097: Beste mundu bat posible da; hezkuntza eguneratuz eraiki dezagun

2005-04-01
Hezkuntzaz hitz egiten badugu aniztasunaz hitz egin behar dugu. Ez dago nor inor baino jakintsuagoa denik. Kultura desberdinak eta sozialki osagarriak direnak daude. Desberdintasunak onartu behar dira, eta desberdintasun horiek ez ditugu dibergentzia bilakatu behar.
 
 
Kataluniarako Hezkuntzarako Gizarte Foroa egin dute Bartzelonan. Han, hezkuntza denen ardura dela, eta jendartearen etorkizunerako funtsezkoa dela aldarrikatu dute. Hezkuntza etorkizunerako arma da: ideia horretan oinarritu da foroa.

Aldaketa handiak gertatzen ari diren aroan bizi gara, zalantzarik gabe. XV.-XVI. mendeetan feudalismotik modernitaterako aldaketa gertatu zen. Geroztik ez da gertatu gaur egun bizitzen ari garen moduko aldaketarik. Modernitate garaia agortu da, beste testuinguru batean gaude, eta mundu berri bat sortzen ari da; testuinguru horretan hezkuntzan pentsatu behar dugu.

Frei Bettoren ustez, mundu berri hori ez da hegemonien mundua izango, ezta kontsentsuena ere. Dibertsitateen mundua izango da, pluralitateena, desberdintasunena; horrek guztiak, aberastasuna ekarriko du; justizian eta maitasunean sorburua duen jende duinean oinarri bat eraikitzen dugun heinean.

Mundu globalizatuan bizi gara. Globalizazioa dela-eta, AEBetako lau biztanlek 600 milioi biztanle dituzten 42 herrialdek adina aberastasun dute. Horrek ez dakar diru pilaketa soilik, baita hori baino aberastasun handiagoa den jakintzaren, zientziaren eta informazioaren pilaketa ere.

Bizi dugun arazo behinena gizarte desberdintasunarena da. Egun, 11.000 milioi pertsona elikatzeko adina janari dugu munduan. Oraindik ez gara jende kopuru horren erdira ere iritsi. Beraz, goseak sortzen dituen hainbeste heriotzen arrazoia ez da elikagaien eskasia, ezta jende kopuru gehiegizkoa ere, baizik eta justizia gabezia.

Horrekin guztiarekin batera, kolonizatutako mundu horretan hezkuntzaz hitz egin behar dugu, mundu horrek hezkuntzan atzera egiteko aparatu handia baitu.

Kulturak pentsarazi egiten digu, jende duina izanarazten digu, gure subjektibitatea elikatzen du. Gaur egun, hezitzea atzeranzko heziketa zapaltzaile horri gerra egitea da.

Eskolaren merkantilizazioa bizi dugu, MMEk (Munduko Merkataritza Erakundea) proposatu zuen, jada, hezkuntza salgai jartzea. Ondorioz, hezkuntza ez litzateke jendarteak bere seme-alabekiko duen betebehar bat, ez litzateke bere herriarekiko administrazioek izango luketen betebeharra, ordaindu ahal izango lukeenarentzat izango litzateke, soilik.

Hezkuntzaz hitz egiten badugu dibertsitateaz hitz egin behar dugu. Ez dago nor inor baino jakintsuagoa denik. Kultura desberdinak eta sozialki osagarriak direnak daude. Desberdintasunak onartu behar dira, eta desberdintasun horiek ez ditugu dibergentzia bilakatu behar.

Hezkuntza prozesu gisa pentsatu behar dugu: parte-hartzea eta ikuspuntuak partekatzea eskatzen duena.

Jendartea hobetu nahi badugu, ezinbestez hobetu behar dugu hezkuntza.

Informazioaren gizartean bizi garen honetan, errealitatearen irakurketa kritikoa egiteko prestatu behar ditugu geure burua eta datozenena!