Kronika

2005-03-01
 
 
Nafarroako Auzitegi Nagusiak zigortu egin du Iruñeko Udala 2004ko Langileen Lege Organikoan ez zelako kontuan hartzen D ereduko ikastetxeetan euskara jakin behar zutenik atezainek, bulego langileek eta zerbitzu laguntzaileek. ELA sindikatuak jarri zuen helegitea. ELAkoen hitzetan, auzitegiak gogorarazi behar izan dio udalari, "euskararen normalizaziorako UPNk egiten duen politika, indarrean dagoen udal arauen kontrakoa" dela.
Atezainekin arazoak izan dituztela salatu du Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteak, eta Auzitegi Nagusiaren erabakia bete dezala eskatu dio Udalari.
Aralar alderdi politikoak, berriz, zigiluak eta tanpoiak euskaraz jar ditzala exijitu du. Eskakizuna Nafarroako Auzitegi Nagusian egin du, gogora ekarriz Nafarroako Auzitegi Administratiboaren epaia zein izan zen: Udalaren tanpoi eta zigiluek elebidunak izan behar dutela, eta ez gaztelaniazkoak soilik. Denak betetzen,
badu lanik.

Eskola Kartak eta Fillon Legeak kolokan jarri ditu euskarazko eskolak
Irakaskuntza guztiz erreformatuko duen Fillon Legea hasi dira eztabaidatzen Frantziako Legebiltzarrean. Horrez gain, Pirinio Atlantikoetako Eskola Karta finkatu behar dute irakasleen sindikatuek eta Akademia Ikuskaritzak, baina liskarretan dabiltza. Bi proiektuek ondorio erabakiorrak ekarriko dituzte Iparraldeko eskoletara.
Eskola Kartan irakasle postu gutxiago ezarri nahi ditu Akademia Ikuskaritzak, eta sindikatuekin adostu ezinean dabil. Sare publikoari eragiten dio Eskola Kartak. Bertan, eskola elebidunetako zenbait lanpostu kendu nahi dituzte, eta kasu gehienetan frantseseko postuei badagokie ere, euskarazko irakaskuntza da trabatzen dutena, bidenabar. Esaterako, Larrainen (Zuberoa) postua kenduz gero eskola itxi egingo litzateke.
Fillon Legea, berriz, "eskola porrotari aurre egiteko" asmotan aurkeztu du Frantziako Hezkuntza ministroak. Sisteman ekarriko dituen erreforma nagusiak hauek dira: CE1ean, 7 urterekin hasi beharko da kanpoko hizkuntza bat lantzen. Ezagutzen Heina indarrean jarri nahi du, beharrezko arlo nagusietako ereduak finkatuz. CE2tik gora, 8 urterekin, azterketak egingo dira Matematikan eta Frantsesean. 12 urterekin, bigarren hizkuntza sartuko da (orain baino urte bat lehenago). 14 urterekin Brebeta azterketa izango da. Lege proposamenaren aurka azaldu dira ezkerreko alderdiak,eta sindikatuek kalitatea lortzeko baliabide gehiago jartzea eskatu dute, irakasle postuak murriztu beharrean.
Fillon Legea eta Eskola Karta medio, otsailean zehar ez dira mobilizazioak falta izan. Baionan bi manifestazio jendetsu egin ziren; lehenengoan 800 ikasle bildu ziren, eta hurrengoan, poliziaren arabera, beste 800 irakasle eta ikasle; manifestarien esanetan, berriz, 1.500 inguru ziren. Uztaritzen gurasoek eskola okupatu zuten astetan. Hiru Sareta osatzen duten Seaska, Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteek, berriz, lehen aldiz jarrera bateratua hartzea erabaki dute, nahiz Eskola Karta sail publikoari soilik dagokion.

Lore Erriondo izendatu dute UEUko zuzendari
Datozen lau urteotan Lore Erriondo pedagogoa izango da UEUko zuzendari, Batzar Nagusian erabaki zutenez (otsailaren 19an izan zen, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan). Zuzendaritza taldea ere berritu zuten: Karmele Artetxe historialaria, Idoia Fernandez informatikaria eta Iñaki Irazabalbeitia eta Xabier Isasi UEUko zuzendari ohiak izango dira zuzendaritza kide.
2004az balantze ona egin zuten, nahiz "puntu ilun batzuk" ere izan. Udako ikastaro gehiago antolatzeko ahalegina egin, eta batzuk ez zuten taldea osatzeko beste ikasle izan. UEUko egitura handitu da, baita lan bolumena ere, eta finantzetan autonomia da lehenbailehen lortu beharrekoa, bestela beti "diru eskean" ibili behar. Dena den, balantzea txalotzekotzat jo zuten, Euskal Unibertsitatearen eztabaidan eragile asko eta asko inplikatzea lortu baita. Datuak ere baikorrak dira: iaz 1.400 kide izatera heldu ziren, eta jardun ezberdinetan 2.300 ordu antolatu zituzten.
2005. urterako egitasmoak, berriz, hauek dira: Euskal Unibertsitateari dagokionez, helburuak hauek dira: aldeko egitura berria sortzeko baldintzak lantzea, gai horri buruzko mintegian egindako eztabaida gizarteratzea, eta eragileekin unibertsitatearen diseinu estrategikoa egitea euskal komunitate unibertsitarioan. UEUren bilgune izaera ere sendotu nahi dute, bazkideekiko kohesioa areagotu, sailak indartu eta, datu-baseei lotuta, unibertsitate guztiekin itunak sinatu. Ezagutzaren alorrean, unibertsitateko sorkuntza eta zabalkundea euskaraz izan dadin tresnak jarriko dituzte, hirugarren zikloko programetan indar berezia egingo dute, ikastaroen kopurua %15 igoko dute, urtean zeharreko ikastaroak bultzako dituzte eta on line eskaintzarako giza baliabideak prestatuko dituzte. Ikerkuntza arloan mintegi bat antolatuko dute. Euskal curriculumean lan taldea egonkortzea izango da helburua. Ikasmaterialetan, argitalpen kopuruari eustea (aurten 10 liburu argitaratuz), Uztaro aldizkariaren lau zenbakiak ateratzea eta harpidetzak igotzea dira erronkak. Diru kontuetan, berriz, diru poltsa bat gehiago jarri nahi dute martxan.

Ikasle zeliakoen beharrei erantzuteko , "Glutenik gabeko menuak egiteko gida" kaleratu du Eusko Jaurlaritzak. Ikastetxe guztietan zabalduko da, irakasleek, jantokiko langileek eta sukaldariek erabil dezaten. Gidan zeliakoen janaria prestatzeko aholkuak eta dieta egiteko moduak azaltzen dira. Helburua gizartea sentsibilizatzea eta informatzea da.
Izan ere, informazio falta izugarria omen da. Datu fidagarririk ez badago ere, herritarren %1 zeliakoa dela uste dute adituek. Beraz, Euskal Herrian baliteke 20.000 herritar inguruk izatea gaixotasun zeliakoa, eta aldiz, horietatik 5.000 inguruk soilik dakite gaitza dutela. Hesteetako gaitza da, eta dieta egokia eginez soilik senda daiteke. Glutenak egiten die kalte zeliakoei, heste meharreko zuntzak kaltetzen dizkielako eta, ondorioz, ezin dituzte elikagai gehienak xurgatu. Glutena zereal batzuek duten proteina bat da (gariak, garagarrak eta zekaleek dute, besteak beste). Zeliakia diagnostikatuta daukatenek dieta berezia egin behar dute bizi guztian.
Dieta hori prestatzeko moduak eta kontuan eduki beharreko klabeak dira, hain zuzen, gidan
eskaintzen direnak.
Euskadiko Zeliakoen Elkartearen eskaria izan zen gida egitea, ikasle askok jotzen baitzuen eurengana informazio eske.