Zer diozu LOE lege proposamenak partaidetzari ematen dion trataeraz

2005-12-01
 
 

Gure elkartearen iritziz, benetako partaidetza bultzatzea ezinbestekoa da gure ikastetxeak dituen arazoei irtenbidea emateko, baina benetakoa diogu, hots, ikasle, langile (irakasle eta zerbitzuetakoak) eta gurasoak elkarlanean, era orekatu batean, aritzea erraztuko duena; are gehiago, baita eskolaz kanpo dauden taldeen partaidetza bultzatuko duena ere (aisialdia, kultur etxeak, gizarte zerbitzuak...).

Hala ere, puntu horren inguruan burutu genuen azterketaren ondorioz, zera nabarmendu nahi genuke: ezin dugula partaidetza autonomia definiziotik bereizirik tratatu. Hau da, zer partaidetza mota lortu genezake eta zertarako, erabaki gehienak kanpotik etortzen zaizkigun hezkuntza eredu batean?
Lege proposamen honek autonomia hitza ahotan behin eta berriz darabilen arren, ikastetxe bakoitza erarik egokienean moldatu eta antolatzeko posibilitaterik ez zaigu eskaintzen: zuzendaritzak profesionalizatu nahi dira eta administrazioaren zerbitzura jarri, eta ikastetxe bakoitzak dituen berezitasunak kontuan hartuko dituen berezko proiektuak aurrera eramateko zailtasunak ikusten dira.
Administrazioak partaidetza eta autonomia mota hori bultzatu behar luke (ez kontrol hutsa egin) eta LOE lege proiektu honetan irakurri dugunez, ez da inondik inora horrelakorik bermatzen. Ezin baikorrak izan: LOCE eta LOEk gai honi buruz ahalbidetzen duenak LOGSE mina sortu baitigu, jakinik lege hartan proposatzen zitzaigun partaidetza murritza iruditu zitzaigula garai hartan. •