Muga guztien gainetik... euskaraz!: EPERRA Ikastola, Sohüta: Xibütarren habia

2005-02-01
Zuberoako 20 herri txikitatik etortzen dira haurrak Sohütako ikastolara. Bada egunero-egunero 36 km egiten dituenik ere ikastolara etortzeko. Ez baita txikia ikastola honen balioa: xibereraz mintzatzeko tokia da, euskalki horren iraupena segurtatzeko gune bakarretakoa. Haur ia denek entzun dituzte euren aitatxi-amatxiak euskaraz. Aita-ama askok galdu dute ondare hori. Orain seme-alabei itzuli nahi diete galdu zutena.

Eperra ikastolak 72 ikasle ditu, 2 urtetik 11 urtera bitartekoak, ama eskolan eta Lehen Mailan daudenak. Irakasleak, berriz, lau dira egun osoz aritzen direnak, eta beste bat dago egun erdikoa.

Odette Mohoradek erakutsi digu adreilu bakoitzaren zergatia. Odettek 20 urte daramatza ikastolan lanean, eta egun 4. eta 5. mailetako irakaslea eta bertako zuzendaria da.
 
 
Zuberoako lehen ikastola 1972an sortu zen, Maulen: hamar haur ziren, ikasgelarik gabe, baldintzarik txarrenetan, euskaraz ikasten. Geroztik, lekurik eskasenetan harat-honat mugitu beharreko hamarkadak joan dira, herriko etxeei teilatu duin bat eskatzen emandako hamarkadak, harik eta 1992an gurasoek erabaki zuten arte euren lur zatia hartzea, behingoz euren ikastola eraikitzeko. Hala heldu ziren Sohütara, eta jauregi baten ondoko zalditegia eskuratu zuten, zaharra bezain eroria. 1996-97 ikasturtea zen. Euskal Herri osotik etorri zen jendea auzolanean ikastola altxatzeko. Handik eta hemendik eskolako materialez betetako kaxak etortzen ziren. Indarrez, ilusioz eta elkartasunez betetako urtetzat jotzen du hura Odettek, ikastolako egungo zuzendariak.

Geroztik gauzak zenbat hobetu diren Odettek esan dezake ongi: "Gaur kanpoan ezagutza hobea dugu, normaltzat hartuak gara orain. Lehen ez gintuzten eskolatzat hartzen. Gainera, gaur Mauleko herriko etxeak zerbait antolatzen badu, guri ere deitzen digute; lehen ahantziak ginen". Zerbitzuetan ere asko aurreratu du ikastolak: lehen, gurasoek kilometro pila egin behar zituzten egunero Zuberoako punta bakoitzetik euren haurra ikastolaraino eramateko. Gaur, garraio zerbitzua dute, baita kantina ere. Odetten hitzetan, garrantzi berezia duen beste zerbitzua haurrei eskolako lanak egiten laguntzeko jarri duten estudioa da. Eskola bukatzean, pertsona bat izaten da bertan ordubetez, haurrei lanak egiten laguntzeko. Guraso erdaldunek biziki eskertzen duten zerbitzua da, sarri larritu egiten baitira seme-alabari etxeko lanetan eurek ezin diotela lagundu sentitzen dutenean.



Gurasoen lana

Zuberoako gizartearen zati handienak frantses hutseko eskoletara bidaltzen ditu haurrak. Ikastolaren berri zabaltzea eta jendea erakartzea ere bada zaindu beharreko kontua. Guraso berriei zuzendutako informazio kanpainen bidez, ate-zabal egunak antolatuz edota irratiz saiatzen dira jendearengana iristen. Egun 72 haur dabiltza ikastolan, eta Odettek baieztatzen digunez, "72 haur, oaiko egunean Xiberuan, ez da batere gaizki; ez dut uste gorago joango denik".

Zuberoan demografiak behera egin du nabarmen. Ekonomia krisia dela-eta, kostalderako edo Pauerako joera hartu du biztanleriak. Bertan bizi direnetatik asko laborariak dira, edota zerbitzuetan jarduten dutenak, baina lantegi handiak jada itxita daude. Odetten iritziz, "halere, jendeak nahi du Zuberoan bizi, eta zuberotarrek badugu gihauk gure entrepresa ttipiak muntatzeko nahi hori". Ekonomia krisia ere bada oztopo zenbait familiarentzat ikastola hautatzeko orduan. "Haurra ikastolan sartzen duzularik, egia da hilabetero behar duzula diru bat jarri, eta edozein irteera berezi egiteko ere ez dugu laguntzarik eta azkenean gurasoak behar du ordaindu". Bestelako eskola publikoekin alderatuta, garestia da haurra ikastolara eramatea, Hezkuntza Ministerioak ikastolako irakasleak soilik ordaintzen baititu; hortik aurrerako zerbitzu guztiek patrikan zuloa egiten dute. Eta hor hasten da lan militantea: dirua biltzeko denetik asmatu behar guraso taldeak. "Azkenean inplikazio handia eskatzen zaie gurasoei. Eta beharrezkoa da, gainera; hau beste gisa bateko eskola baita, eskola bizia, hurbilago egiten gaituena gizartetik. Gurasoak hemen gela barruraino sartzen dira". Beraz, gurasoei beharrak eragiten dien parte-hartze hori bera, azkenean ikastola erakargarri egiten duena ere bada.



Ikastolan, xibereraz eta hika

Ikastolako gurasoetan erdia da euskal hiztuna (guraso biak edo bietan bat kontuan izanda). Haur gehienentzat, beraz, ikastola da euskara ikasi eta euskaraz mintzatzeko toki ia bakarra. Euskalkiari dagokionez, berriz, gutxi, baina oraindik entzuten omen da xiberera, ia aitatxi-amatxi guztiek baitakite. Xibereraz ikastea da gurasoek agertzen duten nahia. Eperra ikastolan, irakasle guztiak dira xiberotarrak eta euren euskalkian hitz egiten diete haurrei. Irakur-idazketan ere, xibereraz hasten dira, eta behin 8 urtetik aurrera ekiten diote batua lantzeari.

Euskalkian aritzerakoan, material falta da euren oztopo nagusia. Euskara batuan daude liburu guztiak, eta irakasleek orduak eman behar izaten dituzte testuak xibereraz idazten eta liburuko orrietan itsasten. Material guztia eurek sortu behar dute, zubereraz orain arte idatzi izan dena (pastoralak, testu klasikoak...) ez baita haurrekin lantzeko egokia.

Bestetik, hika jarduten dute eskolan, Zuberoan bizi-bizirik baita mutilei hika egiteko ohitura. Noka aritzekoa galdu egin da, ordea, herri gutxi batzuetan salbu (Barkoxen, Santa Grazin... entzuten omen da oraindik noka, baina adinekoen artean). Hala, haurrek irakasleari zuka egiten diote, nesken artean ere zuka jarduten dute, eta mutilei hika egiten zaie beti.

Ahozkotasuna lantzeari garrantzia berezia ematen diote, eta horretan ezinbestekoa da metodologiaz haurrari hitza ematea, eskola irakaslearen hitz-jarioan oinarritu beharrean. Odettek argi du: "enetako oso inportantea da ahozkoaren lantzea, baina ez soilik euskararen xuxen erabiltzeko, baita ere argudioak atzemateko, justifikatzeko, jendaurrean hitz egiten ikasteko... haurra isilik badugu, ez dakigu azkenean euskara dakien edo ez". Haur talde handiegirik ez izatea abantaila da ikasleei hitza emateko orduan.



Aisialdian euskarazko eskaintza falta

Eskolatik irten eta kirol ekintzak, antzerki eskolak, telebista, bideojoko zein filmak frantsesez soilik dituzte. Ikasgelaz kanpo ez da euskararik entzuten. "Penagarria da-gaineratzen du Odettek-, zeren eskola ez baita aski". Gurasoei maskarada, pastorala edota euskaraz diren bestelako ikuskizunetara haurrak eraman ditzaten aholkatzen diete, haurrek ikus dezaten euskara hizkuntza bizia dela, eta ez eskolako lau horma artean gelditzen dena.

Aisialdian euskarazko eskaintzarik ez dela-eta, ikastolak ekintza bereziak antolatzen ditu euskara kalera ateratzeko. Hala, inauterietan desfilea egiten dute Sohütan barna. Olentzeroa ere antolatzen du ikastolak Mauleko karriketan. Orain bi urte, gainera, Zuberoako dantza eskolei zabaldu zieten atea, eta egun jende asko biltzen da festa horretan. Kantuzale Elkarteak antolatzen duen kantu txapelketan ere beti hartzen dute parte, bai talde osoan, bai binaka eta tarteka baita banaka ere. Urte osoan lantzen dutena da kantua, tradizioko kantuen oinarri bat izateari garrantzia handia ematen baitiote. Bertsolaritza ere lantzen dute ikastolan, eta eskolaz kanpoko ordutarako ere, bertso eskola sortu berri dute. Bertan biltzen dira bat-batean gehiago trebatu nahi duten haurrak, bai egun ikastolako ikasle direnak eta baita ikasle ohiak ere.



Etorkizunari begira

Bi ikastola daude egun Zuberoan. Sohütako Eperra ikastola da bata, eta Alozeko Basabürü ama eskola bestea, 1978an sortu zena. Basabürüren ibilbidea ere ez da xamurra izan, "beti batera eta bestera, beti ibili da egoera txarretan, a zer bizia izan duen gaixoak!" penatzen da Odette. Urtezahar gauean bi nerabek txikizio galantak egin zituzten, baina idatzitako mezuek eta nazi ikurrek eragin zuten min gehien. Odettek kontatu digunez, ez zuten halakorik inolaz ere espero, ez baitute ikastolaren aurkako girorik sumatu izan. Harrituta omen daude, eta 14 urteko bi mutiko zirela jakiteak zer pentsatua ematen omen du.

Eperra ikastolan inoiz baino ikasle gehiago daude gaur. Horietatik gehienak, 12 urte betetzean Donaixtiko (Nafarroa Beherea) kolegioan jarraitzen ditu ikasketak, euskara hutsean. Hala ere, egun pentsaezina da Bigarren Mailako ikasketa horiek Zuberoako ikastolan bertan eskaini ahal izatea, taldea txikiegia delako. Etorkizunaz galdetuta, "baikor naiz -dio Odettek-, baina batzuetan 'zer ari gara?' pentsatzen dut, 'zertarako balio du egiten dugunak, gero kanpoko eskaintza ia den-dena frantsesez bada?'. Telebistan, kalean, kirol mailan... dena dago aurka. Ezezkor izan gabe, baina gogorra da". •