092: Eskola antolaketak eragina izan dezake berdinen arteko harremanetan

2004-11-01
Abiapuntua errespetua da. Bigarrenik, sentimenduak, afektibitatea eta emozioak. Hirugarrenik, komunikazioa. Gero elkarlana dator. Azkenik, hori egunero praktikan jartzea.
 
 
Edozein unetan, egunetan edo astetan, gai honi edo hari buruzko kontuak ateratzen dira lagunartean, etxekoekin, lankideekin, komunikabideetan... Iritziak ematen hasten gara, eta sarritan, aholkuak. Bai, beti edukitzen ditugu besteentzako aholkuak, gomendioak, kontseiluak... Eskola larderiaren edo gure artean hain ezaguna bilakatu den bullying-aren kasuan ere sentsazio bera sumatzen da tarteka, bereziki Hondarribiko kasua gogoan izanda. Ongi dago horretaz hitz egitea, baina ez da nahikoa. Hitz egiteaz gain, serio hausnartu behar da; eta garrantzitsuena, inor epaitu gabe.

Badirudi honezkero denok jakin beharko genukeela guztion erantzukizuna dela horrelako gertaerak jazotzea. Iritzi artikulu eta irrati nahiz telebista solasaldi ugaritan irakurri eta entzun da hori: erantzukizuna denona da. Egungo bizimoduaren ereduaz hausnartzen duen oro irits daiteke ondorio berberera. Beraz, epaiek ez dute lekurik, ez zaie zirrikiturik utzi behar, baldin eta irtenbideak bilatu nahi badira behintzat.

Errespeturik galdu gabe, besteen lekuan jartzea funtsezkoa da horrelako gatazketatik atera ahal izateko. Erasotzaileak jakin behar du bere larderien biktima oso-oso gaizki pasatzen ari dela. Gizarteak jakin behar du erasotzaileak zerbaitegatik duela jokaera hori, bera ere biktima dela eta laguntza behar duela. Gurasoek seme-alaben egoeraren jakitun izan behar dute, eta hori konfiantzak, komunikazioak eta denbora dedikatzeak ematen du. Irakasleek ere neska-mutilak ezagutu egin behar dituzte, beraiengana gerturatu behar dute. Agintariak ere eredu izaten dira, eta komunikabideetan duten presentziagatik eta eraginagatik, erne jokatu beharko lukete.

Azken finean, esaldi bakar batean bil daiteke gizartean gertatzen dena: zer ikusi, hura ikasi.

Denok zerbait egin dezakegula jakinik, eskola komunitateak ere bai. Eta eskola komunitateak diogu, ez irakasleak. Heziketa ez baita irakasleen ardura soilik. Ekintzen ardurak ezin dira gelako hormen arabera banatu: gela barrukoa irakasleen ardura eta eskolaz kanpokoa gurasoena. Ez, irakasleen ardura ere bada ikasleek herrian lagunartean egiten dutena, eta gurasoena ere bai gelan gertatzen dena. Denok elkarrekin jardun behar dugu. Zertarako? Neska-mutilengandik gertu egoteko, elkarren artean konfiantza edukitzeko, giro sanoa sortzeko, elkar ezagutzeko. Koordinazio hori edukiz gero, denok izango gara gai arazoei eta gatazkei aurre egiteko. Adituen laguntza beharko da tarteka, baina menpekotasunik gabe. Izan ere, edozein arazoren aurrean espezialistengana jotzeko joera arriskutsu bihurtzen ari da. Konponketa horiek egoera puntualetara muga daitezke, eta askotan, arazoaren muina heziketa bera edo eskolaren antolaketa izan liteke.

Hor dago gakoa. Edukiei denbora kendu eta beste zerbaiti egin behar zaio lekua eskoletan. Badakigu zeri; beraz, jarrai dezagun!