098: Iruñerriko D ereduko ikastetxeen egoera: hazi bai, pilatu ez

2005-05-01
Iruñerriko D ereduko ikastetxe batzuk gainezka daude. Gurasoek euskarazko irakaskuntza nahi dute seme-alabentzat; adminitrazioak ez die erantzun egokirik ematen. Zonifikazioaren ondorioz, haurrak leku batzuetan pilatzen ari dira. Horrela ezin da bermatu kalitatezko hezkuntzarik.
 
 
Pentsa zer izan behar duen familia batentzat seme edo alaba bat auzoko eskolara bidaltzea eta bigarrena beste auzo batekora eramatea. Eta ez borondatez, ezinbestean baizik, halabeharrez, derrigorrez. Bada, horixe gertatzen ari da Iruñerrian. D eredua eskaintzen duten ikastetxeak gainezka daude, eskaerari erantzun ezinik. Eta zerrenda handitzen ari da. Arrotxapea auzoko Patxi Larraintzar ikastetxean 75 haurrentzako tokia eskaini du Nafarroako Gobernuak datorren ikasturterako, eta 3 urteko 86 haurrek eman dute izena. Antsoaingo Ezkaba ikastetxean 75entzako lekua dago, eta 97k eman dute izena. Sanduzelaiko ikastetxean ere eskaera eskaintza baino handiagoa da. Ikastoletan 274 haurrek eman dute izena eta 49 lekurik gabe gelditu dira.

Euskararen Legeak egiten duen zonalde banaketan Iruñerria zonalde mistotzat hartzen da. Zonalde ez euskaldunetan ez bezala, mistoan D eredua eskaitzen da sare publikoan, baina administrazioaren esku dago azken erabakia. Nafarroako Gobernuak erabakitzen du non zer ireki eta itxi. Ez ditu aintzat hartzen zentroek eta gurasoek egiten dituzten eskaerak (Orkoiengo San Miguel ikastetxearena kasu, D eredua irekitzeko eskaera egiten baitu behin eta berriro). Gobernua zonifikazioa bultzatzen ari da; hau da, auzo guztietan D eredua eskaintzeko ordez, auzo batzuetan soilik eskaintzen du. Ondorioz, zentro batzuk gainezka egiten ari dira.

Gurasoen eta gizarteko hainbat elkarte eta eragileen nahiak ez ditu betetzen. Baina horiek ez dira nekatu. Hainbat mobilizazio eta adierazpen egin dituzte, etsi gabe, zentroen egoera larria salatzeko. Urteak daramatzate Sortzen-Ikasbatuazeko kideek eta Sortzen-Gurasoak-eko aitek eta amek eskola publiko berri eta euskaldun baten alde lanean. Meritu itzela dute, gormutua den administrazioaren aurrean tinko eusten jakin dutelako. Horrela jarraitzeko indarra eman nahi diegu, inork baino hobeto baitakite lan horrek emaitzak ematen dituela.

Ezin jakin presio edo nahi sozial horrek bultzata hasi zen edo ez, baina Nafarroako Parlamentuko hizkuntz politikarako batzordea politika horri buruz aritu da eztabaidan. Zortzi hilabetez jardun dira ponentziak aurkezten eta proposamen berriak mahaigaineratzen (batzuk aurrerakoiagoak eta beste batzuk atzerakoiagoak). Zortzi hilabete, adostasunik ez lortzeko. Badirudi PSNk ez duela etsi eta mozio bat aurkeztuko duela akordio bat lortze aldera.

Oraingoz, ordea, ez da adostasunik lortu eta zonifikazioak bere horretan jarraituko du. Horregatik, tinko jarraitu behar dugu lanean Nafarroako hizkuntz politikaren norabidea aldatzeko. Ezinbestekoa da euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan eta zonifikazioa deusestatzea. Hizkuntz eskubideak giza eskubide izanik, bermatu egin behar dira. Azken batean, euskararen normalizazioa helburu duen hizkuntz politika behar da. Hori aldarrikatu behar da parlamentuan, ikastetxeetan, komunikabideetan eta kalean.