Hezkuntza finlandiarra, zergatik da eredugarri?

2005-12-01

PISAko datuak ezagututa eta herrialdeak konparatuta, 15 urteko gazte finlandiarrak dira irakurmena, matematika eta zientzien neurketetan emaitza altuenak atera izan dituztenak. Arlo horiei begiratuta, Filandiako hezkuntza sistema eredugarritzat hartzen da.

Beste hainbat arlo ere neurtu beharko lirateke hezkuntzaren osasuna zein den jakiteko, gaitasun horietara mugatu gabe, alegia.
Edonola ere, Finlandiako eredutik hainbat gauza ikas daitezke, eta halaxe egiaztatu dute hainbat euskal herritarrek. Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazoko eta HETELeko hainbat irakasle, zuzendari eta hezkuntzako profesional bertan izan dira. Ikusi, hausnartu, baloratu eta hemengorako baliagarri izan daitekeena aztertu dute.

 
 

Arrakastaren sekretuak ezagutzen

Munduko hainbat herrialdetan haurrak eskolatzea edo alfabetatzea oraindik ere guztiz lortu gabeko helburua da. Beste leku askotan, ordea, haur guztiak daude alfabetatuta eta eskolara joaten dira, oinarrizko eskubide hori bermatua dago. Horien kasuan, hezkuntza sistema hobetzea da erronka, bai baliabideak eta azpiegiturak, bai alderdi pedagogikoa, langileen eta ikasleen egoera, parte-hartzea eta abar.

Zentzu horretan, hezkuntza sistemen osasuna zein den jakiteko hainbat neurketa egiten dira. Horietako bat da PISA (Programme for International Student Assessment). Hiru urteka egiten da azterketa hori. Lehendabizikoa 2000. urtean egin zen eta 43 herrialdetako egoera aztertu zen. Bigarrena 2003an burutu zen 41 herrialdetan eta orain hirugarrena egiten ari dira 58 herrialdetan, 2006n bukatuko dena, hain zuzen. Irakurmena, matematika eta zientzietako gaitasuna neurtzen ditu PISAk.
Orain arte egindako emaitzak ikusita, Finlandiako eskola sistemak lortu ditu emaitzarik onenak. 2003an 2000. urtean baino emaitza hobeak lortu zituzten 15 urteko gazte finlandiarrek matematika eta zientzien atalean. Irakurmenari dagokionez, Finlandiak lehen postuari eusten dio. “Bizitzarako garrrantzitsuak diren ezagutza eta gaitasunei lotutako konpetentzia klabeetan” ikasle finlandiarrek lortu dituzte emaitzarik onenak. Eta ez hori bakarrik; beste herrialdeekin konparatuta, ikasleen artean ekitate gehien dagoen herrialdea da. Beste modu batera esanda, neska-mutilen, ikastetxeen eta eskualdeen artean dagoen aldea txikiagoa da Finlandian beste lekuetan baino.

Onenen sekretuak

Zer du, bada, Finlandiako hezkuntza sistemak hain emaitza onak lortzeko? Zer-nolako antolaketa eta prestakuntza dituzte? Besteak beste, honako ezaugarriek bideratzen dute arrakasta hori:

Finlandia 5.200.000 biztanle dituen herrialdea da. Kohesio eta homogeneitate sozial handia dago herritarren artean. Munduko alfabetatze tasarik altuena du (% 100). XX. mendearen hasieran analfabetismorik ez zela existitzen esan daiteke. Hezkuntzari dagokionez, funtsezkoa izan da mendeetan zehar suediarren eta errusiarren menpe egon den herrialde honentzat. Nortasun nazionala mantentzeko eta independentzia lortzeko bidea izan da berau.

Haur Hezkuntza

Finlandian Haur Hezkuntza (0-6 urte) hezkuntza sistematik at dago, Hezkuntza Ministerioak ez du arautzen eta independentea da. Egoera hori familia finlandiarrek haurrak 3 urte egin arte daukaten lan egoerarekin estuki lotuta dago eta askok ez dute zerbitzu horren beharrik somatzen. Halere, egon badaude haur eskolak.
6-7 urteko haurrentzat Lehen Hezkuntzan hasi aurretik, ikasturte bat eskaintzen da. Berez ez da derrigorrezkoa, baina gehienak orduan eskolatzen dira (% 98).
Adin hauetako haurrentzat ez dago planteamendu orokorrik. Dauden haur eskola gehienak udalen iniziatibaz sortuak dira, nahiz eta pribatuak ere egon. Adin desberdinetako haurrak elkarrekin egoten dira eta ez dute adinen araberako planteamendurik egiten. Ikuspegi asistentziala eta hezitzailea dute eta haurren gaitasunen garapena estimulatzen saiatzen dira.
Derrigorrezko hezkuntza
7-16 urteko etapa honen planteamendua erabat bateratzailea da eta lelo nagusi bat errepikatzen dute behin eta berriro: ez dadila inor erori . Denek aurrera egin behar dute, denek igo, ez du inork errepikatu behar, denek lortu behar dituzte Curriculum Nazionalean diseinatutako konpetentziak.
Derrigorrezko etapa doan da bere osotasunean (irakaskuntza, garraioa, jangela eta eskolako materiala), eta gainerako etapetan irakaskuntza, jangela eta garraioa dira dohainik.

Derrigorrezkoaren ondorengo etapa

Derrigorrezko hezkuntzarekin alderatuta, etapa honetan desberdintasunari egiten zaio lekua, bakoitza bere erritmora, aukerak, curriculumaren malgutasuna (denbora, erritmoak, mailak, planak...). Inolako erreparorik gabe onartzen dute ikasleen erdiak ez direla unibertsitatera iritsiko, eta ez da ezer gertatzen.
Bestalde, derrigorrezko hezkuntzan etxetik gertueneko ikastetxea aukeratzen dute gehienek; Batxilergoan, aldiz, beste elementu batzuk sartzen dira jokoan: zentroaren espezialitatea, Batxilergoa gainditu duten edo unibertsitatera sartu diren ikasleen ehunekoa eta abar. Zentzu horretan, nahiz eta ikastetxe guztiak publikoak izan, badago konpetentzia euren artean.

Hezitzaileen prestakuntza unibertsitatean

Irakasleek formazio jarraiaren bitartez eguneratu dezakete euren prestakuntza eta eskaintza hori Udalen esku dago. Gobernuaren laguntzarekin antolatzen dituzte ikastaroak. Dena dela, hasierako formazioari adinako garrantzirik ez zaio ematen.
Irakasle izan nahi dutenek, bestalde, unibertsitatera jo behar dute. Eta honi bai ematen diotela garrantzia. Gaur egun unibertsitateko eskaintza, eskaera baino txikiagoa da eta % 10-15ak soilik lortzen du ikasketa horiek egitea.
Unibertsitatean hiru oinarrizko titulazio dituzte aukeran:
- Haur Hezkuntzako diplomatura: 2-3 urteko ikasketak.
- Lehen Hezkuntzako irakaslea: master formazioa da eta 4-5 urteko iraupena du.
- Gai edo arlo zehatzeko irakaslea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasgai bat edo biren ardura izaten dute. Bi ibilbide egiten dituzte unibertsitatean:
1) gaiari lotutakoa: matematika, kimika, geografia...
2) irakasle izateko ibilbidea: irakasle izateko prestatzeko formazio berezi bat da eta Hezkuntza Fakultatean ikasten dute hori.
Horiez gain, hainbat espezialitateko masterrak daude: heziketa berezia, plastika, musika, familia ekonomia...
Espezialitatea edozein delarik ere, eduki pedagogikoekin lotutako 35 kreditu komun dituzte denek, eta hor definitzen dira hezitzaileen prestakuntzako printzipio orokorrak:
- Ikerketa-ekintzan oinarritutako formazioa: etengabeko elkarrekintza dago ikertzen duten eta praktikan jartzen dutenaren artean programaren hasieratik.
- Practicuma: praktikak ikasmaila guztietan eta garai guztietan egiten dira. Modulu bat bukatzen duten baikoitzean, hari lotutako ekintzaren bat egiten dute: behaketa, egonaldiak... teorian ikasi dutena praktikan ikusteko. Praktiketako edukiak eta helburuak programako edukiekin erlazionatuta daude. Hasieran behatzen hasten dira eta benetako praktika profesionala eginez amaitzen dute: irakasle gisa jarduten dira eta eskolako ekintza guztietan parte hartzen dute: irakasleen bilerak... Ikasle talde baten jarraipena egin dezakete urtez urte, eta horrela taldearen garapena ikus dezakete.
- Teoria eta praktikaren arteko lotura estua dago. Horrela, ezagutza teorikoan oinarrituz, eguneroko lanean sortzen diren arazoei irtenbidea ematen ikasten dute. Ez dute metodologia bakar bat erabiltzen; hainbat metodo lantzen dituzte, gero lanean dabiltzanean egokiena suertatzen zaiena hautatzeko.

Udalen gertutasuna

Udaletxeen zereginak pisu handia du. Udalak planifikatzen, eraikitzen eta mantentzen ditu zentroak. Langileak berak kontratatzen ditu (beti zuzendaritzaren lana gainbegiratuz). Zuzendaritza ere berak izendatzen du. Azken finean, ikastetxearen funtzionamenduaren ardura berea da, bera baita titularra. Berak ezartzen ditu zentroaren autonomiaren oinarriak.
Beste aldetik, zentroa eta irakasleak (batez ere zuzendaritza) dira eskolaren funtzionamenduaren arduradunak Udalaren aurrean. Irakasleek autonomia handia dute funtzionamendurako eta Curriculum Nazionala ezartzeko eta egokitzeko. Nahiz eta zuzendaritza eta Udala gainbegiratzen jardun, ez daude mugatuta.
Ikastetxeko estamentuek zentroko batzordeetan parte hartzen dute, eta baita herriko Hezkuntza Batzordean ere.

Dezentralizazioa da giltzarri

Finlandiako hezkuntza sistemaren ezaugarrietako bat dezentraliazioa da. 20 urteko dezentralizazio prozesu bat eraman dute aurrera hezkuntza hobetzeko helburuarekin. Gaur egun administrazioen zeregina honela banatzen da:

Hezkuntza Ministerioa:
- Hezkuntza legedia eta estrategia
- Hezkuntza planen garapena
- Hezkuntzarako aurrekontuak
- Helburu orokorrak
- Lortu beharreko emaitzak
- Akordio europarrak eta nazioar-
tekoak

Hezkuntza Batzorde Nazionala (hezkuntzako adituz osatutako batzordea eta Hezkuntza Ministerioaren laguntzaile):

- Etapa bakoitzerako curriculumen diseinua
- Abilezien eta ikasketen ebaluazioa
- Hezkuntzarako kudeaketa sistemak
- Zerbitzuak Ministerioarentzat, eskolentzat, hezitzaileentzat...

Toki-administrazioa, Hezkuntza Batzordek eta Herrien arteko Federazioak:

- Tokiko eta eskualdeko estrategia
- Tokiko eskola sarea
- Tokiko curriculuma
- Irakasleen, zuzendarien eta beste
zerbitzuen kontratazioa
- Matrikulazioen antolaketa
- Toki bakoitzean ikastetxeek beste-
en esku uzten dutena desberdina da

BISITARI EUSKALDUNEN IRITZIAK

Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioak antolatuta, Finlandiara bidaliatu du 40 laguneko talde batek. Aldi berean, HETELetik joandako 20 lagunekin egin dute topo. Bertatik bertara ikusi dute eskola finlandiarretan egosten dena, gero hemen, etxean, baliagarri izan daitekeena erabiltzeko.

Sartu bezain pronto, espazio zabala eta lasai duten ikastetxeekin egin dute topo, eta barruko diseinua ere ongi pentsatua dagoela antzematen omen da. Hala dio Oñatiko Txantxiku ikastolako Andoni Zendoia zuzendariak. “Zaila da hitzez adieraztea, baina ikastetxe haiek ikusita zera pentsatu nuen: nik ikastola berria egin behar badut, hemengo arkitektoari edo ingeniariari Finlandiako eraikinak ikusteko eskatuko diot”.

Finlandiako hezkuntza sistemaren arrakasta gizarte eredutik datorrela uste du Mari Tere Ojanguren Lauaxeta ikastolako ikasketa buruak: “Gizarteak kulturan eta zerbitzu sozialetan duen arrakasta islatzen da hezkuntzan ere”. Zentzu horretan, gizarteko giro lasaia eta bizikidetza eskola barruetan ere arnasten omen da.
PISAko emaitzak ikusita, garbi dago hasieratik oinarrizko hezkuntza sistemaren ardatzak irakurketa eta matematika direla. Curriculum guztia arlo horien inguruan antolatzen da. “Guk curriculuma gero eta eduki gehiagorekin aberasten dugu, eta haiek, ordea, argi daukate lau gauza landu behar direla eta beste ezaguera instrumental guztiak horiek lantzeko direla”, dio Mari Terek.
Irakurmenean lortzen dituzten emaitzak irakurzaletasunarekin lotuta daude. 10 urtetik gorako hiritarren % 90ek egunkaria irakurtzen du normalean. Telebista, zinema eta filmak jatorrizko hizkuntzan eta finlandierazko azpitituluekin ikusten dituzte, eta Begoña Kortajarena Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako orientatzaileak dioen moduan, horrek bi gauza lantzeko aukera ematen diete: “batetik azkar irakurtzen ikasten dute, eta bestetik entzumena lantzen dute beste hizkuntza batean”.
Espoo-ko Kilonpuisto Derrigorrezko Hezkuntzako eskolan (7-16 urtekoak joaten dira) goizeko 8:00etan sartzen dira eta arratsaldeko 4:00etan irten. “Ordutegia gurasoen lan ordutegiari egokituta dago eta arratsaldean familian elkarrekin egoteko denbora asko dute”, dio Begoña Kortajarenak.
Gela bakoitzean 25 haur inguru egoten dira, baina hizkuntzak eta matematika lantzeko bikoizketak egiten dituzte, ikasle kopurua erdira murriztuz. Tailerretarako, ostera, 8-10 ikasleko taldeak egiten dituzte. “Horrekin batera, ikasleek talde batetik bestera mugitzeko aukera daukate; horrela, bere gelako erritmoa jarraitu ezin duenak, maila baxuagoko gelara jo dezake”, Begoñak azaldu digunez.
Didaktikari dagokionez, desberdintasunak antzeman ditu Mari Terek. “Prozeduren inguruan antolatzen da guztia. Proiektuen bidez, eskuak erabiliz eta ekinez jabetzen dira gauzez eta hala lantzen dituzte edukiak”.
Heziketa berezirako izugarrizko bitartekoak dituztela azpimarratu dute denek. “Gela batean behar bereziko sei ikaslerekin irakasle bat ikusi genuen. Eta horrekin batera, laguntzaile bana bi ikasleko”, dio Begoñak. “Bertan dauzkate medikua, logopeda, psikologoa...”. Baliabide horiek udalak ematen dizkie, eta Andoni Zendoiaren iritziz, horrek izugarri laguntzen du: “Udala ikastetxetik oso gertu dago eta hurbiltasun horrek beharrak hobeto asetzea dakar. Ordaintzen dituzten zergak ere altuak dira, gurearen bikoitzak edo, baina ordainean zerbitzu publiko handiak eskaintzen dizkiete”.

Hautaketa proben mugak

Derrigorrezko Hezkuntza bukatu ostean, ordea, aukera zabaltasun hori asko murrizten delako sentsazio hartu dute Euskal Herritik joan direnek. Batxilergoa ikasi nahi duten % 30-35 kanpoan gelditzen dira. “Institutu bakoitzak bere hautaketa proba propioak ditu: batzuek azken hiru urtetako notak hartzen dituzten kontuan, beste batzuek espezializazioaren araberako probak eginarazten dituzte, beste batzuek gutxieneko nota eskatzen dute...” dio Begoñak. Eta gauza bera gertatzen da gero unibertsitatean. “Institutura joan ezinik gelditzen diren gazteek heziketa zikloak egiten dituzte. Hori dela-eta, ikasi gabe ez direla gelditzen diote eta zikloetara joanez beti daukatela aurrera egiteko aukera”. Mari Tereren ustez, “hemen aukera gehiago dago goi mailako ikasketak egiteko. Ez dut baloratzen gizarte batentzat egokia den edo ez hainbeste goi mailako tituludun izatea, baina aukera aldetik, hemen aukera gehiago dago”.
Batxilergoko institutuak espezializatuak dira. Vantaa-ko Vaskivuori ikastetxea, esate baterako, musikan eta dantzan espezializatutakoa da. Ikasle guztiek derrrigorrez ikasi behar duten oinarrizko curriculumak, ordutegiaren % 63-68 betetzen du, eta gainerakoa norberak hautatzen du. Ordutegi oso malgua dute eta bakoitzak antolatzen ditu bere moduluak. Normalean hiru urtetan egiten dira Batxilergoko ikasketak, baina batzuek bitan egiten dituzte eta beste batzuek lautan.
Lanbide eskoletatik hartzeko modukoa
Lanbide eskolen eraikinak, gainerakoak bezala, inbidia sortzeko modukoak direla dio Amaia Guijarro HETELeko gerente eta nazioarteko harremanetarako arduradunak. “Horrez gain, asko gustatu zaigu eskolei diru laguntzak ematea euren produktibitatearen, berrikuntzen, lan mundurako sarreraren, proiektuen eta abarren arabera”. Enpresekin duten harremana ere oso estua da, “eta gainera, irakasle eta zuzendariak aurretik enpresetan urte asko lan egindakoak dira. Horrek beste erlazio bat sortzen du”.
Nahiz eta titulurik ez eduki, lanbide bat ezagutzen dutela frogatzen dutenei gaitasun hori onartzen zaie, titulua ere emanez batzuetan. Orain dela 10 urte hasi ziren horrekin eta hemen berriki hasi dira.
Biztanleriaren % 54 etengabeko formazioan aritzen da, eta horrek lanbide eskolen garrantzia areagotu egiten du.

Irakasleen prestigioa eta prestakuntza

Denak harrituta gelditu dira irakasleek duten prestigioarekin, irakasle ikasketak egiteko dagoen hautaketa prozesuarekin eta unibertsitatean ematen duten prestakuntzarekin. Hezkuntza Fakultatean aurkezten diren ikaslegaietatik % 15 baino ez dituzte aukeratzen. “Irakasle lana hain baloratua izateko arrazoia zein den galdetu genuen unibertsitatean eta arrazoia historikoa zela erantzun ziguten” azaltzen digu Marian Bilbatua HUHEZIko irakasleak. “Finlandia mendeetan zehar egon da Suedia eta Errusiaren menpe eta euren kultura mantentzeko zeukaten eremu bakarrenetarikoa hezkuntza zen. Hortik dator hezkuntzari ematen dioten garrantzia”.
Ikasketen ardatza hausnarketa da. “Formazioaren azken xedea irakasleei tresnak ematea da, egoeraz eta jardueraz hausnartzeko eta hobetzeko” argitzen du Marianek. “Ikasleek karrera hasten dutenean, dena dakitela uste dute, hezkuntzan esperientzia luzea dutelako. Euren lan garrantzitsuena esperientzia hori berrikustea, aztertzea, baliagarriak diren gauzak positiboki baloratzea... da. Alegia, hausnarketa bat egitea norberaren esperientziaren gainean, gero hobetzen joateko”.
Hausnarketa eta teoria eta praktikaren arteko lotura estua, horiek dira prestakuntzaren giltzarri.

Guk ere badugu zer erakutsia haiei

Zenbait gauzatan eredugarri baldin badira ere, beste zenbait arlotan gure eredua hobea dela diote. Haur Hezkuntzaren kasuan, adibidez, hemen landuago dagoela diote, han ez bezala, hezkuntza zerbitzu modura kontsideratua dagoelako, besteak beste.
Horrez gain, Tere Ojangurenen iritziz, “irakasleek oso goi mailako prestakuntza dute, baina ez dute elkarrekin lan egiteko ohiturarik. Ez dute tutoretzarik, ez dute taldean lan egiten, ez dute formazio iraunkorrik, ez mintegirik, ez berriztatze proiekturik, ez ikastetxearen beharretara egokitutako prestakuntzarik”.
Andoni Zendoiaren ustez, “hemen alderdi emozionala gehiago lantzen dugu, segur aski ezaugarri sozialengatik, klimagatik eta abar”. Berak dioen bezala, “alderdi positiboak ikastera joan gara, baina guk ere gure alde positiboak baditugula ahaztu gabe”.