Muga guztien gainetik... euskaraz!: PEDRO LOPE DE LARREA, Agurain
Euskarari dagokionez, bi dira ikastolaren erronkak: erabilera nola sustatu, eta herrian geroz eta gehiago izango diren etorkinei nola erantzun (dagoeneko gelan bizi izan dute ez euskararik eta ez gaztelerarik ulertzen ez duten ikasleen murgiltzea). Ikastolako zuzendariak, Inma Corresek, eta ikasketa buruak, Ander Goñik, ireki digute euren eskolako atea.
"Integratzea da egin duguna, eta ez fusioa. Ez baita gauza bera, eta klabea da hori argi uztea"-dio ikastolako zuzendariak, Inma Corresek. Fusioa bi berdinen arteko elkarketa da, eta ikastolak argi zuen elkartzerakoan ez zuela bere izaera galdu nahi: "gure hezkuntza proiektuarekin eta D ereduarekin segi nahi genuen, bi baldintza horiek derrigorrak ziren guretzat. Fusionatu ezkero, B eredua mantentzeko arriskua zegoen, baita B eredua soilik eskaintzekoa ere (errentagarritasuna edo gelen murrizketa argudiatuta, sarri B eredura jotzen baita)". Legea aztertuta, ikusi zuten integrazioa zela euren egoerari erantzuten zion eredua: "mantentzen dugu gure D eredua, gure ikastetxe proiektua, eta izena. Ikastola izaten jarraitzen dugu, sare publikoan".
Gurasoen kezka
Zentro bakarra osatuta, B eredutik zetozenak ongi egokitu dira D eredura.B ereduko ikasle ohiek, D ereduko taldeetan banatzean, irakasle laguntzaile bat izan dute gelan, euskara indartzeko. Gainera saio batzuetan gelatik irteten ziren irakasle horrekin, euskara sakontzeko. Irakasleei dagokienez, eskola publikoko irakasleek jarraitzen dute gaurko zentroan. Integratu aurretik bi zentroek prozesu bateratzaile bat eraman dute: kurtsoko programazioak batera egiten zituzten, baita hainbat txango ere ikasleek elkar ezagut zezaten, edota irakasleen prestakuntza bera.
Gurasoen kezka bakarra, zera da: seme-alabei ezingo dietela lagundu eskolako lanetan. Ander Goñi ikasketa buruak argi esaten die, horretan arazorik ez dagoela: "Haurrak etxean ikusi behar duena soilik da gurasoak arduratzen direla bere ikasketez, etxeko lanak egiterakoan ondoan daudela, eta gurasoek ondo ikusten dutela berak euskaraz ikastea. Hortik aurrera, gurasoak noraino diren matematiketan laguntzeko kapaz, hori gutxienekoa da".
Gurasoen profila ez da gutxi aldatu ikastolaren 32 urteko ibilbide honetan. Lehen gurasoek euskararekiko apustu argia egiten zuten, eta euren haurrek euskaraz ikas zezaten prest zeuden azpiegitura kaxkarreko eskolaren alde egiteko, etorkizuna zein izango zuen jakiterik ez zegoen eskolaren alde egiteko. "Gurasoek konfidantza osoa jarri zuten bai irakaslegoarengan, eta baita hizkuntzarengan berarengan ere- dio Inma Corresek-. Gaur gurasoek ikastola hautatzen dute bai euskararengatik, baina baita egoerarik onenean gaudelako ere (eraikin berria dugu), eta baloratzen dutelako gure hezkuntza kalitatea. Alegia, gaur faktore gehiago hartzen direla kontutan ikastolan matrikulatzerako garaian".
1973an, euskara hutseko eredua, Agurainen
Felisa Zabaleta eta Junkal Olaondo andereñoak hasi ziren lehen-lehenik, Gipuzkoatik etorrita, euskarazko eskolaren oinarriak jartzen, gurasoekin batera. "Garai hartan ez zegoen irakasle titulua zuen askorik, eta gurasoek bilatzen zuten jende euskalduna eta Euskara, Euskal Kultura eta Euskal Nortasunaren kontzientzia berreskuratzea zen eginkizunik garrantzitsuena. Hasierako irakasle haiek egin zuten lana izugarria da. Titulurik ez zeukaten, baina garai hartan sortzen ari zen pedagogia berritzaile hartan (pedagogia esperimentatzaile hartan, edukietan soilik oinarritu beharrean haurrak ingurua aztertzera ateratzen zituen pedagogia hartan), mila buelta ematen zizkiguten haurrekin lan egiteko moduan. Eta ikastola izan zen, gainera, bi urteko haurrei hezkuntza eskaintzen aitzindaria (Haur Hezkuntzarik ez baitzen jasotzen orduko hezkuntza sisteman), sorrerako urtetik bertatik hasita ". Inma Corresen hitzak dira. Ikastola sortu eta sei urtera etorri zen Agurainera; Arabakoa bertakoa zen lehen irakasleetako bat izan zen Inma, irakasle ikasketak bukatu berritan iritsi zena. Gaur, ikasle ohiek dakartzate eskutik seme-alabak ikastolara. Lehen promozioan hiruzpalau ikasle izatetik, 300 ikasle izatera pasa dira (herriko haurren bi herenak), eta 34 irakasleko taldea dago.
Hizkuntza kalitatea eta erabilera
Ikastolaren 32 urteko ibilbideak herrian utzi du arrastorik: gaur gazte gehienek badakite euskara, eta jada hasi dira ikasle ohien seme-alabak etortzen; guraso berriok etxean euskara eskain dezakete, orain 20 urte posible ez zena (nahiz askotan guraso bietan batek ez duen euskara menperatzen, eta beraz, etxeko hizkuntza euskara izatea zaila den). "Haur Hezkuntzan igarri da hori. Bi urteko haurrengan, euskara ezagutza hobea da. Lehen agian gurasoek euskararekiko motibazio gehiago zuten, baina ezagutza maila txikiagoa zen. Gaur ikasleen artean, kalitatea igo egin da", Ander Goñik ziurtatzen duenez.
Beste kontu bat da erabilera (eta hori ez da eskolaren arazoa soilik, gizartearena baizik). Eskolatik irtetean (nerabezaroan) euren arteko hizkuntza gaztelera bihurtzen da, ahalik eta adin batera iristean kontzienteki erabakitzen dutenera arte euskara "berreskuratzeko" ahalegina egitea (esaterako, guraso direnean). Horregatik, erabilera sustatzeko, klabea deritzote eskolaz kanpoko ekintza guztiak euskaraz eskaintzeari, "gaur posible baita hori -nabarmentzen du Inma Corresek-, haur eta gazte denek ulertzen dutelako euskara".
Eskolaz kanpoko ekintzak, funtsezko
Aisialdiko ekintzak euskaraz izan daitezen, gurasoek hainbat aktibitate antolatzen dituzte: ikastalde guztiek txandaka egiten dituzten 5 tailer ezberdin, edo futbito talde mistoa, kasu. Bestetik, "Euskaraz mintza" proiektuaren barruan, gurasoek bi urtean behin jolasen ikastaroa egiten dute, euskarazko abestiak ikasiz, eta ikasleek, berriz, jolasorduetan aldizka begirale bat izaten dute lagun, jolasordua dinamizatzen duena (honen helburua da patioan euskaraz harremantzeko ohitura sortzea).
"Herri mailan ere -gaineratzen du Inmak-, lehentasuneko premia horixe da: udalak ziurtatu behar du herriari eskaintzen dion guztia euskaraz izatea (batez ere haur eta nerabeei zuzendutako ekintzak direnean)". Herri mailako aisialdi ekintza asko, kirolen ingurukoak batez ere, erdara hutsean egiten dira. Udalaren erronkak behar luke izan, ekintza horietan denetan begirale euskaldunak ziurtatzea.
Etorkinak benetan integratzekotan, D eredura
"Etorkinak integratzeko metodo onena da D ereduan murgiltzea -argi du Inma Corresek-. Gure eskoletan nahi ditugu hartu, eta gainera horrela behar du. Baina hori bai: baldintzak ziurtatu behar dizkigute. Hezkuntza Ordezkaritzak laguntza gehiago eskaini beharko luke haur horiek euskal eredura murgil daitezen era egokienetan".
Agurainen etorkinen gorakada nabaritzen omen da. Ikastolan oraingoz "gutxi" dituzte: 7 ikasle, Marokotik, Argeliatik eta Saharatik etorriak. Euren kezka nagusia da, seme-alabek ikastolan gaztelera ikasiko ote duten. Ander Goñik dionez, "behin hori ziurtatzen diegunean, euskaraz ikastea ondo ikusten dute".
Lehen aldiz, arabiera soilik zekiten ikasle bi izan dituzte aurten, eta egokitzapen berezia egin behar izan dute, irakasle laguntzaileekin (arabierako hiztegiak ere erosi dituzte irakasle arruntek). Epe motzera, hori da Aguraingo ikastolan irudikatzen duten errealitatea. Izan ere, orain arte Agurain bigarren geltokia izan da etorkinentzat; lehenik Gasteizera edo hiriren batera joaten ziren, eta gero jotzen zuten Agurainera (hirietako etxebizitzen prezioak medio), baina jada gaztelera ikasita zetozen. Egun, ordea, etorkin familiak lekutu direnean, gero eta gehiago izango dira Agurainera zuzenean etorriko diren senide edo ezagunak, euren jatorriko hizkuntzan soilik mintzatzen dakitela helduko direnak herrira. Horiei ere erantzuten asmatzea izango da Aguraingo ikastolaren erronkatako bat. •