096: Noren eskubidea lehenesten da, hor dago desberdintasuna

2005-03-01
Elkarbizitzarako, hainbat gurasok eta ikaslek euskarazko irakaskuntza eskatzen dute, modu bakarra baita ikasleek bi hizkuntz ofizialak mendera ditzaten.
 
 
Egun hauetan EAEko hezkuntza sistema publikoan egonkortasuna galdu duten 157 irakasle itxialdia egiten ari dira. Euskara ez dutelako ikasi kendu diete betetzen zuten lanpostuetatik.

Euskararen normalkuntza prozesuan hezkuntza zutabe sendoenetako bat da. Erdara hutsezko eskola "nazionaletatik" egungo eskola eleanitzetara badago aldea. Elkarbizitzarako, hainbat gurasok eta ikaslek euskarazko irakaskuntza eskatzen dute, modu bakarra baita ikasleek bi hizkuntz ofizialak mendera ditzaten. Beraz, eskaera horren araberako eskaintza egin beharko da, ezta? Ondorioz, irakasleek ez al dute gaztelania dakiten bezala, euskara jakin behar?

Xede horretarantz abiatzeko, 1998an Hezkuntza Sailak eta EILAS, ELA eta LAB sindikatuek akordio bat egin zuten, eta hiru urteko epea eman zitzaien irakasle egonkorrei lehen hizkuntz eskakizuna lortzeko. Askok ez zuten lortu, ordea. Gauzak horrela, 2001ean urtebete luzatu zitzaien epea, eta 2002an bi urte. Iaz LABek akordioa betetzeko eskatu zuen, eta hortik etorri da azken erabakia.

Sei urte horietatik hirutan liberatuta egon dira euskara ikasten, soldata eta opor osoekin. Lanalditik eta sare ofizialetik kanpo nahi adina ikastaro egiteko aukera izan dute, denek doan. Udan barnetegietara joateko aukera izan dute, matrikularen herena soilik ordainduta. Hasieran jarritako epea bi aldiz luzatu zaie, eta hala ere, ez dira gai eskolak euskaraz emateko.

Prozesu honen protagonista diren irakasleek errua Irale programari atxikitzen diote, "ez duelako euskalduntzeko balio". Datuen arabera, lau irakasletatik hiru programa horrekin euskaldundu da. Ikasketa sistema zaila dela diote, programa hertsia duela, eta malguagoa izan beharko lukeela. Kexu dira "euskalduntzea azkarregi" egin delako.

Aztikerrek zabaldutako datuen arabera, ostera, hurrengo 18 urteetan urtero euskaldundu gabeko 14.908 euskal ikaslek amaituko dituzte ikasketak. Gehienez ikasleen % 38 euskaldunduko da egungo ereduekin jarraituta; % 62 ez da euskaldunduko. Beraz, nork begiratzen duen, "azkarregi" edo "motelegi" doa euskalduntzea.

Euskaraz irakasteko gai ez diren irakasle horiek jantokietan, liburutegietan edo bestelako lanak egiten aritu dira orain arte. Aipatutako tokietan eurentzat oraindik lekua badela diote, baina horretarako "borondate politikorik" ez dagoela. Kontua, ordea,zer da, borondate politikoa ala eskolaren proiektua? Ikastetxeak hizkuntza normalkuntza prozesuetan sartuta baldin badaude, denek bi hizkuntz ofizialetan mintzatu behar dute, baita atezainek eta garbitzaileek ere.

Gauza bat da irakasle horien lan egoera, eta beste bat beraiek eskaintzen duten zerbitzua. Maiz jartzen dira aurrez aurre eskubide indibidualak eta ikastetxearen hezkuntza nahiz hizkuntza proiektua. Eta horiez gain, ikasleen hezkuntzarako eskubidea dago. Ez al da hortik abiatu behar? Ikasle horiei behar dutena eman behar zaie, eta euskaraz ikasteko zerbitzua bermatu behar zaie. Are gehiago euskara jatorrizko hizkuntza dela, gaur egun hizkuntza gutxitua dela eta normalkuntza prozesuan dagoela aintzat hartuta. Ikasleen eskubideen begietatik so eginda, zer diozu?