetik... euskaraz!: BALLONTI BHI, Portugalete. Portugaleteko misio lana
daukat paro obrero
horregatik euskaltegira
noa ni egunero..."
Nork ez du gogoratzen Oskorrik abesten duen kanta hori? Bertso horietan deskribatzen den antzeko egoera bizi dute Portugaleten ere. Giroa guztiz erdalduna da, eta euskara ikastetxeko kontua da sarritan. Hortik kanpo, oso gutxi entzuten da. Portugaleten Astileku ikastola eta Kanpazar eskola lan handia egiten ari dira. Haur txikiak euskaraz aritzen dira euren artean Denak familia erdadunekoak izanik, euskaraz egiten dute.
Gaztetxoen kasuan, ordea, ez da gauza bera gertatzen. Adin kontua izango da. Ballonti institura joaten direnean, gaztelania da jaun eta jabe. Eta gero, handik alde egin ondoren, berriz ere euskara errekuperatzen hasten dira. Trantsizio garai horretako gazteekin egiten dute lana institutuko irakasleek.
Ia 400 gazteren ikaslekua da, eta maila bakoitzean bi edo hiru lerro daude, denak D ereduan. A ereduko zentroa izatetik, D eredukoa izatera pasa da Ballonti Bigarren Hezkuntzako ikastetxea. 14 urtetan eman den aldaketa horren lekuko izan dira Mirian Lizarralde eta Helena Chamosa irakasleak, prozesua zuzenean bizitu baitute.
Zenbait irakaslek bultzata hasi zen prozesua, beraiek egin baitzuten D eredua irekitzeko eskaera. Euskaraz irakasteko interesa eta nahia bazegoen. Mirian Lizarralde Euskarako irakaslea da eta ondo gogoratzen ditu hasierako une haiek. "Poliki-poliki hasi ginen. Ni Eibartik etorri nintzen eta ingurune hartatik hona etortzea misioetara etortzea bezala zen. Ez dakizue zer den. Benetan, hau misioetara etortzea bezala da. Ikasleak ez zeuden ohituta euskara entzutera, eta gutxinaka-gutxinaka egindako lana izan da urteotakoa, goxotasunez". Goxotasunez egindako lana izan dela azpimarratzen du, horrela lortu delako jendeak euskara onartzea, edo behintzat kontra ez jartzea. Eta horrek asko lagundu omen du.
Izan ere, misio gune horretako giroa latza da. Ikasleak ez dira familia euskaldunetakoak, hots, gurasoak ez dira euskaldun zaharrak; eta euskaraz dakiten bakarren batzuk baldin badaude, euskaldunberriak dira. Euskara guztiz artifiziala da eurentzat, eskola barruko gauza bat. Kalera joaten direnean, dena erdalduna dela ikusten dute. "Aita" eta "ama" entzuteko ordez, "papa" eta "mama" entzuten omen dira kalean.
"Euskara hobetuz" proiektua
Orain dela 4 urte inguru Mirian Lizarralde eta Luisma Landaluze irakasleek "Euskara hobetuz" izeneko proiektua jarri zuten abian Hizkuntza Normalkuntza Planaren barruan. Ikasleek eta irakasleek euskaraz egiten dituzten akatsak zuzentzea da helburua. Horretarako, bi astean behin orri bat prestatzen dute eta gela bakoitzean bereziki horretarako eskegita dagoen kartoi mehe batean jartzen dute, Euskarako irakaslearekin irakur eta komenta dezaten.
Horri horretan euskarazko ohiko akatsak eta zuzenketak agertzen dira. Orriak formatu jakina du eta berehala identifikatzen dute. Orri bakarra da, laburra, zehatza eta erraz ikusteko modukoa. Izenburua letra euskaldunarekin agertzen da beti. Gaizki dagoena gorriz agertzen da eta ondo dagoena berdez. Adibideak eta kasuak ikasleei eta irakasleei entzundakoak dira. Irakasleen artean euskaldunberri asko dago, eta batzuetan ohitura edo joera okerrak dituzte. "Modu horretan, zuzenean esateko partez, zeharka jakinarazten zaie, eta errazagoa da, zuzenean esatea zaila baita" dio Helena Chamosak. "Modu goxoa eta ona da. Jendeak irakurtzen duenean, kontura daiteke berak akats hori egiten duela eta zuzendu dezake".
Orri batzuetan, akatsez gain, beste zenbait gai ere jorratzen dituzte: euskara aberasteko esamoldeak, atsotitzak, Mantxutetik hartutako lokuzioak, umorezko gauzak, jaiegunei buruzko kontuak...
Teknologia berriez ere baliatu dira orri hauen zabalpena egiteko. "Orain dela bi urte interesa zutenei e-mailez bidaltzen hasi ginen. Dexente dira orria modu horretara jasotzen dutenak, eta ikasle ohiek ere jasotzen jarraitzen dute" dio Chamosak.
Ikasleen inplikazioa ez da beti bera izan. "Orain dela bi urte, adibidez, ikasle batzorde zoragarria zegoen" kontatzen du Chamosak. "Gauza asko antolatzen zituzten: euskal kirolak, bertso afariak... baina bukatu zuten eta kito. Memento honetan ez dago ikasle batzorderik eta nabaritzen da".
Funtsezkoa da irakasle guztiak inplikatzea
"Euskara ez da Euskarako irakaslearen kontua, eta horregatik hasi ginen proiektu honekin" dio garbi Lizarraldek. "Hasieratik, normalkuntza planarekin hasi ginenetik, ingurune honetan euskarari garrantzi handia eman behar geniola pentsatzen genuen, eta Euskarako irakaslearen lana soilik ez zela esaten genuen. Denok gara eredu eta irakasle askok hutsune handiak zituzten. Ikasleen zein irakasleen euskara aberastea zen gure nahia. Irakasle batzuk ez daukate etxean euskaraz mintzatzeko aukerarik, eta beste batzuk kutsatu egiten gara ingune erdaldunean. Horregatik, laguntza behar genuela pentsatzen genuen". Garbi zeukaten eta dute denak direla Euskarako irakasleak. Izan ere, ikasgai horretako irakaslearekin astean hiru edo lau ordu baino ez dira egoten; eta beraz, gainontzekoengadik ere ikasten dute.
Horregatik, irakasleentzako ikastaroak antolatzen dituzte. Eta denak inplikatu ez arren, asko dira interesa erakusten dutenak. Kontuan hartu behar da lehen A ereduko zentroa izanik, profilik gabeko irakasle asko zegoela. Horietako askok alde egin behar izan zuten, eta gelditu zirenek euskara ikasi eta titulua edo profila eskuratu behar izan zuten. "Horientzat euskara oraindik ere oztopoa da eta hala aitortzen dute eurek. Euskaldunberriak edo berriro ikasitakoak dira asko, eta euren ikasketak gaztelaniaz egindakoak. Beraz, orain hori euskaraz bizitzea edo transmititzea asko kostatzen zaie" kontatzen du Lizarraldek.
Ikastaroak denentzat
Ikasleentzat ere antolatzen dituzte ikastaroak EGA titulua atera dezaten. "Batzuk nahikoa izaten dute eskolan ikasitakoarekin eta maila polita lortzen dute. Beste batzuek, aldiz, aparteko eskolak behar izaten dituzte" dio Chamosak.
Gurasoentzako ikastaroak antolatzen ere saiatu izan direla diote. Eskolako guraso elkartearekin berba egin zuten, baina ez omen zuten interes handiegirik erakutsi. Interesa dutenak beraien kontutik joaten omen dira euskaltegira.
Hasieran gurasoak kontzientziatuagoak omen zeuden. "Benetan jakitun ziren Atik Dra aldatu ginenean. Kontzientziatuta zeuden; egun, aldiz, normaldu egin da".
Herriko normalkuntza eza
Ikastetxean euskararen normalkuntza bidean urratsak ematen ari diren heinean, ez da gauza bera gertatzen herrian. Behin baino gehiagotan bildu dira bai Ballontikoak bai herriko beste ikastetxeetakoak udaletxeko arduradunekin, baina ez dute deus aurreratu. "Hitz onak bai; beti bai, bai, bai, baina gero ez, ez, ez da". Udaletxean ez dago Euskara Zerbitzurik eta bileretan gaztelaniaz mintzo dira. "Iaz oso ikastaro polita egin genuen HABEko euskaltegiarekin, oso ona, ederra eta aurten jarraipena egiten saiatu gara. Baina ez dugu lortu, udalak ez duelako nahi izan irakasle berri bat kontratatzerik. Udaletxetik iristen zaiguna negargarria da" dio Chamosak.
Udalaren laguntza garrantzitsua da, ikastetxean egiten den lanarekin soilik ezin delako lortu euskararen hedapena. Kiroletako edo aisialdiko begiraleak euskaldunak izan daitezen eskatu dute behin baino gehiagotan. Are gehiago, irakasle ohiekin poltsa bat egin zuten, baina udalak ez zuen onartu. Musika eskolako irakasle bat, kasualitatez, euskalduna izan liteke, eta orduan eskola euskaraz jaso dezakezu. Baina matrikula egiterakoan ez dago euskarazko eskaintzarik.
Beti aldapa gora
Ikastetxean egiten den ahaleginak askotan ez ditu emaitza nabarmenak ematen. Euskaraz hitz egiteko joerarik ez dute gazteek, eta korridoreetan, autobusean, jantokian... gaztelaniaz mintzo dira; sarritan irakasleei ere hala zuzentzen zaizkielarik. Ikasleentzat oso zaila dela dio irakasleek. "Eskolako gauza bat da; ikasketak egiteko, gehienez EGA titulua ateratzeko eta hor gelditzen da dena, kaleratu gabe".
Hala ere Lizarraldek oso gustura dagoela dio. "Lan asko egin ahal dela pentsatzen dut. Borondate handiko jendea badago eta asko laguntzen dute. Baina gogorra da, oso gogorra". Eta hori dioenean Ikabil proiektuaren adibidea jartzen du.
Ikabil zentro desberdinetako ikasleak trukatzeko proiektua da, betiere euskararen erabilpena bultzatzeko. Bada, trukerako ikastetxe bat topatzea oso zaila egiten zaiela diote Ballontiko irakasleek, inork ez baitu Portugaletera etorri nahi. "Ikasbilek, printzipioz, euskaldunen arteko harremanak bultzatzea eta murgiltzea du helburu, eta noski, hemen nor murgilduko da? Inork ez du interesik guregana etortzeko" dio penaz Lizarraldek. Behin egin zuten trukea Markiñako ikastetxe batekin eta dena oso ondo atera zen, baina hala ere beste leku euskaldunago bat nahiago zutela esan zieten. "Eta hori oso gogorra da guretzat". Ballontiko euren ikasleek euskara entzutea eta euskaraz bizi ahal dela ikustea nahi dute. Eta Markiñara joan zirenean horretaz jabetu ziren: badaudela giro eta herri euskaldunak eta jendea euskaraz bizi dela. Izan ere, Portugaleten errealitate hori ez dute ikusten.
Belaunaldi berrian esperantza jarrita
Lizarraldek esperantza egungo ikasleengan jarrita dauka. "Seme-alabak edukitzen dituztenean eta eurekin euskaraz egiten hasten direnean, aurrerapausoa emango dugu. Egiten ez badute, akabo gure lan guztia. Gurea isilpeko lana da, etorkizuneri begira".
Gaur egungo ikasleek, orain artekoek ez bezala, ikasketak euskaraz egin dituzte txiki-txikitatik eta "Pintto-pintto" abestu izan dute. Horregatik, beste esperientzia bat edukiko dute. Etxean euskaraz egiten badute, eskolan ere bai eta udaletxean ekintzetarako euskara eskatzen badute, beste urrats bat emango da.
Ikastetxean lehenengo urratsa ematen ari dira, baina dena ezin da eskolatik egin, hortik at ere faktore ugari daude. Jose Luis Mugertza irakasleak ere hala dio: "Guk egiten duguna ez da nahikoa. Gotzon Garatek esaten duen moduan, boterea lortu behar dugu, bestela berba eta berba. Gaur egun euskarak ez du ezertarako balio, hemen euskarak ez du dirurik ematen. Ez da nahikoa haurrak eskolara bidaltzea gero kalean ez badute inolako beharrik ikusten. Bestela, hau petatxu bat da".
Kontu serioa da, baina irakasle hauek irribarrez mintzo dira. Badakite lan gogorra dutela, aldapa gora, baina animorik ez zaie falta. Hori da soberan dutena, eta elkarri transmititzen diote, gainera. Egiten dutena gogoz egiten dute, eta hori baino gauza hoberik ez da askotan. •