Hezkidetza, detaile sutilen indarra

2005-03-01
Hezkidetza ez da puri-puriko gaia eskoletan, nahiz egunero senarrak akabatutako emakume bat agertu telebistan. Kontzientziaz, eskubide berdinak onartzen dizkiegu emakumeei eta gizonei. Horregatik, gero eta zailagoa zaigu gure eguneroko bizitzan dagoen androzentrismoa ikustea, gure izaeran barneratua duguna.

"Normaltasuna" da arazoa. Erabat "normala" iruditzen zaigun zerbait zalantzan jartzen hastea bera zaila da. Horretarako, zentzu analitikoa behar da, eta distantzia hartu. Detaile sutiletan erreparatzea omen da gakoa. Zeure burua da zalantzan jartzen duzuna, ordea, eta prozesu horiek beldurra sortzen dute.
 
 
Neska-mutilak elkartzea ez da hezkidetza



Eskola mistoa 60ko hamarkadan sortu zen Hego Euskal Herrian. Neskek eta mutilek bereizita ikasten zuten ordura arte. Eskola mistoa sortzerakoan, ordea, ez zuten planteatu ere egin zer ekar zezakeen neskak eta mutilak espazio fisiko berean elkartzeak, hain justu gizartea sexista denean, eta gizontasuna emakumetasunaren gainetik dagoenean eguneroko bizitzan. Honela dio Maria Jose Urruzola hezkidetza aholkulariak "La educación de las niñas desde el feminismo de la diferencia" artikuluan: "Ez zen gizonezko generoaren eta emakumezko generoaren kritikarik egin. Ez zen nesken aldeko diskriminazio politikarik aurreikusi. Ez zen argitu pertsona bezala zer balioetan heziko ziren. Ez zen aztertu irakasgaietan transmititzen zen androzentrismoa; esaterako, historian, filosofian, zientziatan... Eta ez zen kontuan hartu emakumeei egozten zaizkien rolei balio gutxiago ematen zaiela gizartean, gizonen rolei baino".

Eskolak lan munduan integratzeko prestatzen ditu ikasleak, alegia, alor publikorako, gizonezkoen mundua izan den alor horretarako. Emakumeen generoari lotutako gaitasunak bigarren mailan geratu dira. Ana Agirre Emakundeko prestakuntza arduradunak azaltzen duenez: "eskolak bizitzarako baliagarri diren balio guztiak integratu behar lituzke, bai emakumezko bai gizonezko generoari atxikitakoak. Eta denei eskaini behar zaizkie, neskei eta mutilei. Hori litzateke benetan aukera berdintasunerako heziketa eskaintzea".

Hezkidetza zehar lerro bihurtu zen 90ko hamarkadan eta, berez, lorpen handia zena (ikasgai guztiak genero ikuspegitik birplanteatzea eskatzen baitzuen), praktikan "inoren ardura ez izatea" bihurtu da. Denek onartzen duten kontsigna bat gehiago da hezkidetza, baina praktikan inork heltzen ez diona.





"Pentatasuna" hezkuntza eredua

Pertsonaren garapen integrala helburu



"Maskulinitatearen" eta "feminitatearen" kaxoietan arakatu behar genuke, eta gustatzen zaiguna jantzi. Ikusi pertsonarentzat zein diren gaitasun positiboak eta horiek landu, kontuan hartuta gaitasun batzuetan entrenatuagoak gaudela sexu batekoak izateagatik, eta beste batzuetan herren gabiltzala. Generoak eta beren mugak behingoz gainditzeko bideak zabalduko dira hala.

Nortasuna zizelkatzeko tailerra izan behar luke eskolak. Geure burua ezagutzen lagundu behar liguke, eta ikusten zertan garen eder, zein den geure ahalmena, eta zer nahi dugun aldatu gugan. Eskolak harreman eredu positiboak sortzeko lekua izan behar luke, eta gatazkak konpontzeko entrenalekua.

Hori da eskola "Pentatasuna" izeneko korrontearentzat. Eredu horretatik lanean urteak daramatzan Bea Ugarte Gasteizko Berritzeguneko aholkulariak azaldu digu zer berritasun dakarren planteamendu horrek.






Gizartean bezala eskolan ere ikuspegi androzentrista da nagusi, eta hori hainbat alderditan islatzen da, baita edukietan ere (berez, kontzienteki hautatuak direnak). Bea Ugarteren hitzetan, "argitaletxeek, asko jota, egiten dutena da nesken eta mutilen presentzia orekatu. Baina hasi arakatzen zer ekintzatan agertzen den bakoitza edo, batez ere, erreparatu zer den agertzen ez dena". Emakumeek historiari edo jakintza zientifikoari ekarri diotena ez da agertzen edo agertzen dena "petatxu modura" omen da. "Ez dago zehar lerro gisa planteatuta, ez dago ikuspegi horretatik kontatuta historia. Historia hau gizonen historia da, eta gainera, borrokan bizi izan diren gizon irabazleen historia". Eskolak, beraz, neskei ez die emakumeen erreferentziarik eskaintzen, eta erreferente horiek klabeak dira identitatea eraikitzeko. "Nola baieztatuko du bere burua emakume batek -dio Bea Ugartek-, erreferentziarik ez badu, edo dituen erreferentziak emakume bortxatuenak edo agertzen ez diren emakumeenak badira. Zein identitate garatuko dute mutilek, dituzten ereduak menderatzaileenak badira?"



Curriculum ezkutua: zer ez ikusi, hura ikasi

Ageriko curriculumak errepaso bat behar badu, ahalegin berezia curriculum ezkutuan egin behar litzateke, duen eragina izanda (curriculum ezkutukoak jarrera ez kontzienteak direlako, ikusten zailak). Frogatuta dago irakasleek, nahi gabe, mutilei neskei baino arreta gehiago eskaintzen dietela; denbora gehiago pasatzen dute mutilen gainean. Arrazoietako bat zera da: gelatan gatazka nabarmenenak sortzen dituztenak mutilak direla. Baina, eta mutilek zergatik sortzen dute gatazka? Motiboetako bat mutilek taldean protagonista izan beharra dutela omen da, ezin dutela bat gehiago izan. "Eta berez, protagonismoa osasungarria da, jokaera natural bat da, pertsona bezala garatzeko beharrezkoa dena. Hasteko, geure bizitzaren protagonistak izan behar dugu", azpimarratzen du Bea Ugartek. Arazoa zera da: gizartean zein protagonista eredu daukate? Nor bihurtzen dira protagonista gizartean? Ikasleek duten protagonista eredua menperatzailearena da; horregatik deitzen dute atentzioa oihuka edo errespetu faltaz; azken batean, besteen gainetik jarriz. Eta lortzen dute, gainera: "irakasleentzat gairik kezkagarriena gelan dauden ikasle gatazkatsuak dira. Nahiz eta taldean ikasle gatazkatsuak gutxiengoa izan, gutxiengo horri geuk ematen diogu indarra, horien arabera antolatzen dugulako gela eta horien arabera jartzen ditugulako arauak. Egia da, gainontzekoak bezala, kontuan izan behar ditugula; baina beste era batean. Protagonismoa beste era batean lantzeko aukera izan behar dute".

Neska edo mutila izan, gugandik espero dutena ere desberdina da. Adibidez, neskei arduratsua izatea eskatzen zaie (etxeko lanetatik hasita), eta desfasatzea edo neurrigabekeria ez dago inolaz ere onartua, kontrola beti da handiagoa neskengan. Horrek denean du eragina (kaligrafian ere ikusten da). "Neskak arduratsuagoak dira" esaten da; baina "dira" esateko ordez, "egiten ditugu" esan beharko genuke. Mutilek, berriz, espektatiba oso altuak izaten dituzte ikasketatan. Bearen hitzetan, "eredu maskulino horren barruan, gizarteak gauza guztietan lehenak izatea eskatzen die. Arkitekto, ingeniari, mediku izan behar dute; ezin dute karrera 'normalago' bat egin". Kataluniako ikerketa baten arabera, espektatiba altuegiak izateagatik da, hain justu, handiagoa mutilen eskola porrota neskena baino DBHn. Karrera horietan nota altuak eskatzen dituztenez, mutilak DBHn ikasketekin kili-kolo hasten badira, etsi egiten dute. Neskei, berriz, zerbait lortzeko ahalegin handia egin beharra izango dutela transmititzen zaie, eta nesken jarrera ere halakoxea izaten da gero. Horregatik omen dago aldea nesken eta mutilen notetan eta eskola porrotean. Ez da arrazoi bakarra izango, baina kontuan hartzekoa da genero ereduek noraino baldintzatzen dituzten espektatibak.



Denentzat "berdina", denentzat "gizonena" denean

Neskek eta mutilek gizartean sexuaren araberako eredua jasotzen dute; jarrera batzuk, gaitasun batzuk dira lantzen dituztenak. Eskolak ez badu hori kontuan hartzen, eta ez bada saiatzen kontzienteki beste eredu desberdin batzuk eskaintzen, gauzak bere horretan utzita lortzen dena zera da: gizarteko eskema sexistak erreproduzitzea edo, bestela, neskek balio, gaitasun eta jarrera maskulinoetarantz jotzea, horiek baitira gizartean baloratuak direnak eta arrakasta dutenak. "Maskulinitate hegemoniko hori zabaltzen ari da nesken artean ere- berresten du Bea Ugartek-. Larria da. Gustatzen ez zaizkigun balio maskulino asko (pertsonaren zoriontasunerako kaltegarriak direlako) barneratzen ari dira neskak ere 'berdin' sentitzeko".

Protagonismoa lortzeko moduan ikusten da hori (neskak ere hasi dira besteen gainetik jartzen arreta bereganatu nahian). Boterea, berez, positiboa dela nabarmentzen du Bea Ugartek, "eta botere hitza aldarrikatzen dugu gainera, egun botere hitzaren esanahia manipulatua baitago: besteen gainetik jartzearekin identifikatzen da. Eskolan boterea bere zentzu positiboan garatzeko tresnak eskaini behar ditugu, meneratze-men egitean oinarritzen diren harremanak saihesteko. Menperatzaileak eta biktimak desagerrarazteko. Botereak, maitasunaren eta orekaren eskutik joan behar du".

Eskolaren egitekoa horixe da: harremanak modu positiboan eraikitzeko aukera eman behar die neska-mutilei (gizartetik jasotzen dituzten harreman ereduak zalantzan jarriz); eta izan neska edo mutila, positiboak diren gaitasun posible guztiak lantzeko aukera eman behar die. Pertsonaren garapen integrala da lortu behar dena. Hori da "Pentatasuna" izeneko ereduaren helburua: ziurtatzea neskek ere garatuko dituztela maskulinitatearen barruan dauden gaitasun positiboak. Eta eskolan lekua egitea, baita ere, feminitatearen barruan egon izan diren gaitasun positiboei eta gizarteak baloratu ez dituen gaitasun horiei, mutilei ere aukeran jarriz. Beraz, neska eta mutilentzat eredu bera proposatzen du "Pentatasunak", baina bazterrean utzi izan den eremu femeninoa berreskuratuz, eta kontuan izanda neskak eta mutilak ez datozela motxila hutsekin eskolara, beste eragile batzuk ere badaudela, ez direla hutsetik abiatzen. Errealitate hori kontuan izan behar da eskolako jardueratan. Horregatik, zenbait ekintzatarako talde bereiziak egitea beharrezkotzat jotzen dute.



"Pentatasuna" ereduak zer berritasun dakar?

"Pentatasuna" hezkuntza ereduak orain arteko beste ereduei gehitzen diena zera da: pertsonaren garapen integralaren ikuspegia. Pertsona (gure kasuan ikaslea) da irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren erdigunea, protagonista eta egilea. Pertsonaren garapen integrala lortu behar dela diotenean, pertsonaren bost dimentsio lantzeaz ari dira: identitatea, gorputza, gogoa (edo adimena), gizartea eta emozioak (edo arlo afektiboa). Pertsonaren bost dimentsio horiek modu orekatuan eta elkarri lotuta garatu behar dira. Bea Ugarteren hitzetan, "gaur egungo hezkuntzan ez dira berdin garatzen adimen arrazionala eta adimen emozionala. Zailtasunak ditugu gorputza, afektibitatea... lantzeko. Eta justu horiek dira emakumearekin gehiago lotu diren esparruak". Bost dimentsioen lanketa, gainera, on zaizkigun balioetatik eraiki behar da.

Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan ere ekarpen berri bat dakar "Pentatasuna"ren ereduak. Aprendizaia prozesuan kontuan izan behar diren bost klabe zehazten ditu: sintonia (zeure buruarekin eta inguruarekin harmonian egotea), komunikazioa, ikasten jakitea, gatazken konponketa eta elkarbizitza. Bost klabe horiek ere modu orekatuan eta elkarri lotuta azaldu behar dute aprendizaia prozesuan zehar.



Jarrerak dira edukirik garrantzitsuenak, eta tutoretza ikasgai nagusia

"Pentatasunaren" planteamenduak praktikara dakarren iraultza handienetako bat hauxe da: curriculumean jarrerak hartzen dituela ardatz. Programazioak egiterakoan ardatza jarrerak dira, eta ez kontzeptuak edo prozedurak. Zergatiak argi ditu Beak: "azken finean, galdera da zer-nolako pertsona garatu nahi dugun, zer gaitasun izatea nahi dugun. Eta gaitasunak landu ahal izateko, jarrerak dira lehendabiziko oinarria. Jarrerak bere osotasunean barneratzen direnean (sinesmena, sentimendua eta ekintza), ohitura bihurtzen dira, eta orduan duzu lortua gaitasuna". Bearentzat, curriculumean aldatu beharreko klabea horixe da: "zeren kontzeptuetatik abiatuta, askotan absurdo batzuetara ailegatzen gara...! Kontzeptuak zehazten ditugu, gero horiek lantzeko zer prozedura erabili, eta azkenean, ez dugu jakiten jarreren atala nola bete. Eta askotan jarrera horiek ez daukate zerikusirik erabiltzen dugun metodologiarekin. Jarreratatik abiatzeak, berriz, metodologia eta antolamendu koherenteago batzuetara eramaten zaitu,eta baita hainbat kontzeptu zalantzan jartzera ere".

Beste abantaila bat ere badu: jarrerak direla irakasle guztiek komuna duten edukia. Ikasgai bakoitzak bere kontzeptuzko edukiak ditu (nahiz diziplinartekotasuna bultza). Aldiz, curriculumaren ardatza jarrerak badira, irakasle guztiak jardun daitezke jarrera bera lantzen ikasgai ezberdinetatik, koherentzia emanaz eskolako jardunari.

Jarrerak direnez curriculumaren ardatza, tutoretza bihurtuko litzateke eskolako ikasgai zentrala. Gaur tutoretza ikasgai "maria" da eskola askotan, ordu horretan zer egin ere ez du jakiten askok, edo oso gai puntualak lantzen dira, programazio koherenterik gabe. Bearentzat, izatez, "tutoretza da pertsonaren garapenaren ikasgaia eta beste ikasgai denek ardatz horrekin koherentzian egon behar lukete". Egungo hezkuntza sistema erro-errotik aldatzea proposatzen du, beraz, "Pentatasuna"ren ereduak. "Jakina, gaur egun planteamendu honek utopia dirudi, edozein ereduk bezala -azpimarratzen du Beak-, baina utopiak behar dira, ematen ditugun urratsek bultzatu nahi dugunera hurbiltzen edo aldatzen gaituzten jakiteko. Kontua ez da dena hankaz gora jartzea, baizik eta batzuetan beste planteamendu batekin egiten ditugun gauza berberak aprobetxagarriagoak eta eraginkorragoak bihurtzea".



Irakasleen prestakuntza: pertsona bezala garatzea

Eredu honek bi ibibilde bereizten ditu: akademikoa eta tutoretza. Ikastetxe askok aukeratzen du tutoretzatik hastea. Irakasleen formazioan planteatzen dutena zera da: ikasleekin tutoretzan egingo duten prozesu bera bizi izan behar dutela aurretik irakasleek. Hala, formazioan lehenik planteamendu teorikoa azaltzen da eta ondoren tutoretza saioak programatzen dira, aurrez irakasleek esperimentatuz. Irakasleak ziur sentitu behar du jardueratan. "Askotan haurrei eskatzen dieguna, batez ere sentimenduak tartean daudenean, ez dela hain erraza jabetzen dira. Orduan beste jarrera eta espektatiba batzuekin joaten dira gelara". Formazioan irakasle denek parte hartzea komeni izaten da, ez tutoreek bakarrik. Esperientziak esaten baitu tutoretzan egiten diren planteamenduek poliki-poliki beste arloetan ere bere eragina dutela (hasieran metodologian eta harremanetan nabaritzen da, batez ere).

Normalean programazioa egiterakoan elkarbizitza lantzetik hasten dira. Eredu honek elkarbizitza autonomoa planteatzen du, pertsonarengan oinarritutako elkarbizitza, alegia, eta ez kanpoko arau estandarretan oinarritua. Arauak taldetik bertatik atera behar dira, talde horren beharren arabera. Arauak sortzeko abiapuntua ez da moralki zer den zilegi eta zer ez, baizik eta, errespetua erreferentea izanik, kide bakoitza zer jarreren aurrean sentitzen den ondo eta zeren aurrean gaizki. Hartara, politikoki politak diren arauek ez dute lekurik.

Gaizki sentiarazten gaituzten jarrerak aztertu egiten dira gero, jarrera horiek zergatik sortzen diren eta zerk sortzen dituen ikusiz. Eta halako egoeratan beste zer egin daitekeen lantzen dute. "Ez da nahikoa 'ez da jo behar' esatea; haur gehienek badakite ez dela jo behar, baina mementoa heltzean jo egiten dute, askotan ez dakitelako besterik egiten. Zergatik jotzen duten jakiten lagundu behar diegu (agian erabat amorrarazita zeudelako esango dute), eta hurrena berriz amorratzen direnean zer egin dezaketen pentsatzen lagundu behar zaie. Eskolak hor eskaini behar dizkie estrategiak". Kontua ez baita norberaren sentimenduak ukatzea edo kentzea, baizik eta ezagutzea eta beste era batera bideratzea. Ikasleek horrelako egoeratarako denon artean eraikitako jarraibideak behar dituzte, eskolak izan beharko lukeen helburua lortzeko: norbera bere buruarekin eta gainontzekoekin ondo sentitzea. "Jarreren birziklatzea" deitzen diote horri. Gatazkak bideratzen entrenatu egin behar du gela osoak estrategia errealak sortuz.

Irakasleen formazioan ere egiten da prozesu hori guztia. Irakasleen artean, ikasleen artean bezala, gatazka gehienak komunikazio faltagatik edo antolakuntza arazoengatik sortzen dira. "Irakasleei galdetzen diezu zerk sentiarazten dituen gaizki, eta klaustroetan gehienek iritzirik ez emateak sortzen diela deserosotasuna aipatu ohi dute. Zergatiak aztertzen hasita, batzuetan kontua da aurretik jende horrek ez duela informaziorik izaten, eta hausnartu gabe ezin duela iritzirik eman. Arazo hori antolakuntza aldatuta erraz konpon daiteke". Komunikazio arazoetan, berriz, gizonek eta emakumeek duten komunikazio estiloa sartzen da jokoan. "Emakumeak askotan gaizki sentiarazten dituena zera da: ondokoa ez dela jabetzen bere arazoez, ez dela jabetzen zer gertatzen zaion. Kasu honetan emakumeengan askotan sortzen dena topatzen dugu: nahiak eta asmoak adierazteko asertibitatea gutxi landua dutela."



Posible da aldatzea

Esperientzia oso polita dela nabarmentzen du Beak, "irakasleek maila pertsonalean asko ikasten dute, eta beste ziurtasun batekin doaz gelara. Neronek ere, formazio horietan ikasi dut gehien". Halako prozesu batean sartzeko, ordea, ez daude denak prest. "Gauza hauek curriculum ezkutuan ere asko transmititzen ditugunez, nork bere burua ezagutu eta duda egin behar du, eta norberaren mementuaren eta harrapatzen duen unearen arabera, ez da beti erraza izaten". Irakasle izateko formazio akademikoa eskatzen da, baina hezitzaile izateko bestelako formazioa ere behar da. "Irakasleak, gelara sartzen denean, ez ditu liburuak edo kontzeptuak soilik eramaten- azpimarratzen du Beak-. Kontzienteki aukeratu edo ez, irakaslea jarrera konkretu batzuekin doa gelara, balio jakin batzuk ditu, lehentasun batzuk, eta hori da transmititzen duena". Irakasleek normalean eskertzen dute horrelako laguntza, azken finean gelako giroa, harremanak eta ikaskuntza bera hobetzen delako eta lana gusturago egiten delako.

Tutoretzan landutako planteamenduak pixkanaka kutsatu egiten dira. Ikasgai diferenteetan hasiak dira metodologia kooperatiboak sartzen, baita ebaluatzeko beste modu batzuk ere. Gelaren edo ikastetxearen antolamendua ere lantzen denez tutoretzan, planteamendu horiek gero eragina dute beste arloetan; esaterako, bizikidetza batzordea sortzen da tutoretzan (gatazken kudeaketaz arduratzen dena), baina beste ikasgaietan ere jarduten du. Bearentzat, "askotan kontua ez da egiten dena aldatzea, baizik eta egiteko modua aldatzea". Txoko pertsonala norberak egin duenaz hausnartzeko, lasaitzeko eta erabakiak hartzeko baliabide bezala erabil daiteke, edota zigor txoko bezala. Bata autonomia eta botere pertsonala garatzeko lagungarria da eta bestea, berriz, meneratze-men egite harremanak indartzeko. Beak argi du: "Eskuartean dugun erronka eskolako jarduna birziklatzea da".





Nor dago erdian, nor bazterrean?

Espazioa, topikoen eszenaratzea




Irten jolaslekura. Ia eskola denetan espazio gehien hartzen dutenak futbol zelaia eta baloiarekin aritzeko jolasak dira. Espazio hori mutilek betetzen dute. Kontua ez da zabalera soilik: futbolak garrantzi handia du gure gizartean, eta aktibitate hori mutilek egin ohi dute. Neskek, berriz, espazio gutxiago hartu ohi dute, eta askotan espazio horiek ez dute identitaterik: muga zehatzik gabeko eta izenik gabeko lekuetan jolasten dute (bazterretan , eskilaratan, korridoretan...). Euren jolasak ere ez dira jolas bezala ikusten: neskak hor "daude", edo "euren gauzetan ari dira", baina ez zaie identitate bat ematen, badirudi ez direla ezertan ari. Jolas horien garrantzia eta botere sinbolikoa ere ezberdina da, beraz.

Espazioan islatzen da nola gauden sozializatuak gizonak eta nola emakumeak: topikoa dirudi, baina emakumea espazio pribatu-itxietan, eta gizona espazio publiko-garrantzitsuetan. Neskak sozializatuta daude ez esploratzera, leku ezagunetan gelditzera, "kontuz, ez irten horra" esaten zaie; mutiletan, berriz, "normala" espazio zabalean korrika ikustea da, mugitzea.



Mugan egotea

Neskak patroi baten arabera moldatzen ditugu, mutilak beste patroi baten arabera. Eredu eta aukera gehiago ez eskaintzeak bi min sortzen ditu: batetik, sexu bakoitzak gaitasun eta izaera batzuk soilik lantzen dituela, eta beraz, pertsonaren hainbat eremu findu gabe gelditzen direla gizon-emakumeengan. Eta bestetik, hain definitua dagoen eredu horretatik ateratzen direnek, sufritu egiten dutela, "arraro" etiketa jartzen baitzaie. Eta ezberdin izateko beldurra, "normaltasunetik" ateratzekoa, denok dugu. Futbola gustatzen ez zaion mutila, sozialki hilik dago; 12 urtetik aurrera dantza egin nahi duela esatea etxean arazo bihurtzen da. Horiek sufritu egiten dute, eta asko. Begoña Petxarroman antropologoaren hitzetan, "ez dugu ezberdinak izateko aukerarik. Eta aukera falta horrek sufrimendua sortzen du mutilengan ere".

Badira, ordea, salbuespen batzuk: ezberdinak izan eta taldean ondo hartzen dituzten pertsonak. Esaterako, jolas-orduan beti neskekin ibiltzen den mutila, eta beste mutilek ere apreziatzen dutena; edo futbolean mutil denekin jokatzen uzten dioten neska, eta beste neskek ere estimatzen dutena. Kasu horiek dira ikertu beharrekoak Beatriz Moral antropologoarentzat, "arazorik gabe mugan egoteko formula aurkitu dutelako. Pistak eman ditzakete, 'norma'tik ateratzeko zerk funtzionatzen duen jakiteko".



Zer egin

Zaila da jakitea. Neskak ezin dira behartu espazio gehiago betetzera edo futbolean aritzera, eta mutilei ere ez zaie zertan eskatu eskilaratan jolasteko. Beatrizen eta Begoñaren ustez, egin behar den gauzatako bat da neskek betetzen dituzten espazioei identitate tinko bat ematea, eta espazio eta aktibitate horiei garrantzia ematea.

Iaztik ari dira Hernaniko ikastetxeekin lanean generoaren inguruan, Udaleko Berdintasun Sailak proposatuta. Espazioari dagokionez, lehendabizi ikasleen artean datuak jaso dituzte: eskolaren mapa marrazteko eskatu diete, espazio bakoitzari izena jarriz. Zer espaziotan egoten diren esan behar dute , zein gustatzen zaizkien, zein ez, eta zergatik. Eta, oso garrantzitsua dena: espazioan zer aldatu nahi duten galdetzen zaie. Inkesta guztiak jasota, neskek eta mutilek zer erantzuten duten aztertuko dute. Ondoren irakasleekin hausnartuko dute zer egin. Argi dute irtenbideak bilatzea denen lana dela. "Guk arazoak kokatzen ditugu -dio Begoñak-, baina gero denok pentsatu behar dugu irtenbidea zein den".





Panpinari ostikoa

Aisian, begiraleen harremanak eredu


Jostailuen katalogoek azaltzen dute ondoen, modu oso bisualean, bizitzako lehen 10 urteetan norantz bideratzen ditugun neskak eta norantz mutilak. Jaio eta 3 urtera arteko jostailuak oso neutroak dira, haurrak oraindik ez duelako sortu ez sexu identitaterik , ez genero identitaterik. 3 urterekin badakite zein den nesken gorputza, zein mutilena; sortu dute sexu identitatea. Geroxeago, 6 urterekin, sortuko dute genero identitatea (gorputz hori izateagatik gizarte honek zer eskatzen dien jabetzen dira). Arauak ikasten doaz, eta norekin eta zerekin identifikatu ikasten dute. Hala, 3-6 urte bitartekoen jostailuetan kolorea, formak, espazioaren erabilera... definitzen hasten da. "Jostailuen funtzioa horixe da: kokatzea eta identitate hori sortzen laguntzea", gaineratzen du Marije Apodakak, EMAISIA elkarteko kide eta Urtxintxa Eskolako genero arduradunak.

6 urteko neskari soka bat eskainiko zaio katalogoetan (espazioaren erabilera sokak berak mugatzen du); mutilari, berriz, patinetea (espazio zabala eskatzen duena). Alegia, ekintza eta jarrera ezberdinetan trebatzen direla neskak eta mutilak. Joko sinbolikoetan neskek panpinekin imitatzen dute ezagutzen dutena; elkarrizketak eta egoerak oso "errealak" dira, eta sentimenduez hitz egiten dute. Mutilek, aldiz, autoekin edo borrokako panpinekin asmatu behar dituzten elkarrizketak, ez dira eguneroko bizitzakoak, telebistan ikusten dutenarekin lotuago daude: "zaratak, kolpeak, beti agresibitate horren inguruan sortu behar dute" dio Marijek.

Larrosa, "ze kursia"

"Okerrena ez da jostailuak eta jolasak bereiztea -Marijeren ustez-, baizik eta bakoitzari ematen zaion balioa. Esparru edo jarduera batzuk balio gehiago dutela ikasten dugu, eta hierarkia sortzen da". Neskek mutilena gehiago baloratzen ikasten dute, futbola sukaldetara jolastea baino "garrantzitsuagoa" eta "dibertigarriagoa" dela transmititzen zaie, eta "larrosa, zer kursia den!" entzungo dute emakumeen ahotan ere. Errematerako, hor dute Coca-Colaren iragarkia: mutilari txikitatik panpinak soilik eman, eta koxkortzean hor ageri da panpinen buruekin futbolean, modu agresibo batean, gainera. Marijeren hitzetan, "mezua eskandaluzkoa da. Ostikoa, panpinari soilik ez, mundu sinboliko horri guztiari ematen dio!".

Nahiz mutilena gehiago baloratu, neskek nahiago izango dute panpinekin jarraitu, hori delako ezagutzen dutena eta hori delako menperatzen duten kodea; gainera, beste neskekiko identifikazioa behar dute. Nerabezaroan, berriz, estereotipoaren urratzea dator. Hori guztia baztertzen eta mutilak imitatzen saiatzen dira, baloratua dagoena egiten, azken batean. Builan hasten dira, bultzaka, irainak erabiltzen... "Jarrera hori ez dugu espero neskengan, eta arraro, bortitz, itsusi... egiten zaigu -deskribatzen du Marijek-. Hala ere, nahiz eta nesken mundua baztertzen saiatzen diren, jada guztiz barneratua dute genero identitatea".



"Nik ez dut jolasten"

"Nik ez dut jolasten" esan eta bi-hiru neska armailetara doaz esertzera, talde osoak futbol zelaian segitzen duen bitartean, baloi jokoren batean. Begiraleak sutan, "neskek ez dutelako inoiz parte hartu nahi". Ez gara jabetzen, ordea, taldean proposatzen diren jolasak ia beti espazio handian mugitzekoak direla, baloiarekin edo harrapaka, bultzaka; alegia, mutilak entrenatuagoak dauden jolas motak eta espazioak direla ia beti talde osoari proposatzen zaizkionak. "Berdin du 'ona' ez izatea, garrantzitsuena parte hartzea da" esaten zaie gainera, eta hala da, baina beti dira neskak talde osoaren aurrean lotsaren sentsazioari aurre egin behar diotenak.

"Begiraleentzat hori da errazena, gainera. Bestela, espazio itxi batean, eserita, hizketan egotea proposatzen badugu, mutilekin liskarra eta gauzak apurtzea baino ez dugu lortzen. Neskek, berriz, zelaiaren bazterrean ez dute trabarik egiten, eta besteek jolasten segi dezakete". Marijeren hitzetan, larriena da neskak zer ikasten duen memento horretatik: "autobaztertzen ikasten du, eta gainera, normala dela ikasten du; bera bazterrean geldituta ere jokoak berdin-berdin segiko duela. Pentsa hori bizitzarako zer irakaspen den!". Ekintza bat planifikatzerakoan, beraz, aurreikusi egin behar da, inor baztertuz gero, zer egin pertsona horrekin eta zer egin gainerakoekin. "Akaso beste denak euren kasa jolasean utzi eta begiraleak pertsona horrekin hasi beharko du beste zerbaitean jolasten, naturaltasunez. Hori ere bada pertsona horri garrantzia emateko eta bere burua baztertzen ez uzteko modu bat".



Nesken koadrilak, mutilen koadrilak

Neska-mutilak nahasteko hainbeste ahalegin eta gero, hezitzaileak oraindik harritu egiten dira, ikusita, aukeran utziz gero neskek neskekin osatzen dutela taldea eta mutilek mutilekin. "Beharra da -azaltzen du Marijek-, haurrek identifikaziorako bere berdinen taldean egoteko beharra dute, munduan kokatzeko, sozializatzeko. Eta gizarte honetan oraindik genero ezberdintasuna dago, nagusien esparru guztietan ere generoa oso inportantea da". Bi mundu ezberdin direla eta kode ezberdinak erabiltzen direla ikasten dute. "Hori neskena da" transmititzen zaie, "beraz, ez da nirea, eta hori nik egiten badut nire identitatea galduko dut"; eta beldurra sortzen da. Gainera, Marijeren hitzetan, "dagoen harreman eredua enfrentamenduarena da; gauza bat baloratzeko bestea mespretxatu beharra dago. 'Ni hau naiz' esateko, 'zu zara txarra, zu zara itsusia' esan behar dute".

Nesken koadrilak eta mutilenak non egon ohi diren ikusteak ere asko esaten du. Neskak 12 urterekin plazan, taldean elkartuta, eserita egon ohi dira. Mutilak, aldiz, bolatokietan, eta bakarrik ere sartzen dira barrura, taldearen zain egon gabe. Gerora, mutilek tabernarako pausoa ematen dute. Neskek tabernara joateko taldearen babesa behar izango dute gero ere. Bestetik, ikerketen arabera, mutilek aisialdirako denbora gehiago dute, eta kalean gehiago egoten dira etxean baino. Neskek aisialdiko denbora gehiena etxean egiten dute.



Alternatibak planifikatu

Hezitzaileek jolasen bat proposatzen dutenean neskak eta mutilak batera aritzeko, haurrek ez dute nahi izaten, ez neskek eta ez mutilek. "Logikoa da -Marijek dionez-, sortzen den deserosotasuna, antsietatea eta enfrentamendua oso bortitza delako. Ez dute nahi, ez dakitelako espazio hori eta kode horiek erabiltzen, edo ikusten dutelako espazio horretan lehendik mutilak daudela eta horra sartzen badira enfrentamendurako izango dela". Horregatik, ekintza bat planifikatzean, aurreikusi egin behar da zer gertatuko den ("baloia dago, beraz, mutilak gerturatuko dira"), eta alternatibak bilatu.

Eskola batean hala gertatu zen: jolaslekuan mutilek hartzen zuten espazio gehiena, baloiarekin. Neskek arkupetan jolasten zuten. Irakasleek espazio zabal hori neskek eta mutilek erabiltzea nahi zuten. Eta baloia erabiltzea debekatu zuten. Zer gertatu zen? "Mutilek zekitena egiten segi zutela, alegia, ostikoka, dena txikitu arte. Neskak ez ziren arkupetatik atera, gustura zeudelako han, euren jolasetarako ez zuten espazio gehiago behar". Lehen dagoena kenduta, ez dira jarrerak aldatzen. Espazio horretarako beste ekintza batzuk proposatu behar dira, neskek gustuko izango dituztenak, eta mutilek espazioa beste modu batera erabiltzen eta neskekin partekatzen ikasiko dutenak. "Batzuetan ezin da ekintza bakarrarekin dena lortu, eta pausoka egin behar da prozesua, neskak eta mutilak bereiziz. Hezkidetzan segregazioa zenbait mementotan eta estrategikoki, erabili egin behar da".



Begiraleen arteko harremanak eredu

Begiraleak eredu dira haurrentzat, helduen errepresentazioa dira. Horregatik, zer harreman eredu ari diren transmititzen aztertu behar dute: begiraleen artean nola hitz egiten duten, nola banatzen dituzten rolak eta ardurak. Sarri, begirale mutilek betetzen dute "begirale graziosoaren" papera, talde handian eurei entzuten zaie gehiago, mendian bidea irekitzen doazenak dira (motxila handiena hartuta), eta zuzendari papera betetzen dute.

Elkarteetan eta erakundeetan ere, egitura aztertu egin behar dela azpimarratzen du Marijek; ikusi ardurak nola dauden banatuta, eta funtzio denei eman balioa eta errekonozimendua. "Zeren askotan, erratza pasatzea zigor moduan planteatzen dugu, eta ardura horri ez zaio baliorik ematen, edo funtzio 'garrantzitsuagotzat' hartzen da udal ordezkariarekin hitz egitea".

Egunerokotasuna aztertzea da gakoa. EMAISIA elkarteak eta Urtxintxa eskolak eskuliburu bat aterea dute (Jarduera Hezkidetzailerako eskuliburua), Emakunde Saria jaso zuena 2001an. Praktikarako orientabide zehatzak eskaintzen ditu, eta interesa dutenen eskura jartzen dute.