BETTO, Frei:
Hainbat liburu argitaratu ditu, saiakera eta artikulu ugariren egilea da eta 40ren bat opera ere idatzi ditu. Askatasunerako teologoa izanik, oinarrizko komunitateetan lanean aritu izan da Sao Paulon.
Hezkuntzan, herritarren hezkuntza ezagutu du, beti ere Paulo Freireren ondoan.
Brasilgo ekintza kulturalean eta politikoan oso ezaguna da. Langileen alderdiko (PT) kide da eta Lularen, egungo presidentearen, aholkularia eta laguna.
Gaur egun Progetto Fame Zero mugimendu sozialeko koordinatzailea da.
Otsailaren 25, 26 eta 27an Forum Social per la´Educació a Catalunya burutu zen Bartzelonan. Bertan izan zen Frei Betto eta harekin hitz egiteko aukera izan genuen.
Globalizazio garai hauetan hezkuntzaz hitz egiteko, lehendabizi globalizazioa zer den eta zer hezkuntza motaz hitz egiten dugun zehaztu behar da.
Globalizazioak zera ekarri du: AEBko lau hiritarrek 600 milioi biztanle elkartzen dituzten 42 herrialdek baino aberastasun handiagoa edukitzea. Eta horrek ez du diru pilaketa soilik ekartzen, baizik eta aberastasun handiagoa diren ezagutza, zientzia eta informazioa ere batzuen eskuetan biltzea eta pilatzea.
Globalizazioak aniztasuna babestu behar du. Guretzat egungo globalizazioa globokolonizazioa da, gizarte eredu baten inposaketa, Kanadan, AEBn eta Mendebaldeko Europan nagusi den ereduaren inposaketa. Globalitarismoa ere deitzen diogu, inperialismoa baino askoz ere indartsuagoa den totalitarismo eredu berri bat, hain zuzen ere. Erromatar Inperioak, esate baterako, bere probintzietako kultura errespetatu zuen, eta gauza bera gertatu zen Palestinan Jesusen garaian. Baina totalitarismoak ez du inongo kulturarik errespetatzen, berea inposatzen du eta kito. Menperatutako herrien kultura irensteko gai da.
Aldaketa handien garaian gaude. Zein ikuspegi duzu horri dagokionez?
XV.-XVI. mendeez geroztik, aldaketa garaia ez, baizik eta garaiez aldatzea bizitzen ari den lehen belaunaldia gara. Mende haietan feudalismotik kapitalismorako aldaketa gertatu zen, Erdi Arotik Aro Modernora. Orain modernitatetik postmodernitatera edo ez dakit zertara igarotzen ari gara.
Modernitatea bukatu da. Beste testuinguru bat dago orain eta mundu berri bat eraikitzen ari da. Testuinguru berri horretan hezkuntzaren gaineko gogoeta egin behar dugu. Nire ustez, mundu berri hori ez da hegemonien eta adostasunen mundu bat izango, baizik eta dibertsitateen, aniztasunen eta desberdintasunen mundua. Eta horrek aberastu egingo gaitu, baldin eta justizian eta maitasunean oinarritutako giza duintasunean euskarri bat eraikitzea lortzen badugu. Horiek dira bakea lortzeko baldintzak.
Nola jokatu behar dugu egoera honen aurrean?
Kolonizatutako mundu batean hitz egin behar dugu hezkuntzaz, eta hor hezkuntza atzera egiteko tresna da. Zuek haurra familian hezitzen duzue. Eskolan familiako balioekin bat egiten duten balioak lantzen dira. Elizan ere gauza bera gertatzen da. Baina haurra etxera itzultzen denean eta telebista pizten duenean, zer heziketa mota ari da jasotzen telebistaren aurrean 3-4 ordu pasatzen baditu? Heziketa ezin dugu eskolara mugatu. Heziketa gure buruan, gure espirituan, gure gorputzean, sentsazioen bidez eta ez nozioen bidez sartzen diren ohitura, balio eta gaitasunen multzoa da. Telebista horretarako tresna bat da berez, baina gure gizarte kapitalistetan beste helburu baterako erabiltzen da: gure kontzientzia eta gure espiritua hazten dituen kultura gutxiago igortzen du eta denbora-pasa gehiago. Entretenimenduak ez dio kontzientziari hitz egiten, ez dio espirituari hitz egiten.
Zein da desberdintasuna? Zein ondorio dakartza?
Kulturak pentsarazi egiten digu, giza duintasuna edukiarazten digu eta gure subjektibitatea elikatzen du. Denbora-pasak kontsumismo konpultsibora bultzatzen gaitu, hain zuzen ere ez digulako pentsatzen eta kritikoak izaten uzten. Orduan, kapitalismoaren etapa neoliberalean globalizatutako mundu batean bizi gara. Nola hezitzen dugu? Gaur egun hezitzea merkatuak bultzatzen duen atzeranzko heziketa bortitzaren prozesuari aurre egitea da. Entretenimendu mota guztien merkantilizazio bat dago. Are gehiago, eskolaren merkantilizazioa ere badago, zeren MMEk (Munduko Merkataritza Erakundeak) jada proposatu zuen eskola salgai bihurtzea. Hala balitz, hezkuntza ez litzateke gizarteak haurrekiko edukiko lukeen behar bat, ez litzateke izango estatuak bere hiritarrekiko edukiko lukeen behar bat, baizik eta ordaindu ahal izango lukeenarentzako zerbitzu bat. Auto bat ordain dezakeenarentzat bezala izango litzateke. Baina inoiz autorik izango ez duen jendea badago, ezin duelako ordaindu.
Monokultura bultzatzen ari al da?Bai. Monokulturaren garaian bizi gara eta monokultura hori gizarte zurian, kontsumistan eta gizarte birtuala duen gizartean kokatuta dago. Internetek alderdi positibo asko ditu, baina jendeari errealitatea birtuala izan litekeela erakusten dio, eta hori negatiboa da. Etikako eskolatik irten eta autoan noalarik botila bat leihotik botatzen badut, etika birtuala daukat. Demokraziaren alde baldin banago, baina ikasleei nire iritziaren aurkakoak diren iritziak adierazten uzten ez badiet, demokrata birtuala naiz. Birtualitate hori gero eta gehiago sartzen ari da gazteen artean, eta errealitatea eta birtualitatea nahasten ditu.
Monokultura horrek gizakiaren historia bukatu egin dela pentsarazi nahi digu. Eta hori dena merkatua aktibo mantendu behar duen kapitalismo perfektuago batekin.
Zuek konturatu al zarete Europan deseuropeizazio prozesu bat bizitzen ari zaretela? Pentsatu al duzue urte gutxiren buruan kontinente hau ez dela "tipikoki" europarra izango?
Monokulturaren prozesuak ez al du kultura aniztasunaren lana zailtzen?
Bizitzaren historikotasunaren monokultura prozesua daukagu. Hori neoliberalismoaren ezaugarrietako bat da. Nire belaunaldira arte, heziketa denboraren ardatza, Historia, kontuan hartuta egiten zen. Historiaren pertzepzio hori duenak gaitasun handiagoa du balioak sortzeko, bere bizitzan epe luzeko proiektuak egiteko, bizitza positiboa egiteko, familia eraikitzeko, bizitza profesionala eraikitzeko... Zinemak eta telebistak sartutako zirkularitateak historikotasun hori hautsi egin du. Zeren zinemak eta telebistak denboraren sekuentzia nahasten baitute; dena da orain eta hemen. Ez daukagu harremanik denbora errealarekin. Kolore askotako beirazko leiho batean, bakoitzak beira zehatz bat ikusten du, baina ez bere osotasuna. Ez da bere osotasunean hautematen, zinemak eta telebistak denboraren pertzepzio historikoa puskatu dutelako.
Ezin dugu pentsatu herri guztientzat balioko duten utopiak edo parametro unibertsalak daudenik, XX. mendearen erdialdera arte pentsatu zen bezala. Aniztasun etiko-kulturalarekin batera bizi behar dugu eta hiritartasuna eta demokrazia garatzea posible izango den mundua eraikitzeko moduak aurkitu behar ditugu. Elkartasuna sortzea eta partekatzea lortu behar dugu. Daukagun arazorik handiena desberdintasun soziala da. 11.000 milioi aho elikatzeko adina janari dugu, eta munduko biztanle kopuru osoa ez da kopuru horren erdira ere iristen (5.000-6.000 milioi biztanle gara). Orduan, ez gara gehiegi, ez dago janari faltarik, justizia falta baizik.
Transnazionalen diru kontuak gizentzeko antolatuta dago dena. Munduan heriotza gehien eragiten duten lau faktoreen aurrean oso sentsibilizatuta gaude, baina ez da gauza bera gertatzen bosgarren faktorearekin, eta horrek eragiten ditu heriotza gehien. Aipatu lau faktoreak hauek dira: lan eta trafiko istripuak, IHESA, minbizia eta antzeko gaixotasunak, gerrak eta terrorismoa. Lau faktore horiek eragiten duten heriotza kopurua ez da iristen gosearen biktimen erdira ere. Zergatik mobilizatzen gara hainbeste lau horiengatik eta ez goseagatik? Arrazoi sinple bategatik: lau horietako inork ez duelako klaseen araberako banaketarik egiten eta goseak bai. Miserableak bakarrik hiltzen dira gosez, eta horrek gu ez gaitu ukitzen. Aldiz, gutako edozein hil daiteke beste lau faktore horietakoren batengatik.
Non gelditzen da aniztasuna? Nola bidera daiteke?
Hezkuntzaz hitz egiten baldin badugu, aniztasunaz hitz egin behar dugu. Ni bost urtez bizi izan naiz Brasilgo Espiritu Santuko favela batean. Han mediku talde bat zegoen eta lehenengo haurdunaldian zeuden emakumeei laguntzen zien. Haurrak nola zaindu behar zituzten erakusten saiatzen ziren. Baina sendagileek hizkuntza batean hitz egiten zuten, eta emakumeek beste batean. Komunikazio arazo bat zegoen. Gainera, medikuek hizkuntza akademikoa erabiltzen zuten eta emakumeak oso behartsuak ziren, faveletakoak.
Komunikazio arazoaren muina zein zen aztertzeko deitu zidaten. Faveletan zeuden kartel guztiak Johnson produktuenak, haur holandarrenak, daniarrenak, europarrenak, ile horienak, begi urdindunenak... ziren. Mediku batek amei bularra ematen eta produktu industrialak ez erabiltzen erakusten zien. Ama bati galdetu nion ea planteatu zitzaiena ulertu zuen. Ezetz erantzun zidan, ulertu zuen bakarra izan zela bere esnea haurraren elikadurarako ona zela. "Eta zergatik ez duzu ulertu?", galdetu nion. Ez zuela ikasketarik erantzun zidan, behin baino ez zela joan eskolara bere bizitza osoan.
Sendagileari galdetu nion ea sukaldean ba al zekien eta ezetz erantzun zidan. Ama hura, ordea, edozer jaki prestatzeko gai zen. Altxatu eta oilaskoa saltsan nola prestatzen zen azaldu zigun. Memento batean errezeta eman zigun.
Eta biak oihanean galduko balira? Medikua gosez hilko litzateke, eta emakumea segur aski ez. Horrekin zera esan nahi dut: inor ez dagoela beste inor baino baxuago. Kultura askotarikoak daude eta sozialki bateragarriak dira. Ni ez naiz eskolan denbora gutxi pasa duen emakume sukaldaria baino kultuagoa Sao Pauloko Unibertsitatean irakasle izateagatik. Hura gai da nire kulturarik gabe bizitzeko, eta ni, aldiz, ez bererik gabe. Zientzia asko dakizkien bati autoa hondatzen baldin bazaio kalearen erdian, zer egin ez dakiela gelditzen da. Eta telebistak funtzionatzen ez dionean berdin.
Baina kontziente al gara aniztasun horren balioaz?
Desberdintasunak errespetatu behar dira, ez desberdintasunetatik desadostasunak sortu. Estatu espainiarrak jatorri arabiarrak ditu, eta gaur egun, espainiar askok arabiarra den guztia terrorista dela uste du; terrorista birtuala, noski.
Onartu behar den deseuropeizazio prozesu bat dago. Zer zentzu dauka globalizazioak harresi gehiago sortzea? Kultura askotariko eta ikuspegi anitzeko jendeari mugitzea eragotziko dioten hormak ezin dira egin, horrek mugatzen baitu gizaki izatea eta duintasuna edukitzea.
Zer da zuretzat duintasuna edukitzea?
Agian guretzat orain eta hemen, Europan eta Brasilen duintasuna edukitzea giza eskubideak bermatuta edukitzea da. Baina agian hindu batentzat duintasuna edukitzea sinergia kosmikoa edukitzea izango da. Edo txinatar batentzat oposaketetatik oreka lortzea izango da. Duintasuna ulertzeko modu asko daude.
Apaiz bat Hegoafrikara joan zen eta aitortzera joan zen gizon bati zenbat emazte zituen galdetu zion. Hark bi zituela erantzun zion. Orduan, apaizak ezin zuela bedeinkatu esan zion, bere bizitza konpondu behar zuela eta bi emaztetatik bat aukeratu. Gizona bi emakumeekin eta atzean seme-alaba mordo bat zituela itzuli zen apaizaren etxera eta apaizari bat aukeratzen laguntzeko eskatu zion. Apaiza holandarra zen eta ez zuen ulertzen klan hartan emazte bakarra edukitzea ihes egitea, berekoia izatea eta klanaren hedapenean ez laguntzea zela.
Nelson Mandela klan horretakoa zen eta haren autobiografian agertzen denez, haren aitak lau emazte zituen eta bakoitzarekin urtean hiru hilabete bizitzen zen. Nelson Mandelaren galdera zen ea haietako zein maite zuen gehien. Hiltzera zihoan unera arte ez zuen jakin, bere amari etxean hiltzera zetorrela esan zion arte.
Kultura askotarikoak daudela onartzen ikasi behar dugu eta kultura ez dagoela herrietan soilik, baizik eta gutako bakoitzaren berezitasunetan ere bai.
Heziketa zapaltzaileak, heziketa mekanizistak, heziketa arrazionalistegiak gure berezitasuna ezabatzeko arriskua du. Horregatik, globalizazio horri aurre egiteko bere testuinguruan kokatutako heziketa kritikoa behar dugu. Biologiako orduan ez dugu soilik landareak nola hazten diren aztertu behar; Kiotoko protokoloaz ere hitz egin behar da eta aztertu AEBk zergatik ez duten sinatu ituna. Geografiako orduan ez dugu ikasi behar munduko herrialdeak non dauden soilik, baita ere Korea zergatik dagoen bitan zatituta, Poloniak zergatik izan dituen ingurune geografiko desberdinak bere historian, Latinoamerikan zergatik hitz egiten diren iberiar hizkuntzak... Irakaskuntza testuinguruarekin lotu behar da.
Nola definituko zenuke hezkuntza?
Niretzat hezkuntza gizakiak zoriontsu egiteko arma politiko bat da. Niretzat hori da hezkuntzaren xedea. Ez da gaitasunak dituzten profesionalak sortzeko, baizik eta gizon eta emakume zoriontsuak egiteko.
Zein izango lirateke gaur egun hezkuntzaren gakoak?
Nire iritziz, ikastetxe bakoitzean honako hau aztertzea eta eztabaidatzea izango litzateke: balio nagusitzat lehiakortasuna duen munduan elkartasunerako hezteak zer esan nahi duen. Zer esan nahi du sormenerako hezteak guk oraindik bankuko heziketa praktikatzen baldin badugu? Nik nire ikasleen buruetan ezarriko dudan kultura bat dut. Orduan, nire ikasleen buruetan nire ezagutzak eta balioak pilatzen ditut. Nola eraman dezaket gela barrura hainbeste goraipatzen dugun demokrazia? Nola bihur ditzakegu ikasleak irakaskuntzako protagonista? Paulo Freirek esaten zuen inork ez duela inor hezitzen. Nik, hezitzaile naizen aldetik, hezitzen laguntzen dut eta beraiek, aldi berean, hezitzen laguntzen didate. Heziketa prozesua beti hezitzaileen heziketaren eta berreziketaren arteko elkarreragina da.
Zer esan nahi du politikoki hezteak?
Gero eta gazte gehiagok alboratzen du politika. Politika baztertzen dutenek jakin behar dute parte hartzen dutenek gobernatzen dituztela. Eta gehiengoak politikan ez badu parte hartzen, demokrazia bukatu egingo da.
Gure bizitzako xehetasun guztiak politika dira. Goizean goiz hartzen dugun gosaritik hasi eta oporren kalitatea, erretiroa baldintza onetan hartzerik izango ote dugun... dena politikatik pasatzen da. Arazoa da demokrazia bera ere birtuala dela. Mendebaldeko demokrazia ordezpenean oinarritutakoa da, eta ez da parte-hartzailea. Hiritar gisa, gure erantzukizunak aukeratzen ditugun politikoen esku uzten ditugu, baina gero eta urrutiago daude, gero eta birtualagoak dira. Aitzitik, parte hartu, ekin, eztabaidatu, proposatu... egiten badugu, demokrazia erreal bat egiten arituko gara, demokratikoagoa, demokrazia parte-hartzailea.
Nola ulertzen duzu generoan oinarritutako heziketa?
Profil sexual eta afektibo guztiak errespetatzen dituen heziketa da. Nire garaian eskolan ez zen sexuaz hitz egiten, tabua zen. Gaur egun, eskola askotan heziketa sexualaz hitz egiten dute. Edonola ere, uste dut gorputzaren garbitasunari eta zainketari buruz gehiago hitz egiten dela sexualitateaz baino.
Baina oraindik ez dut aurkitu maitasunaz hitz egiten duen eskolarik. Maitasunean oinarritutako heziketa. Jende guztiak bizitzen du bizitzako uneren batean beste pertsona batekiko maitasun erlazio bat eta denek inprobisatu egin behar izaten dute. Denek bidea asmatu behar dute, inork ez baitie bere esperientzien berri eman. Badago bere jendea ezkontzarako prestatzen duen instituzio bat, eliza katolikoa, baina aipatutako heziketarik ez du nahi bere kideentzat.
Heziketa unibertsalean pentsatu behar al dugu?
Bai, beharrezkoa da, ez ingurunea babesteko, baizik eta giro osoa, totala. Hau da, naturak guk bere gain egiten dugunaren arabera erreakzionatzen du. Horri buruz hausnartu behar dugu.
Jaten dugunean, bai barazkiak, bai arroza, bai okela... natura jaten dugu gure bizitza bermatzeko. Eukaristi lotura daukagu naturarekin. Datozen belaunaldi guztiek Lurraren ondasunak edukitzeko eskubidea dute. Horregatik diot heziketa unibertsalean pentsatu behar dugula.
Zer esan nahi du heziketa integralak?
Niretzat buruaren, gorputzaren eta espirituaren arteko elkarreragina da. Orokorrean Mendebaldeko heziketa kartesianoegia da. Marrazteko dohaina edukiko banu eta eskolara doan autobus bat marraztu beharko banu, haurren buruak soilik marraztuko nituzke. Zergatik doa gorputza eskolara? Ez dauka zereginik han.
Badago oso arrazionala ez den jendea, baina oso azkarra dena. Brasilen ezagutzen dut alfabetatu gabeko jendea, baina oso azkarra dena. Adimena hitzak "barrutik irakurtzeko gai izatea" esan nahi du. Badago beste pertsonei edo egoerei begiratuta asko ikasten duen jendea, bere adimena dela-eta. Heziketak errealitatea bere dimentsio guztietan hautemateko balio behar du, ez du arrazoian soilik oinarritu behar, baita emozioetan, sentimenduetan, intuizioan, pertzepzio estetikoan eta abar ere. Atrofiatuta dauzkagun dimentsioak dira. Eta nola atrofiatu dira? Publizitate kapitalistak dimentsio horiei ematen dien erabileragatik.
Irudiaren garaian gaude. Eskolan ematen al zaio behar adinako garrantzirik?
Ez dago testu libururik erabiltzen ez duen eskolarik. Orduan, zergatik ez dira lantzen telebistako irudiak ere? Zergatik ez dira aztertzen iragarkiak? Begiak soilik hezitzen direlako. Eztabaida sortzen den unetik, eztabaida bera da aldentze kritikoa sortzeko baldintzak ematen dituena. Eta horrelakorik ez da egiten. Ez dut ulertzen ikastetxeak zergatik ez diren sartu oraindik irudiaren garaian.
Heziketa eta espiritualtasuna. Zer lotura ikusten duzu bien artean?
Gorputzaren, buruaren eta espirituaren heziketa egin behar da. Heziketak gure espiritualtasuna lantzen lagundu behar digu. Espiritualtasun horrek ez du derrigorrez erlijiozkotasuna esan nahi. Ni erlijio katolikoaren alderdi batekin ados nago: bizitza erlijiosoaren gauzarik garrantzitsuena ez da fedea izatea, jarrera maitekorra edukitzea baizik. Hori da Jesusen funtsezko irakaspena. Berdin du pertsona horrek federik ez edukitzea.
Nik dakidala Jesusek mirariak egiten zituenean ez zion inori esaten "sendatuko zaitut, baina lehendabizi nire federa atxiki behar duzu". Jesusek inoiz ez du jartzen laguntzeko baldintzatzat fede bera partekatzea. Zeren bere bizitzarekin, bere praktikarekin ematen baitzuen Jainkoaren mezuaren berri.
Beraz, konfesionaltasuna ez, espiritualtasuna bai.
Orain dela 20 urte Fidel Castrori galdetu nion ea Kubako Alderdi Komunista zergatik zen konfesionala. Harrituta begiratu ninduen eta halaxe erantzun zidan: gu ere konfesionalak gara, ateoak gara. "Horrexegatik, Jainkoaren existentzia baieztatzea edo ezeztatzea konfesionaltasuna da". Ordutik aurrera, kubatar estatua laikoa da.
Eskola publikoko heziketak laikoa izan behar du. Hezkuntza ezin da konfesionalizatu. Heziketa ezin da erabili jarrera ideologiko konkretu bat hedatzeko. Oso garrantzitsua da ikasle guztiek tradizio eta esperientzia erlijiosoak ezagutzea. Sinestezina da unibertsitatera iristen den ikasle batek Biblia edo Korana irakurri gabe edukitzea edo bere herriko tradizioak ez ezagutzea. Adibidez, Brasilen tradizio afro-brasildarrak. Zeren Nigeriaren, ondoren munduko bigarren nazio beltza baikara.
Eskola publikoak hori guztia bizitu behar du. Ez du apaizak azaldu behar kristautasuna, edo musulmanak islamismoa, edo besteak espiritualtasuna. Ez. Eskolan fede hori babesten duten pertsonak baldin badaude, horiek planteatu behar dute. Ebanjelizazioa gazteek eta irakasleek egiten dute beraien bizitzako testigantzen berri emanez, eta ez erlijioak predikatuz. Zeren denak errespetatu behar dira, eta gainerakoek inongo erlijiorik ez izateko eskubidea dute.
Eskola konfesionaletan bai, horietan irakatsi behar da erlijioa. Niretzat ez dira berdinak eskola konfesional bat, pribatua, eskola katoliko bat, eta sendagaiak saltzen dituen enpresa komertzial bat. Nire ustez, eskola katolikoak ebanjelizatzeko zentro bat izan behar du, irakasleek ariketa espiritualak egin behar dituzte, eta ikasleek ere bai. Eta ez dute diru publikorik jaso behar, partaide diren erlijio komunitatetik baizik.
Zer esango zenuke hezkuntza antolaketari buruz?
Nik uste dut hezkuntzak publikoa eta doakoa izan behar duela. Ez nago eskola pribatuaren aurka, baina estatuaren betebeharra da denei hezkuntza publikoa eta doakoa bermatzea.
Heziketa beharrezkoa da desberdintasun sozialak berdintzen laguntzeko.
Bere funtzionamendua edonolakoa delarik ere, publikoa berez ona dela uste al duzu?
Publikoa unibertsala da. Denona da. Publikoa ez da pribatua baino hobea. Ni txikia nintzenean, Brasilen klase sozial ertainak eta altuak haurrak eskola publikora bidali nahi zituzten. Gaur egun, ostera, eskola pribatua nahi dute euren seme-alabentzat. Hiritarren betebeharra da zerbitzu publikoak hobeak izan daitezen presio egitea. Ezin dugu onartu eskubide sozial guztiak pribatizatzea.
Zein mezu bidaliko zenieke hezitzaileei?
Hezitzeko garaian, pentsa dezatela gizakiaren duintasunean, zintzotasunerako eskubidean, aniztasunean, norberaren kulturan, denok planeta honetakoak garela, denok familia bat garela, eta ez giza familia soilik, familia holistikoa baizik, naturarekiko loturan bizi garelako.